Jende nahikotxo ezagutzen dut inguruan pinguinoon mundu zoragarrira salto egin nahi izan arren, Gilen Ateaken inperioaren atzaparretatik ihes egiteko zailtasunak topatzen dituena. Batzuen azken arrazoia izaten da derrigorrez behar dituzten programa batzuk (bai, aitortu lotsa barik jokoez ari zaretela) Windowsen baino ezin direla erabili. Horiei ere aitzakiak bukatu zaizkie, bai horixe. Gaur egun, aukera onak daude Linuxera migratzeko, kode irekiko munduari ateak zabal-zabalik uzteko, eta ezinbestean behar diren aplikazio horiek ere ez galtzeko: birtualizazioa.
Zer demontre den hori? Labur azalduta, zure sistema eragilean, disko gogor birtualetan sistema eragile birtualak instalatzea. Batzuentzat txinera eman dezakeena modu praktikoan esanda: programa berezi (baina eskuratzeko eta instalatzeko erraz) baten bitartez, oinarri duzun sistema eragilean beste bat instala daiteke eta bigarren hau programa bat balitz legez abiarazi leihotxo batean, bertan behar duzun guztia egiteko: zure jokoak instalatu eta arazo barik jolastu, alegia.
Hau edozein norabidetan egin daiteke (hau da, Linuxen barruan beste edozein Linux zein Windows instala daiteke, eta modu berean, Windowsen barruan edozein Linux instala daiteke), baina jakina, holakorik egitekotan, gomendatzen dizuet zuen sistema nagusia, disko gogorrean benetan eta fisikoki instalatuta duzuen bakarra, Linux izatea, eta Windows izatea sistema birtuala. Horrela, beste gauza batzuen artean, Windows, ohi denez, desegonkor bihurtzen bada, eskegitzen bada…, leihoa itxi, besterik ez dugu, eta gure Linuxek betiko moduan jarraituko du. Berriro sistema birtuala abiarazi (Windows izanda, seguruenik nik ahaztuta baina berehala gogoratu behar izan dudan diskoaren egiaztapen gorrotagarri horietako bat egingo du, azken finean Windows beti Windows), eta aurrera.
Hiru dira birtualizazioa egiteko ezagutzen ditudan aukerak: Qemu, VirtualBox eta VMWare. Qemu ez dut probatu, bai ordea VirtualBox eta VMWare. Bien artean dagoen alde nagusia zera da: VirtualBox software askea dela, eta VMWare, ordea, ez, doan lor daitekeen arren.
VirtualBox eta VMWareren artean, zeinek bere abantailak izan ditzakeen, eta oraintxe bertan ni biak ari naiz erabiltzen: VMWare Ubuntu Server birtualizatzeko (Dabidi esker ari naiz kontsolen munduan gehiegi galdu barik bizirauten), eta VirtualBox Windows XP birtualizatzeko eta, zaharra izan arren, beti maite izan dudan jokoan berriro jolastu ahal izateko: Shogun Total War mitikoa.
VirtualBoxek bertsio bi ditu: lehena kode irekikoa da, OSE “abizena” daroana, eta Mandrivaren azken bertsioak, esaterako, berez instalatzen dizu; bigarrenak ez du kode irekirik, baina doan jaits daiteke (hemen, VirtualBox binaries delakoan), eta aukera interesgarriak dakartza: OSE bertsioan ez bezala, USB portuak zein gure disko gogorren partizio fisikoak (ez disko gogor birtualak, alegia) sistema birtualaren esku ipin daitezke, gure inprimagailua, eskanerra, pendrivea, kanpoko disko gogorrak… erabili ahal izateko. Kasu honetan, gure erabiltzaileak vboxusers taldean sartu beharko ditugu lehenago, sistema birtualari USB portuak erabiltzeko baimena eman ahal izateko, eta erabiltzailea berrabiarazi. Mandrivaren kasuan, lehenago VirtualBox OSE desinstalatu beharko dugu bertsio bien artean gatazkarik ez egoteko, eta jaisten den paketea .run denez, ez .rpm, lehenago kontsola batetik super erabiltzaile moduan sh komandoaren bitartez abiarazi beharko dugu rpm paketea sor dezan. Ez da zaila, baina komeni da jakitea. Ubuntu, eta oro har Debianen oinarritutakoentzat, .deb paketea da, beraz, instalatzeko zailtasunik ez.
VMWaren ez dut USB portuak eskuragarri ipintzeko modurik ikusi, baina izan, seguruenik izango du. VMWareren alde, berriz, esango dut pantaila osoko moduan ipiniz gero, benetan hartzen duela pantaila osoa; VirtualBoxen sistema birtualaren pantaila txikiago geratzen da beti, baina ez da galera handiegia.
Egia esan, modu ezin errazagoak dira aldi berean sistema eragile desberdinak eskuragarri izateko, eta merezi du esperimentatzea. Ez dugu zer galdu, instalatzen ditugun sistema birtualak karpetak baino izango ez direlako, eta behar ez ditugunean ezabatu besterik ez dugu haiek desagerrarazteko, aztarnarik utzi barik.
Hemen ikus ditzakezue Windows XP nire Mandrivan instalatuta, Shogun Total War instalatzeko prozesuan, eta azkenik, zelan ez, Shogun Total War krakeatuta eta jokatzeko prest. Ze pena, ez dut San Andreas-en CDa topatu, uste dut norbaiti oparitu niola…
Nire “baina” bakarra da ateratzen zaion soinua ez dela oso garbia. Nik ALSA erabiltzeko konfiguratu dut.
Hemen eta hemen informazio interesgarria duzue gehiago jakiteko.
Artikulu paregabea, ezin hobea, bikain bat jartzen diot đ nahiz eta birtualizazioa esagutu goitik bera irakurri eta pilla gustatu zait, bihar nire blogean irakurketa gomendatu dut, gaur oso nekatuta nago eta begieak tudelara ditut (beheko argazkian txiribitak ikusten ditut XD).
Hori bai utzi jokoa eta benga ubunturi kaña sartzera XD ;P
Aupa Dabid! Gustatu jatzu, beraz. Esan dozuna kriston ohorea da zure ikasle honentzako đ Lasai, ez dot Ubuntu alde batera itzi, ta Mandrivan be azken boladan beste gauza batzuetarako zuk irakatsitako gauzak erabili dotaz komando lerrotik (tabuladorea hasitakoa betetzeko, vim editatzeko, cat irakurteko…). Danatarako dau denporea!
Bueno, barikuan hamen garagardo hotzak prest. Gero ta gogo handiagoa dekot ikasteko! XD