Punka Txilen

Duela zenbait hilabete lagun batek Txileko punk taldeen gaineko zerbait idazteko eskatu zidan. Nagi ibili naiz, egia esan, harrezkero, baina gaur indarrak batu eta zerbait idazteko materiala bilatu dut han-hemenka. Dena dela, ez da punka aipatuko dudan kontu bakarra, hemen, garai batean Euskal Herrian gertatu legez, gizarte mugimenduak eta musika elkarren eskutik doazelako, eta bertan, jotzeko estiloa baino gehiago, ideologia da elkargunea.

Historia apur bat

Esan daiteke txiletar punkaren historia 1984an hasi zela, diktaduraren erdian. Euskal Herrian La Polla, Eskorbuto, Zarama, Hertzainak… jaiotzen ziren bitartean, Txilen izen ezin probokatzaileagoa zeukan taldea sortu zen, Los Pinochet Boys. Ez ziren inoiz diskorik grabatzera iritsi, baina sarean lor daitezkeen kanta batzuk utzi zituzten, egun kultokoak izan daitezkeenak, Txileko punkaren oinarriak jarri bitzituzten.

Diktadura artean bizirik zegoela oraindik dirauen taldea sortu zen, seguruenik, Txileko punk talderik garrantzitsuena, Alvaro Españaren Fiskales Ad Hok itzela. 1986an izan zen, diktadura ofizialki bukatu baino urte bi lehenago. Sasoi latzak ziren eta, euren DVDan kontatzen dutenez, une zirraragarriak bizitzea tokatu zitzaien, esaterako, kontzertua lokal itxi batetik kalera jo eta “pakoek”, hemengo poliziek, ikusleak zelan sakabanatzen zituzten, haien aurka euren indar guztia zelan zerabilten ikustea; Fiskaleko mutilek euren mezu antifaxista aldarrikatzen jarraitu zuten eta oraindik ere, 23 urte beranduago, ildo beretik dihardute.

Punkaren historian aipatzekoak dira egun “saldutzat” jotzen diren beste talde batzuk, hala nola Los Miserables edo BBS Paranoicos hardcore taldea (diostenez, egun emo bihurtuta). Baina egia esan, 25 urte beranduago herri honetan punkak sasoiko, bizi, indartsu dirauela esan behar da. Horren froga dira, esaterako Punkora eta Los Peores de Chile taldeak eta, neure eskarmentuak erakutsi didanez, Temukoko mugimendu sendoa.

Taldeen hitzetan ohikoa da umorea ere. Izan ere, txiletarrak bereziki onak dira adarra jotzeko (euren berbetan, “son buenos pal weveo”). Horren adibidea izan daiteke Los Mox taldeak Don Ramón pertsonaia gogoangarriari egindako omenaldia…


Temuko, punka bizitzeko modu bat

Temukora iritsi nintzenetik sentitu nuen hemen punka zerbait bizia dela. Diotenez, hemengo “eskola zaharreko” punkak dira naziak kaleetatik atera zituztenak, posible zen modu bakarrean atera ere (imajina ezazue). Horren meritua oraindik bizirik dagoen belaunaldi batena da, baina asko dira haien lekukoa hartzeko prest daudenak. Punka, Temukon, kalean bizi da (omenalditxo pertsonala Vaneren lagun bati XD).

Hona iritsi eta berehala izan nuen punka Temukoko estiloan bizitzeko parada. Hemen, okupak ez ezik, badaude kontzertuetarako erabiltzen diren eraikin zaharrak, esaterako, “La fabrika”, lantegi baten hondakinak. Bertan izan nuen nire lehenengo esperientzia, eta hasieran apur bat beldur nintzela aitortu arren (hemengo lagun batzuek punk kontzertuak ostiaka bukatzea ohikoena zela esan zidaten), berehala jabetu nintzen mitoei kasu egitea baino hobea zela errealitatean murgiltzea. Slam eta pogoa nonahi eta etengabe, aspaldian ez nuen “tokata” bat (hemen dioten legez) horrela gozatzen. Hurrengo kontzertu batean, Amanecer auzoan (bertan dago hemengo liburutegi libertarioa), giroa 80. hamarkadan Euskal Herrian bizi genuenaren oso antzekoa dela baietsi nuen. Gandorrak, garagardoak eta rollo ona airean, platerkada eder bat punk eta hardcore bizi izan genituen, saltoka eta sakaka.
Horretan lagundu ziguten hemengo taldeek, Temukon dauden ia kontzertu guztietan dauden Orden Criminaleko mutilek, CNIk, Toni Montana hardcore taldeak… Zoritxarrez ez dut gogoratzen egun batzuk egin nituen lagunen taldea, ederto jo baitzuten, tartean La Pollaren hainbat kanta. Ez da kasualitatea, Argentinan bezala, hemen La Polla talderik gustukoenetakoa baita. Hemen daukazue esandakoaren eredu bat, “Toro” jatorraren Orden Criminal taldearen kontzertuan (barregarria da bideoan azken boladan egindako lagunak ikustea)

Dena dela, ez dira “tokatak” punka bizitzeko modu bakarra. Hemengo gizarte mugimenduek, gazte erakundeek, maputxeen eskubideen aldeko mugimenduek… “peña” dertizen jaiak antolatu ohi dituzte, dirua biltzeko. Zoritxarrez gero eta gutxiago dira, besteak beste, maiz borroka bila baino ez doazen “flaite”ak (hemengo faunako gazte mota bat, oso berezia, markako arropak janztea eta borrokatzea gogoko dituena, eta etxeetan zein kaleetan gertatzen diren lapurreta gehienen atzean daudenak) agertzen direlako eta sortutako borrokek “pakoen” presioa areagotu dutelako. Harira itzuliz, “peña” horietan, sarrera nahiko merke ordainduta (eta ikustekoa da hemengoek are merkeago sartzeko daukaten trebetasuna, sarrerakoekin azken pesora arte negoziatuz, taldekako prezioak lortuz…) garagardoa, “nabegao” izeneko ardo beroa (alkohola galdutakoa) eta ardoa edan, “sopaipilla”k (hirinazko ore frijitua, gehienetan “pebre”z jaten dena) eta “completo”ak (saltxitxa otartekoak, aguakate, tomate, tipula eta maoinesarekin, gehienetan) jan eta dantza egiten dute. Zoritxarrez, hemen jendeak lar edateko joera handiegia dauka, eta ez dira falta “jugo” ematen dutenak, hots, astunkeriatan ibiltzen direnak eta noiz edo noiz borrokak sortzen dituztenak.

Baina hori alde batera utzita, euskaldun batentzat harrigarriena punk guztiak kunbiak dantzatzen ikustea da. Are gehiago, zaila da hemen “carrete” bat (jaia, parranda) egitea lehenago edo beranduago (gehienetan beranduago, jendea mozkor , “curao” dagoenean) kunbia dantzatzen bukatu barik.

Gauzak horrela, ez da arraroa kunbia-punk estiloa egotea. Estilo horretan talderik ospetsuena Anarkia Tropikal izenekoa da. Zoritxarrez, ez dut haien kantarik ezagunenaren bideo ofizialik topatu, “Amor enkapuchado” zoragarria, baina bai entzun ahal izateko zerbait, haren ordez (argituko dut hor entzuten dena ez dela Anarkia Tropikalen jatorrizkoa, beste talde batek egindako bertsioa baino, eta hari lotuta beste “kunbia proleta” batzuk doaz). Dena dela, kunbia-punk estiloaren izpiritu osoa harrapa dezazuen, talde jator honen kanta bi utziko dizkizuet opari.


Musika boterearen aurka

Punka, ordea, ez da txiletarrek Estatuari aurka egiteko darabilten estilo bakarra. Hip-hop, ska edo bestelako estiloak ere arma ezin hobeak dira sistemari aurka egiteko hemen gehien mugitzen den ideologia, hots, anarkismoa, Txileko bazter guztietatik zabaltzeko.

Eta erresistentzia mugimendu horietan guztietan ez dira inoiz falta herri indigenen aldeko ahotsak, batez ere Estatuarekin gerran dauden maputxeen aldekoak. Punk mugimenduan ere maputxeak falta ez diren bezalaxe.

Hemen utziko dizkizuet beste talde garrantzitsu biren bideoak: Subverso eta La Floripondio. On egin!

PS – Bitxikeria bat: badakizue zein den tabernetan gehien entzun dudan taldeetako bat? Skalariak! “Neska reggae” eta “Segi, segi” hamaika aldiz entzun dut hemen nagoenetik, eta itzulpenen bat eskatzen didana ez da inoiz falta.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude