Quantcast

Urbia elurtuta 2021

Pandemiak jotako mundu berri honetan, Urbia paradisua da gure inguruko mendizale eta turistentzat. Aurten are gehiago, elur asko egin du eta. Aste honetan bertan, ostegunetik hona bizpahiru egunetan egin du elurra Aloña eta Urbia aldean.

Atzo, larunbata, Oñatiko hiru mendizalerekin igo nintzen Urbia, eta bidean berriketan egin genuen. Zertaz ez! Halako batean, Arantzazutik gora Urbiara iritsi eta aldapan behera hasi aurretik, Elorrolan, hara non esan zidaten argazki bat egin behar zutela, Urbiara igotzen diren bakoitzean argazkia egiten dutela, eta dagoeneko 15 urtean 1.000 argazkitik gora eginda dituztela. Beti zuhaitz jakin baten azpian. Lagundu egin nien eta niri ere atera zidaten argazkia. Ondoren eurak Urbiako ermitara joan ziren bokadiloa jatera. Nik, berriz, aurrera jarraitu nuen, ehizan, argazki ehizan, Zabalaitzeko magaletik Tontor eta Peru Saroi aldera.

Hona hemen Urbiako mendi bueltan egindako argazki sorta.

atauri

Joxefe naiz. Aspaldian horrela esaten didate etxean eta lagunartean. Jaiotzean, ordea, Jose Felix jarri zidaten izena eta Diaz de Tuesta eta Martinez abizenak. Makina bat urte daramat argazkiak egiten, plazer hutsagatik, gustatzen zaidalako, alegia. Aspaldiko hamar bat urteotan, argazkilaritza berrian hasi nintzen eta geroztik Kodak eta Fujifilm pelikulak erabiltzeari utzi diot. Etxea argazki albumez beteta daukat, eta ordenagailua, irudi digitalez. Hiru argazki liburutan parte hartu dut. Batzuetan editore moduan. Beste batzuetan editore eta argazkilari moduan. Baina nire argazkiak, batez ere, sarean erakusten ditut, gaur egun, nire ustez, Internet baita munduko erakusketa aretorik handiena eta, ziur aski, onena. Jendearengana iristeko aretorik onena bai, behintzat. Sarean nire goitizena Atauri da. Nire curriculum profesionala sarean dago. Beraz, norbaitek nire ibilbide profesionalaren berri jakin nahi badu sareko bilatzaileetara jo eta erraz samar aurkituko du daturen bat edo beste bere jakin mina asetzeko.

Comments Are Closed