Bakunin, Marxs eta Engels

Sozialismoaren ildo nagusietako bi markatu zituzten liburu bi irakurri berri ditut. Egileak Bakunin, alde batetik, eta Marx eta Engels, bestetik, dauzkagu, Langileen Nazioarteko Elkartearen (I. Internazionala) hiru sortzaile nagusiak eta, I. Internazionala deseginda geratu arte, haren motore nagusiak eta etengabeko eztabaidan bizi izan ziren nortasun grinatsu eta indartsuak.

Errusiarra jatorriz aristokrata, alemanak jatorriz burgesak, munduko langileak askatzeko bidean eman zituzten euren urterik onenak, hirurek eman ere, baina bide horretan hautatutako bideak, Internazionalean bat egin arren (ez girorik adiskidetsuenean), erabat desberdinak ziren. Arrazoi nagusia, autoritatearen erabilera eta Estatuaren eginkizuna.

Haien botereari eta Estatuari buruzko kontzeptuak zein kontrakoak ziren ikusteko adibiderik onenetakoak Bakuninen Jainkoa eta Estatua eta Marx eta Engelesen Alderdi Komunistaren Manifestua liburuak izan daitezke. Edukiari ez ezik, ideiak garatzeko eta adierazteko estiloari dagokienez ere aldea izugarria da.

Egingo dudan alderaketa, jakina, guztiz subjektiboa da, eta bietatik atera dudan ondorioa, aurretik joan dadila, nire anarkismoa berrestea izan da, horretan ez diot inori ziria sartu nahi.

Has gaitezen alderdirik subjektiboenetatik, hots, estilotik. Bakunin irakurtzen hasi, eta igartzen zaion lehen ezaugarria, idazle anarkista gehienei igarri diedana, grina, pasioa da. Berbak ondo hausnartutakoak badira ere, bihotzetik, barren-barrenetik irtendako sentimenduak gordetzen direla agerikoa da. Hori izan daiteke Bakuninek liburuak bukatzeke uzteko arrazoietako bat. Diotenez, artikulua edo gutuna izango zena idazten hasi, eta halako batean liburu bihurtzen zitzaion hasierako asmoa. Beti ertzean bizi zen, eta aldez aurretiko planei baino gehiago, momentuko bultzadari jarraitzen ei zion. Hori ere antzematen zaie liburuko atal gehienei. Hala ere, zehatz eta argi iristen da adierazi nahi duen kontzeptura. Marx eta Engelsen estiloa hotzagoa da (alemanagoa, esango du baten batek), zientifikoagoa. Idatzitakoan hasierako eskema edo asmo jakin bati lotzen zaizkiola nabaritzen da. Horretan kutsu dogmatikoagoa ere suma daiteke. Jakina, Manifestua Alderdi Komunistak eskatutako lana da, Alderdiaren agiria izango zen, eta horrek ere eragina izan bide zuen. Baina hoztasun zientifiko hori Marxen beste liburuetan ere sentitu dut, Kapitala liburuan bai, behintzat. Agian horregatik dira egokiagoak burua hotzago jardutea gogoko dutenentzat. Ni pasioak mugiarazten nau gehiago.

Edukiari dagokionez, liburuak erabat desberdinak dira. Bakuninen lanaren helburu nagusia jainkoaren gezurra agerian uztea eta jainkoaren, autoritatearen eta batez ere Estatuaren arteko lotura historikoa erakustea. Horretan erlijioen mamian, funtsean sartzen da, eta, nire ustez, behintzat, ezin hobeto asmatzen du jainkoaren ideiaren jatorria, bilakaera eta batez ere atzean ezkutatzen duen asmakizuna azaltzen. Gauza bera egiten du Estatuari buruz, eta orrietan aurrera egin ahala argi uzten du bere mezua: jainkoa eta Estatua esklabutzaren, morrontzaren sorburua dira. Gizakiek sortu, asmatu, eta ondoren gizakia bera jarri zen haien esanetara, otzan. Estatua, gainera, gutxiengoaren pribilegioei eusteko tresna baino ez da. Esan behar da, zientziari buruz ere ez daukala iritzi askoz hobea, alderdi bati dagokionez behintzat: zientzia egia bakartzat badu ere, dioenez gizakien zientzia beti izango da bukatu gabea, beti izango da askoz gehiago ez dakiguna dakiguna baino; beraz, zientzialariak ezin dira sekula izan gizartea “gidatuko” dutenak, despotismorik krudelena litzatekeelako dakiten apurra absolututzat hartu eta euren zientziaren mende jartzea gizarte osoa. Onartzen duen autoritate bakarra norberak askatasunez onartutakoa da, guztiz partziala: zapatak egiteko, zapatariarena, zubiak egiteko, ingeniari edo arkitektoarena, gaizoa osatzeko medikuarena… Gauza bati buruz autoritatea denak besteen autoritatea onartzen du beste arloei buruz, hots, txandakako autoritatea, norberak askatasunez onartua, labur esanda.  Lerroetan Internazionalaren asmoen eta gorabeheren berri ere ematen du, batez ere Ginebrako kongresuan eztabaidatu eta erabakitakoen gainean. Estrategiak ere ematen ditu, horien artean nagusiena, Internazionalean ildo politikorik ez sartzea, batasunaren alde egiteko. Harentzat funtsezkoena langileekin, langileen artean, nekazariekin, nekazarien artean lan egitea, kontzientzia sortzea eta eurei egiten uztea da, botere berria bilaka daitekeen abangoardiarik gabe eta iraultza prozesuan bideak proposatuz baina ez inposatuz, langileak eta nekazariak eurak izateko iraultzaren jabe bakarrak.

Teorian, Marxek eta Engelsek gauza bera aldarrikatzen zuten, langileen iraultza langileek eurek egingo zutela, baina Manifestua batez ere alderdi baten ideologia, helburuak eta estrategia finkatzen ditu. Estrategia, bai, horixe hitz garrantzitsuenetakoa, lerro artean argi nabaritzen baita langileek boterea eskuratzeko balio duen estrategia oro dela balekoa, une batzuetan Alemaniako burgesiarekin bat egin behar bazen ere, berehala, garaitutakoan, haiei egiteko gerra. Marx eta Engelsen bidean alderdia funtsezkoa denez, garrantzitsua da benetako sozialistak eurak, komunistak direla erakustea. Horretarako, hainbat horri bestelako sozialisten burgeskeria edo atzerakoikeria frogatzeko darabiltzate. Bitxia anarkistei ematen dieten lekua, proudhonistak baino ez baitituzte aipatzen zerrenda horretan, burges txikitzat (aurrerantzean betikotuko duten leloa) joz, mespretxuz, eta haiei buruz Proudhonengan sekula sumatu ez dudan asmoa gaztigatuz: langileak burges bihurtzea eta gizartean burgesak baino ez geratzea. Beharbada ordurako kroniko bihurtuko zen anarkisten kontrako gezurraren erabilera hasita zegoen. Baina hori alde batera utzita, Manifestua funtsean hori da: alderdi baten ideologia, boterea eskuratzeko estrategia eta etorkizuneko Estatua antolatzeko ildoa. Dena joko politikotik, goitik, baina langileen, behekoen izenean.

Esandakoan argi ikusten da korronte bien aurkakotasun nagusia: boterea eta Estatua. Bakuninek, lehenago Proudhonek eta ondoren anarkista guztiek bezala, botere oro suntsitu nahi zuen, taldeko zein bakarkako askatasuna jarri zuen ororen gainetik. Gizartea langile guztiek euren burua askatasunik handienean eta eurek erabaki legez antolatzeko proposamena da. Horretarako, iraultzaren lehen unetik eskatzen du iraultza politiko hutsari bizkarra emateko eta gizarte iraultza eta iraultza ekonomikoa egiteko, hirurak batera. Eta horixe egiten ahalegindu ziren errusiarrak euren iraultzaren hasieran, baita Katalunia eta Espainiako langileek 30eko hamarkadan. Marx eta Engelsentzat, ordea, ezinbestekoa da lehen iraultza politikoa izatea, eta botere politikoa eskuratuta goitik, Estatutik, antolatzea beste guztia. Hori, langileen ordez, langileen “abangoardiak” egin behar du, hots, boterea eskuratu eta langile guztiei zer egin aginduko dien gutxiengo “aurreratuenak”.

Badaude beste alde batzuk ere, agian hain garrantzitsuak ez diruditenak. Esaterako, nekazariei buruzko planteamendua. Bai batek bai besteek ulertzen zuten zailagoa zela nekazariak iraultzara eramatea, zaila bezain ezinbestekoa, nekazariak zerbaiten jabe, lurraren jabe izanda, ezeren jabe ez ziren hirietako langileen aldean, zeukatena galtzeko beldur izan zitezkeelako. Baina iraultzan engaiatzeko bideak ez datoz bat. Bakuninen proposamena iraultza aldetik landa aldera langile engaiatuak bidaltzea da, langileen eta nekazarien elkarrekiko mesfidantza apurtzea, eta nekazariei kontzientzia komunista ematea. Marx eta Engelsen aburuz, bidea nekazariak langile bihurtzea da, landa antolatzeko modua hiriarena bezalakoa izatea, nekazariak proletarizatzea, alegia, industria bezala antolatzeko. Berriz ere, behetik eragindako iraultzaren alde egin beharrean, goitik pentsatutako bidea, beti euren ekonomiari buruzko iritzi zientifikoei jarraituz. Lumpenproletariotzari buruz ere ez datoz bat errusiarra eta alemanak. Marxek gutxietsi egiten zituen alprojak, lapurrak eta gaizkileak. Bakuninek, ordea, haiek ere iraultzarako indarra izan zitezkeela uste zuen, kontua haiengan ere gizarte kontzientzia sortzea zen, gizartea delako haiek bizimodu horretara eraman dituena.

Jakina, beste gauza batzuetan ere ikus daitezke aldeak, baina niri, behintzat utzi didan ideia honakoa da: Bakuninek bizian, esperimentazioan, norbanakoen errealitatean oinarritu zituen bere ideiak; Marxek eta Engelsek zientzian, aldez aurretik hartutako erabakietan, goiko jakiturian eta abangoardiaren asmoetan. Agian horregatik ez da bakuninismorik egon eta bai, ordea, marxismoa. Anarkismoak ez ditu inoiz inoren esanak bibliatzat, egia bukatutzat hartu, eta historiako anarkista guztien ekarpenak hartu ditu, malgutasunez, anarkismoa erreka bizia bihurtuz. Marx eta Engelsen jarraitzaileek euren komunismoa marxismo bihurtu zuten, eta haien ildo ideologikoetan beti izan du garrantzi handia “egilearen” izena: leninistak, trotskistak, maoistak…

Bukatzeko, liburu bietatik ateratako zati bana jarriko ditut hemen, adierazgarriak direlako, ez berez alderagarriak direlako, bata hausnarketa den bitartean, bestea programa politikoa delako, haietan ikuspegi bien ezaugarri batzuk ikus daitezkeelako baizik. Onena, dena dela, liburuak oso-osorik irakurtzea eta ondorioak ateratzea.

Bilakaera guztietan, zuzenak zein faltsuak, benetakoak zein irudimenezkoak, taldekoak zein banakakoak izan, lehen urratsa da beti zail gertatzen dena, lehen ekintza da zailena. Urrats hori gainditu eta lehen ekintza hori egindakoan, gainontzekoa berez gertatzen da, derrigorrezko ondorioa bezala. Erokeria erlijioso izugarri horren bilakaera historikoan zailena, mundu jainkotiar bat mundu errealetik kanpo jartzea zen. Lehen erokeria ekintza hori, hain berezkoa ikuspuntu fisiologikotik eta beraz beharrezkoa gizateriaren historian, ez da bat-batean egiten. Batek daki zenbat mende behar izan diren sinesmen hori garatzeko eta gizakien buruko ohituretan barnerarazteko. Baina, behin ezarrita, ahalguztidun bihurtu da, giza burmuinaz jabetzen den erokeria orok behar duen bezala. Imajina zoro bat: haren erokeriaren objektu berezia zein ere den, ikusiko duzue obsesionatzen duen ideia ilun eta finkoari munduko naturalena deritzola, eta alderantziz, gauza natural eta benetakoei, ideia horri aurka egiten diotenei, erokeria barregarri eta gorrotagarri deritze. Bada, erlijioa taldeko erokeria da, are boteretsuagoa tradiziozko erokeria baita eta haren jatorria urrunegi dagoen antzinatean galtzen baita. Taldeko erokeria izanda, herri baten gizarte izaeraren xehetasun guztietan, publiko zein pribatuetan, barneratu da, gizartean gorpuztu da, nolabait esateko taldeko arima eta pentsamendu bilakatu da. Jaiotzatik gizaki oro dago hark inguratuta, amaren esnearekin batera edoskitzen du, entzuten duen orotan, ikusten duen xurgatzen du. Bere izaera guztia hain barneraino elikatu, pozoitu, zeharkatu du, ezen geroago, bere izpiritua indartsua izan arren, izugarrizko ahaleginak egin behar baititu askatzeko, eta ez du inoiz erabat lortuko.  Gure idealista modernoak horren froga dira, eta gure materialista doktrinarioak, komunista alemanak, beste froga bat. Ez dute jakin Estatuaren erlijioa baztertzen.

Naturaz gaindiko mundua, mundu jainkotiarra herrien tradiziozko irudimenean ezarri ondoren, erlijio sistemen bilakaerak bere berezko bide logikoari jarraitu dio, bestalde, harreman politiko eta ekonomikoen bilakaera garaikide eta benetakoaren arabera beti. Izan ere, garai guztietan, ameskeria erlijiosoaren munduan, haien kopia zintzoa eta jainkozko sagarakuntza izan da. Horrelaxe bilakatu da erlijioa deritzon taldeko erokeria historikoa, fetitxismotik hasi eta, politeismo maila guztietatik igarota, monoteismo kristaura iritsi arte. (Bakunin, M., Dios y el Estado, 62, 63. or.)

Langileriak bere nagusitasun politikoa baliatuko du apurka-apurka burgesiari kapitala kentzeko, ekoizpen tresna guztiak Estatuaren, hots, klase zuzendari gisa antolatutako langileriaren esku zentralizatzeko, eta indar ekoizleen kopurua azkar handitzeko.

Hori hasieran, jakina, jabetza eskubidearen eta ekoizpen harreman burgesen bortxaketa despotikoaren bidez baino ezingo da bete, hots, ikuspuntu ekonomikotik gutxiegi eta  eutsiezinak irudituko duten neurriak hartuz; baina mugimenduak aurrera egin ahala gainditu egingo dira, eta ezinbestekoak dira ekoizpena guztiz  eraldatzeko.

Ondo ulertu behar da, neurri horiek hainbat eratakoak izango dira herrien arabera. Baina, herririk aurreratuenentzat, honako neurriak abiaraz litezke:
l. Lurren jabetza desjabetzea eta  errenta Estatuaren gastuentzat erabiltzea;
2. Zerga oso gehikorra;
3. Oinordekotzaren abolizioa;
4. Emigratu eta matxinoen jabetza konfiskatzea;
5. Kreditua Estatuaren eskuetan zentralizatzea, Estatuaren kapitala eta monopolio esklusiboa izango dituen Banku nazionalaren bidez;
6. Garraiobide guztiak Estatuaren eskuetan zentralizatzea;
7. Nazioko manufakturak eta ekoizpen tresnak ugaltzea, landu gabeko lurrak lantzea eta landutako lurrak hobetzea sistema orokor baten arabera;
8. Derrigorrezko lana guztientzat, industria armaden antolakuntza, batez ere nekazaritzarako;
9. Nekazaritza eta industriako lanak uztartzea, apurka-apurka hiriaren eta landaren arteko aldea desagerrarazteko neurriak, eta
10. Haur guztien hezkuntza publiko eta doakoa, egun egiten den bezala haurrek lantegietan lan egitea abolitzea; hezkuntza era ekoizpen materiala uztartzea, eta abar. (Marx, K., eta Engels, F., El Manifiesto Comunista, 64 eta 65. or.).

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , , , , | 2 iruzkin

Somaliako pirateria


Aurrerantzean piratek euren burua armaz defendatzeko eskubidearen alde egin du Patxi Lopezek. Edo bestela esanda, Lehen Munduak Hirugarren Munduari lasai lapurtzerik ez daukanean, Lehen Munduko piratek indarkeria legez erabiltzeko eskubidea behar dute. Holaxe jokatzen zuten garai bateko kortsarioek, euren Errege-Erreginen alde legez lapurtzeko eskubidea zuten piratek. Orduan Europako herri boteretsuen arteko lehia zen, Amerikari ostutako aberastasunen lehian. Egun, ordea, arpilatutako, jipoitutako herriei aberastasun naturalak lapurtzerakoan Europako herri guztiak ados: bidal ditzagun gure itsas-armadak gure lapurrak defendatzera! Badakit Euskal Herriko jende askori ez zaiola lar gustatuko ikuspuntu hau baina…, bada garaia zertan dihardugun hausnartzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Haur izandakoak

Zuek denok, zuen pribilegioei errugabeen odolaz defendatzen dituzuenok, moral bakarra dirua duzuenok, zuen ongizate huts eta neurririk gabeari eusteko mundu honetako deseredatuak gupidarik gabe larrutu edo akabatzen dituzuenok, jabetzaren gezurra saltzen duzuenok, indarkeria mota oro sustatzen duzuen burges hiltzaileok; baita zuek ere, ezikusiarena eginez sarraskiaren partaide ez zaretela uste duzuenok, lan zikina besteei utziz eroso bizitzeko eskubidearen jabe sentitzen zaretenok, GKE-ei diru apurtxoa emanez etengabeko lapurreta zuritzen duzuenok, burgeskerian eroritako langileok; garai batean mundu hobe eta bidezkoarekin, bakearekin, gosearen amaierarekin amesten zenuten haurrak izan zineten; edo hori esan zenuten eskolan, behintzat. Non geratu ziren haur horiek? Ala ordurako demagogia eta zuzentasun politikoa ondo ikasitako ume otzanak baino ez ziren? Noiz hil zenuten betiko berdintasun sena zuen bihotzetan, inoiz izan bazenuten? Noiz jarri zenizkieten zapia begietan eta kotoiak belarrietan zuen barneko haur horiei? Zeuek zaretelako munduari horrela iraunarazten diozuenok eta orain zuen haurrei gezur berberak saltzen dizkiezuenok, euren gurasoen bihotz onean sinets dezaten, mundua holakoa berez dela irents dezaten, mundua aldatzeko zerutik iritsitako indar ezezagunen batek etorri behar duela barneratu eta otoitzetan zuen kontzientzia garbi dezaten, txiroa izateko errua txiroena dela eta zuen karitateari esker salbatzen direla sinets dezaten, zuen bideari jarraituz ezer txarrik egiten ez dutela pentsa dezaten, eurak ere, munduko zapaltzaileak izanda, salbatzaile senti daitezen. Hurrengo hiltzaileak izan daitezen, zuen oinordekotzak bermatutako pribilegioei esker.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Punka Txilen

Duela zenbait hilabete lagun batek Txileko punk taldeen gaineko zerbait idazteko eskatu zidan. Nagi ibili naiz, egia esan, harrezkero, baina gaur indarrak batu eta zerbait idazteko materiala bilatu dut han-hemenka. Dena dela, ez da punka aipatuko dudan kontu bakarra, hemen, garai batean Euskal Herrian gertatu legez, gizarte mugimenduak eta musika elkarren eskutik doazelako, eta bertan, jotzeko estiloa baino gehiago, ideologia da elkargunea.

Historia apur bat

Esan daiteke txiletar punkaren historia 1984an hasi zela, diktaduraren erdian. Euskal Herrian La Polla, Eskorbuto, Zarama, Hertzainak… jaiotzen ziren bitartean, Txilen izen ezin probokatzaileagoa zeukan taldea sortu zen, Los Pinochet Boys. Ez ziren inoiz diskorik grabatzera iritsi, baina sarean lor daitezkeen kanta batzuk utzi zituzten, egun kultokoak izan daitezkeenak, Txileko punkaren oinarriak jarri bitzituzten.

Diktadura artean bizirik zegoela oraindik dirauen taldea sortu zen, seguruenik, Txileko punk talderik garrantzitsuena, Alvaro Españaren Fiskales Ad Hok itzela. 1986an izan zen, diktadura ofizialki bukatu baino urte bi lehenago. Sasoi latzak ziren eta, euren DVDan kontatzen dutenez, une zirraragarriak bizitzea tokatu zitzaien, esaterako, kontzertua lokal itxi batetik kalera jo eta “pakoek”, hemengo poliziek, ikusleak zelan sakabanatzen zituzten, haien aurka euren indar guztia zelan zerabilten ikustea; Fiskaleko mutilek euren mezu antifaxista aldarrikatzen jarraitu zuten eta oraindik ere, 23 urte beranduago, ildo beretik dihardute.

Punkaren historian aipatzekoak dira egun “saldutzat” jotzen diren beste talde batzuk, hala nola Los Miserables edo BBS Paranoicos hardcore taldea (diostenez, egun emo bihurtuta). Baina egia esan, 25 urte beranduago herri honetan punkak sasoiko, bizi, indartsu dirauela esan behar da. Horren froga dira, esaterako Punkora eta Los Peores de Chile taldeak eta, neure eskarmentuak erakutsi didanez, Temukoko mugimendu sendoa.

Taldeen hitzetan ohikoa da umorea ere. Izan ere, txiletarrak bereziki onak dira adarra jotzeko (euren berbetan, “son buenos pal weveo”). Horren adibidea izan daiteke Los Mox taldeak Don Ramón pertsonaia gogoangarriari egindako omenaldia…


Temuko, punka bizitzeko modu bat

Temukora iritsi nintzenetik sentitu nuen hemen punka zerbait bizia dela. Diotenez, hemengo “eskola zaharreko” punkak dira naziak kaleetatik atera zituztenak, posible zen modu bakarrean atera ere (imajina ezazue). Horren meritua oraindik bizirik dagoen belaunaldi batena da, baina asko dira haien lekukoa hartzeko prest daudenak. Punka, Temukon, kalean bizi da (omenalditxo pertsonala Vaneren lagun bati XD).

Hona iritsi eta berehala izan nuen punka Temukoko estiloan bizitzeko parada. Hemen, okupak ez ezik, badaude kontzertuetarako erabiltzen diren eraikin zaharrak, esaterako, “La fabrika”, lantegi baten hondakinak. Bertan izan nuen nire lehenengo esperientzia, eta hasieran apur bat beldur nintzela aitortu arren (hemengo lagun batzuek punk kontzertuak ostiaka bukatzea ohikoena zela esan zidaten), berehala jabetu nintzen mitoei kasu egitea baino hobea zela errealitatean murgiltzea. Slam eta pogoa nonahi eta etengabe, aspaldian ez nuen “tokata” bat (hemen dioten legez) horrela gozatzen. Hurrengo kontzertu batean, Amanecer auzoan (bertan dago hemengo liburutegi libertarioa), giroa 80. hamarkadan Euskal Herrian bizi genuenaren oso antzekoa dela baietsi nuen. Gandorrak, garagardoak eta rollo ona airean, platerkada eder bat punk eta hardcore bizi izan genituen, saltoka eta sakaka.
Horretan lagundu ziguten hemengo taldeek, Temukon dauden ia kontzertu guztietan dauden Orden Criminaleko mutilek, CNIk, Toni Montana hardcore taldeak… Zoritxarrez ez dut gogoratzen egun batzuk egin nituen lagunen taldea, ederto jo baitzuten, tartean La Pollaren hainbat kanta. Ez da kasualitatea, Argentinan bezala, hemen La Polla talderik gustukoenetakoa baita. Hemen daukazue esandakoaren eredu bat, “Toro” jatorraren Orden Criminal taldearen kontzertuan (barregarria da bideoan azken boladan egindako lagunak ikustea)

Dena dela, ez dira “tokatak” punka bizitzeko modu bakarra. Hemengo gizarte mugimenduek, gazte erakundeek, maputxeen eskubideen aldeko mugimenduek… “peña” dertizen jaiak antolatu ohi dituzte, dirua biltzeko. Zoritxarrez gero eta gutxiago dira, besteak beste, maiz borroka bila baino ez doazen “flaite”ak (hemengo faunako gazte mota bat, oso berezia, markako arropak janztea eta borrokatzea gogoko dituena, eta etxeetan zein kaleetan gertatzen diren lapurreta gehienen atzean daudenak) agertzen direlako eta sortutako borrokek “pakoen” presioa areagotu dutelako. Harira itzuliz, “peña” horietan, sarrera nahiko merke ordainduta (eta ikustekoa da hemengoek are merkeago sartzeko daukaten trebetasuna, sarrerakoekin azken pesora arte negoziatuz, taldekako prezioak lortuz…) garagardoa, “nabegao” izeneko ardo beroa (alkohola galdutakoa) eta ardoa edan, “sopaipilla”k (hirinazko ore frijitua, gehienetan “pebre”z jaten dena) eta “completo”ak (saltxitxa otartekoak, aguakate, tomate, tipula eta maoinesarekin, gehienetan) jan eta dantza egiten dute. Zoritxarrez, hemen jendeak lar edateko joera handiegia dauka, eta ez dira falta “jugo” ematen dutenak, hots, astunkeriatan ibiltzen direnak eta noiz edo noiz borrokak sortzen dituztenak.

Baina hori alde batera utzita, euskaldun batentzat harrigarriena punk guztiak kunbiak dantzatzen ikustea da. Are gehiago, zaila da hemen “carrete” bat (jaia, parranda) egitea lehenago edo beranduago (gehienetan beranduago, jendea mozkor , “curao” dagoenean) kunbia dantzatzen bukatu barik.

Gauzak horrela, ez da arraroa kunbia-punk estiloa egotea. Estilo horretan talderik ospetsuena Anarkia Tropikal izenekoa da. Zoritxarrez, ez dut haien kantarik ezagunenaren bideo ofizialik topatu, “Amor enkapuchado” zoragarria, baina bai entzun ahal izateko zerbait, haren ordez (argituko dut hor entzuten dena ez dela Anarkia Tropikalen jatorrizkoa, beste talde batek egindako bertsioa baino, eta hari lotuta beste “kunbia proleta” batzuk doaz). Dena dela, kunbia-punk estiloaren izpiritu osoa harrapa dezazuen, talde jator honen kanta bi utziko dizkizuet opari.


Musika boterearen aurka

Punka, ordea, ez da txiletarrek Estatuari aurka egiteko darabilten estilo bakarra. Hip-hop, ska edo bestelako estiloak ere arma ezin hobeak dira sistemari aurka egiteko hemen gehien mugitzen den ideologia, hots, anarkismoa, Txileko bazter guztietatik zabaltzeko.

Eta erresistentzia mugimendu horietan guztietan ez dira inoiz falta herri indigenen aldeko ahotsak, batez ere Estatuarekin gerran dauden maputxeen aldekoak. Punk mugimenduan ere maputxeak falta ez diren bezalaxe.

Hemen utziko dizkizuet beste talde garrantzitsu biren bideoak: Subverso eta La Floripondio. On egin!

PS – Bitxikeria bat: badakizue zein den tabernetan gehien entzun dudan taldeetako bat? Skalariak! “Neska reggae” eta “Segi, segi” hamaika aldiz entzun dut hemen nagoenetik, eta itzulpenen bat eskatzen didana ez da inoiz falta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Imajina dezagun

(Castellano)

Gaur irudimen ariketa proposatu gura dut. Batez ere ohiko
kazetariari, hots, boterearen diskurtsoa ondo barneratuta daukan
kazetari burgesari (batzuetan sozialistas mozorrotzen bada ere). Ez dut
uste irudimen ariketa zaila izango denik.

Demagun munduan, gure mundu zibilizatu eta mendebaldar honetan,
ekonomia nagusi guztiek sozialismoa hautatu dutela aspaldian ekonomia
eta gizartea bideratzeko. Hamarkadak joan dira, eta munduan hura da
eredu nagusi eta arrakastatsua. Herri nagusi horiek, AEBk, Europak,
Japoniak, Errusiak… ez diote beldur handirik inori, ez daukate
mehatxurik, eta patxadaz garatzen dute euren sistema: alderdietan
oinarritutako demokrazia burgesa baztertu eta mota desberdinetako
asanblada ireki eta parte hartzaileak egiten dira, eskola eta
unibertsitatea doakoak dira, osasun sistema pribaturik ez dago eta
puntako teknologia herritar guztien esku dago, etxe duina guztientzat
bermatutako eskubidea da, elikagaiak guztientzat iristen dira, guztiei
banatzen zaizkie, eta herri nagusi horien guztien artean bidezko
merkataritza ereduak agintzen du. Denak dira aliatuak, denek dauzkate
antzeko interesak. Estatuak, ordea, ez dira desagertu, burokrazia handi
xamarra dago, berdintasuna orkorrena bada ere elite berri batzuk sortu
dira… Baina, oro har, kanpotik ikusita, gauzak nahiko ondo doazela
ematen du. Hala ere, oraindik Estatua da ekonomia planifikatzen duena
eta langileek, euren lanaren jabe sentitu barik, Estatua sentitzen dute
jabe eta erabakitzeko ahalmena urruntzen joan dela sentitzen dute.
Zentsura mailaren bat dago baina, orokorrean, sistema arriskuan jar
dezakeen ezer sumatzen ez denez, adierazpen askatasuna nahiko bermatuta
dago.

Orain demagun uharte txiki batean burgesak matxinatu eta boterea
lortzen dute. Abantaila emateko, ez dugu imajinatuko hirugarren munduko
uharte txiro eta koloniala, matxinada aurretik ondo banatutako gizarte
oparoa zeukana baino. Berehala, kapitalismoa abiatzen ahalegintzen
hasten dira. Egoera horretan, Estatu sozialistarik boteretsuenak,
zentzugabeko arrazoiren batengatik, uharte txiki hori blokeatzea
erabakitzen du. Harekiko merkataritza debekatu eta neurri zorrotzak
hartzen ditu herri horretako gobernu berria itotzeko. Hala ere, gobernu
matxinoak kapitalismoa ezartzea lortzen du. Uhartera iritsitako eta
uhartean ekoitzitako produktu urriak merkatu librearen arabera
sal-erosten dira, jabetza kapitalista batzuen eskuetan pilatzen da,
soldatak kapitalista horiei etekin nahikoak bermatzeko moduan finkatzen
dira, zerbitzuak pribatizatu egiten dira… Herritarrek egoera berria
onar dezaten eskura dauzkan bitarteko guztiak darabiltza gobernuak
eta…, ekonomista eta politologo handi guztien buruak lanean jarrita
ere, zenbat iraungo luke uharte horrek ingurune etsai horretan? Posible
luke gobernu berriak kapitalismoa nahi zuen bezala ezartzea eta
funtzionatzea? Posible luke alderdietan oinarritutako demokrazia
ezartzea badaezpada alderdi batzuk (egun egiten den bezala, bestalde)
legez kanpo utzi gabe? Kazetari burges horrek zer idatziko zenuke zure
kazetetan uharte horren egoerari buruz? Uste duzu mundu testuinguru
horretan uharte kapitalista, kapitalismoaren lege guzti-guztiak
ezarrita ere, urtebete ere irauteko gai litzatekeela? Eta iraungo balu,
zer preziotan? Zelako diktadura mota beharko litzateke sortutako
miseria gorriaren oihua isilarazteko? Zenbat hil beharko lituzke
kapitalisten pribilegioei eusteko? Zenbatek hilko lituzkete goseak,
gaitzik zendaerrezenek…? Zelako krimilitate maila egongo litzateke
handik lasterrera, lehia horren erdian bizirauteko modu bakarretakoa
elkarri lapurtzea denean? Zein mailatan egongo litzateke hezkuntza
sistema publikoa, kasurik onenean zerbait publiko utzi dela pentsatuta,
handi bost urtera? Nortzuk izango lirateke hezkuntza pribatua
ordaintzeko gai?

Orain konparatu imajinatu duzun uharte horren emaitza eta egun Kuban
dagoena. Kuba ez delako izan nahi zuena, izaten utzi diotena baizik,
eta hala ere, tokitan dago uharte kapitalista isolatu eta etengabe
erasotu bat egongo litzatekeen mailatik.

Eta mundu horretan, oraingoan bezala, anarkistok mundu hobea amesten
jarraituko genuke, herri nagusi horietan gizarte horizontala, bere
lanaren jabe bakarrak diren langileak, eliterik
gabeko gizartea, Estaturik gabeko mundua, adierazpen askatasun osoa
lortzeko lanean jarraituko genuke, dagoenarekin konformatu gabe. Zuk,
Kuba, Venezuela, Bolivia… kapitalismoaren mendeko herrien miseriari
jaramonik egin gabe, hainbeste kritikatzen dituzun kazetari burges
horrek, zer egingo zenuke? Zer idatziko zenuke? Non bizi nahi zenuke?
Zer boterek beteko lizuke sabela?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Zer da jabetza? Anarkismoaren abiapuntua

Egun honako galderari erantzun behar banio: zer da esklabotza? eta berba gutxitan: hilketa da, erantzungo banu, nire ustea, zalantza barik, ulertuko litzateke. Ez nuke arrazoibide handirik beharko gizakiari pentsamendua, borondatea, nortasuna kentzeko eskubidea bizi eta herioko eskubidea dela eta gizakia jopu bihurtzea hura hiltzea dela frogatzeko. Zergatik, beraz, ezin diot zer da jabetza? galderari zehatz-mehatz: jabetza lapurreta da erantzun, ulertuko ez zaidala seguru egon gabe, bigarren adierazpen hori lehenengoaren aldaketa hutsa baino izan ez arren?

Gure gobernuaren eta gure erakundeen oinarria bera, jabetza, eztabaidatzea erabaki dut: nire eskubidea da. Nire ikerketatatik aterako den ondorioan oker naiteke: nire eskubidea da. Laket dut nire liburuko azken gogoeta lehen orrialdean kokatzea: hori ere nire eskubidea da.

Egile batek irakasten du jabetza eskubide zibila dela, okupaziotik jaioa eta legeak berretsia; beste batek defendatzen du eskubide naturala dela, haren iturria lana dela; eta doktrina hain aurkako horiek onartuak eta txalotuak dira. Nire ustez ez lanak, ez okupazioak, ez legeak, ezin dute jabetza sortu, hura egilerik gabeko egina baita. Zentsuratuko naute horregatik? Zenbat iruzkin eragingo dute holako adierazpenek?

Jabetza lapurreta da! Horra hor 93.eko ordara jotzea! Iraultzen matxinada istilutsua!…

Horrela hasten da Pierre Joseph Proudhonen Zer da jabetza? liburua. Hasiera probokatzaile bezai argi eta zorrotza. Hori da anarkismoaren jaiotza, liburu horretantxe erabili baitzuen frantsesak “anarkista” hitza lehen aldiz bere ideologia definitzeko. Eta ezin zuen bere hasieran hobeto asmatu. Estatua bera kolokan jartzeko jaio zen ideologiak bete-betean asmatu baitzuen oraindik ere denok kateatzen gaituen munstro horri eusten dion oinarria jotzen. Estatua jabetza (batez ere pribatua, Estatu kapitalisten kasuan, eta Estatuarena berarena, Estatuko sozialismoetan) babesteko tresna nagusia baino ez da. Jabetza da haren funtsa eta jabetzaren defentsa da zentzua ematen dion oinarri bakarra. Estatua, eskubide guztien aurretik (askatasun, berdintasun, segurtasun… eskubideen aurretik), jabetza babesten duen boterea delako.

Ez ditut hemen Proudhonek darabiltzan argudioak errepikatuko. Besterik gabe, esango dut anarkismoaren aitak zuzenbidetik zein ekonomiatik jabetzaren alde erabilitako argudio guztiei heldu eta banan-banan deuseztatu zituela, hasieran adierazitakoa, jabetza lapurreta dela, argi utziz. Historian jabetza zelan eta noren “eskubideak” defendatzeko sortu zen begiratzea baino ez dago. Zelan izan daiteke unibertsala pribilegiatu batzuek baino ez daukaten eskubidea, oinordetzan, meriturik gabe ere, ematen edo ukatzen zaiguna, eta, besteak beste, askatasuna, berdintasuna eta segurtasuna (justizia bera) ukatzen dituena.

Bestalde, liburu honetan ideia jaio baino ez dela egin senti daiteke, indartsu jaio bazen ere, eta Proudhonen esanak batzuetan jainkoaren ideia kendu ezinik eta matxismoak jota aurkitzen ditugu. Zorionez, horietan ere Proudhonek jabetzari buruz bezain ausart jokatu zuten beste batzuk etorri ziren anarkismoaren aitaren okerrak zuzentzera, Bakunin bera lehena. Hori baita anarkismoak daukan beste alde onetako bat: dogmatismo orotatik urrun, egile bakoitzak gogoko duena hartu eta okertzat daukana baztertu egiten du, ideia osatu, aberastu, hobetu, ezer bukatutzat jo barik.

Zoritxarrez, oraindik ez dauzkagu holako liburu ezinbestekoak euskaraz. Beharbada, egunen batean gure hizkuntzako apalategiak anarkismoak emandako testu ederrekin aberastuko dira. Bitartean, erederetara jo beharko dugu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Ezusteko atsegina

Batzuetan etengabeko kiribilean bizitzeko sentipena daukagu, etengabe erdi irrikatura iritsi ezinik biraka ibiltzeko sentipena. Maiz mugimendu anarkista horrela dabilela begitantzen zait, elkarri norabide zuzenean ez joatea leporatzen dioten jarreretan enkistatuta. Egoera horretan, egungo errealitatearen azterketa bateratuaren gainetik, inora ez mugitzeko lubakiko borroka nagusitzen dela ematen du. Nork bere banderari heldu eta, bere izatea bera jokoan balego legez, dogma gisa astintzen du. Agian neurriz kanpoko ustea da edo ezjakintasunak sortua, zorionez, agian txikiak, sumaezinak izan arren, talde “handien” eztabaida horietan gelditu barik gizartearen aldaketa praktikoan aurrera egiten duten mugimendu asko baitaude.

Lehengo egunean, ordea, ezusteko atsegina hartu nuen Anatol Gorelik. El anarquismo y la revolución rusa liburua irakurtzen hasterakoan. Bertan, Goreliken beste testu batzuen artean, Nabat, Ukrainiako erakunde anarkisten lehen konferentzia dator. Errusiar iraultzan bete-betean sartuta, herriak, buruzagirik gabe, senak gidatuta eta berez, oinarri anarkisten arabera Estatua deuseztatzera abiatzen zuen iraultzaren gainean boltxebikeek ordurako argi eta garbi zerabilten manipulazioaz jakitun, ukraniar anarkistek euren ideiak eta jarrerak euren garaiko errealitateari egokitzeko eta, ereduzko konferentzia batean, anarkismoaren ikuspuntu guztiak batu eta, aho batez, guztien artean, eskuzabaltasun eta malgutasunez, inorentzako inposiziorik gabe, amore ematerik gabe, azterketa, estrategia eta xedeak adosteko. Horretarako ezer gorde gabe eta elkarri ezer leporatu gabe eztabaidatu zuten anarkismoan etiketa gehigarri guztiak bereizketa artifiziala direla eta gauza bakarra, hots, anarkismoa, dagoela egiaztatu arte. Alegia, duela ia gizaldi bat, ukraniar anarkistak XXI. mendean oraindik ezinezkoa begitantzen zaiguna lortzeko gai izan ziren: ildo anarkista guztiak fronte bakarrean batzea ildo bakoitzaren egiak onartuz, zentsurarik eta inposiziorik gabe, une historiko hartan euren herriaren errealitateak eskatzen zuenera egokituz. Tamalez eredu hori ez zen nahi zuten helmugara iritsi: batasun hori errusiar anarkismora eta, ondoren, nazioarteko anarkismora zabaltzea. Zoritxarrez, boltxebismoak, autoritarioa eta gizarte iraultza ororen aurkakoa eta bere alderdiari garaipena emango zion iraultza politikoaren aldekoa baino ez izanik, iraultzaren bidea monopolizatu eta anarkismoa giltzapean jarri zuen; mugimendu libertarioak ez zuen botere alderdikoiaren aparatuek egindako difamazioei aurre egiteko beste nazioarteko indarrik izan, eta horrela Nabaten eta bestelako mugimendu anarkisten, zein langile eta nekazarien beraien benetako eta erabateko askapen nahia kondenatuta geratu zen.

Baina joera batze hori nik azaltzea baino hobe da, nire ustez, hemen konferentzia horretako paragrafo eder horietako batzuk euskaratzea, eta nork pentsa dezala izpiritu hori gure garaietarako erabilgarria eta egun zapuztutako iraultza haren aldean hain bestelakoa den egungo errealitatera moldagarria den.

Gai guztiak landu ziren modurik ahalik eta bukatuenean. Ebazpen guztiak aho batez hartu ziren. Konferentzian Nabat, Ukrainiako Erakunde Anarkisten Konfederazioa sortu zen, eta Konfederazioaren idazkaritza hautatu zen, sei kidek osatuta.
Gai zerrendako puntu nagusia, Konferentziari kezkarik handiena sortzen ziona, anarkistek batera lan egitearen arazoa izan zen. Egon ziren ordezkari guztiek ulertzen zuten batasun premia. Baina inork ez zuen batasuna nahi funtsezko arazoak isiltzearen edo printzipioen eremuan konpromisoak hartzearen bidez. Denek onartzen zuten prezio horretan lortutako batasuna oso ezegonkorra izango zela, xaboi-burbuila litzatekeela,  kartazko gaztelua, errealitatearen haizerik txikiena eraitsiko lukeela. Horrexegatik, Konferentzia ez zen desadostasunak leuntzen, ez itotzen saiatu; aitzitik, agerian utzi, eta zehatz-mehatz eztabaidatu zituen, xehetasunik txikienetara arte deseginez. Eta kontu teoriko abstraktu orokorretan eduki bizi eta benetakoa sartu ondoren baino ez zen argi geratu ordura arte anarkistak banantzen zituzten desadostasunak haien irudimenean baino ez daudela, baina inola ere ez errealitatean. Arazo konponezinak haizerrotak zirela agertu zen, eta haiek botatzeko anarkistek indar, energia eta denbora gehiegi erabili zituzten. Konferentziak batasunaren posibilitatea eta beharra onartu zituen eta aho batez anarkismo bakarra zer den zirriborratzen duen adierazpena egin zuen.
Ukranian lan egiten duten anarkisten batasuna oso erraz lortu zen, herriko lan biziak biziki eskatzen zuelako batasun hori. Aldez aurretik dakigu kide batzuen ustez egindako batasuna oso txarra dela. Baina horrek ez gaitu batere nahasten, badakigulako, halaber, kide horiek errealitatetik kanpo daudela. Bizitzarekiko kontaktutik urrun, euren sutan erretzen dira, eraiketa filosofiko zaharkituetan korapilatuz. Nahiago dituzte esaldia eta formula, edukia eta mamia baino, eta, beraz, biribil sorginduan alderrai ibiltzera kondenatuta daude, itxaropenik gabe mugimendu anarkistarentzat hil dira. Baina seriotasunez anarkistek iraultzan daukaten partaidetzaren arazoan diharduten kide guztiek pozik baino ezin dute hartu baterako lanaren arazoa behin betiko konpondu izana; ebazpena Konferentziaren adierazpenean islatu zen, eta horrela mugimendu anarkistan aro berria iraki du.
Mementoz, Ukrainiako mugimendu anarkistarentzat baino ez da batasuna lortu. Konfederazioaren idazkaritzak mugimendu anarkista Errusia osoan eta ondoren mundu osoan batzeko lanak hasteko ardura hartu zuen.
Nazioarteko mugimendu anarkista bakarra sortzea, hortxe hil ala biziko arazoa, eta hori egiteko lehen urratsa eman zuen Ukrainiako erakunde anarkisten Konferentziak. Eta kide serio, zintzo, leial orok norabide horretako hurrengo urratsek lehenak beste arrakasta izatea, eta mundu osoko anarkista batuek piztu behar den iraultza garaitzeko ahal beste egin ahal izatea baino ezin dute nahi izan; iraultza horrek, zuzentasunezko mundu berria sortuz, zapalkuntza eta indarkeriazko mundu zaharra suntsituko du.
(65, 66. or.)

Zertan oinarritu zen anarkokomunisten, anarkosindikalisten eta anarkoindibidualisten batasun hori? Haien guztien postulatu, estrategia eta xedeetan, hain zuzen ere, itxurazko janzkera orotatik at, haiek denek gauza bera osatzen baitute, eurek honela egiaztatu zutenez:

Edukiagatik anarkokomunista izanda, ikusi dugunez, gizarte iraultzak, bere barruan ernetzen den antolakuntza oinarriagatik, antolakuntza metodoagatik erabat “sindikalista” izan beharko baitu (masa-erakundeen oinarritik abiatuz). Bere klase erakundeak sortuz, sendotuz eta elkartuz, masa antolatua baino ez da gizarte iraultzaren arazo sortzaile handia, komuna anarkistaren eraikuntza konpontzeko gai.
Antolakuntza metodo gisa ulertu behar da errusiar anarkosindikalismoaren sindikalgintza hitza, hain zuzen ere, eta onartu behar da masa-erakundeen (zein, gizarte iraultzak iraun bitartean, halabeharrez iraultzaile bihurtuko baitira) ekintza bateraturik gabe, ezinezkoa dela gizarte iraultzaren arazoa konpontzea, ezinezkoa dela ekonomia aparatu berria gizarteratzea, antolatzea eta bermatzea. Berezitasun horren onarpena anarkistek batera lan egin ahal izateko bigarren baldintza da.
[Ikus dezagun, bidenabar, arestian azaldutako guztiak duela asko pentsalari anarkista guztiek onartutako beste jarrera bi sendo baieztatzeko bidea ematen digula:
1) Gizarte iraultza eta komuna anarkistaren eraikuntza antolakuntza eta sormen lana dira, neurri handi batean lan sortzailea, eta ez berezko matxinada prozesua.
2) Gizarte iraultza langileriak baino ezingo du burutu, eta ez anarkistek (edo alderdiek). Jarrera horiek onartzeak ere anarkista guztiak hurbiltzea ahalbidetuko du].
Azkenean, ezinbestekoa da honako baldintzari arreta handia jartzea, banakako “nia” ezingo da sekula materiala baino ez den prozesuaren esparruan loratu.
Gizarte iraultzak berak, gizarte bizimodua bidea oztopatzen dion guztitik askatzeko prozesu eta komuna libertarioen elkarketako eraldaketa gisa, bultzada handia emango dio nortasun bakoitza askatzeko eta garatzeko senari. Banakotasun aske, bizi eta sortzailea agertuko da eta nor bere erara hasiko da bere eskaerak, interesak eta nahiak azaltzen. Norbanako bakoitza berehala konbentzituko da lehentasunez jarraitu beharreko helburuaz: gizarte berriaren eraikuntzan aktiboki parte hartzea, banakoen posibilitaterik handienetarantz bideratzeko, askatasuna bere alderdi guztietan sartzeko; gizarteak banako bakoitzaren garapen zabal, aske eta sortzaileak dakarren altxorra gero eta gehiago errespetatzea lortzeko. Eta baldintza materialek gizarteko kide guztiak ase heinean, alde batetik, banakako premia guztientzako erantzuna egongo da eta, bestetik, (guztientzat era berean) banakako askapena gero eta gehiago eskatuko da, helmuga gisa. Izan ere, haren garapen askea gizarte antolakuntzaren prozesu ororen benetako zentzua da (eta haren izatea bera).
Arestian azaldutako guztian oinarrituta, honako ondoriora iritsi gara: anarkistarentzat ez dago arrazoirik, teorian edo behin behinean, indibidualismoa komunismotik kentzeko, edo komunismoa sindikalismotik. Gure ustez, azken batean, ordua da benetako anarkista guztiek ikuspegi hori, egia guztiz bukatua, onar dezaten.
Hiru elementuok (sindikalismoa, komunismoa eta indibidualismoa) hiru alderdi dira prozesu bakar eta berean: langileen klase antolakuntzaren (sindikalgintza) bidez, gizarte anarkokomunistaren eraikuntza, zein banako askearen betetasun osoak behar duen oinarri materiala baino ez baita. Hiru elementuok bat datoz kronologikoki, eta sendo agertzen dira gizarte iraultzaren hastapenetik.
Ikuspegi hirukoitz horren aurrean, anarkista orok fase guztietan egon behar du bera prestatuta, eta besteak ere prestatu.
Horregatik diogu benetako anarkista oso eta sendoak ez duela ez bereziki “sindikalista”, ez bereziki “komunista”, ez zehazki “indibidualista” izan behar. Hirurak batera izan behar du. Besterik gabe, anarkista izan behar du. Anarkiaren eguzkiak dauzkan izpi guztiekin jokatu behar du. Anarkismo osoaren hiru elementuokin sortu eta jokatu behar du. Anarkokomunista izan behar du, anarkokomunismoa berehalakotzat hartuz, “aldi baterako aldi”rik gabe, gizarte iraultzaren prozesuaren bidez eraikitzen den gizarte berriaren antolakuntzaren oinarri material gisa. Eta anarkosindikalista izan behar du, masak alderdirik gabe antolatzea onartzearen zentzuan, gizarte iraultza eraikitzeko palanka delako. Eta anarkoindibidualista izan behar du, onartuz banakotasun askearen garapen izpiritual osoaren interesak baino ez dela prozesu material horrentzako arrazoia.
Gure ustez, horrela anarkoindibidualismo mota batzuen ordezkariek ere (guztienak ez badira) aurkitu zuten euren lekua langile anarkisten mailetan.
Gizarte iraultza gertatuko da ala ez da gertatuko. Baina benetan gertatzen bada, guretzat ez dago zalantzarik, antolakuntzagatik anarkokomunista, metodoagatik sindikalista, eta nahi izpiritualetan indibidualista izango da. Horregatik, anarkistak -iraultzaren apostoluak eta inspiratzaileak- aspalditik ahalegintzen dira, arrazoi sakonen arabera elkarrengandik alferrik urrundu beharrean, hizkuntza komuna aurkitzen, eskua ematen eta anarkismo bakar eta osoko plataforma baten bidez baterako lanerako batzen.
(Aho batez hartua.)
(72-75. or.)

Halaber, interesgarria lehenagoko azterketa, batasun horretako ezartzen duten axioma. Bestelako korronte sozialistek benetan nahi ez duten helmugara, hots, Estatuaren aboliziora, iritsi aurretik beharrezkotzat jotzen duten balizko “aldi baterako erregimena” da. Honakoa da orduko Konferentziak garai hartan estatuaren abolizioa gehiengoz nahi zuen gizarte-masa tronpatzeko erabili zen “aldi baterako erregimen” horri buruz ondorioztatu zuena:

Laburbilduz: gizarte iraultzaren prozesua bera -suntsitzailea, antolakuntza modu zahar eta iruzurtiak suntsituko baititu-, bere alde sortzailean, hasieratik, anarokokomunista agertzen da bere edukiagatik, eta ezin liteke bestela izan. Gizarte iraultza berez da komuna anarkista eraikitzeko prozesua. Haren oinarria eraikuntza horren oinarria da, komuna anarkista sortzearen oinarria.
Ateratzen dugun ondorioa argia da: ez dago “suntsitutako kapitalismoaren” eta “araubide anarkistaren” arteko inongo “aldi baterako aldiri” buruzko eztabaida posiblerik. Egiatan ez dago holako aldi baterako aldirik. Komuna anarkista irudikatzen hasi orduko, gure aurrean gizarte iraultzaren beraren alderdi sortzailea altxatzen da, eta ez dago gizarte iraultzaren amaiaren eta araubide anarkistaren hastapenaren artean nahi den tarteko aldi hori non sartu. Araubide kapitalista burgesaren amiltze unetik komunismo anarkikorako urratsa ez da “aldi baterako egoera”, komuna anarkistaren beraren berehalako eraikuntzaren hastapena baino. Alderdi politikoaren aldi baterako nagusitasuna ezin da inola ere “aldi baterako egoera”tzat jo, eta korrelatiboki anarkisten lanean sartzen da. Hori ez da gizarte iraultza. Egiatan, iraultza politikoaren jarraipena eta helmuga da, eta iraultza politikoak iraultza osoa hilko du, ala gizarte iraultzak hura baztertu eta ordezkatuko du. Ekaitza ez da oraindik baretu. Ez dago lasaitasunik, eta ezin da aldi baterako aldiaz hitz egin. Borrokan boltxebismoa garaile ateratzen bada, gizarte iraultza (hots, anarkista komunista) laster abiatuko da, boltxebismoaren (alderdiaren) ezintasun sortzailea dela-eta, masek alde batera utziko dute. Iraultza osoa egiten jarraituko duten masen jarduera sortzaileak berak eraikuntza anarkista komunistaren bide zabaletik aterako du. [Jakina, hemen akats bat dago. Errusierazko testuak honela dio: “Masen etengabeko jarduera sortzaileak, iraultza kaltetu barik, anarkokomunismoaren eraikuntzaren bide zabaletik gidatuko du”.]
Agian ez da gizarte iraultzarik egingo. Baina gizarte iraultzan (gertatuz gero) ez dago “aldi baterako aldia”rentzako lekurik.
Axioma hori onartzea aurkako korronte anarkistek, azkenean, elkarri eskua eman eta elkarrekin lan egin ahal izateko ezinbesteko lehen baldintza da.
(71, 72. or.)

Ez dirudi oinarri bateraturako agiri txarra, egungo errealitatea oso bestelakoa den eta gizarte iraultzaren edozein zantzutik oso urrun dirudigun arren. Besterik ez bada ere, ukraniar anarkistek erakutsi zuten izpiritu eskuzabal eta dogmatismoaren aurkako bera har liteke erdi irrikatura milimetro batean ere hurbildu gabe biraka ibiltzeari uzteko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Bake Nobel saria

Goizean altxatu, telebista piztu, eta entzun dudan lehen albisteak zur eta lur utzi nau: aurtengo Nobel saria Barack Obamari eman diote! Berehala hasi naiz hausnarketan eta zera galdetu diot neure buruari: zergatik ez zioten, bada, lehenago Bushi eman? Zer egin du munduko bakearen alde bere aurrekoak egin ez zuenik? Inperioaren armadak Iraken jarraitzen du, Afganistanera hiltzaile uniformatu gehiago bidali nahi ditu, Kubak blokeatuta jarraitzen du (bai, keinuren bat egin du, estilo oso estatubatuarrean: irribarre zuria eta atzean fusila), Honduraseko estatu kolpea baimendu du (hitzak hitz, baimendu ez balu aspaldian egongo zen Zelaya dagokion lekuan, eta Micheletti nekez ausartuko zen kolpea bera ematen CIAren onarpena izan barik)…

Ez dut inoiz sari horietan sinistu, baina lehen itxurak gordetzen saiatzen ziren, eta bake prozesuetako buruak izendatu ohi zituzten, behintzat. Beraz, berriz diot: zer egin du urte erdi honetan Barack Obama jaunak sari hori “merezitzeko”? Argi dago publizista oso onak dauzkala, hauteskundeetan erakutsi legez. Eta horiek dira etsairik txarrenak, jendeak laguntzat hartzen dituen borreroak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Duela 36 urte

Dorre bikien iruzurrak oraindik bonbardatzen gaituen bitartean (mila aldiz errepikatzen den gezurra egia bilakatzen dela dioen taktika zaharrari jarraituz), Txilen Pinocheten estatu kolpea gogoratzen da gaur (gogoratu bai, ez ospatu). Txileko hirietan borroka eguna da gaur askorentzat, oraindik ere diktadura faxista horren ondorioek bizirik dirautelako.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Derrigorrezko abertzaletasuna (urtean bi egunez)

Laster urte erdi beteko dut Txilen, eta oraindik harritzen naiz joera faxisten sustrai sakonak baieztatzen ditudan bakoitzean. Oraingoan urtean bi egunez erakutsi behar den derrigorrezko abertzaletasunak utzi nau aho bete hortz.

Behin legeek konpondu nahi dituztenak baino arazo gehiago sortzen dituztela irakurri nuen (uste dut Malatestak idatzi zuela, baina buruz nabil) eta harrezkero hamaika aldiz egiaztatu dut esaldiaren zuzena, baina Txilen banderei buruz dagoen legeak surrealismora hurbiltzen gaitu (ez surrealismo iraultzailera, zoritxarrez).

Datorren astean, 18an eta 19an, “Fiestas Patrias” deritzeten egunak ospatuko dira, hots, Txilek Estatu gisa independentzia lortu zuenetik mende bi joan direla. Neure buruari galdetzen diot noiz lortuko duten independentzia bera herritarrek, gizateriaren historian Estatuak direlako “independentzia” eskuratzen duten bakarrak. Kontua da, horren harira nire maiteak gaztigatu egin ninduela: egun horietan derrigorrez jarri behar da Txileko bandera etxe guztietan. Bestela, poliziak isuna jarriko dizu. Hots, egun horietan, derrigorrezko abertzaletasuna agintzen du Txileko legediak.

Harritu egin ninduen albisteak, eta hasieratik intsumisioa agindu nion neure buruari. Maputxeei buruz pentsatu nuen gero: haien etxeetara ere joango dira Estatu konkistatzailearen bandera jartzen dutela ziurtatzeko? Imajinatu nuen zer litzatekeen Euskal Herrian Frantziak edo Espainiak euren aberriaren egunean euren banderak jarraraziko balituzte. Euskal etxe guztietako leihoetan Frantzia edo Espainiako banderak imajinatzea ere… Gauza bera aberri egunean ikurriña jartzea derrigorrezkoa balitz, noski. Pentsa zer ez luketen esango batzuek!

Baina surrealismoa ez da bertan bukatzen, ez. Beste xelebrekeria batzuen artean (besteak beste, bandera jartzeko erabili beharreko mastaren kolorea, banderaren kokapen zuzena…), harritu ninduen bigarrena (harritzeko gaitasunik geratzen bazait, behintzat) derrigorrezkotasunari lotuta dagoen debekua: Txileko bandera aberri egun horietan baino ez da jarriko, hots, irailaren 18an eta 19an baino ez. Urteko beste egun guztietan debekatuta geratzen da Txileko bandera leihoetan jartzea. Tira, debekua, behintzat, agindua baino errazago beteko dut. Bada zerbait…

Nik nahiago dut banderei ezezko borobila (borobil barruan A handia daukana) ihardestea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina