Esplotazioaren bukaera

Langileriaren esplotazioa iraganeko kontua da. Begibistako kontua da eta seguruenik ez du ezta aipamenik ere merezi. Hori dela eta, langileen borroka bera ere gainditutako afera, lekuz kanpokoa, anakronikoa bihurtu da. Horretan zeresan handia izan du gure erakundeek azken urteotan azpi-kontratazioari eta aldi baterako lanari eman dieten bultzada ausartak.

Horri esker, amaitu da nagusiaren petralkeria urte luzeetan jasan beharra. Orain, nagusiarekin gogaitzen hasi orduko, baita askoz lehenago ere, langilea etxean, gurasoenean esan nahi baita, dago berriro, pozik eta estresik gabe. Agur esan diegu luzaroan gordetako arrangurei, eta horrek familia lotura estuagoak sortu ditu, ikasketak bukatzeko presak uxatu…, dena gure osasunaren onerako.

Egun azpi-esplotatuak eta aldi baterako esplotatuak baino ez daude, eta izen horiek argi erakusten dute zer neurritan murriztu den langileen eta nagusien arteko gatazka.

Garai berriek, beraz, erantzun berriak eskatzen dituzte. Horregatik, eta noizbehinkako langileak guztiz asper ez daitezen hain zoriontsu bizitzeaz, hau da egungo langileriari proposatu behar dieguna: azpi-borroka eta aldi baterako gatazka. Ez dezagun lan harremanen zentzu tradizionala guztiz gal, giharrek ariketa apur bat eskatzen dute-eta!

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude