Ikatza Liburugunea, gune politiko berria Hernanin.
Liburutegi politiko soziala-Bidioteka-Artxibo dokumentala-Banaketak
IREKIERA
Urtarrilak 28, 20:30etatik aurrera…
Ikatza Liburuguneak bere ateak zabalduko ditu!
Pintxo eta edariez gain.
Bazkide egiteko aukera izango duzu!
ZER DA IKATZA?
Ikatza, Hernaniko Zapa kalean aurki dezakegun liburugune politiko-soziala dugu.
Ezagutzaren arloan dagoen monopolioaren aurrean pentsaera eta jarrera
kritikoa sustatzea helburu duen gune bat da, non esparru ezberdinetako
edukietaz horniturik dauden liburuak, aldizkariak, egunkariak eta abar
aurki daitezkeen. Gizarte eraldaketarako beharrezkotzat jotzen dugun
tresna bat da, bertan elkartzea, eztabaidatzea, elkartrukatzea,
autoformatzea… SORTZEA posible eginez.
Pentsaera bakarrarekin, instituzioekin, konbentzionalismoekin eta
sasiobjetibotasunarekin apurtzeko saiakera bat da. Ikatzak, modu
autogestionatu batetan, bizi garen munduaren analisi kritiko bat egitea,
alternatibak eraiki eta zabaltzea, eta aukera hau denon esku jartzea du
helburu.
ZER ESKAINTZEN DU IKATZAK?
Soziologia, historia, psikologia, nazio gatazka, feminismoak,
ekologismoa, langile borroka, anarkismoa, komunismoa, etab-i buruzko
edukiak aurkituko dituzu bertan, mailegu bidez etxera eraman ahal izango
dituzularik.
Honez gain, ekimen ezberdinak (hitzaldiak, tailerrak, kanpainak…)
burutuko dira bertan, buruari eragitera eramango gaituztenak. Zure parte
hartzea beharrezkoa dugu, ANIMATU ETA AGERTU ZAITEZ!
PRESO BAT, LIBURU BAT
Horrela du izena Ikatzatik ateratako lehen ekimenak.
Gure helburua proiektu hau herriko jende guztiari helaraztea denez eta
Hernaniko preso politikoak, urrun egonda ere, herritarrak direnez,
haiengana gerturatzea nahi izan dugu, liburugunea espetxeetara
trasladatuz, presoei erabiltzaile izateko aukera emanez.