Laos VIII (Mundu utopikoaren bila IX)

Muang Ngoi Neua

Japoniakoak beste baterako utzita, jarrai dezagun Laosen, ipar-ekialderantz, astiro-astiro Vietnamgo mugarantz hurbilduz.

Gure azken geralekua Luang Prabang ikusgarria izan zen. Orain, ordea, herrixka bakartiago batera abiatuko gara, izen ahozkatzeko zaila duen Muang Ngoi Neua-ra, hain zuzen ere.

2005-7x13 32 Muang Ngoi Neua Herri honetara iristeko bide bakarra ibaia da, eta gu Nong Khiaw-tik abiatu ginen. Ordu erdiko bidaia da, eta inguratzen gaituen paisaiak berak merezi du ontzia hartzea.

2005-7x13 16 Nong Khiaw-Muang Ngoi Neua bidaia

Herri txikia da, lasaitasuna eta atsedena behar dituenarentzat ezin egokiagoa, eta han egoteak gau bakoitzeko dolar bat baino ez du balio, bungalow txiki baina xarmagarri batean. Inguruan ibaia eta oilarrak, besterik ez dugu entzungo, herri osoan ez baitago asfaltorik ezta motorerik duen ezer, eta argindarra bera, iluntzean hiru orduz baino ez dago. Baina naturaz, jende atseginez eta irakurketaz gozatzeko leku hoberik al dago?

2005-7x13 52 Muang Ngoi Neua

Herria bera ordu laurden batean ikus daiteke, baina nik ez nuke galduko astiro ibiltzeko parada, hango bizitzari erreparatzekoa. Berez, kale bat baino ez du, punta batetik bestera doana, baina haren inguruan detaile liluragarri asko topatuko dugu.

2005-7x13 41 Muang Ngoi Neua

Bufaloak, laborariak, umeak edonon jolasean… Gaur egungo gure haurrek asko dute ikasteko, jakiteko aspertzea norberaren baitan baino ez dagoela; baina horretaz hurrengo batean idatziko dut. Hemen ideia bat egiteko argazki batzuk utzi eta hizketan jarraituko dut…

2005-7x13 50 Muang Ngoi Neua

2005-7x14 14 Muang Ngoi Neua

2005-7x14 19 Muang Ngoi Neua

Euriak ere magia dauka hemen. Oihanaren usaina dakarkigu ur harrotuei begiratzen diegun bitartean. Ordu erdian, ordu betean goitik jota, atertu eta paisaia busti eguzkitsua eskeiniko digu berriro.

2005-7x13 54 Muang Ngoi Neua

Gure ibilaldian ikusiko dugu, zelan ez, herrixka honek ere bere tenplua duela, eta zorte apur batekin, monje gazte baten ordenatzean parte hartzea edukiko dugu. Bertan herri guztia bilduta topatuko dugu, eta umeentzat gure gizarte ordurako ahaztuaren zantzu bakarrak: coca-cola eta fanta ospatzeko! Agian horixe izan zen han topatzeak harritu gintuen gauza bakarra.

2005-7x14 04 Muang Ngoi Neua

2005-7x15 02 Muang Ngoi Neua

2005-7x15 03 Muang Ngoi Neua

Badakit hain herri xumea izateko argazki askotxo jarri dudala oraingoan, baina egia esan, utzi zigun zaporearen araberakoa izan da. Oraindik ere beste bat gehituko dut, tenpluan dagoen lekuan, zelan ez, ikasten dabiltzan monjegai gazteak ere badaudelako. Guk kokoak jaten harrapatu genituen.

2005-7x14 07 Muang Ngoi Neua

Hurrengo geralekua ez da hemendik urrun egongo!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Estonia ezezagunetik

Vennaskond

Zenbat gauza esan dezakezu Estoniaz? Hiriburua zein den ere badakizu? Baltikoari begira bizi den errepublika txikiaz agian hizkuntza arraroa duela jakingo du baten batek, Europako hizkuntzen mapan, euskara, finera, hungariera eta besteren batekin indoeuroparretatik kanpo geratzen direnen multzoa osatuz topatu duelako. Nik neuk, talde hau eta herri honetako beste batzuk (JMKE eta Metro Luminal, besteak beste) entzun nituenean ez zitzaidan Estonia burutik pasatu, eta finlandiartzat jo nituen. Baina ez, txikia eta ezezaguna izanagatik, Estonia han dago, eta bertakoa da Vennaskond talde bitxi eta harrigarria.

Wikipedian begiratuz gero, punkabilly/punk erromantiko berri legez definitzen du, eta horrek zehazki zer adierazten duen jakin barik ere, esan dezakedana da haien soinuak lehen akordeetatik harrapatu ninduela eta ez dudala antzeko nortasunik duen beste talderik topatu Estonian bertan ez bada. Haien kideak JMKE ez bezala, abiada ez dute ezaugarri nagusia, eta bai zapore tristea, agian bai, erromantikotzat, jo ditzakegun melodia bereziak eta haiekin ezin hobeto bat egiten duen ahotsa.

1984an sortu ziren, Tallinn-en uste dut, eta sei lagunek osatzen dute, 22 urteren ondoren bizirik baitiraute, oker ez banago. Betiko osagaiez gain (ahotsa, gitarrak, baxua eta bateria), biola ere badute, eta akordeoia ere maiz agertzen da. Beharbada elementu hauek ematen diote Vennaskond-i berezko izaeraren zati handi bat.

Haien kantarik ezagunenetakoa den “Insener garini hüperboloid”en zuzeneko bertsio honek definitzen dituzten ezaugarri guztiak biltzen ditu. Inoiz imajinatu duzue punka holakoa izan zitekeenik?

Haien webgunean sartuta ezer gutxi ulertuko dugu, baina aurreratuko dizuet punk anarkista dela egiten dutena, eta hitzak inondik ere adituten ez ditudan arren, ematen du bizitzeak berak dakarren minari abesten diotela. Diskografia luzea dute, eta guztiak ez badira ere, gehienak aMulerekin eskura daitezke. Punkaren beste aurpegi bat ezagutzera gonbidatzen zaituztet beraz!

Eta oraindik punkak ote diren zalantza egiten baduzue, agian beste bideo honek (“Täna jälle me joome bensiini”) argituko dizkizue gauzak…

Japoniatik itzuli aurretik ere argi neukan Vennaskond aukera bikaina zela blogari eginkizunari berriz heltzeko!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Etxean eta jarraitzeko prest

Tira, Japoniako egunak bukatu dira. Betiko ez, espero dezagun! Izerdia eguneroko lagun fidela izan arren, merezi izan du beroa pasatzea. Baina denbora egongo da guztia kontatzeko, orain hemengo freskurara itzulita.

Zapore eta usain guztiak oraindik ditugu itsatsita, eta batez ere ikusitako jendearen kolorea. Beste inon topa al daiteke hainbeste ugaritasunik? Orain etxean sushi egiten jarraitzea geratzen zaigu…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Japoniara!

Tira, eguna iritsi da. Bihar Euskal Herria utzi eta Japoniarako bidaiari ekingo diogu. Horrek esan gura du agur ez, baina gero arte esateko beharrean nagoela. Agian Nihon-en ere zerbait idazteko parada izango dut, baina zail ikusten dut. Gauza gehiegi egongo da han ikusteko! Dena dela, hango hiriak, tenpluak, azokak… ibiltzeko baino, uste dut gogo handiagoa dudala aspaldiko lagun on-ona berriro ondoan izateko. Ezta, Mutsumi?

Argazki mordoa ere aterako dugu, beraz, itzuleran materiala edukiko dut Japoniari ere atal batzuk eskaintzeko, lehenago Laosekin bukatu eta Malaisiari buruz berba egin gura dudan arren. Hona hemen aurreko bidaia batean ateratako bat, aurrerapen gisa:

Baina lasai, tenplu, lorategi eta eraikinez gain, mugitzen den orori egingo diogu, ondo dakidalako batzuek interes handiagoa dutela gizartearen gorabeheretan. Horien jakin-mina ere aseko dut…

Eta oraingo honetan punk giroak topatzea ere espero dut!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

Zergatik Linux?

Hego polotarrok ez dut uste gehiegi nekatu behar dugunik erantzun bila, baina pinguino honek ondo daki Gilen Ateaken inperioa besterik ezagutzen ez dutenek galdera hau egiten dutela maiz, eta horrekin batera, laster galtzen direla Linuxi lotuta agertzen hasten diren izenen artean. Beraz, pentsatu dut hona argigarriak izan daitezkeen ideia batzuk botatzea, oraindik idatziko dudana buruan egituratu barik dudan arren. Sardina batzuk jan bitartean joango dira ideiak ordenatzen (bokartak lortzea gero eta nekezagoa da…).

Lehenengo beldurra zailtasunarena izan ohi da. Harrigarria: Windowsek bost mila aldiz huts egin arren, sistema nire iglua baino errazago izozten bada ere, diskoak ehungarren aldiz formateatzera behartuta eta informazio garrantzitsua hamaika bider galduta ere, oraindik aldatzea da batzuei beldurra ematen diena! Bada, lasaitzen hasteko, itxura eta oinarrizko erabilera aldetik, ez da jauzi mortala egin beharrekoa. Sistema grafikoa abiarazi, eta… kontxo! Ez dirudi druiden kontua!

Gehiago esango nuke: pantailan ikusten denari itxura pertsonala ematearen maniatikoentzat, are pertsonalago bihurtzeko bideak eskaintzen ditu, agian zure pantaila babeslerik kutunenak topatuko ez dituzun arren. Eta horrekin batera, gure iglutxoan ezinbestekoa bihurtu zaiguna: erabiltzaile saioen jokaera. Labur azalduko dut. Gurean bi bizi gara, eta antzekotasunak ditugun arren, ez gara pinguino bera. Horrek esan gura du, hobe dela nork bere erabiltzailea izatea, bere gustura moldatu, bere posta kudeatu, eta bere esparru pribatua izan ahal izateko. Hori ez da berria. Baina batek ordenadorea darabilenean eta besteak bere saioa behar duenean, funtzio tekla bat sakatzea bezain sinplea da, eta saio biek jarraitzen dute aurrera elkarri oztopo egin barik. Neurean zerbait egin behar dudanean, bestearena itxi barik berriro ere dagozkion teklak sakatu, eta han nago utzi legez eta abian lagatakoek lanean dihardutela. Are gehiago: etxera italiar lagun bat etorri zaigu aste batzuetarako (eta berdin japoniar zein suomieraz baino ez dakiena). Zelan moldatuko da euskaraz koitadua… Erabiltzaile bat sortu berarentzat, italieraz konfiguratu, eta hor du, bere hizkuntzan lan egiteko prest guk geurean aldaketarik egin barik. Izan ere, 70 hizkuntzatatik gora instala daitezke aldi berean! (denak instalatzea ez dizuet gomendatzen, dena dela) Ez dakit nik Windows honaino iritsi den…


Baina Windowsen antzeko itxura duen beste sistema batera mugitzeko ez dugu aldaketa hau egingo, ezta? Nik erantzun behar banu, lehenengo eta behin, honen atzean dagoen filosofiatik hasiko nintzateke. Sistema eragilerik zabalduenak enpresa jakin batzuen esku daude, denok dakigunez. Haiek egiten ete desegiten dute, eta haien esku gaude sistema instalatzen dugun (edo diguten, gehienek nahiago izaten dutelako galdera gehiegi egin gabe dendatik dena instalatuta dakarren makinatxo bat eskuratzea zer sartu diguten ondo ez badakigu ere…) une beretik. Lizentziak ordaindu zerbait legala nahi badugu, eta hasi lagunei nahi ditugun programen kopiak eske gure poltsikoa egun batetik bestera hustu gura ez badugu. Jabegoa dago jokoan, jakintza pribatu eta mugatua. Linux munduan sartzen garenean, ordea, unibertso ireki batean murgiltzen gara, software askean, alegia. Linux ez da inorena eta berau erabiltzen dutenek egiten dute egunero. Horretarako da kode irekia, edonork, zertan ari den jakinez gero, edozein programa hobetu ahal izateko eta jakintza partitzeko. Etekin ekonomiko mugagabeari begiratu barik, elkarrekin haztea bilatzen da. Hori berez ia nahikoa da niretzat, baina gizakiak ezagututa, ondo dakit abantaila praktikoagoak (aipatua epe luzean ezin praktikoagoa den arren) gura dituela jendeak.


Windowsi ateratzen dizkion abantaila batzuk aipatuko ditut, beraz, eta hasteko, sistema eragile batean funtsezkoena izan behar lukeena: egonkortasuna. Ez dakit zuetariko zenbatek pentsatu duen inoiz ordenadorea leihotik botako lukeela. Windowseko erabiltzaile sufritua nintzen garaietan, nik hilean behin edo sentitzen nuen holako bulkada. Eta, alajaina, ia lau urte daroat Linux erabiltzen eta ez dut gogoratzen noiz izan dudan ideia hori azken aldiz, baina oso-oso urruna egiten zait!


Zein da internautak zoratuta dakarren beste arazotxo bat? Birusak agian? Nik gogoratzen ditut oraindik Pandaren mezu gogaikarriak eta neure burua oso zorte onekotzat dut ez nuelako inoiz birus larririk izan, Windows bera alde batera uzten badugu. Orain, eta modu sinbolikoan, badut anti-birus bat instalatuta nire sisteman, baina esan legez, guztiz sinbolikoa da, Linuxen ez baituzu birusik pairatuko. Galdetzen duzunean erantzun bera jasoko duzu: Linuxekin ez duzu anti-birusik behar! Nahikoa da suhesi ona izatea, eta gaur egun Linux distribuzioek berez dakartenez gain, hor daude doan lor daitezkeen programa sofistikatuagoak (nik neuk Guarddog darabilt). Horrekin zure makinak behar duen babes guztia daukazu.


Badago lehen zeharka aipatu dugun beste kontutxo bat: programak. Windows instalatzen dugunean, sistemaz eta beste lau gauzatxoz gain, zer daukagu? Ezer ez, dena lortu behar dugu kanpotik. Linux distribuzio bat instalatzen dugunean, aldiz, sistemarekin batera milaka programa datozkigu, agian gehiegi ere batzuetan, eta ohiko lanerako tresna garrantzitsu guztiak bertan dauzkagu: testu editoreak, kalkulo orriak, aurkezpenak egitekoak, CD-DVD grabatzekoak, audio eta bideorako programa ezinhobeak (konparatuko didazu, esaterako, AmaroK Windows Media Player negargarriarekin…), argazkilaritzakoak, agenda eta posta kudeatzekoak, web arakatzaileak, txat eta komunikazioetarakoak (Skype, adibidez), ea. Haietariko asko eta asko euskaraz, gainera! Eta distroaren CD edo DVDan ez datozen beste milaka erraz eskura daitezke interneten (horretarako distro gehienek bai sistema eguneratzeko bai programa gehigarriak zuzenean jaitsi eta instalatzeko zerbitzu oso onak dituzte), aMule edo aMSN bezalakoetatik hasi eta eginkizun zehatzenak betetzekoetaraino (teleskopio elektronikoa duzula eta ordenadorez kontrolatu nahi duzula?). Eta ahaztu driverrak instalatzeko zoramenarekin. Egia da periferiko berri-berri batzuentzat ez duzula hasierako momentutik driverra izango, eta horregatik hobe da informatzea erosi aurretik, baina zoragarria da ikustea konektatzen dituzun gauza gehienak lehen unetik dabiltzala arazo barik. Bestela, foroetan galdetu eta irtenbidea lortu ohi da. Punturik makalena jokoena izan daiteke. Jakin badakit saiatuenek lortzen dutela Grand Theft Auto, esaterako, Linuxen abiaraztea, baina tira, horretan badago egiteko bidea…


Gaurkoz bukatzeko, aipatuko dut ezer gutxi dakitenak zoratzen dituen kontu bat: Linux barruko izen festa. Ez dira gutxi galduta sentitzen direnak hainbeste izenekin, eta ez dakite Linuxen beraren eta haren distribuzioen artean bereizten. Linux hainbat osagaik osatzen duten sistema eragilea da, eta aditua izanez gero, horiekin zure erara molda dezakezu sistema. Kontua da erabiltzaile gehienok ez dakigula hainbeste, alde batetik, eta bestetik ez dugula ez denborarik ez gogorik izaten geure sistema eraikitzeko. Horretarako daude distroak. Horiek enpresa, elkarte, talde batek konpilatu, elkarren ondoan ipini, atondu duen guztiz eraikitako sistema da, instalatzeko prest. Azpian eta oinarrian denek gauza bera badute (kernel edo bihotz bat), esan dezakegu distro bakoitzak bere estilo eta ezaugarriak dituela. Debian-i buruz, esaterako, esaten da egonkorrena dela, eta adituenen gogokoena izaten da, baita zerbidore askok daramatena. Mandriva (Mandrake eta Conectiva-ren elkartzetik sortua) erabiltzen eta instalatzen errazenetarikoa da, eta instalazioaren lehen unetik euskara erabil daitekeenetariko bat (honekin hasi nintzen ni eta fidela naiz, poz-pozik naukalako). Hauekin batera, Redhat eta Suse dira gehien erabiltzen diren beste biak. Zerrenda luzea da, kontua batekin saiatzea eta Linuxen unibertsora salto egitea da, inor gutxiri damutzen baitzaio hautu hori. Pinguinook egin badugu, ez zara zu gai izango?

Hurrengo batean azalduko ditut KDE eta GNOME lako beste izen “arraro” batzuk.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Voyage, voyage


Gauza guztietara ohitzeko gai da gizakia, eta seguruenik ohituko gara hegan egiten dugunean lehergailu bat bidaide eroan dezakegula pentsatzera. Badirudi zerbait aldatu dela azken urteotan, munduan segurtasunak hondoa jo duela. Sentsazio hori ere pasatu egingo da, ohitu egingo gara. Azken finean, zer aldatu da? Mendebaldarrok bizi izan dugun itxurazko lasaitasuna, besterik ez. Gerra gizakiarekin batera jaio zela pentsatzen badugu, historian gerra horren forma baino ez da aldatu. Oraingo aldaketa, agian, urduritzen gaituen ideia sinple batean datza: estilo berri honetan ez gara gu arauak finkatzen ditugunok eta ez ditugu guk etsaiak aukeratzen. Kezkatzen gaitu kontrola galtzeak, ezta?

Bitartean, askoz erosoagoa da telebistan ehundaka gorpu zenbatzea egunero. Urrun, beste azal eta erlijio bat, familia xumeak… Koitaduak, ez dago eskubiderik, bai pena… Baina tragedia? Tragedia gure mundu seguru honetan ehun lagun hiltzea da. Hori da terrorismoaren aurpegia. Gure gobernuek, gure aliatuek zuzentzen ez dituzten gerrak dira terroristak.

Hau da gure mundua, ordea. Geuk sortu dugu, geuk elikatzen dugu egunero. Zer espero genezake, bada? Nahi beste zapaldu eta lapurtu eta ordainetan loreak eta musuak jaso? Gerra modua aldatu da, ez gizakia…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Garagardo hotza Kroaziatik

Hladno Pivo

Kroaziar talde honen izenak horixe esan gura baitu: garagardo hotza. Eta edari zoragarri hori bezain erraz sartzen da belarrietatik 80. hamarkadaren erdia pasata Zagreben sortutako punk taldearen musika. Hladno pivo taldearen eraginen artean, punk klasikoenez gain (Sex Pistols, Dead Kennedys…), AC/DC, Motörhead edo The Beatles bezain desberdinak dituzte, eta niri entzuterakoan azkeneko hauek burutik inoiz pasatu ez zaizkidan arren, egia da euren diskoetan (6 dituzte eta ed2k bidez denak lor daitezke…) kanta batzuek txundituko gaituztela euren originaltasun eta freskotasunagatik. Izan ere, punkari beste erritmo eta joerak gehitzeko ez dute batere ahalkerik, eta maiz jolasten dira euren herriko jatorrizko doinu alaiekin. Honakoan, esaterako, Kroaziako hip-hopero batekin elkartu dira kanta itzela sortzeko: “Teško je ful biti kul” (ez eskatu itzulpena, ideiarik ez dut eta…)

