Honakoa Txileko komunikabideei
bidalitako adierazpenaren euskararako moldaketa da (lantxo hau hartzea
zor nizuen). Eskerrik asko Euskal Herrian, Argentinan, Uruguain, Txilen
eta Wallmapun bertan…, zein ere den bultzatu zaituzten arrazoia,
hainbeste eman didazuen guztioi.
Asko dira gizon eta emakumeak bidaiarazten, errealitate
batzuei hurbildu eta besteetatik urrunarazten dituzten zioak. Ez dira
gutxi orain arte munduan hara-hona eroan nautenak, gehienetan buruan
asmo bera neukala: interesatzen zitzaizkidan errealitateak ezagutu
ondoren etxera itzultzea. Beste garai batean nire etxea bakarra zen,
hemen Euskal Herrian. Txilek, ordea, hori dena aldarazi zuen. Hango
lurretara hurbiltzeko erabakia harrezkero nire neskalaguna (inoiz
imajina nezakeen onena) izango zenarenganako maitasunak eragin zuen.
Han, Wallmapuko bihotzean, lehenengo aldiz eduki nuen neure etxetzat,
neure beste etxetzat, sentitu nuen beste leku bat. Eta, guztiaren
gainetik, beldurrak utziarazi zidan zoriontsu sentitzen nintzen tokia,
hango errealitatea, aurreko bizipenetan aurrekaririk ez zeukan jazarpen
politikoa, gertutik ezagutu arte sekula bizi izan ez nuena. Neure gogoz
alde egin ahal izan nuen, behintzat, hasieratik nahi zuten kanporatzea
gauzatu baino lehenago.
Orain etxera, bestera, itzuli naiz, eta azkenean seguru
sentitzen naiz. Orain erlaxatu, lasai lo egin, sentitu eta nahi dudan
bezala hitz egin, are han nor sartu eta zer eroan edo utziko duen buruan
izan barik etxea zaintza barik utz dezakedala sentitzen dut. Izan ere,
2009ko abenduaren 31 harrezkero poliziak, agintari batzuen esanetara,
ideien eta hitzaren munduari emana bizi zen idazle baketsu bat, delitu
izugarriak, hots, euskal jatorrizkoa, pentsaera anarkistakoa, punka eta
maputxe herri jazarriarekin solidarioa izatea egotzita, terrorista
bihurtzea erabaki zuenetik, Barja komandanteak koordinatutako polizia
indar haiek, Labocar-eko Victor Hugo Blanco kapitainaren jakintzaren
bidez, bulegoren batean erabakitakoaren benetako zioak nire gelako
armairuaren gainean inoiz ikusi ez nituen frogak jarriz mozorrotu
zituztenetik, Txileko komunikabide leialek behin eta berriz herrian
lehen aldiz sartu baino lehenago gertatutako leherketei lotuta egotea
leporatu zidanetik, lasaitasuna, segurtasun sentipena berreskuratzea
ezinezko bihurtu zen handik urrun izan ezean. Are gehiago, ebidentzia
guztien gainetik, hiru epailek normaltzat jo zutenean Victor Hugo Blanco
kapitainak tokian hartutako argazkiak
manipulatzea, batez ere polizia sartu aurretik leporatutako gauzak ez
zeudela frogatzen zuena; baita polizien kontraesan eta gezur ugariak
ere, bereziki Sipolcar-eko Marcos Gaetek asmatutakoak, berak egun batzuk
lehenago existitzen ez zirela zin egin zuen bideoen
bidez agerian utzitakoak. Nire errugabetasuna agerian utzi zituzten
lekukotasunak, aldiz, ez zituzten aintzat hartu. Ezta Fiskaltzak
akusatuaren eta leporatutako gauzen arteko loturarik ezartzeko gai ez
izatea ere. Frogatutako lotura bakarra gauza haiek, hiru polizien
hitzetan, “bertan zeudela” izan zen, haiek izan baitziren espezieak
armairuaren gainean ikusi zituztela aitortu zuten bakarrak. Halaber, ez
zuen garrantzirik izan, hiru epaile haientzat, agenteen euren
lekukotasunek agerian uzteak segurtasun protokoloari ez zitzaiola inoiz
jarraitu, batez ere, kontuan izanda lehergailua izan daitekeela uste den
objektu ustez ezezagun bat aurkitzerakoan protokolo hori derrigorrezkoa
dela (dirudienez, objektu hura ez zuten, ez, hain ezezagun). Horiek
guztiek ez dute axola xede bakarra pertsona bat kondenatzea denean,
horrela kanporatua izan eta dena bertsio ofizialen araberakoa izan
dadin. Fiskaltzak eskatutako bost urteen aurrean (gogoratu behar da
hasieran hamar urtetik gora eskatu zutela, Terrorismoaren aurkako Lege
malapartatua ezarri nahi zidatenean), emandako 220 egun horiek berez
hitz egiten dute epaileek benetan susmatu arren ebazteko kemenik izan ez
zuten inozentziaz.
Antzeko zerbait gertatzen da kontua maputxe komuneroak
kriminalizatzea denean. Victor Hugo Blanco kapitainakberak, bere ohiko
eraginkortasunez, sortuko ditu miaketetan topatu beharreko frogak.
Seguruenik, Santiagon ere haren parekoak dauzkate, gidoiak anarkisten
eta okupen buruak eskatzen dituenean. Garrantzitsuena “gizartearentzako
arriskuak” giltzapean egotea da. Lortuz gero, geroago dagozkien muntaiak
agerian geratu arren, denak aske utzi behar badira ere, ez du axola,
jendeak azkar ahazten du eta aurrerantzean ere pentsatuko dute, antzeko
kasuren bat gertutik ezagutu badute, salbuespenak direla, ez ohiko
jarduna.
Seguruenik, Txilen idaztea lanbide arriskutsua dela
ikusita, batez ere egia islatzen tematzen diren burugogorrentzat, ez dut
berriz izango hango lurretan bizitzea. Zoritzarrez, txiletar herriak,
egiazko gizarteak, egunero lan egiteko inoren izerdiaren ordez berea
darabilen horrek, bere odolean eguneroko sufrimendua ezagutzen duenak,
guztiaren gainetik irribarreari, abegi onari, umoreari eta maitasun
gaitasun itzelari eusten dionak, utzi didaten baino denbora gehiago
merezi duelako. Zoritxarrez, Wallmapun urte eta erdiz bizi ondoren, ez
dudalako maputxe komunitaterik barrutik ezagutzerik ere, jatorrizko
herri horren errealitatea hurbiltzen den atzerritar orok berehala,
terrorista ez bada, gutxienez susmagarri bihurtzeko arriskua daukalako.
Maputxeen abegi eskerga garesti ordain daiteke.
Bidean dagoen helegitearen emaitza zein ere den (logikak
aginduko balu aldekoa behar luke), askea naiz orain. Lehen baino apur
bat gutxiago, zenbait pertsonak erabaki dutelako jaberik behar ez lukeen
lur honetako zatitxo bat debekatuta daukadala, baina askea, azken
finean. Beharbada, egunero bere barroteak hautatzen dituen herri eder
hori baino askeagoa; izan ere, haiek ematen diete boterea maitasunaren
eta askatasunaren handitasuna ezagutzen ez dutenei, diruarekiko
maitasuna eta zapaltzeko askatasuna baino ezagutzen ez dituztenei. Eta
askatasuna, besteak beste, urte eta erdi honetan gertatutakoaren egia
ezagutarazten jarraitzeko erabiliko dut. Balio dezala egia horrek
maputxe anaiei euren bizia bidezkoa dutenaren alde arriskuan jartzera
eroan dituzten kasuei ere argi apur bat jartzeko, Santiagoko 14
atxiloketen atzean benetan ezkutatzen dena, Txilen ideiek egunero
pairatzen duten errepresioa argitzeko.
Hau dena idatzi diet ez entzunarena egin duten Txileko
komunikabideei. Zorionez, Euskal Herrian hainbat belarri, hainbat bihotz
egon dira hasieratik egia ezagutu eta ezagutarazteko prest. Belarri eta
bihotz horiek ahots ere bihurtu dira mezua ozen helarazteko. Berriz
ere, zuen belarriak, bihotzak eta ahotsa baliatu nahi ditut gose greba
luzeari aurre egin dieten peñi-ei, kartzeletan dauden preso maputxe eta
anarkista guztiei, lagun on batek esango lukeen bezala, osasuna,
maitasuna eta xamurtasuna helarazteko. Egunero irentsi nahi gaituen
sistemak gutako azkenaren ahotsa isilarazten ez duen bitartean munduak
itxaropena izango du.
Aupa Asel!!
Iosu naiz, Temucon zure etxean egon ginen uztailean Idoia eta ni. Duela
egun batzuk ETBn ikusi nizun eta horrela jakin genuen Euskal Herrian
zaudela. Pozten gara onik atera zarelako behintzat, eta espero dugu
Txilera bueltatzeko aukera izatea!
Zarauzko Gaztetxeko urteurrena dela eta idazten dizut, hitzaldi bat
emateko. Zure esperientzia, maputxeen egoera… eta nahi duzun
kontatzera etortzera gonbidatuta zaude. Animatzen bazara libre ditugun
egunak azaroak 4, 15, eta 18 dira, uste dut behintzat. Nahi baduzu
abisaidazu eta konfirmatuko dizut data.
Ondo izan!
Iosu
isuo@riseup.net
aupa iosu!
hamen nago, bai, mundakan. zelan bizi zareta? momentuz, luzaroan behintzat, ez dut uste txilera itzuliko naizenik, pena apur bat euki arren… kontatuko dizuet.
ba zarauzko gaztetxean egon behar dut, baina azaroaren 23an. hori eskatu didate, behintzat, eta horrela utzi dut adostuta. bertan elkar ikusiko dugu beraz!
estutu handia ta musu handia idoiarentzat ere! =)