Demokrazia biluzik

Parentesi luze baten ondoren hemen nator berriro (agian beste parentesi luze bati ekiteko berriro, batek daki), berriz ere demokrazia zeri deritzoten biluzteko.
Duela gutxi udal eta foru hauteskundeak izan ditugu Euskal Herrietako zenbait herrialdetan. Alderdien legezkotasunak edo legez kontrakotasunak gorabehera, aurten gertaera nahiko berriak agertu du burua, M15 izenez ezagutu dugun herri mugimendu heterogeneo eta zabala, Madrilen hasi eta gurera ere etorri dena, sistemaren aurkako amorruan, horizontaltasunean eta ideologiarik ezean oinarrituta. Ez dut oraingoan muga artifizial guztiak gainditzen ari den mugimendu interesgarri hori aztertuko, txikitatik demokraziaren izenpean irentsarazi diguten diktadura baizik. Horretarako, alderdien siglak alde batera utzita, gutxienekoak baitira, kasu bi hartuko ditut eredu partitokraziak agintzen duen munduko edozein txokotan gertatzen dena biluzteko: Bizkaia eta Bilbo.
Lehenengoari dagokionez, datu ofizialen arabera, alderdi batek botoen %38,06 lortu ditu eta, 51 jesarlekuetatik, 22, gehiengo osotik 4 jesarlekura. Azter ditzagun, ordea, zenbakiak. Bizkaian, guztira, 921.383 lagunek izan dute boto emateko eskubidea. Haietatik 216.273k eman diote botoa irabazi duen indarrari. Hori, matematika sinplea erabiliz, boto emateko eskubidea zutenen %23,64 da, hots, balizko boto emaileen laurdenek ere ez diote botoa eman irabazleari. Hala ere, Batzar Nagusiak osatzerakoan, jesarlekuen %43,14 hartuko dituzte. Abstentziora jo dutenak, aldiz, 331.999 lagun izan dira, hots, botoa emateko eskubidea zutenen %36,03. Haiei boto baliogabea edo zuria eman dutenak batuz gero, 351.353 dira, hots, balizko boto emaileen %38,33, irabazleak baino 135.080 lagun gehiago. Argi dago alderdiekin zerikusirik ez dutenek, D’Hont legea aplikatuko balitz, gehiengo osoa luketela Batzar Nagusietan eta haiei legokiekeela gobernua osatzea.
Bilbokoa are larriagoa da. Bertan, boto emateko eskubidea izan dutenak 277.999 lagun izan dira. Bertan alderdi batek gehiengo osoa lortu duela dioskute, botoen %44,96 eskuratuta. Jasotako botoak, ordea, 74.302 dira, nire matematikek huts egin ezean, boto eskubidea zutenen %26,73. Abstentziora jo dutenak, aldiz, 108.039 lagun izan dira, balizko boto emaileen %38,86. Arestian legez, haiei boto zuria edo baliogabea ematea erabaki dutenak batuz gero, 112.727 lagun dira, hots, bozkatzeko eskubidea eduki dutenen %40,55. Gehiago azaldu behar da? Bilbon, alderdi batek boto emaileen laurdenen babesa lortzeari deritzote GEHIENGO OSOA, eta halaxe gobernatuko du alderdi horrek, partitokraziak, asmakuntza oso aproposa batzuentzat, eman dion botereari esker, beste hiru laurdenei, baita modu batean edo bestean sistemari bizkarra ematea erabaki duten %40,55ei, eragingo dieten erabakiak hartuz.
Jakina, datuotan alde batera utzi ditugu sistemak zenbatzen ez dituen herritarrak, boto emateko eskubiderik ere ez dutenak, gutxiengo oso horiek hartuko dituzten erabakiak askotan gehien pairatuko dituztenak izan arren (etorkinak, esaterako).

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude