Zergatik Linux?

Hego polotarrok ez dut uste gehiegi nekatu behar dugunik erantzun bila, baina pinguino honek ondo daki Gilen Ateaken inperioa besterik ezagutzen ez dutenek galdera hau egiten dutela maiz, eta horrekin batera, laster galtzen direla Linuxi lotuta agertzen hasten diren izenen artean. Beraz, pentsatu dut hona argigarriak izan daitezkeen ideia batzuk botatzea, oraindik idatziko dudana buruan egituratu barik dudan arren. Sardina batzuk jan bitartean joango dira ideiak ordenatzen (bokartak lortzea gero eta nekezagoa da…).

Lehenengo beldurra zailtasunarena izan ohi da. Harrigarria: Windowsek bost mila aldiz huts egin arren, sistema nire iglua baino errazago izozten bada ere, diskoak ehungarren aldiz formateatzera behartuta eta informazio garrantzitsua hamaika bider galduta ere, oraindik aldatzea da batzuei beldurra ematen diena! Bada, lasaitzen hasteko, itxura eta oinarrizko erabilera aldetik, ez da jauzi mortala egin beharrekoa. Sistema grafikoa abiarazi, eta… kontxo! Ez dirudi druiden kontua!

Gehiago esango nuke: pantailan ikusten denari itxura pertsonala ematearen maniatikoentzat, are pertsonalago bihurtzeko bideak eskaintzen ditu, agian zure pantaila babeslerik kutunenak topatuko ez dituzun arren. Eta horrekin batera, gure iglutxoan ezinbestekoa bihurtu zaiguna: erabiltzaile saioen jokaera. Labur azalduko dut. Gurean bi bizi gara, eta antzekotasunak ditugun arren, ez gara pinguino bera. Horrek esan gura du, hobe dela nork bere erabiltzailea izatea, bere gustura moldatu, bere posta kudeatu, eta bere esparru pribatua izan ahal izateko. Hori ez da berria. Baina batek ordenadorea darabilenean eta besteak bere saioa behar duenean, funtzio tekla bat sakatzea bezain sinplea da, eta saio biek jarraitzen dute aurrera elkarri oztopo egin barik. Neurean zerbait egin behar dudanean, bestearena itxi barik berriro ere dagozkion teklak sakatu, eta han nago utzi legez eta abian lagatakoek lanean dihardutela. Are gehiago: etxera italiar lagun bat etorri zaigu aste batzuetarako (eta berdin japoniar zein suomieraz baino ez dakiena). Zelan moldatuko da euskaraz koitadua… Erabiltzaile bat sortu berarentzat, italieraz konfiguratu, eta hor du, bere hizkuntzan lan egiteko prest guk geurean aldaketarik egin barik. Izan ere, 70 hizkuntzatatik gora instala daitezke aldi berean! (denak instalatzea ez dizuet gomendatzen, dena dela) Ez dakit nik Windows honaino iritsi den…


Baina Windowsen antzeko itxura duen beste sistema batera mugitzeko ez dugu aldaketa hau egingo, ezta? Nik erantzun behar banu, lehenengo eta behin, honen atzean dagoen filosofiatik hasiko nintzateke. Sistema eragilerik zabalduenak enpresa jakin batzuen esku daude, denok dakigunez. Haiek egiten ete desegiten dute, eta haien esku gaude sistema instalatzen dugun (edo diguten, gehienek nahiago izaten dutelako galdera gehiegi egin gabe dendatik dena instalatuta dakarren makinatxo bat eskuratzea zer sartu diguten ondo ez badakigu ere…) une beretik. Lizentziak ordaindu zerbait legala nahi badugu, eta hasi lagunei nahi ditugun programen kopiak eske gure poltsikoa egun batetik bestera hustu gura ez badugu. Jabegoa dago jokoan, jakintza pribatu eta mugatua. Linux munduan sartzen garenean, ordea, unibertso ireki batean murgiltzen gara, software askean, alegia. Linux ez da inorena eta berau erabiltzen dutenek egiten dute egunero. Horretarako da kode irekia, edonork, zertan ari den jakinez gero, edozein programa hobetu ahal izateko eta jakintza partitzeko. Etekin ekonomiko mugagabeari begiratu barik, elkarrekin haztea bilatzen da. Hori berez ia nahikoa da niretzat, baina gizakiak ezagututa, ondo dakit abantaila praktikoagoak (aipatua epe luzean ezin praktikoagoa den arren) gura dituela jendeak.


Windowsi ateratzen dizkion abantaila batzuk aipatuko ditut, beraz, eta hasteko, sistema eragile batean funtsezkoena izan behar lukeena: egonkortasuna. Ez dakit zuetariko zenbatek pentsatu duen inoiz ordenadorea leihotik botako lukeela. Windowseko erabiltzaile sufritua nintzen garaietan, nik hilean behin edo sentitzen nuen holako bulkada. Eta, alajaina, ia lau urte daroat Linux erabiltzen eta ez dut gogoratzen noiz izan dudan ideia hori azken aldiz, baina oso-oso urruna egiten zait!


Zein da internautak zoratuta dakarren beste arazotxo bat? Birusak agian? Nik gogoratzen ditut oraindik Pandaren mezu gogaikarriak eta neure burua oso zorte onekotzat dut ez nuelako inoiz birus larririk izan, Windows bera alde batera uzten badugu. Orain, eta modu sinbolikoan, badut anti-birus bat instalatuta nire sisteman, baina esan legez, guztiz sinbolikoa da, Linuxen ez baituzu birusik pairatuko. Galdetzen duzunean erantzun bera jasoko duzu: Linuxekin ez duzu anti-birusik behar! Nahikoa da suhesi ona izatea, eta gaur egun Linux distribuzioek berez dakartenez gain, hor daude doan lor daitezkeen programa sofistikatuagoak (nik neuk Guarddog darabilt). Horrekin zure makinak behar duen babes guztia daukazu.


Badago lehen zeharka aipatu dugun beste kontutxo bat: programak. Windows instalatzen dugunean, sistemaz eta beste lau gauzatxoz gain, zer daukagu? Ezer ez, dena lortu behar dugu kanpotik. Linux distribuzio bat instalatzen dugunean, aldiz, sistemarekin batera milaka programa datozkigu, agian gehiegi ere batzuetan, eta ohiko lanerako tresna garrantzitsu guztiak bertan dauzkagu: testu editoreak, kalkulo orriak, aurkezpenak egitekoak, CD-DVD grabatzekoak, audio eta bideorako programa ezinhobeak (konparatuko didazu, esaterako, AmaroK Windows Media Player negargarriarekin…), argazkilaritzakoak, agenda eta posta kudeatzekoak, web arakatzaileak, txat eta komunikazioetarakoak (Skype, adibidez), ea. Haietariko asko eta asko euskaraz, gainera! Eta distroaren CD edo DVDan ez datozen beste milaka erraz eskura daitezke interneten (horretarako distro gehienek bai sistema eguneratzeko bai programa gehigarriak zuzenean jaitsi eta instalatzeko zerbitzu oso onak dituzte), aMule edo aMSN bezalakoetatik hasi eta eginkizun zehatzenak betetzekoetaraino (teleskopio elektronikoa duzula eta ordenadorez kontrolatu nahi duzula?). Eta ahaztu driverrak instalatzeko zoramenarekin. Egia da periferiko berri-berri batzuentzat ez duzula hasierako momentutik driverra izango, eta horregatik hobe da informatzea erosi aurretik, baina zoragarria da ikustea konektatzen dituzun gauza gehienak lehen unetik dabiltzala arazo barik. Bestela, foroetan galdetu eta irtenbidea lortu ohi da. Punturik makalena jokoena izan daiteke. Jakin badakit saiatuenek lortzen dutela Grand Theft Auto, esaterako, Linuxen abiaraztea, baina tira, horretan badago egiteko bidea…


Gaurkoz bukatzeko, aipatuko dut ezer gutxi dakitenak zoratzen dituen kontu bat: Linux barruko izen festa. Ez dira gutxi galduta sentitzen direnak hainbeste izenekin, eta ez dakite Linuxen beraren eta haren distribuzioen artean bereizten. Linux hainbat osagaik osatzen duten sistema eragilea da, eta aditua izanez gero, horiekin zure erara molda dezakezu sistema. Kontua da erabiltzaile gehienok ez dakigula hainbeste, alde batetik, eta bestetik ez dugula ez denborarik ez gogorik izaten geure sistema eraikitzeko. Horretarako daude distroak. Horiek enpresa, elkarte, talde batek konpilatu, elkarren ondoan ipini, atondu duen guztiz eraikitako sistema da, instalatzeko prest. Azpian eta oinarrian denek gauza bera badute (kernel edo bihotz bat), esan dezakegu distro bakoitzak bere estilo eta ezaugarriak dituela. Debian-i buruz, esaterako, esaten da egonkorrena dela, eta adituenen gogokoena izaten da, baita zerbidore askok daramatena. Mandriva (Mandrake eta Conectiva-ren elkartzetik sortua) erabiltzen eta instalatzen errazenetarikoa da, eta instalazioaren lehen unetik euskara erabil daitekeenetariko bat (honekin hasi nintzen ni eta fidela naiz, poz-pozik naukalako). Hauekin batera, Redhat eta Suse dira gehien erabiltzen diren beste biak. Zerrenda luzea da, kontua batekin saiatzea eta Linuxen unibertsora salto egitea da, inor gutxiri damutzen baitzaio hautu hori. Pinguinook egin badugu, ez zara zu gai izango?

Hurrengo batean azalduko ditut KDE eta GNOME lako beste izen “arraro” batzuk.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude