Badakit idazten hasi aurretik batek baino gehiagok samatik heldu nahiko didala, horien artean ustezko ezkertiar batek edo bestek, baina arriskua hartuko dut… Gaur telebista ikusten ari nintzen, “Pasalo” delakoa, eta gorputzean sentipen arraroa izan dut, autopistei eta irteera operazioari buruz hitz egin duten bitartean. Eskerrak Martin egoten dela han ganorazko zerbait esateko… Dirudienez, oporrak hartzearekin batera, jendeak inoiz aurreikusi gabeko arazo bati egin behar izaten dio aurre: errepideetako ilara bukaezinak. Denak hasiko dira, zelan ez, kaguendioska, eta kexuak betikoak: errepideak ez daude ondo prestatuta, ez dago eskubiderik bidesariak kobratzeko holakoetan, autobide guztiak doakoak behar ditugu… Jua, jua, jua, jua. Ez diot inori ukatuko ataskatuta dagoen bitartean inguruan dituen auto guztiak desintegratzeko gogoa izateko eskubidea, ezta hangoari eta hemengoari nahi dituen hitz goxo guztiak jaurtitzearena ere. Baina ostia txar horretatik harago, izan gaitezen errealistak.
Dirudienez, batzuen ustez autobideek prest egon behar dute urtean lauzpabost aldiz ohikoa baino hogei aldiz altuagoa den trafikoa arazo barik xurgatzeko. Jakina, egin ditzagun zortzi karril norabide bakoitzeko! Eta gainera, kobratzeko eskubiderik ez dagoenez, horrek denak doan behar luke. Bestela, itzul diezagutela gure dirua. Eta entzundakoagatik, batzuek erreklamazioa ipintzen diote autobideari!
Noski, nork dauka errua, bestela? Hau da: oporrak iritsita nik neuk autoa hartzeko hautua egin badut, urteroko leloa ezagututa, gainera, autobidean sartzeko urrats kontzientea egin badut, eta nirekin batera beste milio bat ergelek ere gauza bera egiteko apeta izan badute, errua autobidearen arduradunena da ez aurreikusteagatik. Aurreikusi bai, baina zer egin behar dute? Zerutik beste karril batzuk asmatu turista kaiku horientzat guztientzat?
Horretaz aparte, urtero entzuten dugu autobideak doakoa behar duela. Ekologiaren izenean da hori, ezta? Hau da, nahi genuke doakotasun horrek erakarrita egunero beste milio bat auto eta kamioi topatzea, esaterako, eta batez ere, nahi genuke ia hutsik doazen auto horien jabeen asfaltoarekiko menpekotasuna autobideak erabiltzen ez dituzten guztiek ere ordaintzea.
Autobideak anti-ekologikoak dira, jaun-andereak, eta izugarri gareztia haien mantenua, batez ere garraio pisu ia guztia, trenez mugitu beharrean, kamioiz eramaten denean leku batetik bestera. Beraz, luxu horretaz gozatu nahi dutenek-dugunok bidezkoena dugu guk geuk ordaintzea. “Vaya semanita”koek horrekin txantxak egitea, beste gauza askorekin legez, oso ondo dago, baina saia gaitezen Yuppiren (edo yupien) munduetan ez bizitzen!
Gizarte honek konbentzitu gaitu: denok behar dugu dena, erraz, berehalakoan, eta gainera doan. Horrela ez bada, negar egin behar dugu eta errudunen buruak bilatu azkar mozteko. Arazoa ez da gizarte hau berau?
Administrazioak jakina baduela erru handia: errepide gehiegi egitearena, hain zuzen ere. Azken hamarkadotan hori da bultzatu den gauza bakarra: autogintza eta asfalto orojalea, beste alternatiba guztiei bizkarra emanda. Baina zelan hasi behar dugu hori konpontzen? Doako autobideak eskatuz? Ala garraio publiko sozial eta garbiagoak exijituz? Bat-batean denok bihurtu gara pijo ikaragarriak, eta txarrena da askotan mega-gorriak garela uste dugula!
Utz ditzagun topikoak, azter ditzagun geure ohiturak, eta gara dezagun autokritika lelokeriak eskatzen hasi aitzin… Gainera, ilarek aukera paregabea ematen digute lagun berriak egiteko eta udako tenperaturaz gozatzeko! Pelikula gogoangarriak eta narrazio paregabeak inspiratu dituzte, besteak beste.