Agian Txekian arrakasta handia izan dutelako, nik luzaroan hangoak zirela sinistuta bizi izan naiz, baina “Himna” bideoa ikusi nuenean susmagarria egin zitzaidan… Azken munduko kopan eslaviar taldeak, Kroazia bera bezalako batzuek zoragarri jokatu arren, non geratu ziren kontuan izanda, ez dakit oso pozik ete dabiltzan… Selekziorik ez dugunok errazagoa izan dugu: batzuen porrotak eman digu, bai, zoriona!

Punk-oi kutsuko kanta hau eta guzti, nire talde kuttunen zerrenda osatzera etorri ziren entzun orduko. Zerbait berezia dute Europa komunista-ohiko taldeek!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Laos VII (Mundu utopikoaren bila VIII)

Erosketak

Inoiz Asiatik mugitu denak ondo daki azokak direla derrigorrez bisitatu beharreko tokiak. Koloreak, usainak, zaporeak, norabide guztietatik iristen zaizkigu. Baina horrez gain, hango herrialdeetan laster ohitzen gara 7-eleven edo antzeko dendaren bat edonon eta edonoiz eskura izatera, merkatal gune erraldoi eta modernoetan freskotasun apur bat bilatzera… Dendetan berriz ere mendebaldeko gizartearekin topo egitera, alegia. Laosen, aldiz, hobe dugu horrekin guztiarekin ahaztea. Hiriburutik hasita, ez da oso azkarra izan behar konturatzeko ez duela Kuala Lumpurren, Tokion edo beste edozein hiri erraldoitan aurki dezakegun giroarekin zerikusirik. Erostera deitzen gaituen argi gutxi kaleetan, eta denda txikiak, besterik ez… Zorionez!

2005-7-7 29 Vientiane Zorionez, Laosen berehala galtzen dugulako gure ohitura kontsumisten usaina eta jabetzen garelako zenbat gauza ez den premiazko: hasteko, gero eta errotuago dugun autoaren etenbako erabilera, amerikar ergelkeriari jarraituz merkatal zentro handi eta plastikozkoetan orduak eta poltsikoa alferrik galtzeko. Desabantaila hasieran apur bat galduta sentitzea izan daiteke, sarri ez baitugu topatuko ezagun egiten zaigun freskagarri hotza non eskuratu. Baina garagardoa eta ura dauden bitartean ez dator txarto multinazional orojaleei bizkarra ematea…

Dena dela, inor ez dadila izutu, dendak egon badaude, baina ez guk ezagutzen ditugun supermerkatu itxurakoak, eta gure herrietako tradizio gero eta galduagoetara itzultzeko parada ederra eskaintzen digute. Muang Vieng Thong-en, esaterako, merkatal gune bizi eta ederra topatu genuen, xarma berezia duena. Nahi duenak, beraz, bila dabilena topa dezake arazo handirik gabe.

2005-7x16 24 Muang Vieng Thong

Baina arestian esan dugunez, azokak izaten dira lekurik interesgarri eta koloretsuenak. Batzuk turistikoagoak dira, eta iluntzean dute euren unerik gorena. Guztien buru, hor dugu beste batean aipatutako Luang Prabang-ekoa. Kale osoa trafikoari itxita, motorrak eta bizikletak dira noizean behin pasatzen diren ibilgailu bakarrak, eta batere presa barik ibil daiteke postuek libre uzten duten bidetxotik. Saltzaileak ez dira erasokorrak, baina behin interesa agertzen badugu, trebe baino trebeagoak dira guztiak. Zenbat oihal ez genion erosi sorgin eder hari! Bost minutu gehiago luzatu, eta zeuzkan guztiak saltzeko gai zen! Prezioak adostea, gainera, ez da batere nekeza. Askok kalkulagailua eskainiko dizute, euren prezioarekin, zuk zeurea idatz dezazun. Baina hemengoak ez dira vietnamdarrak lakoak, ondo dakite non duten muga, eta ez dute edozeren gainetik saltzeko grina hori. Horretan ere ezin atseginagoak.

2005-7x11 087 Luang Prabang

Gauak eta han-hemenka zabaltzen diren tela alaien liluratik kanpo, eguneroko premiak asetzekoak ere sano interesgarriak dira. Haietan euren eguneroko saltsan idoroko ditugu laostarrak. Gustura ibili ginen gu Sam Neua-ko salmahaiek osatzen dituzten kaleetatik.

2005-7x17 26 Sam Neua

Hiri nagusietatik kanpo, saltoki xumeagoak ikusiko ditugu. Seguruenik kostatuko zaigu haietako askotan saltzen dena identifikatzea. Horrek hango bizimoduan gehiago sakontzea eskatzen du. Maizen topatuko ditugunak barazki postuak izango dira. Horietarako edozein leku da ona.

2005-7-8 99 Vientiane-Vang Vieng bidaia

Esaterako, mendi artean errepidean barazkiak saltzen zituen familia batek kalabazin itxurako zerbait oparitu zigun ilusio handiz, gure txoferrak erosketak egiten zizkien bitartean, eta guk harekin zer egin jakin ezinik, hurrengo ostatuko andreari eman genion. Berak jakingo zuen hobeto hari probetxua ateratzen… Adeitasunaren keinu hura, ordea, geurekin eraman genuen, edozein jaki baino gozoago.

2005-7x17 19 Muang Vieng Thong-Sam Neua bidaia

Hurrengorako, hobeto ikertuko ditugu bertako produktuak! Bukatzeko kontu praktiko bat: ez dut gogoratzen Laosen diru txartela ezertarako erabili izana, kutxazainetan dirua ateratzeko izan ez bazen, eta horretarako batere arazorik ez. Ez dago arazorik euroak aldatzeko, baina aurrerantzean dena billetetan ordaintzera ohituko zara (txanponik egon ba ei dago…). Trukea zein den kontuan izanda, prestatu poltsikoan milioiren bat eramateko diru-paperetan…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Ze polita iraultza…


Iraultza berba da seguruenik euskaldunon artean maitatuenetarikoa. Are gehiago, haren atzean komunista atxikitzen zaionean. Orduan dena da poza, dena askatasuna, guztia guztiontzat, berdintasuna, langile alaiak eta dantza etengabea. Gero, errealitateari begiratzen zaio eta hor hasten dira iraultzari ipini beharreko partxeak. Bestela, zelan azaltzen dugu Kuba bezain herri askean boterea familia artean geratu beharra? Hori gure herriaren zati bat derrigorrez hartzen duen koroadun sisteman normala da: erregea hilda, haren ondorengoa agintari (itxurazkoa baino ez bada ere). Baina zelan azaldu sistema komunistaren barruan buruzagi ahalguztidun batek zuzenean uzten diola boterea bere anaiari? Ez dago hor erabakiak hartzen dituen alderdi bat? Ez dakit, baina Erdi Aroko usaina hartzen diot nik. Hori, eta boterean hainbeste urte eman ondoren, bereari iraultza deitzen jarraitzeko seta… Baina badago han bizi den errepresio sozial eta politikoaren aurrean adiskidetasunezko lanbrotxo bat zabaltzera garamatzan zeozer. Jakina, haien etsai amorratuari begiratu, Miamiko mugimenduen atzean gordetzen denari erreparatu, eta ezin ukatu sinpatia apur bat erraldoi orojaleari lotsagabe aurre egiten dion uharte txikiari.


Che gixajoa garaiz hil zen, eta heroi gisa pasatu da historiara gehienentzat. Non zegokeen, bestela, orain arte iraun balu? Zer geratu da iraultza egin zutenen asmoez? Artistez badakigu: sistemaren abarotan geratzea hautatu zutenek leku lasai eta segurua ziurtatu zuten, eta ahotsa kartzeletan usteltzen ziren maritxuak ikustezin bihurtzeko baino ez zuten goratu, sormenaren kaltetan. Besteek hobe zuten ezkutatu edo ihes egitea. Horra hor iraultza egin zuten askoren patua.

Ez da posible, ordea, errepresio eta mendekuan oinarrituko ez den sistema berdinzalerik? Arauak finkatu behar dituenak uniforme militarra daroan bitartean nekeza dirudi. Harrigarria zelan txaoltzen duten, hala ere, anti-militarista batzuek. Niri beti iruditu zait uniformearekiko atxikimendu hori disziplinarako deia baino ez dela, “gogoratu armada norena den” bezalako zerbait.

Orain Hego Amerikan mugimenduak ikusten direnean, aukera berriak loratzen direnean, eta aukera horiek uniformerik gabe iritsi direnean, zalantza sortzen du fidelismoarenganako joerari antzemateak. Aukera gutxi dago, berriz, iparreko munstroari kontra egiteko indarrak nahi badira. CIA beti prest agintari “demokratikoak” edonon ezartzeko…

Ez dakit zer demontre esan gura dudan honekin guztiarekin. Gizakiarengan gero eta fede gutxiago dudala berrestea? Diktadurak langileen izenean ere ez ditudala gustuko aldarrikatzea? Izenean, egitan ez baitut uste langileek askoz gehiago dutenik esateko halako sistemetan. Gure artean batzuek totalitarismo mota batzuei dieten maitasunak sortzen didan ezinegona kanporatzea, agian?

Kanta diezaietela batzuek iraultzari, utz diezaiogun erromantizismoaren oihalari begiak xamurki estal diezazkigun… Nik 70. hamarkadako leloari helduta “No future” aldarrikatzen jarraituko dut. Anarkista nauzue, zer egingo diogu!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Eskizofreniko baten buruan


Azken boladan blog honetan eromena eta eskizofrenia ahotan izan dugula, ez da memento txarra irakurri dudan azken liburuetariko bat gomendatzeko. Aurreko batean aipatzen nuen Igela argitaletxea literatura ona euskaraz eskaintzeko egiten ari den lan txukuna, eta hau da beste adibide aipagarri bat: Guizzardiren abenturak, Gianni Celatiren trilogia abiatzen duena eta ni txundituta utzi ninduena lehen lerrotik azkenera arte, euskal ediziorako Celatik berak paratutako hitzaurrea eta guzti. Ez ditut trilogiaren beste biak irakurri, baina ez dut zalantzarik laster irakurriko ditudala, lehenengo honek gose utzi nau-eta. Argi dago idazle berezia dagoela lerroen bestaldean.

Inoiz ikusi duzue errealitatea eskizofreniko baten begiekin? Horretarako aukera eskaintzen digu liburu honek, baina alde tragiko edo morbosoan sakondu barik, irribarrez irakurtzeko dago pentsatuta, hasi eta bukatu.

Danci Guizzardi dugu protagonista eta narratzailea. Familia eta etxea utzi, eta leku batetik bestera ibiliko da, ezbehar batetik bestera, beti pertsonaia arraro eta badaezpadakoekin topo eginez. Baina gogoratzen dugunean eskizofreniko batek kontatzen digula, geure burua laberinto trinko batean harrapatuta ikusten dugu, protagonista bera legez, benetako gertaerak eta Danciren buruak asmatu, handitu edo deformatutakoak bereizteko ezgai.

Pertsonak nahastuko ditu, egoerak txarto ulertuko, eta geuk ere sinistuko dugu etsaiak dituela nonahi eta euritako zahar eta apurtu bati berebiziko garrantzia ematera iritsiko gara. Baina dramatismoaren gorenean ezingo diogu guztiari irrigarri irizteari utzi. Itogarria bezain xelebrea baita Guizzardi inguratzen duena eta iparrik gabe leku batetik bestera protagonistarekin batera garamatzana.

Honi guztiari esaldiak egiteko estiloa gehitu behar zaio. Komarik ez, eta han-hemenka modu arraroan jositako esaldiak eta akatsak. Alta, uste izan daitekeenaren kontra, erraz irakurtzen da eta ez dago ulertzeko traba handirik, buru eskizofreniko baten mekanismoak ulertzekoak salbu.

Laburbilduz, gozatu ederra hartu dut Gianni Celatiren eskutik, eta kasualitatez egindako aurkikuntza handien atalean gordeko dut luzaroan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1