Grabazio estudioa poltsikoan

Atzo MusikHerriaren iturrietatik jakin nuenez, musika munduan mugitzen diren pinguinoak zorioneko daude (gaude). Gure Hego Poloan gero eta irtenbide profesional gehiago daukagu Gilen Ateaken inperioari ihes egiteko. Kasu honetan, musika egiten baduzu eta grabazio estudio baterako tresna informatiko guztiak lortzeko arazoak badituzu, adi honi: Musix sistema iritsi da gure gorputza alaitzeko!


Zer da Musix delako hau? Linuxen (Knoppix distroan, zehatzak izateko) oinarritutako sistema eragilea, grabazio estudio osoa izateko bereziki pentsatua. Gaur aztertu dut, eta nire pinguino gorputz borobiltxo hau liluratuta geratu da. Eta hori, musika lantzeko tresnei buruz tutik ere jakin barik! Ez dut pentsatu nahi jostailu zoragarri honek zenbat plazer ordu eskain diezaiekeen nire lagun batzuei…

Musix-en lehen abantaila da ez duela batere instalaziorik behar. Internetetik doan jaitsi, ISOa CD bihurtu, eta Live CD modukoa denez, ordenadorea CD horretatik abiaraztea baino ez duzu. Berdin da barruan MVirus, Linux edo zer duzun instalatuta, ez baitu ezer ukituko. Memoria birtuala erabilita, sistema eragile osoa kargatuko du eta gainera gustuko duzun ingurune grafikoa aukeratzen utziko dizu (nik KDEn probatu dut). Gainera, hizkuntza aukeratzen utziko digu. Suposatzen da euskaraz ere badagoela, edo agian etorkizuneko aukera da; nik, behintzat, gazteleraz eta ingelesez baino ez dut topatu. Dena iritsiko da…

Behin barruan, sistema eragile batean behar izaten ditugun programa motarik ohikoenez gain (testu prozesatzaileak, messenger, p2p, CD-DVDak erretzekoak, musika ripeatzekoak, ea.), “Multimedia” atalaren barruan etxean estudio oso bat izatearekin amets egin duen edonor adurra dariola uzteko moduko programa zerrenda topatuko dugu: sintetizadoreak, MIDIak, gitarrak, partiturak, bateriak, multipistak…

Programa horien gainean ezer gutxi dakidan honek ez du lortu gitarra akorde bat behar bezala sortzea, baina hori, zin dagizuet, ez da programaren errua izan, nire hego dorpe hauenak baino.

Edozein sistema legez itzaltzea erabakitzen dugunean, azkenean CDa ateratzeko eskatuko digu, eta horrekin ordenadorea lehen bezalaxe geratuko zaigu. Hori bai, gustatuz gero, instalatzeko aukera ere ematen du! Bestela, erabilgarri ikusten dituzun programa guztiak apuntatu, eta gero zure Linux distrorako bilatu.

Gainera, hau hasiera baino ez da: iragartzen dutenez, hurrengo bertsio batek bideogintzarako aukerak ere ekarriko ditu. Orain zeure pelikula egiten hasi, eta soinu banda sartu arte prozesua zuk zeuk egiteko beharreko tresnak eskura! Nork esan du grabazio estudioa izateak garestia behar duela?

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude