11.500 zubi baino gehiago

 Gaur beste emailu bat jaso dut:520. zenbakia dauka urtarrilaren 26ko honek. Gustura jasotzen ditut eta jasotzen dudan aldiro pentsatzen dut atzetik dagoen lanean. Lan… zer esan zubitegian dagoen lanaz? Zorionak ematea erraza da, baina ez egitea ere… biba zuek. Hauxe jaso dudana: 


11.500 zubi baino gehiago

Entziklopedia baten tamaina hartzen ari da pixkanaka Literaturaren Zubitegia. Baditu jadanik 6.000 esteka,
webgune batetik bestera gidatuko zaituen hipertestu bat, idazleen
inguruko eduki ugarira iristeko: Wikipedia (730), Auñamendi (657),
Liburutegi Digitala / Liburuklik (586), Susa (488), Klasikoen Gordailua
(438), EHUko Euskal Literaturaren Hiztegia (380), Idazleen Elkartea
(338), Urkizaren Bertso eta Olerkien Hemeroteka (309), Armiarmako Liburu
Elektronikoak (302), basquepoetry.net (299), basqueliterature.com
(253), Bidegileak (143), Donostiako idazleak (118) eta abar. Halaber,
bilduak ditugu ia 3.900 liburu kritika eta 1.828 aipamen (idazleei
buruzko artikuluak, hitzaurreak, sarrera entziklopedikoak). Beraz, 11.500 zubi baino gehiago eraiki ditu Zubitegiak, tresna erraz eta bizkor bat izan dezaten literaturzaleek.

Liburu elektronikoen sasoia bada

Bihar egingo du aurkezpena Susa argitaletxeak eta datu gehiago eta primizia gehiago emango dituela seguru. Hala ere, tuitak badabiltza dantzan eta dagoeneko harrera ona egin diote ekimenari. Ia irakurleek ere halatsu egiten dioten. Badabil bada notizia eta pentsatu dut hona ekartzea Susaren apustu sendo eta beharrezkoaren berri. Zer eta gainena idazleek gehiago irabaziko dutela molde berri honekin, zer eta sortzaileak irabazle nagusiak, kateko lehenengoak eta garrantzitsuenak. Tumatxa!

Epub eta .pdf formatuan emango ditu liburuak, DRM barik, giltzarrapo barik. Hau berez  da notizia eta horregatik ere bai apustua! Baina ez da hor geratzen kontua. Liburuen prezioak eragingo du presioa. Susak hasitako bideak ekarriko du segidarik, seguruen. Liburuen prezioa zein den? 3,54 euro. Ole! 3,54 euro. Eta liburu guztiak prezio berean! BEZ barne dago (0,54). 3,54 euro horietatik 2 izango dira sortzaileendako eta bakarra argitaletxearendako. Ia 150 liburu prezio merke horretan. Demasa!

Hemen liburuak: https://susa-literatura.com/ebook/

Nago, Euskal Herrian ez dugula ohitura handirik liburuak digitalean irakurtzeko, baina horrelako ekimenek bizkortuko dutela seguru. AEBn, astean liburu bat edo gehiago irakurtzen dutenen %25ek digitalki irakurtzen du dagoeneko. Eta kuriosoa da zeren uste baitzen paperjaleenak izango zirela azkenak… baina ez, moldatzen lehenak izan omen dira han. Book Industry Study Group-en datuak dira hauek.

Nobela eta zientzia fikzioa dira salduenak, antza. Uste zen entseguak eta liburu akademikoak izango zirela digitalki salduenak, baina ez da horrela izan. Irakurleak erosteko ohitura hartu du (gehienak emakumeak AEB-n), pirateatu baino erosi egiten ei ditu liburuak BISG-k dioenez. Poztuko nintzateke Susak asmatuko balu. Nik ez dut liburu irakurlerik, baina gero eta seguruago nago hasiko naizela noizbait horrela irakurtzen. Gaur, bihar edo etzi, baina denbora asko ez da pasako.