Mandriva 2008.1 Spring kalean

Joan den astetik hona kalean dago Mandrivaren azken bertsioa, 2008.1 Spring. Iaz hasi zen Mandriva urtero bertsio bi ateratzen, udazkenekoa eta udaberrikoa, eta zintzo-zintzo etorri da udaberri aldakor honetara Spring delakoa, gutariko batzuen pozerako.

Barikuan, Powerpoint bertsioa deskargatu orduko, instalatzeari ekin nion. Hasteko eramangarri honetan, lehenengo frogatxoak egiteko, eta dena ondo eta txukun ikusi eta gero, mahaikoan. Astebete joan da eta orain topatu dudanaz apur bat berba egiteko moduan nago.

KDE sistema grafikoari lehentasuna eman ohi diodanez, oraingo honetan, GNOMEzaleei eskainiko diet lehen irudia…

Eta zer dakar berri? Ohi legez, Mandrivaren sistema grafiko kutuna KDE da, eta lehenetsita instalatzen duen bertsioa oraindik 3.5.9 da, baina nahi izanez gero KDE 4 ere instala daiteke. GNOME ere bertan dago, jakina, 2.22 bertsioa.

Zergatik ez den KDE 4 bertsio lehenetsia? Dirudienez, Mandrivan oraindik ez daude guztiz seguru haren funtzionamenduaz, haren egonkortasunaz, baina heldu den udazkenerako agindu dute. Dena dela, nik instalatu eta probatu egin dut. Ez dut esango maitemindu nauela. Windows Vista nire bizitza osoan behin baino ikusi ez badut ere (eramangarri honek derrigorrez ekarri zidan bizkarroi hori bere sabelean, eta piztu ere egin nuen jakin-min hutsagatik), KDE 4ri Vistaren usaina hartu diot. Gero, lagun batek esan zidan ez dutela zerikusirik (eskerrak!), baina badakizue, lehenengo inpresioa… Itcura ederra, oso modernoa dauka, baina betiko KDEtan hain begibistakoak diren konfigurazio aukerak ez ditut lehenengoan aurkitu. Niri ataza-barrak pertsonalizatzea gustatzen zait, beti izaten ditut bi, nire gustuetara egokituta, eta KDE 4n ez nuen argi topatu non egin holakoak. Menu estiloa goitik behera aldatu dute, ikono handi eta ikusgarriak, eta ohiko eskemen ordez hautatu ahala ordezkatzen doazen leiho dotoreak. Mahaigainean hainbat tramankulu erants daitezke, hala nola erloju handia (horretan gogorarazi dit Vista, hain zuzen ere), ikonoen tamainak aldatzeko tresnatxoak agertzen zaizkigu, baita mahaigaina bera aldatzeko (gehiado Compiz lako 3Dko sistema grafikoei begira, seguruenik, mahaigain anitz erabiltzeari begira…). Tira, hemen iruditxo batzuk txapa larregi ez luzateko.

Mahaigainak alde batera utzita, Mandrivak aurreko bertsioan dexente hobetu zuen kanpoko ispiluak (programak sarean jaisteko eta instalatzeko biltegiak, zeozelan esateko) konfiguratzeko sistema, eta Easy Urpmi gunean ere dena automatizatuta egin daiteke orain.

Aurreko bertsioan sareak, wifi konexioak-eta kudeatzeko egin ziren hobekuntzak ere aurrera doaz, eta irudiaren gizartean gaudenez, haien ikonoak ere dotoreagoak dira orain (txikikeria, badakit).

Txartel grafikoen driverrak ere hobetuta datoz. Hau, batez ere, ATI darabilten interesekoa izan daiteke. Nvidia txartelak primeran dabiltza, baina ATI driverrak beti izaten dira kaskarragoak. Zoritxarrez, eskuartean daukadan makinatxo honek ATI dauka, hori akatsa nirea, baina orain driver jabeduna “ia” ondo dabil. Oraindik arazo bat ematen dit, bigarren saio paraleloa abiatzen saiatuz gero, kaput. Nvidian, esan legez, batere arazorik ez. Beraz, badakizue, erosi behar duzuenean hobe ATI txarteletatik urrun!

Aldi bereko saioei dagokienez, badago aldaketa bat. Orain arte, bigarren saioa abiarazten zenean azken horrek ez zeukan soinurik, eta lehenengo saioa, saio nagusia izanda, zen soinua kontrolatzen zuen bakarra. Orain, ordea, saio guztiek erabil dezakete soinua aldi berean. Ez dago txarto, gure kasuan, behintzat, bioteko batek beti jo behar zuen lehenbiziko saiora handik musika edo pelikulak jotzeko. Orain edonoren saiotik jo eta aurrera. Erosotasun kontu txikia.

Dakartzan paketeen artean, Elisa deritzona azpimarratuko dut, Fluendo barruko proiektua. Elisa Media Center multimedia guztiak kudeatzeko programa txukuna da. Bertan, gure argazkiak, bideoak eta musika kudea ditzakegu modu erraz eta dotorean. Abiatzen denan pantaila osoa hartuko digu eta aise mugituko gara gure bilduma guztien artean. Horrez gain, aukera dago Interneteko baliabideak bertan zuzenean erabiltzeko: YouTube, Flickr eta Shoutcast, mementoz. Hemen iruditxo batzuk, ideia bat egiteko:

Beste paketa berria HomeBank delakoa da. Nik KMyMoney erabili dut beti banku kontuei jarraipena egiteko, eta mementoz horri eutsiko diot ez dudalako batere gogorik dena zerotik hasteko, baina HomeBank honek itxura oso ona dauka, eta KMyMoneyk ez dakartzan hainbat ezaugarri, esaterako, aurrekontuak egiteko aukera. Beharbada egunen batean saltoa egingo dut… Hemen irudi batzuk konparatu ahal izateko.

HomeBank


KMyMoney


Bukatzeko, aurkikuntza malapartatu bat ere egin dut. Aspaldian ez nintzen ezertan jolasten, baina eskuragarri dauden jokoen artean kuxkuxeatu eta goitik behera harrapatu nauen jokoa topatu dut, FreeCol, Colonization jokoaren bertsio askea. Eta hor nabil jo-ta-su kolonia egonkor eta jasangarria sortu guran eta inguruko frantses eta espainolei egurra emateko prest, nire kolonoek Bizkai Barria izendatu duten lur “berrietan”…

Jakina, Secondlife eta holako asko ere hor daude gustuko dituztenek instalatzeko zain…

Betiko moduan, Mandrivak hiru bertsio ipini ditu eskuragarri: Mandriva Free, oso-osorik software askea dakarrena; Mandriva One, CD-live estilokoa, disko gogorrean instalatu barik abiarazi daitezkeen horietarikoa, alegia, eta Mandriva Powerpack, hau ordaindu beharreko bakarra. Mandriva Flash delakoa ere eros daiteke. Azken hori 4Gb-eko pendrive horietako batean dator, prest handik zuzenean erabiltzeko eta libre dauzkan 3Gb dauzka nahi diren datuak gordetzeko. Poltsikoko Mandriva, alegia!

Luzetxo geratu zait, ezta? Tira, behin hasiz gero… Hemen utziko dizuet nire makinatxoetan sistema abiarazteko aukeratu dudan bootsplash irudi xarmagarria, Penguin Liberation Front zuen ordenadoreak konkistatzeko prest!

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude