Quantcast

Urbiako mendi buelta klasikoa

Bide bat baino gehiago dago Arantzazutik Urbiara igotzeko, jakina. Aspaldiko urte askoan, ordea, bada bat beste guztiak baino askoz gehiago erabiltzen dena: Sindikatik gora eginda, Aketaingo langa zeharkatuz Erroitegiko iturrira iristen da, eta handik Elortolara, aldapa amaitzen den tokira, alegia. Handik behera 10 bat minutuan ermitara eta fondara joaten da. Elortolatik iparraldera, baina, Gorostiagain eta Emaitz aldera joaten da, eta handik Eskista, Malla, Duru eta Arantzazura berriro. Horixe da niretzat mendi buelta ederra, borobila, denetik dauka eta. Eta elurrarekin eginez gero, are ederragoa da oraindik ere.

Hona hemen aste honetan Urbia aldean egindako argazki sorta.

atauri

Joxefe naiz. Aspaldian horrela esaten didate etxean eta lagunartean. Jaiotzean, ordea, Jose Felix jarri zidaten izena eta Diaz de Tuesta eta Martinez abizenak. Makina bat urte daramat argazkiak egiten, plazer hutsagatik, gustatzen zaidalako, alegia. Aspaldiko hamar bat urteotan, argazkilaritza berrian hasi nintzen eta geroztik Kodak eta Fujifilm pelikulak erabiltzeari utzi diot. Etxea argazki albumez beteta daukat, eta ordenagailua, irudi digitalez. Hiru argazki liburutan parte hartu dut. Batzuetan editore moduan. Beste batzuetan editore eta argazkilari moduan. Baina nire argazkiak, batez ere, sarean erakusten ditut, gaur egun, nire ustez, Internet baita munduko erakusketa aretorik handiena eta, ziur aski, onena. Jendearengana iristeko aretorik onena bai, behintzat. Sarean nire goitizena Atauri da. Nire curriculum profesionala sarean dago. Beraz, norbaitek nire ibilbide profesionalaren berri jakin nahi badu sareko bilatzaileetara jo eta erraz samar aurkituko du daturen bat edo beste bere jakin mina asetzeko.

Comments Are Closed