Susmagarria

Zergatik hartzen ete diot usain txarra oraintxe ETBn entzundakoari. Urdaibai eta haren ingurua urteetan babestuta egon ondoren, orain Jaurlaritzari bat-bateko kezka sortu zaio, ea hemengo biztanleak pozik dauden ingurune babestua izatearekin. Eta modu oso susmagarrian, telebistan zabaldu diren iritziak norabide berean etorri dira: oztopo handia dela garatzeko, jendeak bere herrian lana topatzeko… Urdaibaiko biztanlea naizen aldetik, ez dut sekula holako kezkarik sumatu, baina tira, telebistak hala badio…

Ez dakit zergatik begitantzen zaidan Jaurlaritzaren interes berri honen atzean beste zerbait egon daitekeela. Zer da garapena? Zer ulertzen dute agertu diren alkate txit goren horiek garapenaz berba egiten dutenean? Eta batez ere, ezagutzen ez dugun zer asmo, plan, proiektu… ezkutatzen da iritzi bilketa horren atzean? Iritziak bildu, ala jendeak ingurune horren babesari buruzko ikuspuntua aldatzen hasteko, ezagutzen ez ditugun interesen onerako izango den sentsibilitate desbideraketa bultzatzeko maniobraren hastapenetan gaude?

Susmoa dut irudi hauek aldaketa ezagutuko dutela egunen batean, ingurune babestua izatearen oztopoak desagertu eta azpiegitura handiei ekiteko bidea zabaldu bezain pronto.

Urdaibai ez da egon espekulaziotik guztiz salbu, argi dago, baina beldur naiz are okerrago izateko ateak zabaltzear ez ete dauden. Adreiluaren gosea ez da ase erreza. Beharbada nire paranoia baino ez da, baina badaezpada, ondo ireki begiak eta belarriak!

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

2 erantzun Susmagarria-ri

  1. egilea: Hasier

    Alkate txit goren eta espekulatzaileek oro nahi dutena espekulatzea da orobat. Urdaibai hala hola mantendu da salbu (nahiz eta txosten tekniko interesatu bat behar izan dutenean lasai asko idatzi duten: Mundakako poligonoa, Arteagako txaletak etabar). Zoritxarrez, oraingoan aurpegia estalita espekulatu nahi dute. Baina gogor egingo diegu aurre!!!

    Bide batez, albiste pozgarri bat, aurten inoiz baino mokozabal gehiago igaro dira paduratik. Zenbatzen dituen lagun naturzale batek esan zidan pasa den astean.

  2. egilea: asel

    bai, ondo dakit zelan “errespetatzen” diren legeak (kostari jagokona, esaterako) batzuek zeozer eraiki gura dabenean… beraz pentsa oin, babes maila jaisten badabe! benetan kezkatu nau albisteak, zer joko dagoan atzean…

Utzi erantzuna Hasier(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude