Hego Poloko pinguinoek berriro ditugu arazoak odoluskiekin. Emoal mila aldiz erabili arren, hor dugu SGAE beti atzetik gure ipurdi minberari atsedenik ez emateko prest. Oraingoan, dirudienez, lege finko eta “ondo ikertu” bat euren alde dakartela. Bai, zer botere ezkutuk babesten duten ondo ulertu barik, Hego Polo honek pairatu behar duen urruneko gobernu harek elkarte pribatu horren alde egin du, biztanleriaren aurka zuzen-zuzenean jotzeko. Zein ondo bizi behar duten batzuek euren azken diskoa orain dela hamar urte saldu eta gero. Zertarako nekatu sormena agortu denean, milioika ergelek nire bizioak ordaindu behar badituzte nik atzamar alu bat ere mugitu barik?
Eta dena zorioneko kanonari esker. Zorionekoa, jakina, putre batzuentzat. Laster CD eta DVD garbiak, grabagailuak eta beste euskarri batzuk erosterakoan ez eze, disko gogorrak, ADSL eta enparauak edukitzeagatik ere emango diegu dirua sasizko haiei. Zeren izenean? Sormenaren fruituen babesaren banderapean? Merkeagoa da biztanle guztiak zuzenean errudun egin, errugabetasun printzipioa gure odoluskien kontra ondo estutu, eta kopia pribatuaren eta benetako pirateriaren kontzeptuak fedetxarrez nahastea. Ziria sartu digute, diskoen edozein salmenta errealen askoz gainetik aterako dituzte etekinak, eta zelan ez, adar jotzea borobiltzeko, mozkin horiek buruargi batzuen artean banatuko dira, industria handiaren esku geratuko da, eta artista xumeak beti bezain pobre. Honen guztiaren atzetik ostentzen diren interes ilunak ez ditugu inoiz guztiz argituko, baina zer edo zer irabaziko du gobernuak ere, edo bestela egundoko gola sartzen utzi die benetako pirata horiei. Egia esan, Ramoncinen hastapenetako kanta famatu hark, “El rey del pollo frito” ospetsuak, argi uzten zuen nondik zihoan kontua, baina gu bai inuzenteak, industriaren aurkako mezua gordetzen zuela sinistu ez genuen ba… Ez ei dugu asko egiteko haien aurka, baina nire txikian, hasi naiz interneten bidez behar dudan guztia erosten, kanon edo lapur-sari hori barik, jakina! Baditugu inguruan halako monopolio orojaleen esku jausi ez diren herrialde aurreratuagoak…