140 karakteretan haserretu? horixe baietz!

Goiena paperean argitaratu zuen, baina sarean jarri duten arte irakurri barik nuen Andoni Urtzelai lagunaren artikulua. Han dioen zati honek eman dit zer pentsatua:

Bruselako politikariek beraien bidaien inguruan onartutakoak
zalaparta ekarri du Interneteko sareetara. Hemen, horren harira, bestean
Cuatroko esatariak informatiboan zioena: Internet bezalako tresna
eskura edukita, protesta eta eragiteko zein baliagarria den ikusita,
kalean manifestatzeak ez du jada zentzurik, hori beste garai bateko
anakronismoa da… Ez, gainera putre hauek kaleetatik atera nahi gaituzte,
Twitterreko 120 karaktere nahikoa direlakoan gure haserrea erakusteko…

Eztabaida hauxe erabili dugu lagunartean geuk ere. Nire iritziz “kalea gurea da” pintada gaur gaurkoa izan badaiteke ere egia berdaderoa da 140 karakterek kalea bezainbesteko garrantzia izan dezaketela gaur, edo handiagoa.

Tabernetan 140 karaktereko komentario asko egiten ditugu guk (eta Andonik eta biok txanda noiz hartuko): harek esandakoa errepikatu, handik ekarritako bat mahai-gaineratu, ideia berri bat bota, ondokoari entzun, kuadrilako beste baten komentarioa ezagutarazi, uste batekin kontrastatu, aipu berri bat erantsi… Eta ederra da elkarrizketa hori kaña batekin eskuan. Ez dago dudarik, “taberna gurea da”. Hala ere, pintada egileak gaur sare-sozialetan ere badaude esaten, entzuten, elkarrizketan… Horixe da 140ko jarduna, tabernako jardun bat kaña barik 🙂

140an haserretu? ez zara haserretuko ba! Hori bai, Twitterreko 140 karakteredun mezu asko behar dira gure haserrea (ere) kolektiboa dela erakusteko eta jarritako adibidean balio izan dute baita eragiteko ere.

Urtzelai: blogosferak sare kulturaletik baino gehiago du Amsterdaneko auzo gorritik

Facebook-en gaineko artikulutxoa idatzi Goienkarian, orria pasa eta Andoni Urtzelai blogak hizpide hartuta. Titularreko esaldia bera edo beste hau: Interneten nabigatzeak gero eta antz gehiago du zakur-kakaz betetako kale batean ibiltzearekin… Gustura geratu da Urtzelai laguna. Paperean ateratzen diren artikuluek paperean ateratze hutsagatik zakur-kaka baino glamurosoagoak direnez… blogera ekarri ekarri dut 🙂

Hauxe artikulua oso osorik. :

Blogak

Ez daukat ezer blogen kontra. Are gehiago, hainbat bloglari lagunak ditut, eta tarteka-marteka hauen txokoetara bistadizoa ematera joaten naizela aitortu beharra daukat. Hala ere, azkenaldi honetan, susmoa daukat blogak ez ote diren zertxobait Belen-estebanizatu. Hara, azalduko dut arestiko boutade hau: Belen-estebanizatu diot orokorrean blogariek norbere bizitzaren pasadizoak kontatzeko baino ez dituztelako blogak erabiltzen. Eta kontu, ez diot nik hori txarra denik edo gaizki dagoenik, alla kuidaus, egin dezala norberak nahi duena norbere buruarekin!  
Gauza da, ez dakit ba, bestelako bilakaera bat espero nuela nik txoko birtual hauengandik. Tira, ez dut esaten entziklopedia zientifikoak izan behar direnik, baina edozerk ere ez duela balio iruditzen zait. Izan ere, blogen baso honek horrela hazten segitzen badu, aurki zaila suertatuko da hontoak? sastraditik bereiztea. Apenas aurkitzen dut ezer interesgarririk blog hauetako askotan, kuxkuxeroak asetzeko lelokeriak baino ez kasu gehientsuenetan: bidaia argazkiak, edozeren inguruko gogoeta hutsalak… En fin.
Ozeano digitalean atentzio eske ari diren Robinson Crusoeak bezala ikusten ditut blogeroak, eta blogosferak, ostera, sare kulturaletik baino gehiago du Amsterdameko auzo gorritik: hortxe daude blogeroak, hango eskaparateetan emakumeak bezela, bezeroaren arreta nola edo hala piztu guran.
Eta iruditzen zait hau ez dela soilik blogen kasura mugatzen. Twitter, Facebook eta antzerako sare sozial-birtualek ere ez dute deus interesgarririk eskaintzen, hutsaren hurrengoa dira.  
Finean, zera da kontua: Interneten nabigatzeak gero eta antz gehiago duela zakur-kakaz betetako kale batean ibiltzearekin…