Txikitan eskolan erlijioari buruz irakatsi zidaten kontzeptu batekin gogoratu naiz gaur. Ezin esan Erlijio orduan ala Gizarten izan zen, gure eskoletan gai batzuk ez direlako beti ondo bereizita egon… Kontua da, gure gizartearen garapenean aurrerapauso handitzat jotzen zutela politeismotik monoteismorako aldaketa. Harrezkero, politeismoa mitologiaren, ipuinaren, fantasiaren lanbroetara kondenatuta geratu zen, eta monoteismoak erlijioaren, historiaren, egiaren atala betetzeko papera hartuko zuen. Haur baten buruak erraz egin zezakeen dedukzio hau: aurrerakuntza jainko askotatik jainko bakarrera pasatzea izan bazen, erlijio batek zenbat eta jainko gutxiago izan, orduan eta bikainagoa izango da. Hortaz, gure gizarteak aurrerapen handia egin zuen baina, erabateko jauzia egin nahi badu, utzi duena kenduta lortu behar luke. Zenbaki naturaletan ez dago zero baino gutxiagorik. Antzinean utzi zuten jainko bakar hori kendu behar dugu gizartea ezin hobe eta aurreratuagoa bilaka dadin… Ikustagun hau dena astiroago.
(Irudi hau hortik fusilatu eta testua neuk aldatu diot. Barka nazala irudi honen gainean eskubide guztiak dituen egileak…) Arestian egindako silogismoari jarraituz, bi dira gizartearen eredua finkatzeko aukerak: ateismoa eta budismoa, azken honek ere ez baitu jainkorik ezartzen.
Baina holako erantzuna iristeko zalantza bat geratu zaio nire umetako bihotz artega honi: nork ziurtatzen dit niri jainko murrizketa hura egiarako bidean emandako aurrerapausua zela? Aitortuko dut, gaztetatik ikasi nuen irakasleen berbak badaezpadakotzat hartzen (nire ikasleei, berriz, nire ahotik irteten duen guztia sinisteko eskatu behar diet, arren eta faborez).
Egia da, gainditutzat eman ziren erlijio politeista haien istorioei erreparatuta, erraz antzematen zaiela ipuin usaina. Politak, hori bai. Baina haiek ordezkatzera iritsi zirenak, gure Europa-Afrika-Asia gertu honetan, erlijio judeo-kristauak izan ziren. Haien guztien abiapuntua Bibliaren Itun Zaharra da, liburu sakratua eta… zuetariko nork irakurri du Biblia hasieratik? Hau monoteismo horren abiapuntua baita. Zer berrikuntza dakarkigu, esaterako, munduaren sortzea azaltzeko? Egia esan, izugarrizko ipuin edrra, denok ezagutzen ditugun Adan eta Evarekin, suge gaiztoarekin… Nork dio mitologia? Eta kuriosoa da zelan judutar herriaren epopeia eta apologia itzela den kondaira honetan, Iliada edo Odisean legez, naturaz gaindikoak zuzen-zuzenean eta taigabe hartzen duen parte herri hautatuaren patuan. Lerro bakoitzari darion matxismo asaldagarria alde batera utziko dugu… Kontua da, antza, egunen batean jainkoa aspertu egin zela, eta berriro ez agertzea otu zitzaiola.
Geure buruari, bestalde, benetako monoteismoak ote diren galdetzea daukagu. Ematen du jainko bakar-bakar hori nahikoa ez izan, eta sainduz, ama birjinaz eta zaindariz bete dituztela geratutako hutsuneak.
Hastapeneko ageriko aurrerapausu itzel horren ondotik, azter dezagun gure gizarteari ekarritako onura. Agian atzo bertan ez dakit zenbat tren lehertarazi zituztelako Indian, baina egingo nuke erlijio monoteista handi eta aurreratu horiek ez dutela gehiegi lagundu bakearen kontzeptua finkatzen. Tira, agian hori ere aurrerapena da, izan ere, armagintza gure mundu honen zutabe ekonomikoetariko bat da…
Eta beste erlijioek zer egin dute? Batzuek kontrakoa pentsatu arren, politeismoa ez baita lurrazaletik lurrundu… Alta, nork ekin dio gerra bati azken mendeotan jainko hinduisten izenean (zabaltzeko ez baina bizirik irauteko egin beharrekoak kenduta), edo txinatarrenean, budismoaren filosofiaren alde, edo munduan barrena topa daitezkeen erlijio animista guztien nagusitasunerako? Batzuek guztiz zaharkitutzat jotzen duten panteismoaren alde ere gerra gutxi piztu da historian, agian sinismen horrek gizakiari ez diolako harri bati baino zeregin handiagorik aitortzen, diren gauza guztiak osotasun bakarraren parte ñimiñotzat hartuta, geu barne. Ateismoaren alde elizaren bat edo beste, inoiz agian abadea eta guzti, erre izan da, bai, baina ez dut uste inork pentsatu duenik Vatikanoan lehergailuz josita sartzea jainko eza aldarrikatzeko. Erlijio ofizialak zapaltzea askapentzat hartu zuen komunismoak aitzakia, esaterako, Tibet inbaditzeko erabili zuela ere ez dut ahazten. Bakoitzari berea. Baina kasu horretan helburu bakarra botereari eustea izan denez, hainbat lekutan komunismoak erlijioaren lagun ona izaten ere jakin du, Asian batik bat. Ezin esan, beraz, ateismoaren izenean abiatutako gerrak izan direnik.
Kontua da, jainko egiazko bakarra bandera hartzen denean, bakartasun horrek aniztasun gutxi onar dezakeela… Ez dut aipatuko monoteismo horiek bultzatu duten gizakiaren oroz gaineko ustezko nagusitasuna, ideia horren ondorioei gure inguru guztian erraz igar baitiezaiekegu.
Uste dut ume haren silogismoak bustinezko oinarria zuela baina, edozelan ere, hasieratik marraztutako lerro nagusiak zutik dirau: monoteismoa baino zerbait hobea egon daiteke gizarteak, eta beraz, gizakiak, aurrera egin dezan. Aukera norberaren baitan dago.