Zezen punk baten ezusteko goiza
Goizeko seiak. Oilarrak orain dela gutxi jo du. Begiak ireki eta lehen eguzki printzak sentitu ditut kortako oholen artean sartzen. Inguruan familia eta kortakideak ere nagi hasi dira mugtizen. Nagi eta triste. Askatik txerri lagunak neuri begiratu dit lehena. Bai, badakit zer darabilan buruan, motel. Eskerrik asko hire elkartasunagatik. Izan ere, gutariko nork du gaur altxatzeko gogorik? Hala ere, buztana patxadaz astindu, goizeko lehenengo euliak uxatu, eta zutitu egin naiz. Loaren lanbroak desegin ahala amorru etsi bat nagusitu da nitaz, eta adarkadaka kortako atea birrintzeko gogoa piztu zait. Horren ordez, ondoezik hurbildu naiz ate horretara eta zelaitik ihintzaren agur goibela heldu zait. Alaia izan beharko, izan ohi da, gatibu bizi arren kexa handirik gabe bizi baikara hemen, ia esne mamitan, esan liteke. Tira, ez da aske bizitzea lakoa, baina hori zer den ere ezin begitan dakiguke.
Muturraz atea bultzatu eta irten egin dut. Haize freskoa dakar gaur. Haize honek baina, krudelkeriaren ahotsak ekarriko ditu laster. Holakoetan beren burua gure jabetzat duten gizaki horien aurkako gorrotoak betetzen nau. Aintzat hartuko bagintuzte leihoa itxiko lukete, edo telebista goiko solairuan ikusi, behintzat. Baina ez. Urtero, egun hauek iritsita, egongelara bildu eta irrikaz pizten dute telebista ikuskizun negargarri harekin gozatzeko. Eta urtero zerbaitek, bultzada morboso batek, leiho horretarantz narama. Bertan ikusten ditut nire kideak, ezezagunak izanagatik ez baitute kidetasuna galtzen, gizaki eroen aldarri eta barre mozkorren artean arrapaladan, torturatuak izateko presa balute legez. Mila aldiz galdetu diot neure buruari zer pentsamendu ote darabilten kale estu eta irristakor horietatik oldartzen diren bitartean. Zer pentsatuko nuke nik haien artean banengo. Markatutako bidearekin ahaztu eta euli zuri-gorri horietako batzuk adar artean ikusi arte atsedenik ez hartu? Ez dut uste gehiegi pentsa daitekeenik han zaudela.
Mugimendua sumatu dut baserriaren barruan. Zalantza barik, prestatzen hasi dira, odol festa gosariarekin batera irensteko. Ez dut ostabere ikusi gura, ez horixe. Nire gogoz kontra, ordea, hankek harantz bideratzen naute. Norbait ikusi dut egongelan. Goizegi da baina. Eneko da, etxeko seme gaztea. Bera da inoiz telebista aurrean ikusi ez dudan bakarra. Ez nuen harengandik holakorik espero. Gandorra inoiz baino tenteago daroa gero!
Telebista ez, ordenagailua piztu du. Lasaitua hartu dut, momentuz behintzat. Desagertu eta katilu bat eskuan duela itzuli da. Zertan ote dabil? Hemen nago, urtero legez, leihoari itsatsita. Baina hasiera hau desberdina da. Zerbait hasi naiz entzuten, gero eta ozenago. Enekok leihora begiratu eta keinu bat egin dit. Zer ote darabil mutiko honek buruan? Ordenagailutik datorren soinua beste guztiaren gainetik gailendu da. Musika da, Enekok hain gogoko duen eta baserrian nahi ta nahiez denok hain ondo ezagutzen dugun estilokoa. Ordenagailuaren pantaila niri begira ipini du. Berriro keinu konplizea egin dit begi batez. Altxatu eta egongela utzi du, musika baserria dardarka ipintzeko moduan utzita. Ulertzen hasi naiz, bai. Gero eta gusturago ikusten ditut nik pantailak eskaintzen dizkidan irudiak. Hau bai San Ferminak ospatzeko modua! Eskerrik asko, Eneko, ez didate inoiz hau lako oparirik egin. Hona dator mutila, nire ondoan leihoan bermatzera. Garagardo bana baino ez dugu falta! Odola irakiten sentitzen dut aspaldian ez bezala.
(Bideo hau Attaque77 argentinar taldearen “San Fermin” kantari dagokio. Horrela bai, gora San Fermin(ak)!)