Londres kartoizkoa da, Unairen literatura benetakoa

Gustatzen zaizkidan liburuen artean mailak daude. Batzuek entretenitu egiten naute, beste batzuek azkar irenstera bultzatzen naute eta, gehien gozatzen ditudanek, idazteko premia gorria eragiten didate. Azken boladan hiru dira azken emaitza desiratu hori lortu duten idazleak: Benedetti, Vila-Matas eta, kronologikoki azkena baina ez gutxien erdietsi duena, Unai Elorriaga. Liburu guztiek ez baitaukate burua zirikatzeko ahalmen bera eta niretzat gozamen literarioaren gailurra horixe baita: irakurtzen ari naizenak besaulkitik altxatu eta nire eleberrira itzultzeko deia egiten didala sentitzea. Literaturaren plazer betea. Oraindik daukat ahosabaiari itsatsita Londres kartoizkoa da eleberri zoragarriak utzi didan sentipen gozoa.

Badakit Unai Elorriagaren aurreko lanek kritika zorrotzak jaso dituztena, eta hori bezain ondo dakit nik haiekin guztiekin gozatu nuena. Zer nahi duzue, Unaik haietan lortu zuen estilo edo “zigilu” propioak disfrutarazten zidan, batzuek su-artifizialak deitutako horiek eurek. Baina egia da azken lan honetan horiek denak guztiz gainditu eta lan borobila lortu duela. Batez ere ideietan eta argudioetan besteetan falta zitekeen sendotasuna lortu duelako Bere buruari leial izanda bere burua berrasmatzeko gai izan da, berez meritu handikoa dena.

Oraingoan ildo nagusia, gaia, istorioak argiagoak dira, eta oroitzapenetan atzera eta aurrera egiteko hariak oso ondo lotuak. Errealitate gordinean murgildu da, diktadura orok uzten duen aztarna odoltsu eta eroan, pertsonaia eta xehetasun bitxiak, biziak, bereziak atzean utzi gabe. Iluntasunean barneratu da bere begiradan eduki ohi duen argitasuna galdu gabe. Eta hari guztiak maisuki lotu ditu, amaiera aldeko ezusteko bueltaraino. Jakina, buelta hori zertan datzan ez dut hemen biluztuko.

Argi dago lan honetarako Unai iturri psikologikoetan erruz edan duela, eta horrek ere bere fruituak eman dizkiola. Baina ezagutza psikologikoak ez du batere trabarik egiten, berezkotasun osoz xurgatu du istorioak eta leku erabat naturala eman dio.

Agian diktaduren gordina biluzterakoan alderdi psikologiko eta psikiatrikoetan oinarritzeak ezkutatuta utzi ditu alderdi ideologiko eta ekonomikoak, diktadurek orok zein interes ekonomikoren alde egin duten, alegia, eta diktadura horiek itxuraz amaitzerakoan zer oinordetza ezabaezina utzi dioten gizarteari (diktadura guztiek utzi ohi dutelako ondoren, diktadura bera beharrezkoa ez denean, bere eginkizuna ondo beteta geratu denean, iraungo duen ordena “lotuta eta ondo lotuta”, Estatuek eurek ezin dutelako euren buruaz beste egin, diktadurak benetan eta erabat atzean uzteak eskatuko lukeen bezala). Baina horren faltan, beste gauza garrantzitsuak agertu ditu bere estilo maitagarrian bilduta: oroimen historikoaren garrantzia, diktadurek pairatu dutenengan uzten dituzten aztarna ezabaezinak, zauriak ixteko premia gorria, diktaduren egiturek dakarten soka luzea, itxuraz amaitu ostean ere, hamarkadetan dirauten beldur fisiko eta psikologikoak, egia osoa agertzeko trabak, administrazioen ezintasuna…

Indarkeriaren erabilerari ere begiratu dio Unaik eta horretan ere ondo atera da, kontua hain labainkorra izan arren. Izan ere, lerro artean indarkeria erabatekoaren aurrean beti kalte txikiagoa dakarten erantzun bortitzek dauzkaten zilegitasuna eta batzuetan eraginkortasuna bera ere suma daitezke, baina Unai bera ez da horien balekotasuna epaitzera sartu. Pertsonaiek ere ez. Erresistentzian edo disidentzian horri buruzko eztabaidak garrantzia izan duela suma daiteke, baina eztabaida itxi gabe, inoren bidea epaitu gabe gelditzen da kontua, hautu pertsonalaren esparruan. Irakurle bakoitzak indarraren erabilera ulertzeko daukan ikuspegitik interpretatzeko atea zabalik gelditzen da.

Txilen, euskarazko inguruetatik hain urrun, baneukan euskaraz horrela gozatzeko gogoa, benetan. Eskerrak poliziak abenduaren 31n bahitu zizkidan liburuak itzuli dizkidala! (Esan dudan bezala, diktadurek soka luzea dakarte eta Unairen liburua, ironikoki, holako sokaren biktima izan da hemisferio honetan). Eta eskerrak euskal literaturak Unai Elorriaga bat daukala.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , , , . Gorde lotura.

2 erantzun Londres kartoizkoa da, Unairen literatura benetakoa-ri

  1. arantzabal egilea: Iban Arantzabal

    Nasmastar jauna,

    Seguruenik irakurriko zenuen Beñat Sarasolaren kritika liburuaz. Amaiera horretaz ahapaldi bat baino gehiago ditu Berriako zutabean.

    Tartean hauek biak:
    “Istorioaren ebazpena, hala, ez da espero zitekeen bidetik gauzatzen,
    eta literatura jolas gisa funtzionatzen badu ere, ikuspuntu
    etiko-politikotik, ene aburuz, dezente zalantzazkoa da”.

    “Nolanahi den, aitortu behar dut nobelaren amaiera ez dudala batere
    gogoko izan. Borobilegia suertatu zait, zirrikiturik gabea, eta uste
    dut kontraste handiegia egiten duela nobelaren ordurarteko jite
    ezegonkor eta zalantzazkoarekin.”

    Zuretzako: ” Eta hari guztiak maisuki lotu ditu, amaiera aldeko ezusteko bueltaraino”

    Ikuspuntu bi.

    Ez dut irakurri, baina ebatuko dut liburua. Gogoz geratu naiz. Eskerrik asko iritzia blogera ekartzeagatik. Segi gogor.

  2. egilea: asel

    aupa iban. beñaten kritika irakurrita neukan aspaldi eta ahaztuta ere bai. haren irakurketa ere guztiz errespetagarria da eta ondo ulertzen dut gainera esan nahi duena. egia da istorioaren nondik norakoagatik neuk ere beste amaiera mota espero nuela, baina horrek ez du esan nahi nik espero nuena hobea zatekeenik, jajaja. beñat oso zorrotza da eta ondo dago hori. ni ez naiz kritikaria, blogean nire sentipenak eta hausnarketak jartzen ditut goragoko asmorik gabe eta argi daukat irakurle beste iritzi egon daitekeela. gustatzen zaizkidan liburuei buruz baino ez dut idazten (eta blogean arau horretan salbuespen bakarra egin dut) eta idazleei gozarazi didatena eskertzeko batez ere. jakina, liburu asko dira gustatzen zaizkidanak eta hemen “iruzkindu” oso gutxi, nagiegia naiz-eta! eta ikusten duzunez, istorioaz gutxi kontatu ohi dut. ez zait gustatzen inori istorioak deskubritzeko plazera zapuztea. batzuetan gehiegi ere esan dudala sentitu dut!
    unairen kasuan, gainera, uste dut egur gehiegi jaso duela maiz, eta nire ustez unai gehiago bageneuka hobe.
    oraintxe berrirakurri dut beñatena eta oro har oso ados nago berarekin. neuk ere aipatu dut diktaduraren irakurketa psikologia-psikiatriari lotuegia geratu dela, eta horrela agian jolas literarioa atera da garaile arlo ideologikoaren kaltetan. unairen hautua izan da hori eta ni ideologizatuegia izaten banaiz ere, ez diot haren hautuari erreparorik jarriko, bestela ez litzateke unairen liburua! :p
    onena, kasu guztietan, inoren iritziari kasurik egin gabe norberak irakurtzea!
    zuri eskertzen dizut bloga irakurtzea eta zure hitzak oparitzea, maiz nire esparrutxo honi izozkailuaren antza hartzen baitiot, bertan gordetzen ditudan jakiak nork desizoztuko dituen zain 😉

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude