Kristau onaren betebeharra

(Punkamineren webgunean aspaldian idatzitako testua)

Bizi garen garai ilun honetan, baten baino gehiagoren kontzientzia aztoratuta dago. Badirudi berriro piztu direla gerra santuak, eta buruzagi batek baino gehiagok jainkoaren izenean berba egiten ei du. Honen aurrean normala da kristauak eta beste erlijio batzuetako fededunak noraezean sentitzea. Baina honen bidez kontzientzia batzuk lasaitzera gatoz. Dena doa ondo eta planari jarraituz, azken batean, kristau onaren betebeharra, munduan anarkia eta Hirugarren Mundu Gerra bultzatzea da.


Hori ulertzeko, ordea, gogoratu behar dugu Jainkoaren agindua, Bibliaren bitartez: egizue Paradisua Lurrean bertan.

Inori begitantzen zaio zelakoa izan behar duen Paradisuak? Aberriak, presidenteak, armadak, polizia, banderak, kartzelak, abokatuak, politikariak, sindikatuak, kazetariak, langile zapalduak, aberatsak, txiroak, goseak hildakoak, kutsadura, mugak, auto-iladak, tabernak ixteko ordutegiak, arrazakeria, paterak, debekuak, tratu txarrak, ardo txarra, belar debekatuak, irakasleak, Ricky Martin, erregeak, biktimak, borreroak, epaileak, abadeak, erlijioak, dirua, txortan egiteko ordaindu beharra, tunning-a, diskotekak, kapitalistak, komunistak, Iturgaitz, telebista, McDonalds, hizkuntza murriztuak, punkiak… dauden Lur batean imajina daiteke Paradisurik? Baten batek esango du “kalimotxoa dagoen bitartean…”, baina ez, ez dago imajinatzerik. Balizko Paradisu bakarrak anarkista izan behar, derrigorrez.

Lehenengo ondorioa aterata, begi bistako oztopoa: posible al da gaur egungo mundu aldrebes hau anarkiarantz bideratzea modu paketsu eta eraginkorrean? Erantzun iragarkien ostean. Hortaz, mundua ezagutzen dugun moduan deuseztatu behar da, eta horretarako, sentitzen dut bizi osoa eman eta gero pisua ordaintzen amaitzeko zorian bazaude, Hirugarren Mundu Gerra da bide bakarra.

Giza-talde txiki sakabanatuak baino geratzen ez direnean, eskura duten teknologia, energia, tresneria guztia guztiz alperrekoak direnean, abiatuko ditueneik ez dagoelako, aukera izango dugu zerotik hasi eta anarkiarantz abiatzeko. Edo, ikasbidea hartu ez badugu, mende batzuetan itxaron Laugarrena iritsi arte.

Ulertzen duzue orain jatorri judeo-kristaukoak diren buruzagi kristau, judutar eta musulmanen eginkizun jainkotiarra? Bush, Sharon eta Bin Laden jainkoak bidaliak dira! Gora anarkia! (Baina lehenago…)

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Pinguinoarena egiten?

Aspaldian nabil Hego Polo honetan neuronak izoztuta. Eta ez hotzagatik, ez horixe; horri aurre egiteko bokarta pattar ugari dut-eta. Pinguinoa izateaz gain pinguinoarena egiten ote gabiltzan galdetzen diot neure buruari, batez ere ordenagailu aurrean ipini bakoitzean, eta ezin pakerik izan. Pinguino euskalduna izanda, nire testu traketsak zuzentzeko Xuxen dut aukera bakarra. Zuzena da Hego Jaurlaritzak hain eskuzabal finantziatzen duen gure tresna zoragarri hau, ordea?

Bai, eskuzabal oso ordaindu zuen aspaldian Xuxen euskarazko testu zuzentzailea. Normala, azken finean Hego Poloko biztanle guztiok onuradun izango bagara, logikoena Jaurlaritzak guztiontzat finantzatzea eta doakoa izatea, ezta? Eta kexarik egon ez dadin, hor dugu prest bai Microsoft Word ahalguztidunarekin erabiltzeko, bai OpenOffice martziano horretan instalatzeko ere. Dena pentsatuta!!

Dena? Mmmmmmmm. Ez dirudi. Programa horien, bereziki OpenOfficen, bertsio berriei itxarotea besterik ez dugu behar izan Anaia Handiak dena pentsatu ez duela egiaztatzeko. Anaia Handiak ez, baina Anaia Txikiak, Xuxen zoragarriaz arduratu diren enpresa txit argiek, ondo baino hobeto pentsatu dute hasieratik. Zertarako egin a-spell edo i-spell bezalako zuzentzaile unibertsal eta kode irekikoa, gure eskuetatik ihes egingo ez duen diru iturritxo bat ziurtatu badezakegu? Eta horra hor gure Xuxen ez zuzena!!
Bertsio berria behar duzula? Ordaindu eta denbora dugunean prestatuko dizugu. Eta ez ahaztu gure Hego Poloan inon baino aurreratuago gabiltzala, izotza apurtzen dugunak garela! (Hortzak izotzaren aurka apurtu, pinguinook hortzik bageneuka…).

Zer gertatuko zen Jaurlaritzak, ipini duen diruarekin, kode irekiko euskarazko a-spell, esaterako, eginarazi balie? MOffice eta OpenOfficekin sortutako testuak zuzentzeaz gain, beste edozein testu, e-posta, esaterako, zuzentzeko tresna edukiko genukeela, eta haren mantenu eta etorkizuna ez zela enpresa jakin batzuen esku egongo. Baina zelako ideia arraroak bururatzen zaizkion pinguino honi. Hobe mokoa ondo itxita, bokarta pattarra edateko ez bada… Gainera, seguruenik testu txiki honetan gehiago dira nire ezjakintasunak gidatutako hankasartzeak, nire gorputzean lumak baino.

Hurrengo batean, hemendik berotzeko zerbait topatzen badut, Hego Poloko Ikastolen Elkarteak IKTz eta jakintzaren elkartrukatzeaz duen ideiaz mintzatuko naiz…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin