Dirudienez, pinguinook erosoago mugitu ahalko gara aurrerantzean, ordenagailu eramangarria besapean eta gure beharretarako gertu. Zurrumurruak zirenak egia bihurtu, eta Dell ordenagailu fabrikatzaile ezagunak iragarri berri du aurrerantzean Linux instalatuta dakarten sistemak saltzen hasiko dela.
Interesgarriena, agian, erabakia nondik datorren jakitea da: Dell-ek bere webgunean eman zien aukera bere bezeroei iradokizunak edo eskakizunak egin zitzaten, eta gehien eskatu zena, hain zuzen ere, ordenagailuen bihotzean Linux eskaintzea izan zen. Jendearen gogoari bide eman eta hurrengo urratsa Linux distribuzioen artean aukeratzea izan zen, eta horretan azken urteotan ezagunenetakoa bilakatu den Ubunturen aldeko hautua egin zuten gehienek. Beraz, Ubunturekin akordioa egin, eta aurrerantzean Ubuntu 7.04 instalatuta dakarten ekipoak salduko dituzte.
Dirudienez, ez da Linuxerantz mugitzen ari den hardware fabrikatzaile bakarra. Erabiltzaileek eskertu egiten dute eramangarria erosterakoan barruan sistema eragile sendoa eta hardwarearentzat ondo egokitua daramatela sentitzea. Gilen Ateaken inperioaren maldan beherakoa hasi ote da? Ez dakit hozkailutik xanpaina ateratzeko une erabatekoa den oraindik, baina nik, behintzat, sardina erreak mokoratuz ospatuko dut garaipen txiki hau (bokartarik ez, jatorria eta arrantzatutako baldintzak argi ez dauden bitartean…).