Laos III (Mundu utopikoaren bila IV)

Errepideak

Laosen bidaiatzea bizitzeko moduko beste esperientzia bat da. Argi ezabatu behar dugun lehen kontzeptua denborarena da. Kendu burutik ordutegiak, presak, abiadura eta estresa. Pentsatu 50km egiteko lau ordu behar badira, behar direla eta kito. Hitzordu garrantiztusrik duzu, ala? Hartu patxadaz eta bideaz gozatu! Han inor ez da urduri ipintzen, beraz, zertarako artegatuko zara zu?

2005-7x15 05 Nong Khiaw-Muang Vieng Thong bidaia Adibide bat: errepidean kamioi bat irauli da eta ez dago aurrera egiterik. Larritu barik, kamioiak, autobusak, autoak bide bazterrean pilatuko dira, eta denak zer gertatu den ikustera joan, baina paseoan. Jendearen artean lepoan ak-47a daraman baten bat ikusiko duzu, gertaerari begira. Ez estutu, seguruenik inguru horretako polizia lokala da eta ez du kosk egiten. Zaila da Laosen zer diren esatea, ez direlako uniforme osoaren oso lagunak, eta uniformatuta doazenak askotan ortozik ibiltzen dira. Hortaz, auskalo. Eta gauzak konpontzen diren bitartean, zeren konpondu, konponduko dira lehenago edo beranduago, egin osteratxo bat aparkatuta dauden kamioien artean eta hobeto ulertuko duzu hangoen bizipoza. Guk, esaterako, kartetan topatu genuen kamioizale talde bat, kamio erraldoi baten azpian, jakina, hango eguzkia ez delako txantxetakoa, eta garraioa Beerlao-rena denez, hara eraman dute kutxa osoa denon artean anaitasunean edateko. Geratu begira, eta laster eskainiko dizute esterilla bat eurekin jesartzeko eta ezer esan aurretik botila bat garagardo aurkitutko duzu zure eskuan. Ez dagoela hotz? Eta zer nahi duzu? Garagardoa ez ezik, han bertan erre zituzten txipiroi lehor batzuk plater batean, eta bai gozoak gero! Laoseraz ez dakizula eta haiek beste hizkuntzarik ere ez? Ez da oztopoa, hala ere zelan edo halan saiatuko dira karta jokoa azaltzen. Eta azkenean, konturatzen zarenerako, errepidea garbi dago eta autobusera itzul zaitezke.

2005-7x10 40 Vang Vieng-Luang Prabang bidaia

Herri batetik bestera mugitzeko zenbait aukera dago. Tira, askotan aukerak baino, halabeharrak erabakiko du zure ordez. Hiri nagusietako batean bazaude, agian garraio pribatua kontratatu ahalko duzu zure ostatuan, beste turistekin batera, baina hau, apur bat garestiagoa izateaz gain, modu aspergarriena da. Beraz, hobe autobus publikoa bilatzea. Badago Vientianetik egunero ateratzen den autobusa, baina kontuz gero, herri askotatik egunean behin baino ez da igarotzen, agian goizeko 5etan, eta bozina jo ondoren, han ez bazaude, alde egingo du! Hau da guri Muang Vieng Thong-en gertatu zitzaiguna, besteak beste. Autobusa ikusi, ikusi genuen, baina aurreko egunean eta kontrako norabidean…

2005-7x16 35 Muang Vieng Thong

Holakoetan, geratzen zaizun aukera herriko norbait konbentzitzea da. Baina ulertu behar duzu: agian bere denda utzi beharko du egun osorako, zu eramateko ordu batzuetara dagoen herri batera. Hau da, gasolinaren prezioaz gain, zugatik dena utziko du eta agian, gure txofer bati gertatu zitzaion legez, zure modura hartu beharko du ostatu biharamonean itzultzeko… Beraz, ez du merezi prezioa gehiegi eztabaidatzea. Ez da merkea izango, baina bai zuzena, egin behar duen ahalegina kontuan hartzen badugu. Holakoetan ere Laoseko bizimiduaren beste aurpegi bat ezagutuko dugu: garraio pribatu guztiak publiko bihurtzen dira errepidean! Herrixketatik igaro ahala, zure txoferrak bozina jotzea gauza arrunta bihurtuko da, eta are arruntago autoan, kamionetan edo dena delakoan gero eta lagun gehiago elkartzea. Zure txoferrak haiei ere kobratuko die zerbait, baina esango nuke oso prezio sinbolikoa dela. Ez da ohitura txarra autoak hain hutsik ez joateko!

Badago, ordea, beste garraio publiko mota bat, han autobus deritzotena, baina kamioi eta tuk-tuk arteko uztarketa dirudiena. Hau ere laostar zaporeko esperientzia! Eroso-erosoak ez dira, baina bizikidetza bultzatzen du…

Holakoetan Laoseko jende mota guztiekin egingo duzu bat, baita oiloekin maiz. Eta lehen aipatu dudan ak-47 bat ez baduzu inoiz gertutik ikusi, hau ere izan daiteke zure aukera, soldaduak, poliziak edo dena delakoak ere holan mugitzen baitira. Eta ez harritu holako arma bat zure oinetan laga badu, zaku bat uzten duenaren moduan! Aitortuko dizuet, hiruzpalau orduko bidaiak izan daitezke, baina niri ez zaizkit inoiz hain labur egin!

2005-7x13 03 Luang Prabang-Nong Khiaw bidaia

Artikulu honetatik kanpo utzi ditut hiri barruko garraio nagusia, tuk-tuk-a, alegia, eta leku batzuk lotzeko batzuetan dagoen bide bakarra: ibaia eta, beraz, ontzia. Errepideetako esprientziei baino ez nien heldu gura.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude