Hamaikagarren aldiz, lehengo egunean inori kritika pertsonalik ez egitea agindu nion neure buruari. Seguruenik, hamaikagarren aldiz ez dut agindutakoa beteko, baina nire arrazoiak azalduko ditut, behar dudanean hona itzuli eta neure buruari gogorarazi ahal izateko.
Nerabea nintzela, idealez betea sasoi hartan -batez ere neure buruari buruzko idealez betea, nerabezaroan geure burua baita idealizatzen dugun lehena-, ondorio honetara iritsi ohi nintzen, behin eta berriro: mundu honetan inor ez da ezeren errudun. Ez gara garena izatearen errudun. Ez genuen jaiotzea erabaki, eta are gutxiago sortu gintuzten gene apetatsuak aukeratu. Ez genuen eskola aukeratu, ez erlijioa, ez ondare kulturala, ez gure herriaren historia ez gure familiarena. Sexua ere fabrikan ipini ziguten. Ez genituen egin ezarri zizkiguten arauak eta ez zen gure hautua izan mutil handi hark egunero gu patioan izutzea. Ohean txiza egiteari uzteko ordua ere ez zen gure gogoarekin batera iritsi, eta goitizenak, gogoko izan genituenak zein barru-barruan mindu gintuztenak, ez genizkion guk geure buruari ipini. Txitxirioak gehiago edo gutxiago gustatzea ere ez zen zuhurtziak eska zezakeenarekin batera etorri, eta andereño sadiko hark gure ezpain estuen artetik goilarakada kontaezinak pasarazi bazituen bata bestearen atzean, argi dago, gure gogoz kontra izan zen. Zer egin genezakeen matematikak buruan sartzen ez bazitzaizkigun edo ikasteko hamar minutu eternitate bihurtzen bazen? Eta kiroletarako trebezia zer, gure nahietara plegatu da, ala? Zakilak ere bere kasa erabaki zuen noiz altxatu eta noiz egin lo, eta modu berean, pentsa dezaket alutik gora sentitutako zirrarak nahigabekoak izango zirela besteentzat ere, eta inoiz kezka iturri. Ez zen gura apeta izan patioan ikusten genituen begi eta irribarre lapur haiek gu zapuztuta uztea. Olentzerori eskatutakoa ere telebistak edo Corte Inglések aukeratu bazuen, zer esan gero zapaten aurrean benetan topatu genuenaz. Bibotea nahi baino beranduago iritsi, guk aitzurra gogotsu pasatu arren, eta zoritxarrez betiko geratu zen, eta erabilitako metodo guztietatik bakar batek ez zuen aknea makurrarazi. Hilekoarekin dudan eskarmentu apurragatik ere esan dezaket gutxien behar duzunean egiten duela bisita, eta irrikaz zain zaituenean muzin egiten dio etortzeari, temati. Ez, gu ez gara garena izatearen hobendunak. Nahigabez eta halabeharrez betetako zorroak bai, beharbada. Onerako zein txarrerako.
Gauzak horrela, zelan leporatu inori den bezalakoa izatea eta, ondorioz, jokatzen duen legez jokatzea. Pertsonak, norbanakoak, ez dira aurrerantzean nire kritikagai izango.
Arazoa ez dira pertsonak, haiek, nahi gabe eta kontzientzia handirik gabe, eta haiek badiot gu ere badiot, osatzen duten multzoa baizik. Errua beti izan da gizartearena, ezta? Ez gizartea osatzen dugun gutariko bakoitzarena, ezpada denon baturatik ateratzen den emaitza ikaragarriarena. Norbanakoak, bere txikian, ez du kalterik egiten. Orrialde batek ez du pisurik, baina zoaz zure motxilan hain arinak diren orrialdetxoak sartzen, segi, beste bat, ez da ezer, ez du pisurik… eta ea zer deritzon aireportuko langileak fakturatu nahi duzunean… Haren errua ere ez da gehienez 20kg eroan ahal izatea. Ardura konpainiarena da, eta konpainia ez da inor, guztiak batera baino. Kaltea, berriro ere, multzoak sortua. Beraz, esaterako, ez dut Ramoncín kritikatuko, SGAE baizik. Peoiak beti alda daitezke jokoaren taulan; haiek darabiltzaten egiturak dira arazoa.
Eta norbaitek entzuten badit Bushen, Razingerren, Aznarren… aurka berba egiten, ez dezala esan neure agindua bete ez dudala: pertsonez ari nintzen goian!
Egurra pertsona usteko horiei eta beste hurreragoko batzuei ere, gure errua ez da eurak sufritzen bitzitzeko bestekoa eta tente dauden bitartean gauzek hobera ez dute egingo eta…
Egurra bai, baina susmoa dut haiek denak kenduta ere, antzekoak etorriko direla haiek ordezkatzera. Sistema bera suntsitzen ez dugun bitartean…
Gizakiak gizartea egiten duen bezala, gizarteak gizakia egiten du. Osotasun hori onartzeak neutroak egiten gaitu, aurreiritzirik gabekoak, ongia eta gaizkia erlatibizatzen, teorian. Berdinen artean bakarrak. Bestalde, nik gutxienez oso portzentai txikian egiten dut ihes sistemaren atzaparretatik. Ez naiz ni ein handi batean, ez naiz zoriontsu ein handi batean.
interesgarria, ados nagoelakoan nago.
Norbanakoa kalkulu matematiko baten ondorioa da. Bakoitzak momentuoro aldatzen doan formula bat dugu. Letra hauek zenbait kasualitateren kausalitatea dira.
Ez dut afirmazioak direla pentsatzea nahi, eztabaidarako momentuko teoriak baino ez dira, objetibotasuna ez baita existitzen nire ustez (norberarena bai).
Jode, ba hortik doa nire pentsaera. Nik ez dut betiereko moral objektiboetan sinisten, ez dut objektibotasunean sinisten. Kontua da jende askok bere subjektibotasuna unibertsalizatu nahi digula, egia absolutuak benetan gugandik kanpo, han baleude legez. Eta geon egongo dira, baina ezinezkoa da jakitea ezer ez bada bakoitzaren subjkektibitatearen bitartez. Subjektibitatea baino ez dugula onartzea totalitarismoen aurkako pilula da. Nirea neurea baino ez dela onartzen dudan unetik zaila egingo zait hori guztiei inposatu nahi izatea, ez bada fede txar hutsaren bidez, asmo gaiztoz. Are zailagoa nire subjektibitatearena baino ez den egia baten izenean inori bizia kentzea. Absolutismoa ez da ideologia batzuen arazoa, pentsaera batzuena baino, gero ideologia baten alde edo bestearen alde erabiltzea beste kontu bat da. Buru absolutu eta totalitario gehiegi dago, zoritxarrez. Hau dena, ordea, neure subjektibotasun partikular eta bakarretik esanda, zuzenetik okerretik beste eduki dezakeena.