Balizko euskal anarkismorantz II

Bestela izan zitekeen, Proudhon eta
Bakuninen testuetan, hots, anarkismoaren oinarrietan, Estatu handi
eta zentralisten aurkako eta independentzia nahi duten herri txikien
aldeko adierazpenak etengabeak baitira, langileen esplotazioa
dakarten abertzalekerien aurkakoen pare. Proudhonek argi eta garbi
jotzen zuen Italia batzeko prozesuaren eta Garibaldiren beraren
aurka, baita Frantzia eratzeko modu zentralistaren aurka (Federazio
printzipioa
liburuan,
esaterako), haien ordez herrien arteko federazio askearen alde
eginez. Bakuninek ere, paneslavismoaren eta pangermanismoaren aurka
egiten zuenean, herrien arteko federazio aske bera defendatzen zuen
(
Estatismoa eta anarkia
lanean batez ere), eta bestalde, “Aberria eta nazionalitatea”
testuan honakoa idatzi zuen: “Nazionalitatea ez da oinarri bat;
egiaztatutako gertakizuna da, banakotasuna bezalaxe. Herri bakoitza,
handia zein txikia izan, bera izateko, bere izaeraren arabera
bizitzeko eskubide eztabaidaezina da. Eskubide hori askatasunaren
oinarri orokorraren ondorioa baino ez da”. Beraz, anarkismoaren
oinarrietan bazegoen bidea euskal independentziarekin bat egiteko eta
independentismoak anarkismoarekin bat egiteko, edo elkarren ondoan
mesfidantzarik gabe ibiltzeko, behintzat, nork bere aldarrikapenei
eutsiz.

Ikus
dezagun Indiaren kasua. Ez dut Euskal Herriarekin erkatu nahi, ez
baitago nondik erkatu, baina Gandhiren bidea aztertu nahi dut (eta ez
indarkeriaren ezaren apologia egiteko, hain zuzen ere, Gandhik berak
esan baitzuen koldarkeriaren eta indarkeriaren artean hautatuz gero,
indarkeria gurago zuela). Gandhi Europatik zetorren Indiaren
independentziaren aldeko borroka bere egin zuenean. Europan ideia
berriak ikasi zituen, batez ere kapitalismoaren eta inperialismoaren
aurkako mugimenduetako ideiak, eta zehazkiago, Tolstoi errusiar
anarkistarenak. Tolstoiren anarkismoak irakatsi zion erresistentzia
baketsuaren bidea. Gandhik etxera itzulita egin zuena, ikasitakoa
indiar nortasunaren iragazkitik igarotzea izan zen. Etxean konturatu
zen hainbat ideia anarkista indiar kulturan ere topa zitezkeela, eta
horrela inperialismo eta kapitalismoaren aurkako borrokari bere
herriak uler zezakeen forma eman zion. Hura hinduista izanda, hots,
Tolstoi bezala sinestuna (Tolstoi kristaua baitzen), Erresuma Batuari
India “Jainkoaren anarkian” uzteko eskatu zion. Borroka eredu
berritzat joko zena ideia anarkisten eta kultura indiarraren
uztarketa izan zen. Zoritxarrez, hobe dugu egungo Indiari ez
begiratzea, independentzia lortu arren kapitalismoaren ondorioak
inoiz baino bortitzagoak baitira (hazi transgenikoak, besteak beste,
lagun) eta berak borrokatu zituen kasten sistemak eta bestelako
gaitzek bertan baitiraute. Baina hortik erreskatatu nahi dudana
Gandhik ideia teorikoen eta bertako errealitatearen arteko
sintesirako egindako ahalegina da.

Euskal
nortasunak, euskal historiak ere ideia anarkistekin bat egiteko
hainbat euskarri zeuzkan. Begira diezaiegun Euskal Herriaren
ezaugarri historikoei, kontatu dizkiguten bezala. Ekialdetik
iritsitako lehen inbasio handiak iritsi arte zein zen euskaldunen
egitura politikoa? Buruzagirik ez zeukaten komunitate txikiak ziren,
euren lurraldea defendatzeko baino batzen ez zirenak. Orduan baino ez
zuten buruzagia hautatzen, eta arriskua igaro bezain laster
desagertzen zen buruzagitza hori. Inbasioen arriskuak etengabeak
bilakatu zirenean baino ez ziren euskaldunak egitura finkoagoak
sortzen hasi. Baina zein izan ziren egitura horien ezaugarri
nagusiak? Euskal lurralde burujabeak, egungo hiztegia erabiliz
nolabait federatuta zeuden lurraldeak. Une batean Nafarroa erresuma
bihurtu bazen ere, oinarria lurraldeen burujabetza izan zen.
Eguneroko funtzionamendua munizipalismo libertarioaren oso antzekoa
zen: herri bakoitzak bere erabakiak hartzen zituen, herritar guztien
partaidetzaz (derrigorrezko partaidetzaz kasu batzuetan), eta herriek
euren erabakien berri eman baina eztabaidatu gabeko erabakirik
hartzeko ahalmenik ez zeukaten ordezkariak hautatu eta batzar
nagusietara bidaltzen zituzten. Dena elkarrekiko ahozko kontratuan
oinarritzen zen, kontratu idatziak oso berandu arte gaitzesten
baitzituzten. Ez naiz sartuko sistema horretan denboraren poderioz
sortu ziren bizioetan, aldarrikatu ohi den euskaldunen berezko
“askatasun” sena interesatzen zait. Nekazariek inongo estaturi
itxaron gabe sortu zuten auzolanaren eredua ere maiz aipatzen zaigu.
Hor daukagu balizko gizarte matriarkala ere (inoiz benetan izan bazen
argi dago kristautasuna sartu aurrekoa izango zela), edo gure
garaietan prostituituta dagoen kooperatibismoa. Ezaugarri horiek,
bitxia bada ere, euskal abertzale burgesek idealizatu dituztenak
dira. Baina haien balioetan benetan sinistu gabe aldarrikatzen
badituzte ere, ikuspegi erromantikoa eman eta euskaldunen “izaera
aparta” aldarrikatu eta harrotasuna (edo harrokeria) agertzeko
erabili badira ere, horrek alde ona era badauka: burgesek eurek ere
badakite herritarrek holako ezaugarriak ontzat jotzen dituztela,
barru-barruan askatasuna eta berdintasuna maite dituztela. Izan ere,
isildu ohi dutena honakoa da: foru sistema barrutik usteldu zuena
diruzaletasuna, zekenkeria izan zen. Alde batetik, lur asko esku
gutxitan geratu ziren, diruaren logika hasi zen nagusitzen, eta jabe
horiek euren eskuz landu ezin zituzten lurrak zeuzkatenez, are
gehiago, lana eurek egiteko asmorik ez zeukatenez, maizterren lanaren
lepotik hasi ziren bizitzen. Bestetik, Batzar Nagusien
funtzionamendua usteldu zutenak merkatal interesak izan ziren: euskal
lege zaharrak, erromatar zuzenbidearen aurkakoak, merkatuak egiteko
oztopo bihurtu zirenean, hiriguneak eratzen hasi ziren, haiek kanpoko
foruari, Logroñokoari, esaterako, lotuz. Hiribildu haiek izan ziren
elizateen gainetik hazi eta haiek irentsi zituztenak. Horrela,
merkatarien, burges berrien interesak, diruaren interesak, herriaren
interesen aurretik jartzen hasi ziren, gure egunetara arte. Hots,
Euskal Herriaren ezaugarri “apartak” aldarrikatzen hasi zirenak
ezaugarri horiek suntsitu zituztenen oinordekoak izan ziren, hain
zuzen ere. Beraz, zergatik ez erabili berezko euskal ezaugarri horiek
(benetakoak ala mitifikatuak diren beste kontu bat da) ikuspuntu
anarkistatik? Zergatik ez edan euskal tradizioak eman dizkigun
alderik onenetatik haiek azpimarratu eta anarkismotik aldarrikatzeko?
Zergatik ez baliatu abertzaletasunak sortutako mistika bera euskal
herritarren alde eta euskal burgesen aurka, Euskal Herria herri gisa
desegin zuena estatismoa bera izan zela erakutsiz? Euskaldunak
estaturik izan ez zuten bitartean baino ez ziren askeak izan, eta
estatu bat eratzeak berak (Nafarroako erresuma sortzeak, alegia),
euren izaeraren, euren oinarri askeen suntsipenerako lehen harria
jarri zuen.

Mugimendu
anarkistak abangoardiakoa izan behar luke baina, zoritxarrez, Euskal
Herrian berandu iristen da maiz, eta iristen denean ere, beste
batzuen itzalpean egiten du. Beste ideologiei utzi diegu ekimena,
agertzeko lotsa bageneuka legez. Baina sen anarkista, sen
libertarioa, oso sustraituta egon da euskal gizarte xumean,
libertarioa zela jakin gabe ere. Matxinadarako sena ez da inoiz hil.
Agian bada garaia anarkismoa Euskal Herrian aitzindaria izateko.
Dogmatismoak, barneko borroka antzuak, joera desberdinak banantzen
dituzten txikikeriak, jatorriak alde batera utzi eta euskal
anarkismoa beste herrietako anarkismoaren pare ibiltzeko, besteak eta
batez ere bere burua gutxietsi gabe. Lubaki eta barrikada askotan
beste batzuekin egingo dugu bat, eta haietan ere argi utzi behar dugu
borroka haiek (AHT, auto-kudeaketa, gaztetxeak, antimilitarismoa,
antinperialismoa, presoen askapena eta anarkismoan beti egon diren
aldarrikapen guztiak) geure-geureak direla. Beste kontu batzuetan
(estatismoa, militarismoa, totalitarismoa, kapitalismoa, sindikatuen
saldukeria, jabetza pribatua…) beste batzuek, baita borroka lagun
izan ditugun batzuek ere, aurrean topatuko gaituzte. Baina
anarkismoak euskal gizartearen errealitatearekin, herriaren
sentipenarekin, euskaldunen berezko ezaugarriekin bat egiten ez duen
bitartean eta euskaldunak euren ezaugarri historikorik onenen
oihartzunak anarkismoan daudela jabetzen ez diren bitartean, nekez
egingo dute “euskal” eta “anarkista” hitzek bat. Eta nago
urte gehiegi galdu dugula elkar aurkitu ezinik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Balizko euskal anarkismorantz I

Ezer baino lehen nire ezjakintasuna aitortuz, euskal anarkismorako bidean erabil daitezkeen ideia batzuen zirriborroa kopiatuko dut hemen, baten batek haietan ezer interesgarririk topatuko balu. Testu luzetxoa atera zait, eta horregatik zati bitan kopiatuko dut hemen:

Azken boladan gero eta buelta gehiago
ematen ari natzaio gai bati: “euskal” eta “anarkista” berben
arteko itxurazko arrakalari. Ez euskal anarkistarik egon ez delako
edo ez dagoelako. Hortxe daukagu Likiniano bera, hark gidatuta
anarkistak izan baitziren Francoren tropa altxatuei Gipuzkoan aurre
egin zieten lehenak. Kontua da, gerora, anarkismoak eta euskaltasunak
ez dutela behar bezala bat egiten jakin, eta egun ideia anarkistak
ezezagun handiak dira Euskal Herrian, aurreiritzi eta ideia faltsu
askok zokoratuta. Demokrazia kristauak eta ideia sozialdemokratek eta
marxistek euskal nortasunarekin bat egiten (edo kasu batzuetan euskal
nortasuna euren alde desitxuratzen) jakin zuten bitartean, ematen du
anarkismoa eta euskal nortasuna ez direla inoiz bide hori egitera
iritsi. Ez mugimendu gisa, behintzat. Eta horrekin ez dut esan nahi
anarkismoak ikurrina egin behar duenik bere. Ez dut uste
anarkismoaren lana estatu berri bat sortzen laguntzea denik, ezta
pentsatu ere, eta ez diot arrakala horren ardura edo “errua”
anarkismoari berari egozten. Baina bitxia egin zait ikustea
Argentinan eta Txilen egondako denboran, FORA, Frente Popular Darío
Santillán edo bestelako taldeen inguruan mugitzen diren anarkista
uruguaiar, argentinar eta txiletarrek (edo nik ezagutu ditudanak,
behintzat) elkartasun handiagoa adierazten dutela -kasu batzuetan ia
bere egiten dutela- euskaldunek (edo euskaldun askok) Espainiarekin
daukaten gatazka, kapitalismo eta inperialismoaren aurkako borrokaren
baitan sartuz, Euskal Herrian eratuta dauden talde anarkista nagusiek
(edo nik neuk) baino. Are gehiago, bertoko gatazketan, indigenak
gobernu kolonialen aurka altxatzen diren borroka guztietan ez da
anarkistarik falta, eta mugimendu anarkista askoren borroketan
indigenen aldarrikapenak defendatzen dituzten lehenetarikoak dira.

Argi dago: ez dago euskaldunen eta
indigenen egoerak erkatzerik, eta indigenek euren lurretan daukaten
estatusaren eta euskaldunek eurenetan daukaten estatusaren arteko
aldea ere arrakala horretarako oinarrietako bat da.

Izan ere, Euskal Herriaren
independentziaren hastapeneko aldarrikapenetara eta orduko gizartera
jo behar dugu “euskal” eta “anarkista” hitzen arteko arrakala
ulertzeko.

Nortzuek sortu zuten independentziaren
aldeko aldarrikapen hori? XIX. mendeko euskal burgesiak, Europako
beste mugimendu nazionalistak bezala. Ez da kasualitatea hasieratik
gehien defendatu zena (eta horretan Espainiarekin bat egitearen alde
zeudenak ere ados zeuden) Aldundiak, hots, zerga bilketa izatea.
Garai haietan euskaldunen, independentzia nahi zutenen etsaiak
“maketoak” ziren. Nor ziren baina maketo haiek? Gaztelatik,
Andaluziatik, Extremaduratik… iritsitako etorkinak. Eta etorkin
haiek, egun hegoaldeagotik datozenak legez, esplotatuak izateko
iritsi ziren Euskal Herrira. Gizarte bien arteko talka bikoitza izan
zen: kultura mailakoa eta klase mailakoa. “Okupatzaile” berriak,
beste kultura batekoak izan ez ezik, beste maila ekonomikokoak ere
baziren, eta euskal burgesen lantegi eta harrobietan hiltzen ziren
euliak legez.

Hego Amerikako indigenen kasuan haiek
aldi berean okupatuak eta esplotatuak badira, lurrak oro ostu
bazaizkie (eta lapurren artean euskaldun asko egon bada), Euskal
Herrian esplotatuak “okupatzaileak” eurak ziren. Izan ere,
euskaldunek, besteen morroi, langile xume izan baino, Ameriketara
alde egin eta bertan jabe eta esplotatzaile nahiago zuten izan.
Beraz, luzaroan ez zen euskal langileriarik izan. Zaila, beraz,
langileen aldarrikapenek eta euskaldunenek bat egitea. Errua ez zen
orokorrean ez euskaldunena (alde batetik, euskal burges esplotatzaile
guztiak ez zeuden independentziaren alde, eta bestetik, euskaldun
gehienak ez ziren esplotatzaileak edo ez zeukaten esplotazio horren
kontzientzia oso argi), are gutxiago kanpotik ekarritako langileena.
Amildegi horren funtsa estatismoa bera izan zen. Euskaldunek, Sabino
Aranaren eskutik, estatismoa besarkatu zuten, eta horrela, ez ziren
gai izan ikusteko langile haiek birritan zirela biktima: euskaldunek
gainetik kendu nahi zuten Estatu espainolaren biktimak, espainiar
burgesiak sortutako bazka zirelako euren herrietan, eta haien
lan-indarra esplotatzen zuten bitartean, Estatu berri baten aldeko
borrokan inbaditzailetzat hartzen zituen euskal burgesiarenak. Horri
euskal gizarteak hezurretaraino barneratuta zeukan katolizismoa batu
behar zaio, ideia ezkertiar oro heresiatzat jotzen baitzuen. Gauzak
horrela, Errepublika garaian Katalunian, Aragoin, Asturiasen…
anarkistak gizarte iraultzaren buru zeuden bitartean, Euskal Herria,
herri gisa, mugimendu horretatik at geratu zen.

XX. mendean, ordea, euskal langileria
ere sortu zen. Euskaldunen artean ere klase kontzientzia garatu zen.
Une horretan euskal langileen mugimenduek anarkismorantz egin
zezaketen, baina orduan ere, independentziaren aldarrikapen nagusiak
Estatuaren alde (Estatu sozialista nahi bada, baina Estatua, azken
finean) egitea erabaki eta marxismoa besarkatu zuen. Anarkismoak ere
ez zuen euskal aldarrikapenekin bat egiten jakin edo ez zuen nahi
izan. Beharbada ez zen ikusi Estaturik gabeko independentziaren alde
ere egin daitekeela, edo ez zuen anarkismoarekin batere zerikusirik
ez daukaten aldarrikapenekin nahastu nahi izan. Beharbada,
garbizaletasunak jokatu zuen alde bietan: “anarkismoa Euskal
Herririk, aberririk nahi ez dutenen mundua da”; “independentzia
langileei onik ekartzen ez dien burgesen kezka baino ez da”. Argi
dago, anarkismoak ezin du aberriarekin amets egin, aberri hitzak
Estatua, herrien arteko areriotasuna, mugak, armada berriak,
kapitalisten ehiza gunea esan nahi badu. Independentistek ere nekez
egingo dute amets anarkiarekin horrek inposatutako mendekotasuna,
kultura ezaugarriak edo harremanak izatea esan nahi badu. Baina
derrigorrez behar du independentziak Estatu berri bat? Aberria eta
Estatua sinonimo al dira? Aberria kultura ezaugarri batzuek eta gogo
hurkotasunak, kidetasunak sortutako komunitatea izan daiteke. Horrela
bada, independentistek ez diote anarkismoari beldurrik izan behar
(bai euskal estatalistek, edozein herritako estatalistek legez), eta
anarkistek ez diote euskalduntasunari, ezta independentismoari berari ere, beldurrik izan behar.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Kapitalismoari bizkarra ematearen prezioa

Atzo, berriz ere, Txileko poliziak, Pinocheten diktaduraren txakur leialak eta hari esker Hegoamerikako poliziarik harroputz eta autoritarioenak, maputxe gazte bat hil zuen. Hori izan da”gatazka maputxe” edo “gatazka indigena” deritzoten bidegabekeria historikoaren azken “emaitza”.

Baina zein da gatazka horren atzean dagoen arazoa? Alde batetik, maputxeak europar jatorrizkoak ez izatea eta, europar ikuspegiak ezarritako parametroen arabera, herri txiroa, xumea izatea. Bestetik, maputxeek kapitalismotik guztiz aldentzen den bizimodua izatea eta europar estiloko “zibilizazioan” sartu nahi ez izatea.

Bekatu handi bi horiek direla-eta, aspaldi, Txileko gobernuak maputxeei (europarrek “otzandu” zituzten azken indigenak, Inken inperioari eta espainiarrei arrakastaz eusteko gai izan zirenak) lurrak kendu eta latifundista zuri batzuen artean banatzea erabaki zuen. Jakina, gobernuarentzat hura ez zen gatazka izan. Gatazka maputxeak euren betiko lurrak berreskuratzeko altxatzen hasi zirenean sortu ei zen. Estatu bortizkeria neurririk gabeari aurka egiteko indar ñimiñoena erabiltzea indarkeria eta terrorismoa deritzoten garaietan bizi garelako.

Maputxeak komunitate txikietan bizi dira, lurretik bizi ere (beraz, pentsa Estatuak ostu zienaren balioa…). Komunitate bakoitzak bere buruzagiak hautatzen ditu, eta elkarrengandik sakabanatuta bizi dira, egitura finko eta handirik gabe, baina denak maputxe izatearen sentipen sakonez. Gerrarako, elkar defendatzeko baino ez dira elkartzen komunitateok.

Txileko talde indigenarik txiroena dela diote, batez ere kapitalismoaren parametroen arabera neurtzen delako aberastasuna, gaur egun. Eta hor dago koska: maputxeek ez dute eredu kapitalistan sartzeaz ezer jakin gura. Lurrari lotutako, lurra beste ezeren gainetik errespetatzen duen bizimodu xumeari eutsi nahi diote. Ez dira txiletar sentitzen, ez dira txiletarrak. Txile haien gainean sortutako Estatua baino ez da, txiletartu nahi dituen Estatua. Txiletar gehienek ez dakite gauza handirik maputxeei buruz. Maputxeen lurraldeetan (Araucanian, Bio Bion…) bizi direnek zerbait gehiago, estilo oso europarrean, maputxeak direlako gizarte zibilizatua barneratu behar dutenak, eta ez alderantziz.

Gobernuarentzat ez da arazo handia. Diktadura bukatu zenean (politikoa, diktadura ekonomikoak bertan dirauelako, Pinochetek utzi zituen eta harrezkero inork ukitu ez dituen egiturei esker), Txileko gobernuak lurrak itzultzea agindu zien maputxeei. Bere garaian oparitu zizkien latifundistei erosi eta maputxe komunitateei emango zizkieten. Paperean. Agindu hori ez da inoiz bete, eta maputxeek pazientzia galdu dute.

Orain, komunitate batzuek gatazka aldarrikatu eta lurrak okupatzeari (berreskuratzeari) ekin diotenean, gobernuaren erantzuna barregarria (edo negargarria) izan da: gobernuak ez du negoziatuko indarkeria darabilten komunitateekin. Beretzat gorde duena da indarkeria ez darabiltenekin ere ez duela negoziatzen.

Dirudienez, maputxe gazteen ordua da. Gero eta gazteagoak dira borrokan dirautenak, baita poliziak hildakoak ere. Arrazoia, adituen esanetan, gazte horien prestakuntzan dago. Gazteek kontzientzia gero eta sendoagoa daukate, oroimen historiko gero eta luze eta mingarriagoa (euren aitaita-amamen, gurasoen, osaba-izekoen… atxiloketa bortitzak ikusiz hazi dira), eta, batez ere, prestakuntza gero eta osoagoa: irakurriagoak (hezkuntza mailarik baxuenera kondenatuta dagoen herria izanagatik), politikoki heziagoak, informatuagoak, eta teknologia berriekin ohituak. Gainera, maputxe ez diren gazte anti-kapitalisten elkartasuna daukate, batez ere anarkistena.

Beste maputxe bat hil dute, bai, garesti ordaintzen delako kapitalismoari bizkarra emanda bizi nahi izatea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Aita-Jainkoa-Estatua

Azken egunotan lagun on batekin gurutzatutako mezuek berria ez den hausnarketatxo hau ekarri dit. Nondik dator egun daukagun Estatuaren eredua? Azalpentxo bat (eman daitezkeen guztien artean arrazoibide xume bat baino ez dena) ematen ahaleginduko naiz. Kontua Aita-semea, Jainkoa-sinestuna, Estatua-herritarra paralelismoan dago, ikusiko dugunez.

Munduko familia ereduak jatorriz matriarkalak zein patriarkalak izan, ados egongo gara egun eta aspalditik nagusi den eredua patriarkala dela, baita gure Euskal Herrian ere, hortzetatik kanpora matriarkala izan zela aldarrikatzea gogoko daukagun arren (beste kontu bat da gizon euskaldunen hortzetatik barrura nagusitzen den ideia eta, benetan inoiz hala izan bazen, noiztik utzi zion matriarkala izateari). Zelakoa da eredu patriarkal hori? Figura nagusia, zereginik garrantzitsuena daukana, gizona da, Aita, zehatzagoak izateko. Hark “zaintzen du” (eta aditz hori oso garrantzitsua da) familiaren ongizatea, hark jartzen du hazia emakumearen baitan, hark dauka indarra eta hark egiten ditu arauak. Besteei betetzea baino ez zaie geratzen, “euren onerako” baita Aita ahalguztidunak erabakitzen duena. Aita horrek, ordea, ondo daki ez dela hain ahalguztidun. Semeak izugarri maite ditu (bai, semeak, ez eme-alabak), aske nahi ditu, baina ez da guztiz fio: beharbada seme horiek ez dira bera bezain gai eta jakintsu. Beraz, estu lotzen ditu, agintea berak daukala inoiz ahaztu ez ditzaten, eta euren buruaren aurka babesteko (beste aditz garrantzitsua), arauz betetzen ditu semeen bizimoduak (are gehiago alabenak, haiek are ahulagoak izaki). Indartu daitezen, ikas dezaten, euren buruari kalterik egin ez diezaioten, familia beste familiak baino indartsuagoa izan dadin… Okertzen diren semeentzat (alabak, ahulagoak izanagatik, ez dira horretatik salbatzen) zigorrak daude (fisikoak, maskulinoagoak direlako, edo batzuetan psikologikoagoak, besteek huts egiten badute).

Eredu patriarkal horrek, bere garapenaren une batean, beharbada Aitaren nagusitasuna nahikoa ez zelakoan, batez ere Aita ahalguztidun horiek beste Aita ahalguztidun batzuekin topo egin eta lehiatu behar zutenean nabarmena zelako hain ahalguztidunak ez zirela, Jainkoa behar izan zuten, Aiten arteko arauak finkatzeko. Beraz, euren eredura egindako Jainkoa egin behar zuten, baina haiek baino are bikainagoa, haien akatsik gabea (azken finean, asmatua zen, beraz, eredua hobetzeko aukera zegoen). Akats horietako bat semeak ekartzeko (alabak, argi dago, istripuak baino ez ziren, Biblian, esaterako, aipatu ere ez baitira egiten) ama, emakumezkoa, behar izatea zen. Beraz, Jainko bakar horrek gizonezkoa izan behar, baina emakumerik behar ez zuena. Noranahikoa izanik, bere burua baino ez zuen behar bere semea sortzeko. Zoritxarrez, bere sorkuntza ez zen nahi bezain bikaina, eta alaba ere sortu behar izan zuen, semea ugal zedin (azken finean, Aita horiek ama behar zutela onartu behar zuten, nahitanahiez). Jainkoak bere irudira sortu zuen semea (alaba politagoa atera zitzaion, baina tira). Hala ere, ez zegoen semearen gaitasunez guztiz seguru (alabaren gaitasunak zein ziren ere ez zion lar ardura) eta, aske sortu bazuen ere, seme ahul horren onerako, debekuak…, pekatua, alegia, sortu zuen. Semeak bere buruari egin ziezazkiokeen kalteez babesteko, “zaintzeko”, noski. Eta debekuak errespetatuko zituen oso seguru ez zegoenez, zigorraren mehatxua ere ezarri zion: zure bizitza labur eta ezdeus horretan bekatua egiten baduzu, beti-betiko eta sekulako pairamena, kondena, sufrimendua izango duzu. Azkenean, sinestuna sortu zuen, harro. Argi dago ez zuela fede handirik berak sortutako sinestun horrengan. Jainko babeslea daukagu, Aita babeslea bezalakoa, baina zigortzeko ahalmen are handiagoa daukana.

Hasierako komunitate patriarkal horiek, euren Jainkoaren babespean, zaintzapean, lar hasi ziren ugaltzen. Haiek denak kontrolatzeko zerutik begiratzen duen Jainkoaren ardura ez zen nahikoa. Arerioak ere, beste komunitateak, beste motatako sinestunak, alegia, gero eta indartsu eta jendetsuagoak ziren. Beraz, komunitateen “seme” horiek zaintzeko, Jainkoaren lurreko ordezkoa behar zen: Estatua. Monarkia primitiboetatik egungo Estatu modernora iritsi gara baina, funtsean, zer aldatu da? Ezer gutxi. Estatua Jainkoa da, Jainkoa Aita da, Estatua, beraz, Aita da. Aita horren, Jainko horren, eredu eta ikuspegiaren arabera asmatu zen Estatua. Estatuak sortzen ditu bere herritarrak (hark erabakitzen du bere “semea”, hots, herritarra izateko behar diren paperak nori eman, nori ez, eta jaio garenetik herritar gisa ez gara sortuko Estatu horren erregistroetan izena emanda egon arte). Estatu horrek, Jainko eta Aita horiek bezalaxe, ez du fede handirik bere herritarrengan (are gutxiago, alabei gertatu legez, istripuz eta nahi barik agertzen zaizkionengan: etorkinengan). Estatuarentzat herritarrak ez dira arduratsuak, ez daukate bere kasa erabaki onik hartzeko gaitasunik. Estatuak esan behar dio zer dagoen ondo eta zer txarto. Estatuak herritarra “zaindu” behar du bere buruari kalterik egin ez diezaion. Beraz, legeak sortzen ditu etengabe, herritarrari bide zuzena erakusteko (zuzena norentzat? Aitarentzat, Jainkoarentzat, hots, Estatuarentzat), eta legeak beteko ez dituela eta, beraz, herritarrak bere buruari kalte eragingo diola (koitadua erdi leloa delako) jakitun, gizontasuna atera eta indar erakustaldia egiten du “semea”, herritarra, artez eta zintzo ibil dadin: poliziak, izunak, kartzelak, tortura eta, Estaturik koldarrenen kasuan, heriotza zigorra. Zeresanik ez, istripuz agertutako alabentzat, etorkinentzat, are estuagoak legeak, gogorragoak zigorrak.

Ez zegoen beste emaitzarik lortzerik. Aita koldarrek Jainko koldarra baino ezin dute asmatu. Aita koldar berberek Jainko koldarra ordezkatzeko Estatu koldarra baino ezin dute asmatu.

Eta ezin zen beste ondorio batera iritsi: semeengan federik ez daukaten Aita koldarrek seme arduragabeak, segurtasunik gabeak, esanekoak, koldarrak baino ezin zituzten sortu; bere sinestunengan federik ez zeukan Jainko koldarrak sinestun arduragabeak, segurtasunik gabeak, esanekoak, koldarrak baino ezin zituen sortu; bere herritarrengan federik ez daukan Estatuak herritar arduragabeak, segurtasunik gabeak, esanekoak, koldarrak baino ezin ditu sortu.

Familia patriarkal horretako Aita beldur zen egunen batean semea Aita behar ez zuela ohartuko ote zen, eta zaharrenganako gurtza ezarri zuen. Erlijio patriarkal horretako Jainkoa beldur zen egunen batean sinestuna Jainkoa behar ez zuela ohartuko ote zen, eta “mirariak”, “agerpenak”, apezpikuak eta Aita Santua sortu zituen; Estatu patriarkala beldur da egunen batean herritarra Estatua behar ez duela ohartuko ote den, eta TELEBISTA asmatu zuen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Noiz balio du demokraziak? Honduras eta beste…

Europan kultura demokratikoan hazi eta hura balio gorena dela barneratzeko hezi gaituzte. Baina bizi garen sistemetan zer da demokrazia sakrosantu hori? Non daude haren mugak?

Politikari eta faxista guztien ahoetan hitzetik hortzera dabilen demokraziak esanahi bakarra dauka: egungo sistema ekonomiko-politikoari eusteko tresna. Hauteskundeek botere faktikoen gustuko emaitzak dakartzatenean baino ez dute balio. Orduan baino ez dira demokratikoak. Burgesiak XIX. mendean bere interesen defentsarako sortu zuen sistemaren xede bakarra horixe da: statu quoari eustea eta gizartean onarpen anestesiatua zabaltzea, legitimitate itxura izatea.

Euren sistemak huts egin eta kontrako emaitzak dakartzanean, ordea, demokraziak ez du balio, burgesei ez die balio, eta orduan erabakitzen dute “herriak” ez duela hauteskundeetan hautatutako gobernu hori gura eta indarrez kendu behar dela, “demokrazia” eta “legea”, “konstituzioa” eta enparauak salbatzeko.

Herriren batean, demagun Venezuelan, Bolivian, El Salvadorren, Nicaraguan…, mendebaldeko demokraziek euren interes ekonomikoen aurkakotzat jotzen dituzten alderdiak “demokratikoki” hautatuak direnean, berehala zabaltzen da, eta horretarako daude sistemaren morroi leialak, komunikabideak, iritzi bakar eta “egiazkoa”: tirania berria ezarri da herri hartan, ez dago demokraziarik… Eta berehala hasten dira nazioarteko eskumen arteko mugimenduak gobernu horien aurka konspiratzeko. Estatu kolpea prestatzen da CIA eta haren kideen bulegoetan.

Estatu kolpeak garaipena lortuz gero, herri horretako “demokrazia faltari” buruzko albiste guztiak joango dira isiltzen, herria ahaztuta geratuko da komunikabideetan, ez da albiste izango, eskumari “oinarri sendoak” ezartzeko denbora emateko. Hots, hara ideia ezkertiar “arriskutsuak” itzuliko ez direla eta gehienez ere sistemaren parte diren alderdi sozialdemokratak baino onartuko ez direla ziurtatzeko.

Estatu kolpeak huts eginez gero, gobernu horien aurkako ahotsek ez dute aukerarik galduko demokrazia falta salatzeko.

Hondurasen hango presidenteak galdeketa prestatzen ziharduen, herriari nolabaiteko ahotsa emateko. Herriak aukera izango zuen presidenteak proposatutakoaren alde zegoen ala arbuiatzen zuen esateko. Demokrata burgesak, ordea, ez bide zeuden oso seguru, ez ziren herriaren borondateaz fio (inoiz fio ez diren bezala), eta galdeketa konstituzioaren aurkakoa zelakoan, militarrak bidali dituzte, oso demokratikoki, galdeketa galarazteko eta herriaren nahia zein zen argi uzteko. Zertarako botoak balak eskura daudenean… Gaur hango kolpearen bozeramaileetako bat entzun dut kolpea zuritzen, demokraziaren aldekoa izan dela esanez, galdeketa konstituzioaren aurkakoa zela defendatuz, eta herritarren %95 presidentearen aurka dagoela berretsiz. Herritarren borondatea ezagutzeko bidea bitxia izan da oso: telebistan telefonoz egindako inkesta batean 40.000 lagunek deitu zuten presidentearen aurka zeudela esateko. Oso bide demokratikoa, telebista kate batera telefonoz deitzea, galdeketa batean botoa ematea baino askoz demokratikoagoa, dena telebistaren bidez erabakitzen den garaiotan. Horrela egingo dituzte hauteskundeak aurrerantzean? Tele-botoz? Badaukat horren inguruko eleberri bat buruan, baina hori beste baterako izango da.

Horrek guztiak gauza bakarra berresten dit niri: ez dago mundua, gizartea, sistema ekonomiko eta politikoa “demokrazia” deritzoten horren bidez aldatzerik. Eskumak, burgesiak, argi uzten digu behin eta berriz boto emateak sistema bera defendatuko duen txotxongiloa hautatzeko baino ez duela balio. Horraino demokraziaren mugak. Emaitzek kontrakoa esanez gero, akabo demokrazia, hor dago armada leiala gauzak bere lekuan jartzeko.

Zer gertatuko litzateke Europan bertan kapitalismoa bukarazi nahi duen alderdi batek irabaziko balu eta Europa osoa herriak hautatutakoaren arabera sozialismorantz eraman nahi balu? Ez egin zalantzarik, horretarako dago NATO bizirik…

Horrexegatik alderdiek, Estatuek, gobernuek, demokraziak… ez dute balio. Haiek denak burgesiak sortutakoak dira, eta euren interesen alde funtzionatzeko baino ez ziren sortu. Demokraziak aldaketarako bide bakarra uzten du: iraultza. Iraultza txikiak, egunerokoak, bortizkeriarik gabeak, norberaren baitakoak; iraultza apur bat handiagoak, hala nola lantegien okupazioak, sistema osoa geldiarazteko greba orokorrak, boikotak, desjabetzeak…; ala erabateko bortizkeriaren aurkako (bai, demokrazia deritzo egunero pairatzen dugun bortizkeriari,
langileen aurkako eguneroko bortizkeriari, herri txiroen aurkako
gosearen bortizkeriari, baliabideen ustiapen basatiaren bortizkeriari,
“zaintzen” gaituzten polizia eta armaden bortizkeria gordeari…) iraultza bortitza, armen bidezkoa. Ez diot nik inori biderik egokiena adieraziko, baina bakar bat ere ez dut nik arbuiatuko. Nork bereari ekin diezaiola besteenei oztoporik egin gabe, helburu bererantz abiatzeko: benetako eta erabateko askatasun eta berdintasunerantz. Demokraziak ukatzen dizkigun horietarantz.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Parlamentuen legitimitatea

Atzo, berriz ere, argi geratu zen burgesek asmatutako demokraziak, alderdien logikan oinarritutako asmakizun horrek, daukan legitimitatea. Europan %57k ez zuten botorik eman, ez zuten alderdi horiek eskainitakoan sinistu. Hala ere, “irabazleei” ahoa betetzen zaie garaipenaz berba egiterakoan. Ahoa betetzen zaie eskumatarrei batez ere, eurek asmatutako sisteman irabazle atera direlako. Hots, Europako parlamentuan europarren %22 inguru ordezkatuko dituztelako pozik. Hori da irabazleen legitimitatea: Europan botoa eman dezaketen biztanleen %22ren “interesak” eta “nahiak” defendatu eta inposatuko dizkiete gainontzeko %78ri. Hori “interes” eta “nahi” horiek alderdiek eurek finkatu dituztela alde batera utziz. Seguruenik %22 horietako gehienek “interes” eta “nahi” horiek ezagutu ere egin gabe bozkatu dutela alde batera utziz, alegia. Demokrazia horretan siglei emanten zaielako botoa, benetako programak gorabehera. Bestalde, bozkatu duten %43 horiek ere ez dutelako sinisten “euren” alderdiek agindutakoa beteko dutenik. Alderdiei ez zaie agindutakoa betetzeko eskatu ere egiten. Ez dago mekanismorik emandako hitza betearazteko. Tira, mekanismo bakarra dago: hurrengo antzerkian hitza jango duen beste alderdi bati ematea botoa, agian, edo inori botorik ez ematea, kasurik onenean. Alderdiei bost, poltsikoak berdin beteko dituzte %100ek zein %20k bozkatuta, parlamentua berdin beteko dutelako parlamentari txit agurgarriek.

Alderdiak zintzoagoak balira, parlamentu horretako jesarlekuen %57 hutsik geratuko lirateke. Inor ordezkatzen ez dutenen soldatak aurreztuko lirateke, behintzat, orain parlamantari horiengan sinistu ez duten %57ek parlamentari bizkarroi guztien soldatak ordaindu beharko dituztelako (batere txikiak ez diren soldatak eta gastuak, “demokraziari” eusteko). Sistema hori Euskal Herrira eramanez gero, gainera, Hego Euskal Herrian legez kanpo utzitako alderdien lekuak ere ez lituzkete beste alderdi “demokratikoek” xurgatuko, eta udalbatzetan, batzar nagusietan, legebiltzarretan… “legezko” alderdiek dagozkien ordezkariak izango lituzkete, ez gehiago ez gutxiago. “Legez kanpoko” botoei eta abstentzioari dagozkien lekuak hutsik, benetako legitimitatea agerian gera ledin.

Hori da legitimitaterik gabeko demokraziaren funtsa, azken finean. Bestela, abstentzioa errespetatu eta parlamentua benetan emandako botoekin beteko balitz, alderdiek lan askoz handiagoa egin behar lukete euren lekuak, euren soldatak, euren finantzazioa… bermatzeko. Orduan benetako politika apur bat gehiago, herriak gertuago sentitzen duen politika, erreala egin behar lukete, eta hori zailegia, nekezegia da bizkarroientzat.

Jarrai dezagun abstentzioan sakontzen, antzerkia biluzten, iruzurra agerian uzten, kapitalaren interesak asmatutako demokrazia deuseztatu arte. Legitimitaterik eza edonorentzat begi bistako bihurtu arte. Has gaitezen benetako demokrazia zuzena, herriak herriarentzat, behetik gora sortua, auzoetatik hirietara, hirietatik herrialdeetara, herrialdeetatik herrialdeen federazio askeetara eraikitzen, Estatuei boterea behetik jaten, alferreko, debaldeko, premiarik gabeko bihurtzen haren zeregin hutsal eta faltsua.

Has gaitezen gizarte aske eta berdintasunezkoa eraikitzen gure inguru txikian, gure egunerokoan. Has gaitezen komunismo libertarioa eguneroko bizimoduan eraikitzen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Hizkerak egiten gaitu

Herriok egiten dugu hizkuntza, hura darabilgun egun bakoitzean egin ere. Aldi berean, hizkerak herriok egiten gaitu, hura darabilgun egun bakoitzean egin ere. Ondo dakite hori menderatzaileek, kultura okupatzaileek, irabazleek.

Txilen nagoen honetan, berriz ere etxean utzitako hizkuntza okupatzaile berarekin egiten dut topo egunero, irabazleen hizkuntzarekin. Gaztelaniarekin. Hemen eta han hizkuntza menderatuen hiztunek derrigorrez erabili behar dute menderatzaileen hizkuntza, eta bere egin hizkuntzarekin batera datozen balioak, munduaren ikuspegia… Herri zapalduok, beraz, egunero egiten dugu zapaltzaileen hizkuntza, eta zerbait ematen diogu, apika. Baina derrigorrezko hizkuntza hori nahikoa ez eta menderatzaileek herri zapalduok egiten gaituen hizkera ere asmatzen dute, ezartzen digute egunero, eta guk hizkera horren azpian dagoen mezua geureganatu.

Txilen maputxeak dira Estatuarekin, lurren lapurrekin, europarren ondorengoekin borroka latzena daukatenak. Errepresiorik bortitzena pairatzen dutenak (aste honetan bertan kazetari bi atxilotu zituzten hemendik ez oso urrun delitu oso larria egiteagatik: Txileko armadak maputxeen lurraldean darabilen okupazio bortitzaren berri eman nahi izateagatik; to demokrazia…). Hemen, Araukanian, euren arbasoen lurretan, legeek Txile dela dioten honetan.

Beste kontu batzuk alde batera utzita, gatozen hizkera horretara, badagoelako oso “bitxi” egin zitzaidan zerbait. Oso ezagun egin zitzaidalako, hain zuzen ere. Txileko telebistak ikusten ditut egunero, eta gauza batzuei buruz denek darabilte hizkera bera. Esaterako, edozein arrazoirengatik baten bat atxilotzen dutenean (izan lapurra, izan manifestazio batean parte hartzen zuena), albistegi guztiek “antisocial” berba darabilte, hutsik egin gabe. “Unos antisociales asaltaron…”, “unos antisociales quemaron…”. Hutsik egin gabe eta ñabardurarik gabe. Gauza bera gertatzen da maputxeei dagokienez, albistegi guztietan hizkera bera: “el conflicto mapuche…”. Ez zaizue ezagun egiten? Niri berehala ekarri zidan “el problema vasco” delakoa gogora. Eta horrela daukagu barneratuta, horrela irensten dugu, horrela errepikatzen. Baina zer dago horren atzean?

Hizkera horrek hedatzen duen mezua argia da: gatazka dakartenak maputxeak dira, arazoa direnak euskaldunak dira. Haiek dira gatazka, haiek dira arazoa! Nik, ordea, bestela esango nuke: maputxeentzat kolonoak direla arazoa, kolonorik gabe haiek gatazka barik bizi zirelako. Txile da gatazka. Eta euskaldunek zer arazo daukate Espainiarik edo Frantziarik gabe? Batere ez; gehienez ere edozein gizartek dauzkan arazoak (esaterako, oligarkia burges “euskaldun” peto-petoaren esanetara bizitzea herri osoa). Beraz, euskaldunontzat Espainia da arazoa. Agian hizkera geuk egiten hasteko garaia da, etsaien armak geure buruaren aurka erabili beharrean. Ea hedabideek noiz dioten “el conflicto chileno”, “el conflicto colono”, “el conflicto de los ladrones de tierras”, “el problema español”… edo antzekorik. Herri zapaldu bakoitzaren izenaren atzean egunero pairatzen duten (eta Ameriketan gure Europan baino askoz gehiago) giza aurpegiak daudelako, eta haiek, gatazka edo arazoa barik, irtenbidea direlako.

Marichiweu!


(Matias Catrileo, Estatuak hildako gazte maputxe anarkista).

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Greba orokorra

Txileko lehendakariak urtea ixteko hitzaldia ematen duen bitartean, hemen ere kapitalismo suntsitzailearen aurka egingo dut greba. Berdin dit hitzaldia nork ematen duen, hemen eta han demokrazia burgesa gure aurka jaio zen, pribilegiatu gutxi batzuen eskubideak babesteko. Argi geratu da azken urteotan, inoiz baino gehiago, salbatu beharrekoak langileak ez, banku ahalguztidunak zirenean. Krisiaren eragileak salbatu behar zirenean. Orduan munduko “demokraziek” ez dute diru faltarik izan haiei laguntzeko. Jakina, demokrazia burgesaren oinarria dira bankuak, benetako jabeak. Alderdi politikoak, parlamentuak, poliziak, epaileak… haiek defendatzeko tresna hutsak baino ez dira.

Gaur, beraz, greba orokorra, eta hobe grebak sistema osoa hankaz gora utzi arte balirau, egun bakarreko borroka eguna izan barik. Baina ahaztu barik greba kapitalaren aurkakoa eta langile eta langabetu guztien aldekoa dela, zein ere duten herria, kolorearen azala edo hizkuntza. Ez dezagun ahaztu, krisialdiak krisialdi, Euskal Herria oraindik ere herri pribilegiatua dela, eta Europa osoa legez, zapalduta bizi diren herrien odoletik edaten duela egunero bere bizi kalitateari eusteko. Batzuentzat krisialdiak erosotasun galera apur bat ekarri duen bitartean, oraindik ikusezin ditugun benetako txiroak, egunero zer jan ez daukatenak, gure lehen munduko transnazionalek gure azoka oparoetan saltzeko daukaten guztia lapurtzen dieten horiek egunero, urtero bizi dira krisialdian. Borroka ez dadila geurekoia izan, pribilegio batzuei eustearen aldekoa. Egin dezagun borroka borrokatzeko indarrik ez kultura nahikorik ez daukatenen alde ere, egunero, krisialdiaren barruan zein krisialditik at.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Cannabis, jazarpen ero baten historia

Orain dela mende bateko anarkistek, Malatestak eta Kropotkinek, besteak beste, argi adierazi zuten maiz, oraindik ere, eta tamalez, jendeak kontrakoa sinistu arren (horrela sinisteko hezten gaituzte, ezta?): legeak konpondu nahi dituen kalteak baino handiagoak sortzen ditu. Horixe da legeak kanabisa dela-eta dakarkiguna. Mendeetan gizarte askotan gurean ardoa bezain arrunta eta kalte txikiagoak sortu dituen landareak zorte txarra dauka gure demokrazietan… Hemen adibide ezin argigarriagoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 6 iruzkin

Zergak

Orain dela hil batzuk nire anarkismotik datozen ideia batzuk plazaratzeko sail bati ekin nion. Azken boladan ez nabil oso inspiratuta, baina hasiera hartan ekonomia-politika-gizartea katetik abiatu nintzen (kontrako ordenan orduko izenburuan, helburua gizartea aldatzea delako; baina praktikari begira, daukagun gizartea politikak eman digunez, eta politika bera sistema ekonomiko jakin bati eusteko tresna baino ez denez, gizarte berrira iristeko sistema ekonomikoari begiratu behar diogu lehen, eta hura da deuseztatu beharreko lehenengo helburua), eta katearen lehen begi horri helduko diot, horretarako, gure sistema demokratiko-konstituzionalen euskarri nagusia, zerga sistema, alegia, zalantza jartzeko. Geu garelako zapaltzen gaituen sistema politikoari sostengu ekonomikoa ematen diogunak.

Nagi jarraitzen dudanez, ederto azaltzen duen artikulu baterako esteka utziko dizuet, oraingoan ere artikulua gazteleraz badago ere. Badago artikulu horretako proposamenetatik zer atera. On gein!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina