Udako albiste freskagarriak

Hego Poloan bero honekin ez da giro. Hala ere, pinguinook topatzen dugu zelan freskatu. Oraingo honetan, Europatik etorri zaigu eztarria zerekin busti eta gorputza zerekin alaitu. Gilen Ateak jaunaren freskagarri enpresari isuna ipiniko diote zuku susmagarri horien osagaiak ez argitzeagatik. Eta bitartean gure izotz puska honen jabe ei den Estatuaren gobernuak zer egin du? Legearen bitartez osagaiak agerian daramatzaten freskagarrien erabilera bermatu barik, berriro ere Gilen Ateak jaunaren produktu ezkutu horiei nagusitasuna aitrotu. Ikertu, ikertu, ea zein izan ziren freskagarri libreen aldeko legeak aurrera egin ez dezan botoa eman zuten alderdiak… Eta bitartean, ikertu zelan lortu zuen Hego Polo honetan leizegizontzat dugun Ibarra jaunaren erkidego ustez atzeratuak ikasle biko feskagarri eder bat ipintzea eskola guztietan. Ez zen magia, ez, burua ondo erabiltzeko kontua baizik. Eta gu hain azkarrak izanda, eta jakin barik freskagarri libre horiek, gainera, geure hizkuntzan mintzo direla aspalditik…

Beraz, beroak itotzen gaituen bitartean, pinguinook holako albisteei atera behar diegu zukua. Baina Lobo jaunak ondo esan zuen legez, ez gaitezen has oraindik zakilak elkarri jaten. Azken finean, ez da Europak Gileni ezartzen dion lehen isuna, eta susmoa dut aurrekoetan legez ipurdia garbitzeko erabiliko duela oraingo hau ere. Berak ondo daki Europako biztanle akritikoek bermatuko dutela bere jokabide monopolistikoa behin eta berriro. Freska gaitezen apurtxo bat eguneroko errealitatera itzuli aurretik…

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude