Orain
tabakoaren aurkako lege berria indarrean sartu dela, hainbat kexu eta
demagogia entzuten dira, negargarriak gehienak, baina kasu batzuetan
normaltzat jo daitezkeenak. Normaltzat jo daiteke, esaterako, tabernaria
kexu izatea. Azken finean, taberna, bere xumean, enpresa kapitalista da
eta kapitalismoak lege bakarra dauka: etekina lortzea, zein ere den
hirugarrenei eragindako kaltea. Izan ere, erretzea kontsumismo
kapitalistak bultzatutako filosofia ezin hobeto laburbiltzen du.
Ideologia kapitalistak “askatasun”, “eskubide” mota bakarra
aldarrikatzen du: “neure” askatasuna, “neure” eskubidea. Baina besteak
aintzat hartzen ez dituen askatasuna ez da askatasun eta horregatik
kapitalismoak, askatasuna aldarrikatzen duenean ere, morrontza
mozorrotua baino ez du aldarrikatzen. Zer da, berez, erretzea? Neure
buruari plazera eragiten dion banakako ekintza ikasia (irakatsia), urte
luzez irudi erabat matxistan oinarritua, gainera, emakumeak, gauzarik
makurrenetan ere gizonen pare jartzeko lasterketa zoroan (ulertu gabe
bideak kontrakoa behar zuela gauza askotan: gizonok emakumeen pare jarri
beste gizarte eredu batean), egun gizonezkoak baino erretzaileago
bihurtu dituena, imitazioaren poderioz (gaur, demokrazia femizidaren
lorpenik handienetakoa emakume soldadu, emakume polizia, emakume epaile,
emakume agintari, hots, eredu patriarkala bere egiten eta betikotzen
duten emakume gizonduak ugaltzea izan da). Baina batez ere, neure
buruari plazera sortzearekin batera neure burua eta nire jardueran parte
hartzera derrigortzen ditudanak kaltetzen dituen ekintza da erretzea.
Kapitalismoaren erabateko laburpena: ustezko etekin baten bila
kapitalista bera (erretzailea kasu honetan) eta haren ekintzaren
ondorioak pairatzen dituzten beste guztiak amildegira eramatea.
Esan legez, normaltzat jo daiteke batzuen haserrealdia, eta
normaltzat jo daiteke kapitalismoaren beraren demagogia eredu bera
erabiltzea: legeak nire banakako eskubideak murrizten ditu, nire
askatasuna ukatzen du (baina hori egin ez duen bitartean legearen alde
egin dut). Arraroagoa dena, ordea, urte luzeetan anarkista erretzaile
askok logika berari jarraitu izana eta oraindik jarraitzea da. Edozein
anarkistak (anarko-kapitalistak alde batera utzita, halakoak ere egon
badaudelako) erraz ulertzen du, esaterako, norberaren askatasuna besteen
askatasunaren luzapena dela, norberaren askatasuna besteen askatasunean
hedatzen dela, ni ez naizela aske besteak aske ez diren bitartean.
Besteak ez direla aske nik aske aitortzen ez ditudan bitartean.
Horregatik, etorkizuneko gizarte anarkista batean besteak esplotatzea,
besteei kalte egitea… ez da eskubide edo askatasuntzat joko, eskubide
eta askatasun ukaziotzat baizik. Baina erretzeari buruz hitz egiten
dugunean… Halakoetan anarkista erretzaile gehienek (edo nik ezagutu
ditudanek, behintzat) anarkismoaren oinarriak ahaztu eta
kapitalismoarenei heltzen diete, euren berekoikerian gotortuz eta
ustezko askatasunaren demagogia berean babestuz. Zoritxarrez, ez dute
euren kabuz hausnarketa sinplea egin, alegia: 1. erretzea kontsumismo
eroenaren ikurra da, onurarik ez dakarren, enpresa (mafia)
kapitalistarik makurrenak eta Estatua bera lodiarazten, norberaren
auto-suntsiketa eta besteena baino ez dakartzan ekintza zentzugabea,
publizitate estilorik ustelenaren iruzurra; 2. leku itxi eta publikoetan
erretzeak erre nahi ez dutenen hautua ezinezko bihurtzen du, ekintza
libertizida, askatasun hiltzailea da, nire ustezko askatasunaren mende
jartzen ditu nire inguruko guztien askatasuna, askatasun ukatzailea da;
3. erretzeak berak erretzailearen askatasuna murrizten du, mendekotasuna
sortzen duen heinean ez baita bera erretzea hautatzen duena, haren
mendekotasuna baizik; 4. erretzeak harreman eredu guztiz bertikala
ezartzen du, erretzen duenaren erabakian ez delako besteen adostasunik
bilatzen ondorioak besteei ere eragin arren, erretzailea ez erretzaileen
gainetik jartzen da harreman hierarkiko batean. Azken finean,
erretzaileak berak “askatasunez” (gizartearen, publizitatearen,
badaezpadako balioen presioari askatasun esan badakioke…) hautatu duen
bizioaren, mendekotasunaren, ahuleziaren mende jartzen du gure
inguruneak uzten digun neurrian kerik gabe bizitzea erabaki dugunon
nahia, besteen bizioaren, mendekotasunaren, ahuleziaren morroi bihurtzen
gaitu. Leku publiko eta itxietan erretzeko askatasuna aldarrikatzea
besteak zapaltzeko askatasuna aldarrikatzea baino ez da. Zoritxarrez,
begirunerik oinarrizkoena ez da orain arte nahikoa izan. Erretzen ez
duenari “erre dezaket?” galdetzea bera hertsadura, txantaje mota bat
baino ez baita. Demagun pistola bat daukagula eskuan. Gure lagunari,
gure kideari tiro egin diezazuket galdetuko genioke? Eta kasu horretan
errazago leukake berak ezetz erantzutea. Baina erretzeko, bestea
izorratzeko baimena eskatzeak erantzuna bera baldintzatzen du, bestearen
borondatearen zapaltze mota bat da, terminoak aldrebesten dituelako:
nik, errez gero, bera zapaltzetik, berak, niri erretzea ukatuz gero, ni
zapaltzera pasatzen da, kontzientzian behintzat. Txortan egin nahi ez
duela dakigun gizon edo emakume bati txortan egin nahi duen galdetzea
bezalakoa da, ukatuz gero estu hutsa, zakil berotzailea-edo dela
leporatzeko. Jakina, aukeran hobe hori galdetu gabe bortxatzea baino,
hots, galdetu gabe gure kea irenstera derrigortzea baino. Hor ere esan
genezake gurekin txortan egin nahi ez dutenek gure sexurako askatasuna
ukatzen dutela. Baina txo, bakarka kanpaia jotzea daukazun bezala,
bakarka erretzea ere badaukazu!
Beraz, ondo letorkiguke, kapitalismoa, botere harremanak, ezarpenak
apurtzeaz hitz egiten dugunean gogoratzea erretzerakoan zer jarrera
darabilgun. Esan legez, erretzea, gaur egun, kapitalismoak bultzatutako
banakoikeriaren ikurrik handienetakoa da.
Niri kapiltalmoaren isla erretzearen ekintzan ikusteak pixkat demagogikoa
iruditzen zait. Hala ere nun egon dira orain arte ez erretzaileen
aldarrikapenak nik ez ditut entzun, ez zeate antolatu hain injustua zen
egoera batengatik kexatzeko, eta gobernu espainiar kapitalistaren legeen
zain egon zeate (pixkat zirikatzeko).
Nere proposamena honakoa da jatetxetan ez, pintxo
tabernetan ez, baina kopak hartzeko leku batzutan jabeek ala nahi badute erretzea baimentzea, argi ta garbi utziz bertan erre daitekela ez dakit zergatik izango
zen hain txarra, guztiak pozik erretzen ez dutenak eta ezin dutenak ke
usaina jasan ba ez daitezela jun; baina nik (eta seguru beste askok) erre
nahi badet zerbeza bat hartzen deten bitartean musika entzuten lasai
lasai ta hotzik pasa gabe ba horra nihoa ta listo. Legea oso radikala
iruditzen zait, eta ez da etorri gizartearen kexengatik, gobernuaren
interesagatik baizik.
Aitorpenarentzat: Ez dakit demagogia hitzaren esanahia ondo ulertzen ote dezun baina tira. Hala ere nik esango nuke ez erretzaileon aldarrikapenak beti egon direla hor, nahiz eta ez azaldu komunikabideetan, internetan, egunkarietan…
Nere lagun koadrilan 5 lagun gera, eta ni naiz erretzailea ez den bakarra. Zuk azaldu duguzun egoera emango balitz, nik lagunekoin poteatu nahi izango banu behartuta negoke leku hoietara joatera… Egoera hoi justua izango al litzake neretzat?
Eta beste kontu bat, pintxo tabernetan kaltegarriagoa al da tabakoa nere birikentzat??
@aitorpena uste dut jonek oso zuzen erantzun dizula. ez gara antolatu, ez, hots, ez gara erretzaileak bezain tiranoak eta gure lagun erretzaileekin egon ahal izateko aukeratu dugu haien kea irenstea, lagun erretzaileek gurekin egoteko zigarroa beste une baterako uztea inoiz erabaki ez duten bitartean. antolatzea zer izango zen zuretzat, tabernetara sifoiak eraman eta zigarroak amatatzen hastea? zuen zorionerako, eta gure kalterako, beti erakutsi dugu zuek falta izan duzuen errespetua.
argi gera dakizun, niri legeak ez zaizkit gustatzen, ez tabakoaren aurkakoa ez beste edozein, eta artikulua ez dut legearen alde idatzi, orain zeuen burua biktimatzat daukazuen erretzaileoi entzuten zaizkizuen kexuak (eta hor bai, demagogia hutsa egon ohi da, baloiak kanpora boteaz) askatasunaren ikuspuntutik biluzteko, mozorroa kentzeko baizik, batez ere, euren burua anarkista izanda erretzerakoan euren jarreraren irakurketa benetan anarkista egin ez dutenei zuzenduta. ez dagoelako banakako askatasunik taldeko askatasunik gabe.
bestalde, zure proposamenean beti ahaztu duzue beste gauza batzuetarako hainbeste aldarrikatzen dena eta artikuluan ukitu ez dudana, horretaz ere ikuspuntu libertario batetik asko esateko egon arren: langilea. zure erretzaileentzako tabernetan nor legoke barra atzean zuen kea irensten? orain arte bezala soldatapeko gixajo bat, hain kexu diren tabernetako enpresari diruzaleak, ala zuek zeuek? bitxia izan da aurreko legearen arabera lantoki guztietan erretzea debekatuta egotea eta salbuespen bakarra tabernak izatea, kontraesan are handiagoarekin: tabernariek debekatuta euki dute eurek erretzea, lanean zeudelako, baina bezeroen kea irentsi behar izan dute berdin-berdin lan horretan bertan. zoritxarrez, gauzak zelan dauden ikusita, ez dut uste tabernari diharduen koitadu batek aukeratzerik daukanik, ea lanari eutsi ala lana utzi, eta holan, jabeen eta zuen erretzaileon interesen pean egongo litzateke, orain arte egon den bezala. ala barra atzean lan egiten duten bitartean kerik nahi ez dutenak “zure” taberna horietatik kaleratuko zenituzke eta tabernari erretzaileak edo diruaren truke euren osasuna izorratzeak axola ez dienak kontratatu? hori da hori langileriaren eskubideen alde egitea, txo! imajina dezakezu zer izan den orain arte tabernarientzat hainbeste orduz egotea EGUNERO zuen denon kea irensten?
baina argi dago, berriz ere, zuen enpatia hutsaren hurrengoa dela eta zuen mendekotasuna uneoro asetzeko ez duzuela inoiz bestea gogoan hartze: zuek, zuek, zuek eta zuen erretzeko “eskubidea”. begiratu ingurura, “antolatu” ez garen erretzaileok, zuek entzun ez arren, maiz egon gara kexu. zure argudio horrekin edozein zapalketa mota zuritu daiteke: jendearen kexurik entzuten ez dudan bitartean, jendea antolatzen ez den bitartean, hor konpon! elkartasun ederra zurea! munduko meategi askotan lan hilgarrian diharduten haurrak ere ez dira “antolatzen”, baina hala ere ez dut zalantzarik pairatzen dutena basakeria dela eta, egunen baten, halako lana debekatuko balitz (edo are hobe, iraultza baten bidez esplotazio mota oro bukaraziko balitz), eta horrek gure lehen munduko zenbait erosotasun koloka jarriko balitu, atzera egiteko eskatuko genuke haur horiek inoiz kexatu eta antolatu ez direla argudiatuz? logika zoragarria… argi dago eta zuetako batzuek erraz erakusten duzue: euren tiraniara ohituta dauden tiranoek nekez ematen diote amore era baketsuan besteak tiranizatzeko euren “eskubideari”, berezkotzat daukatelako.