Punkreas, mozzarella kalamuarekin

Jende askok pentsa lezako Italiak musikari egin dizkion ekarpen bakarrak opera kantariak eta Ramazzotti lakoak direla, baina ez. Orain dela urte batzuk etorri zen gurera Banda Bassotti eta argi utzi ziguten beste zerbait ere mugitzen zela Alpeetatik behera. Italiak bota itxura izanda, militrontxoak ere ez ziren faltako!

Hango punk mugimenduaren eredurik onenetarikoa, Gli Impossibili-ren estilo ramonianoari ezer kendu barik, Punkreas da, zalantza barik. 80. hamarkada hil aurretik jaio ziren eta 1990ean kaleratu zuten Isterico diskoak argi utzi zuen haien indarra. Punk-ska-core moduan laburbil dezakegu estiloa. Kanta bizkor eta ostia txarrekoak, ska alaiak, punk doinu klasikoak…, eta letra guztietan eduki sozialak barra-barra. Zoritxarrez ez dut inon topatu nire gogokoenetako bat hemen jartzeko, Aca toro, aspaldian utzi nuen Attaque 77-ren San Fermin kantari laguntzeko… Haren ordez, hemen duzue ska lasai bat, hirugarren munduari eskainia: Terzo mondo.

Taldea Milano inguruan jaio eta Italiako garrantzitsuena bilakatu zen berehala. Harrezkero ez dira gelditu eta aurten utzi digute euren azken lana, zuzeneko bat, Punkreas live. Zortzigarrena estudioko zazpiren ondoren. Ni ez nau inoiz nekatzen, autoan ozen ipinita kilometro asko egin daiteke, haiekin batera “Vaffanculo!” oihukatuz. Kanta zaharrak topatzea zaila izanik, hemen duzue berriago bat, oraindik USArekin amets egiten duten inozoentzat: American dream.

Normalean pare bat ipini ohi ditut, baina ezin nire gogokoena alde batera utzi barik geratu. Landare ederrak daude munduan eta ondo jagon behar dira, Punkreaseko mutilek bezain arduratsu bai, behintzat. Hona hemen Canapa:

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude