Pijama marradunaz jantzitako mutikoa

Liburu hau kasualitatez erosi nuen orain dela gutxi, egun batzuk lehenago amak gomendatu zidala gogoratu barik. Arrazoi nagusia ez zen oso literarioa, John Boyne irlandarra nire urte berekoa zela irakurtzea baino.

Hautu bitxi horrek irakurketa liluragarriaren ateak zabaldu dizkigu. Argi dago batzuetan patuari utzitako erabakiek ezusteko ederrak dakartzatela.

Eta sarrera hau egin dut liburu honetaz ezin delako askoz gehiago esan. Halako zerbait dioskute atzealdean, liburu honi heltzeko buruko egoera onena ezer ez jakitearena dela. Gorde duen literatura bete-beteari egin diezaiokegun mesederik onena, baita geure buruari ere, lehen lerroetatik harrapa gaitzala uztea da, eta protagonistaren begi xaloetatik topatuko dugun errealitate horretan murgil gaitzala. Errealitatea zein den ez dizuet nik argituko.

Hartu, ireki, eta utzi xarmatzen, prestatu bidaia literarioaz gozatzeko. Ez dut ezagutzen liburu honek zapuztuta utzi duen inor. Plazer eta lilura hutsa, bere errealitate gordinean! Ikaragarrizko pribilegioa holakoak kalera atera eta gutxira euskaraz dastatu ahal izatea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Mandriva 2008.0

Pinguino hau, Bermeoko etxea benetako iglua bilakatzen zaion bitartean, poz-pozik dago Mandrivak atera berri duen azken bertsioarekin. Badakit Ubunturen aldekoak legioa direla, baina ni Mandraken eskutik hasi nintzen Hego Poloko bizimodu berrian eta leiala izan naiz azken 5 urteotan.

Ubuntu eta Kubuntu ere probatu ditut, baina zer nahi duzue, nire hozkailutxo honen barruan zoriontsu mugitzen naiz. Orduko Mandraketik hona aldaketa handiak egon dira, bertsio onak, balekoak eta apur bat eskasak ere bai. Baina ez dago ukatzerik, GNU/Linux komunitate osoarekin batera, Mandrivak gaur egun edonor asetzeko moduko aukerak eskaintzen dituela.

Azken bertsio honetan orain arte ez dut topatu gustuko izan ez dudan ezer, ez bada maiz erabiltzen ditudan pakete batzuk orain ez datozela berezko instalazioan eta geroago sartu behar izan dizkiodala, baina ez da ezer larria. Orain arte ez dabilen gauza bakarra VMWare da. Dirudienez, orain arteko bertsioa ez da ondo moldatzen kernel berriarekin eta kontua VMWareren bertsio berriari itxarotea ei da.

Hori kenduta, programa asko aurpegia berrituta datoz eta oso itxura ona daukate. Compiz-fusion ere probatu dut, baina ez naiz holako txotxolokerien oso zalea, gaur-gaurkoz, eta 3Dko efekturik gabe erabiltzen jarraituko dut, frogatzea interesgarria izan bada ere.

Itxura oso ona daukaten artean dago konexioak kudeatzeko sistema berritua. Orain ez daukat eramangarria esku artean, beraz ezin probatu inguruko wifiak harrapatzen, baina mahaikoan ikusi dudana gustatu egin zait. Eramangarriei begira, eta hori ere egiaztatu ezin dezakedan arren, bateria aurrezteko sistema oso hobetua ei dakar. Ondo etorriko zaigu…

Hasierako menua aldatu egin da, eta kategoriak beste era batean antolatu dira, baina egia esan, niri ez dit batere oztoporik sortu eta oso erreza deritzot estilo berriari.

Oraindik Gilen Ateaken atzaparretatik ihes egiteko beldur bizi direnentzat, berrikuntza interesgarria ikusi dut, aurreko bertsioetan behintzat ageri ez zena: migraziorako tresna bat dakar aginte gunean! Horrek aukera ematen du Windowseko artxibo guztiak zure homera inportatzeko edo Windowsekin konpartitzeko (Windows erabat ezabatzea da onena, baina tira…).

Eta gehiago ez luzatzeko, agian batzuk poz-pozik utziko dituen berrikuntza jolasei dagokiena da. Ni oraindik ez naiz mundu birtualetik mugitzen hasi, eta hortik eskuz esku dabiltzan dirutzei buruz entzun ostean ez dut uste inoiz mugituko naizenik, baina Second Life-n harrapatuta bazaude, Mandriva 2008.0 honek berez instalatzen dizu mundu birtual famatu hori. Jausi handia, Linuxi jolasteko aukera falta leporatzen diotenei begira.

Jokoekin jarraituz, oraingoan ere Cedega instala daiteke. Horren bitartez Windowseko joko famatu asko instala ei daitezke Linuxen (World of Warcraft, Battlefield 2142, Civilization IV eta beste aipatzen dira; hemen ikus daitezke) baina ez dut horretan denborarik galdu (oraingoz…).

Zoritxarrez, OpenOffice 2.2.1 guztiz euskaratuta egon arren, oraindik Mandrivara ez da itzulpen hori iritsi. Atzera pausua izan da hori, orain dela bost urteko OpenOffice euskaratuta baitzekarren. Baina hori ere iritsiko da, eta agian egunen batean eginda dauden euskarazko zuzentzaileen paketeak ere distro ofizialetan etorriko dira, berez.

Bestalde, Mandrivak politika aldaketa ere egin du, eta orain bertsio guztiak lor daitezke doan. Haien klubeko kidea egitea doakoa da eta modu horretan distro guztiak jaits daitezke Interneten bidez.

Jendeak Vista atzera eman eta XPra itzuli nahi duen bitartean, egongo da pinguinoon mundura behingoz hurbiltzea eta burua askatzea erabakiko duenik…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 4 iruzkin

Askeago

Seguruenik atzo ETAk apur bat askeago egin gintuen denok. Seguruenik independentziatik apur bat gertuago utzi. Batasuna ere apur bat legalago egingo zuen eta Bilbo apur bat euskaldunago. Bide politikoak apur bat errezagoak dira gaur eta presoek apur bat hurbilago daukate askapena. Txalo bero bat…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Hamburguesa Vegetal

Ez dakit zelan deskribatu atzo Aitorri esker ezagutu nuen taldea. Aspaldian ikusi eta entzun dudan talderik freakyena? Punkyena? Jenialena? Ez dakit eta ez dut, beraz, egingo. Santurtzikoak ei dira eta Hamburguesa Vegetal daukate izena eta derrigorrez ezagutu behar dute. Nik uste dut XXI. mendeko mugarri bat izan daitezkeela, bizi ditugun garaien adierazleak edo tira, inoiz definituko ez duten hamaika pitokeria asma nezake. Onena haien bideo mundialena hemen ipintzea eta zuei uztea gehiago ikertzeko lana. Merezi zuten, derrigorrezkoa zuten lekutxo bat hemen… “Fosforo” itzelari buruz esango dut, hori bai, Berurier Noir itzelen ukitua hartzen diodala, agian base erritmikoan. Ez dakit, nahastuta utzi naute. Noiz jo behar du Punkaminek kontzertu bat haiekin?!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Freebatasuna

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Susmagarria

Zergatik hartzen ete diot usain txarra oraintxe ETBn entzundakoari. Urdaibai eta haren ingurua urteetan babestuta egon ondoren, orain Jaurlaritzari bat-bateko kezka sortu zaio, ea hemengo biztanleak pozik dauden ingurune babestua izatearekin. Eta modu oso susmagarrian, telebistan zabaldu diren iritziak norabide berean etorri dira: oztopo handia dela garatzeko, jendeak bere herrian lana topatzeko… Urdaibaiko biztanlea naizen aldetik, ez dut sekula holako kezkarik sumatu, baina tira, telebistak hala badio…

Ez dakit zergatik begitantzen zaidan Jaurlaritzaren interes berri honen atzean beste zerbait egon daitekeela. Zer da garapena? Zer ulertzen dute agertu diren alkate txit goren horiek garapenaz berba egiten dutenean? Eta batez ere, ezagutzen ez dugun zer asmo, plan, proiektu… ezkutatzen da iritzi bilketa horren atzean? Iritziak bildu, ala jendeak ingurune horren babesari buruzko ikuspuntua aldatzen hasteko, ezagutzen ez ditugun interesen onerako izango den sentsibilitate desbideraketa bultzatzeko maniobraren hastapenetan gaude?

Susmoa dut irudi hauek aldaketa ezagutuko dutela egunen batean, ingurune babestua izatearen oztopoak desagertu eta azpiegitura handiei ekiteko bidea zabaldu bezain pronto.

Urdaibai ez da egon espekulaziotik guztiz salbu, argi dago, baina beldur naiz are okerrago izateko ateak zabaltzear ez ete dauden. Adreiluaren gosea ez da ase erreza. Beharbada nire paranoia baino ez da, baina badaezpada, ondo ireki begiak eta belarriak!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Aldarrikapena

Inor konturatu ez bada ere formalki adierazi nahi dut azken 35 (laster 36) urte hauetan ezinbestekoa izan naizela herri honen ongizatea eta egonkortasuna bermatzeko. Norbaitek kontrakoa uste badu ipurdi aurpegia dauka. (Ez erre nire argazkia, alegia). Dena Ikearen maniobra bat da, nire etxea ere errepublika bihurtu nahi duelako.

(Irakurleak barka beza gaixo honen eldarnioa, Juan Carlostxuri barkatzen diogun legez. Amen.)

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

en la Península excepto Portugal

Hori da Ikeakoek nire postontzian sartu duten katalogo potoloan irakur daitekeena: “Precios válidos en la Península excepto Portugal”. Lehen erreakzioa harridura eta pozaren artekoa izan da, baina gero zalantza sortu zait: Ikeakoek, euren estrategia komertzialean, holako sentsibilitatea erakutsi dute, ala uharteetarako balio ez duela adierazi nahi dute? Keinua ala kasualitatea?

Egia da holakoetan ohikoena beste zerbait izaten dela: “Precios váidos en España excepto Baleares y Canarias”. Horregatik beste formula horrek poz txiki bat utzi dit piztuta. Beharbada nahita egin dute. Hori sinistu gura dut…, baina tamalez ez dut sinisten, Ikeak berak darabilen mapa honek argitzen baitu kontua:

Mapek errealitatea erakusten digute, baina ez egia. Hala alderantziz? Beharbada ez bata ez bestea…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Erregearen opilak

Ipuinak idazteko teknika jakina da ipuin ezagunen birmoldaketarena. Eskolan hori da umeen sormena pizteko erabilienetakoa, beharbada. Gaur jostari altxatu naiz eta jolas horri heltzea pentsatu dut. Kasu honetan, “Erregearen soinekoa” delakoaren moldaketa nahiko librea egingo dut, aldez aurretik barkamena eskatuz sukaldariei, ez baita nire asmoa haietako inor mintzea.

Kontua da, behin bazela oso-oso, baina oso urruneko Euskal deritzon Herrian lagun talde bat. Gauzak errazteko, hirura mugatuko dugu taldea, bestela kopuruekin galdu egiten naiz-eta. Oso lagun onak ziren, oso alaiak. Haietako bi ostalaritzaren munduan mugitzen ziren, nahiko trebe, baina gazteak izanik artean ez zeukaten ospea irabazita. Hirugarrenak, ordea, txikitan amak, jolas moduan, prestatzen irakatsi zizkion ogiak besterik ez zekien egiten. Hori bai, ogi horiek egitea maite zuen, baina jakina, horrekin ez zen sukaldaritzaren munduan oso urrutira iritsiko. Lagun haiek, irakurri egiten baitzuten, bazeukaten ipuin baten berri, eta ideia bat otu zitzaien: teknika bera erabiliz, erregeari ziria sartu ordez, eurek sortuko zuten errege berria: Sukaldaritzaren erregea. Eta errege hori, munduari ziria ondo sartzeko, ogiak besterik egiten ez zekien laguna izango zen.

Kontua ez zen erreza, alajaina, baina gure lagunek ez zituzten euren garunak alferrik erabiltzen. Hemen, hola, bat-batean gauetik goizera sukaldaritzaren erregea bihurtzea… Bidaia bat egingo dugu eta kanpoan koroatuko dugu gure erregea. Eta Tokiora joan ziren. Jakina da Japoniako sukaldaritza ospe handikoa dela, eta jakina da, era berean, japoniarrek oso heziketa ona daukatela eta desberdinak diren kanpoko gauzak txalotu egiten dituztela, etiketa zaintzeagatik baino ez bada ere. Beraz, maletak egin eta Tokiora joan ziren. Han jende gutxik daki zer gertatu zen, baina hiru lagunak etxera itzuli ziren Sukaldaritzaren errege berria aldarrikatuz. Ogiak ez dauka xarma handirik, horregatik erabaki zuten haiek ez zirela berriro ogi izango, opil baizik. Sukaldaritzaren erregearen opilek aho bete hortz utzi zituzten Tokioko adituak! Opil haien sinpletasuna, freskotasuna, haurtzaroa gogorarazten zien usaina miresten zituzten.

Euskal Herria itzuli eta beste barik hori aldarrikatzea ere ez zen erreza, ordea; hortaz, sukaldaritzako aditu garrantzitsu bat bilatu zuten bere onespena eman ziezaien. Honetan guztian ez dakigu oso ondo adituaren arrazoiak zein izan ziren, baina lau haizetara zabaldu zuen Sukaldaritzaren erregearen opilen bikaintasuna.

Denbora laburrean izugarrizko zurrunbiloa sortu zen opil haien inguruan. Denek dastatu nahi zituzten eta denak liluratzen zituzten beren sinpletasunarekin eta haurtzaroaren oihartzunekin. Inor ez zen sekretua asmatzeko gai. Jakina, benetako sukaldari batzuek bere baitarako gorde zuten iritzia: haiek ogi traketsak ziren, ez inondik inora opilak. Baina zelan ausartuko ziren hainbeste adituri kontra egiten? Holakorik iradokitze hutsak Michelin gidan sardexka batzuk galtzea ekar ziezaiekeen!

Hiru lagunak (eta aditua, esan gabe doa) poz-pozik zeuden. Sukaldaritzaren erregeak jatetxea ere ireki zuen, eta bezeroen zorionerako, ogiekin batera noizean behin bere lagun biek prestatutako benetako plater batzuk ere ateratzen zituen. Dena dela, bezero guztiek aho batez laudorio itzelak botatzen zizkieten ogiei. Opil ezin gozoagoak zirela sinestera ere iristen zien. Lagunak ere zoriontsu ziren eurek sortutako idolo berriaren abaroan.

Egun batean, eskola batean Sukaldaritzaren erregea gonbidatu zuten. Izan ere, Sukaldaritzaren erregeak opil bereziak egiten zituen haurrentzat ere, eta haurrek zinez maite zituztela ematen zuen. Eskolan ogiak eta gailetak egiten irakatsi zieten ikasle txikiei, eta sari moduan Sukaldaritzaren erregea joango zen haiek probatzera, eta sukaldari txikirik onenari opil eder-ederra oparituko zion. Haurren ogiak eta gailetak probatu, eta begi liluratu handienekin begiratzen zion neskatila izendatu zuen irabazle. Neska gorri-gorri eginda joan zen bere sariaren bila, eta umeek dakiten bezala, bihotzetik jaurti zituen hitz hauek:

-Zure opilak maite ditut etxean amarentzat prestatzen ditudan ogien berdin-berdinak direlako… -eta musua eman zion masailean.

Izango ez ziren ba! Baina baten batek uste badu neskatilaren hitzek agerian utzi zutela Sukaldaritzaren erregearen egia, azkenean lausoa kenduko ziela begi itsutuei, argi dago ez duela ez gure protagonista ez Herri hura ezagutzen. Sukaldaritzaren erregeak bere irribarre liluragarria atera eta sano esan zuen: <<Hala da zutaz pentsatuz prestatu dudalako eta zure barruan sukaldari handia dagoelako>>. Hori jenialtasuna! Sukaldaritzaren erregea gai zen haurrei sukaldari handi sentiarazteko! Izugarrizko gaitasuna zeukan txikienen gogoarekin bat egiteko! Berak opilak egin eta etxeko ogiak zirela sentiarazten zien! Sukaldaritzaren erregearen ospea handitu eta handitu egin zen, benetako sukaldariak zapuztuta utziz berriro ere.

Sukaldaritzaren zenbat errege ez dagoen munduan… Hala bazan eta ez bazan, ekarri niri legatza saltsan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Ikusezina

Gure gizartearen arazo larriek behin eta berriro harritzen naute. Azken arazo larria tanatorioen kokapena da. Hain larria non albiste izatera ere heldu baita. Jendeak ez du tanatoriorik gura bere etxe azpian! Benetan gertaera tragikoa. Ez dugu gure ondoan drogazaleei laguntzeko zentrorik nahi, ez etxe gabeei aterpea emango dienik… Zerbitzu horiek guztiak beharrezkoak dira, onak… gugandik urrun dauden heinean. Eta orain hain arriskutsuak diren tanatorioak ere ez. Tanatorioen giroak tristetu ei ditu auzokoak. Hori tragedia, txo!

Gizarte honek aspaldi ahaztu zuen elkartasunaren esanahia, hori esan barik doa, baina azken honek apeta burgesaren neurria hartzen du. Batek zioenez, ez zuen gorpuen gainean lo egin gura! Jakina, denok dakigu zer arriskutsuak diren hildakoak. Neuk ere ez nuke gorpu baten gainean lo egin nahi, ukitu oso hotza izan ohi dute. Brrrrrr! Ergela ni, beti izan naiz bizien beldurrago hildakoen baino.

Baina normala da, ondo pentsatuta. Gizarte honek tabu bihurtu du herioa. Ez horretaz ezin delako berba egin. Kontua da hiltzea antiestetikoa dela, ezkutatu beharreko zerbait. Gure zientzialariek gau eta egun egiten dute lan dama ilun hori gure bizitzatik ezabatzeko. Laster Europan debekatu ere egingo dute inor jendaurrean hiltzea eta bakardadean, ezkutuan egin beharko dugu, inori eragozpenik ez sortzeko.

Nago tradizio kristauaren ondorioak direla hauek. Beste kultura batzuek biziaren zatia dela onartzen dute, eta pozik ematen ez dien arren, barneratuago daukate zikloaren une ezinbestekoa dela. Gurean itsuskeria da, haren aurrean begiak itxi nahi ditugu, ixteagatik desagertu behar balu legez. Eta bidearen amaia ostentzeko bide horretan, apurka-apurka zahartzaroa bera ere debekatu nahian gabiltza. Zahartzaroa baita heriorako atea, zerbait desatsegina, beraz. Gizakiak sortu duen unibertsoa menderatu ez duen seinale. Guztiaren errege sentitzen den gizakiak ez baitu herioa makurrarazi, eta horrek handinahia zauritzen dio.

Hildakoak hobe daude pantailan, urrun, ikuskizun moduan, erraiak bonba batek sakabanatuta bada ere. Ez nire auzoan, txukun-txukun prestatuta ere. Jakina, beste kasuetan legez, kontua ez da tanatorioak desagerraraztea, niri ere nor edo nor hilko zait, joan beharko dut batera… baina ez nire ate ondoan, mesedez.

Hipokrisia, gizarte osoaren krisia.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina