Nazioari bueltaka

Ez
da nazioa maiteen daukadan kontzeptua ez gehien arduratzen nauen
eztabaida baina, balizko euskal anarkismoari buruzko zirriborroa idatzi
eta etxera itzuli naizenetik, gura baino gehiago tokatu zait gaiari
heltzea eta horretaz hausnartzea. Ez dut ukatuko aberasgarria ere badela
hainbat anarkistak kontzeptu labainkor horretaz uste dutena entzutea
eta neure buruari horretaz pentsaraztea, besteen hitzetan aurkitutakoei
tiraka hausnarka ibiltzea. Entzun eta irakurritakoen artean
interesgarrienetakoa laster Ekintza Zuzenak Víctor Muñoz txiletarraren
artikulua (El Surco hilabetekariaren arduradunetako bat bera), batez ere
sinplekeriei ihes egin eta arazoaren konplexutasunari seriotasunez
heltzeko ausardia erakutsi duelako bertan; nazioaren gaiari dagokionez
anarkismoan maiz falta izan den zerbait, beste gai labainkorretan bezala
(indarkeriaren balizko zilegitasuna, izpiritualtasuna,
afektibotasunaren adierazpenak…, tabu ez badira ere, sinplekerietatik
eta topikoetatik kanpo behar beste eztabaidatzen ez diren gaiak dira,
bazterrekoak, bakarkako hausnarketa isiletara kondenatuak sarritan).

Nazioaren gai labainkorrari helduz, beraz, bihoa aurretik, beste gai
gehienetan bezalaxe, hemen zirriborratuko ditudan ideiak denak
behin-behinekoak direla, azken egunotako gogoeta partekatuek
bideratutakoak edo azken egunotan entzun eta irakurritakoei bilatutako
behin-behineko erantzun xumeak. Gainera, nire lagun batzuen aldean, ez
dut ohiturarik inoren aurreko azterlanak edo idatziak helduleku
hartzeko, neure buru mugatuak emandako sasi-erantzunak baizik,
dokumentazio lan patxadatsurako nagiegia naiz-eta. Are nagiagoa izenak,
datak edo hitzez hitzezko aipuak gogoan gordetzeko.

Neure buruaren gabeziak zurituta, beraz, ahaleginduko naiz anarkista
batzuen artean gaiak sortzen dituen mesfidantzak, zalantzak edo aurkako
jarreren iturburuak biltzen eta halamoduzko erantzunak ematen.

Alde batetik, batzuentzat nazioa eta Estatua gauza bera dira, hots,
Estatu-nazioa, eta anarkismoaren oinarrietako bat Estatua ukatzea
izanda, nazioa bera ukatzen dute. Munduan ez dago naziorik, burgesiak
Estatuaren sorrera zuritzeko asmatutako kontzeptua da, XIX. mendean
sortua, artifiziala, eta gainditu beharrekoa. Nazioak goitik inposatuak
dira eta, Estatuen eskuetan, eginkizun homogeneizatzailea daukate.
Anarkismoak unibertsaltasuna bilatu behar du eta, beraz, nazioaren
kontzeptuari aurka egin. Nortasun kolektibo oro da asmakizuna, batzuen
aburuz, eta banakoa baino ez dago. Hala ere, ikuspuntu hori defendatzen
duten batzuek, nazioaren ordez, klasea defendatzen dute izaera kolektibo
bakar eta nazioaren defentsak eragin dezakeen klaseartekotasuna ikusten
dute arrisku handi. Beste batzuek, jatorri artifiziala onartuta, halako
zerbait badagoela onartzen dute, baina zalantza handiak sortzen dizkie
nazioaz egin daitekeen erabilerak. Nazioa aukeratua izan barik inposatua
izatearen aurka agertzen dira, eta, lehen aipatu legez, nazioen
aldekoek bilatu ohi duten prozesu homogeneizatzaile artifiziala,
bertikala, asmo politikoz, Estatua sortzeko asmoz edo Estatua zuritzeko
asmoz bilatutako berdintasuna deitoratzen dute. Azkenik, nazio ideia
orok idealizazio prozesu akritikoa izan ohi du, kultura nazionalekotzat
jotzen den oro berez ontzat, are beste ohiturak baino hobetzat jotzeko,
bizirauteko arrazoia jatorri etniko garbian bilatzeko joera, eta dauzkan
ohitura arbuiagarrienak (emakumeen zapalkuntza, homofobia, animalien
aurkako tratu txarrak ospakizunetan…) betikotzeko arriskua, kultura
ezaugarri ezin utzizkoak balira legez, kulturaren berezko bilakatzeari,
bizitasunari uko eginez, horrek nazioa bera arriskuan jarriko duelako
ideia zabalduz.

Hel diezaiegun ideia horiei banan banan. Hasteko, Estatua eta nazioa
nahasten dutenek sinpletze ikaragarri bezain faltsua egiten dute.
Munduan dauden Estatuei begiratzea baino ez dago. Europako Estatuei so
eginez gero, ikusiko dugu guztiek hartzen dituztela egitura zentralizatu
edo deszentralizatu baten azpian zenbait nazio. Kasu batzuetan,
Estatuen izenek (Greziak, adibidez) nazioetako baten nagusitasuna uzten
du argi; beste batzuetan (Erresuma Batua litzateke argiena) nazio baten
nagusitasuna inorena ez den izen komun baten azpian mozorrotzen dute.
Gauza bera esan liteke Espainiari buruz. Espainiar Estatua egon badago,
baina ez da sekula espainiar naziorik egon, batzuen irudimenean baino.
Ameriketako Estatuei erreparatuta, ordea, zenbait jatorritako kolono
europarrek asmatutako herrietan identitate nazional bakarrak
azpiratutako herri indigenei dagozkie eta ez dago nazio horiek aintzat
hartzen duen edo haietan oinarritzen den Estaturik. Zer nazioren izenean
daude sortuta Estatu Batuak, edo Kanada, edo Mexiko, edo Argentina, edo
Txile…? Zer esan Afrikan europar kolonialismoak Estatuak
asmatzerakoan egindako triskantzaz… Bestalde, mundua Estaturik ez
daukaten, inoiz eduki ez duten eta kasu askotan inoiz nahi izan ez duten
nazioz beteta dago. Estatuak lur eremu bat, bertako herritarrak eta
baliabideak menderatzeko eta finkatutako mugen barruan legezko
indarkeriaren monopolioa izateko egitura bertikalak dira eta oso
gutxitan datoz bat nazio jakin batekin. Ez dakit holako Estaturik dagoen
ere.

Estatuen eta nazioen arteko nahastea alde batera utzita, nazioak
dakartzan aipatu arrisku guztiekin bat nator eta neurri batean neure
egiten ditut ikuspuntu horietan agertzen diren kezkak. Egia da nazioak,
kontzeptu kolektibo guztiek bezala, banakotasuna ezkuta dezakeela eta
gizakiaren sorkuntza artifizialtzat jo daitekeela. Baina, era berean,
hura bezain egia da antzeko kultura ezaugarriak dauzkaten giza taldeak
badaudena, arrazoi batengatik edo besteagatik, gizakia gizaki denetik,
giza talde bateko eta ez besteko sentitzeko joera egon dela. Paisaiak,
gastronomiak, hondamen naturalek, klimak… giza talde batzuk arazo
batzuen eta irtenbide batzuen aurrean jarri dituzte, eta beste batzuk
beste batzuen aldean, ohiturak, kosmobisioak, sinesmenak, hizkuntzak,
gizarte sistemak… dinamikoki eratuz, eta horrek gutxieneko ezaugarri
berdintsuak eman dizkiela giza talde jakin bateko kideei. Horrela, esan
daiteke Europan kultura grekoari eta judu-kristauari zor zaizkion
ezaugarri komun batzuk daudela, Asiako, Afrikako edo Ameriketako
jatorrizko herrien beste ezaugarri batzuekin zerikusi gutxi daukatenak,
esate baterako, eta aldi berean, Europako herri edo nazioen artean
ezaugarri bereizgarriek ere iraun dutela. Grekoek grekotzat zeukaten
euren burua, erromatarrek erromatartzat, egiptoarrek egiptoartzat,
galiarrek galiartzat, euskaldunek euskalduntzat…, eta hori burgesak
Europan agertu baino askoz lehenagotik dator. Beste horren beste esan
daiteke Amerika, Afrika, Asia edo Ozeaniako biztanleei buruz. Beraz,
nazioa kontzeptu artifiziala bada ere, badauka gizakien historiak
naturalki garatu duen oinarria ere. Bakuninek berak oso ondo azaltzen
zuen nazioa gizakiei berez atxikitako ideia dela eta abertzalekeria
deitoratzearekin batera, nazio zapaldu guztien aldeko jarrera irmoa
aldarrikatzen zuen. Bitxia da, halaber, nazioa sutsuki arbuiatzen duten
anarkista espainol batzuek iberismoaren alde egitea. Ez dakit nondik
atera den baina oso berezkoa, oso naturala ere ez dirudi kontzeptuak.
Zertan datza iberiarra izatea? Bitxia da ultra-eskuindar espainol
peto-peto batzuek ere kontzeptu bera erabiltzea gustuko ez dituzten
nazioak ukatzeko. Ahaztu nahi genituzkeen garaietako batzuen batasun
desiratuaren kirats bera dario, zoritxarrez.

Nazioa, bestalde, ez da taldeko kontzeptu artifizial bakarra, ezta
zapalkuntzarako erabil daitekeen bakarra ere. Erlijioa bezalaxe,
esaterako, klasea ere gizakiak asmatutako kontzeptua da. Ez da naturak
sortutakoa eta ez dago gizaki guztien kontzientzian. Bizimodu eta
ekonomia, gizarte eta politika harreman jakin batzuek, botere harremanek
eragindako kontzeptua da. Sozialista mota askok klasea ere gizabanakoen
arteko desberdintasunak ezabatzeko eta jendea homogeneizatzeko erabili
dute. Hala sinistu beharko dugu “burges”, “langile” edo “aristokrata”
jaio diren guztiek ezaugarri komunak dauzkatela, beste “klasekoekin”
zerikusirik ez dauzkatenak, gainera? Hola balitz, zelan uler liteke Marx
eta Engles bezalakoek (goi mailako burgesiako kideak jaiotzez eta
hezkuntzaz), Proudhon bezalakoek (euren ideologo nagusiak bere arerioa
gutxiesteko erabili zuen jatorri burges txikia darabilte marxista
batzuek behin eta berriz anarkistak eta, oro har, eurekin bat ez
datozenak erasotzeko, baita inkontzienteki hizkuntza marxista bere egin
duten anarkista batzuek ere, euren ildoarekin bat ez datozen beste
anarkistak iraintzeko; halakoentzat bekatua, burgestasunean baino
gehiago txikitasunean ei dago) edo Bakunin, Kropotkin eta Tosltoi
bezalakoek (jatorriz aristokratak hirurak ere) ez zegokien klasearen
alde ematea euren bizitzaren onena? Edo langile, soldatapeko diren askok
eta askok, gehienek, zoritxarrez, egunero euren jabe kapitalisten alde
egitea hautatzeko aukera izan orduko? Klasea ere norberaren baitan
dagoen sentipena, egoera, kontzientzia baino ez delako. Azken
hamarkadotan lehen munduan ia erabat ezabatuta, nahastuta gelditu den
kontzientzia. Eta klasea ere, langileria bera, alderdi jakin batek,
tirania luze eta gupidagabea zuritzeko erabili du, defendatzen ei zuen
klasea bera zapaltzeko aitzakia. Dena dela, kalseartekotasunaren arriskua onartuta, anarkistoi, hain
zuzen ere, nazio inposatuei aurre egiteaz batera, gure nazioko
burgesiari ere aurre egitea dagokigu, munduko zapaldu guztiekin naziorik
gabeko elkartasunean batu bitartean. Borroka biak izan daitezke
bateragarriak eta aldi berekoak. Duela gutxi 20ko hamarkadako testu bat
irakurri dut, Japoniak Korea menderatuta zeukan garaietan, korear
anarkistek euren argitalpen nagusian argitaratu zutena, eta bertan,
japoniar inperialismoa kanporatzeko gerrarako deia eta korear
burgesiaren aurkakoa batera aldarrikatu zuten, euren nazioa ukatu barik
baina abertzalekeria sen handiz salatuz, eredu oso interesgarria,
zalantza barik. Gaur egun, bestalde, “klase” bi bereiziko nituzke nik,
zerbait bereiztekotan: esplotazioaren aldekoak (jabe zein soldatapeko,
jakitun zein jakin barik, euren ongizatea edo bizirautea besteen
esplotazioan zein euren buruarenean oinarritzen dutenak edo hura hala
izatea onartzen dutenak) eta esplotazioaren aurkakoak (esplotatzaile
zein esplotatu izateari uko egiten diotenak eta esplotazioa bera
bukarazi nahi dutenak). Klase erabat heterogeneoak biak ala biak eta,
taldeko beste izaera guztiak legez, bereizgarri bakarrak kontzientzia
(edo kontzientziarik eza) eta kontzientzia horren aurreko jarrera
dauzkatenak. Bestela ere egin liteke, hiru klase bereiziz: agindu nahi
dutenak, aginduak izan nahi dutenak eta inolako aginterik nahi ez
dutenak Bereizketa, berriz ere, guztiz artifizial eta arbitrarioak eta
hamaika kritika eta ñabardura jaso dezaketenak. Taldeko bereizketa
guztiak bezala egunen batean suntsituak izateko sortuak.

Azkenik, norberak bere nazioaren izatea onartzeak ez du esan nahi
aitortzen zaizkion ezaugarriekin bat egin behar duenik. Anarkiston
lanetako bat, hain zuzen ere, gure inguruan errotuta dauden ohitura
arbuiagarri guztiak salatzea eta haiek desagerrarazteko, aldatzeko,
bilakarazteko kontzientzia sortzea da. Are gerra egitea ere, kasu
batzuetan, dauzkagun baliabide guztiekin. Edozein kultura zerbait bizia
da, ohiturak asmatu bezala ahazten dira, betikotzat jotzen ditugun gauza
asko atzo sortu ziren eta maiz asmo makurrak ezkutatzen dituzte. Jaso
dugun kultura ezagutzen dugu, ez guk ondorengoei utziko dieguna, hura
gaur bizi garenok eta etorriko direnek sortuko dugulako, eta ondorengoei
topatu duguna baino zerbait hobea uztea izan behar da asmoa beti. Nazio
guztiak dira etengabeko bilakatze prozesuan dauden errealitate biziak
eta tradizioaren izenean inposatu nahi zaigun orori egin behar diogu
aurre amesten dugun gizarterako bidean oztopo bada.

Nazioaren arazoa, baina, ez da ukatzeagatik edo saihesteagatik desagertuko, eta kontua da haren aurrean hartzen dugun jarrera.

Niri dagokidanez, nazioa taldeko zapalkuntzaren bati aurre egiteko,
aberasgarriak eta egokiak izan daitezkeen kultura ezaugarriek
bizirauteko baino ez dut erabilgarri ikusten. Egun Vargas Llosak eta
antzeko nazionalista-inperialistek nazionalismoen aurkako diskurtsoa
tokiko kultura eta errealitate zapalduak betiko azpiratzeko, ukatzeko,
iraintzeko, desagerrarazteko baino ez darabiltenean, uste dut nazioek
halakoen nazio “handi”ei aurka egiteko, globalizazioari aurpegi emateko
baino ez daukatela zentzua. Horrela ulertuta, anarkismoarentzat nazioak
erresistentziarako kontzeptua behar luke, zapalduen arteko elkartasunean
oinarritua. Nazio guztiak elkarren parean, berdin, errespetatu
sentitzearekin batera zentzua galdu eta desagertu beharrekoa. Eta
Estatuen aurkakoa. Elkarren arteko harresi artifizialak eraiki ordez,
berdintasun heterogeneoa bilatzeko kontzeptua. Internazionalismoa
benetako nazioartekotasuna izateko, erabat alferreko bihurtu arte. Nork
bere nazioari uko egiteko askatasuna behar da. Eta horretarako lehenago,
denek behar dute euren naziokoak sentitzeko eta nazio inposaturik ez
edukitzeko eskubidea.

Bide horretan, anarkista batzuek ikusten dituzten/ditugun arrisku
mota batzuk eta besteak ez ditugu inoiz bistatik galdu behar, baina
prozesu guztietan legez, arriskuen kontzientzia ez dadila bilaka ezer ez
egiteko aitzakia edo egiten den guztiari egurra emateko ohitura antzua.
Eta Estatuak eman dion nazioarekin eroso sentitzen diren anarkistek ez
dezatela mugatu ezarri zaienarekin deseroso sentitzen direnek zelan
jokatu behar duten eta nazioaren arazoaren aurrean hartu beharreko
jarrera.

Luzeago idazteko ematen du eta egunotan beste asko izan dira egindako hausnarketak, baina nahi nuen baino
luzeago ere idatzi dut. Bukatzeko, beste barik, aipatuko dut
Gernikan egin ziren jardunaldietan, nazioari buruzko kezka baino
nabarmenago gelditu zela Euskal Herrietan badagoela jendea maite duen
lurrean indarrak batzeko eta bide libertarioak bultzatzeko gogoz, gure
Euskal Herriak anarkismorantz eraikitzeko gertu. Ez da gutxi!

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude