Astean, eztabaida interesgarria izan dugu Goiena telebistako platoan: Ikastola-Eskola publikoa zen gaia, sakonean. Kasu partikularren bat tarteko ateratako gaia izanagatik jokoa eman zuen. Aurkezlearekin saioa landu nuenean gaiak zuen arriskuaz ere jabetu ginen eta erabaki: “gaia mahai-gaineratziak balio bihar bajok aldiak gerturatu eta gaiztotuta dagona apaltzeko izan deixela, bestela beste gai batera”. Izan ere, Goienan badugu audientziak erakartzen dituen zaratatik haratagoko lanik. Gaiak, hala ere, eman zuen.
Nik ikastolatik defendatzen dut publikoa eta publikotik defendatu dezaket ikastola. Ez nago itsu-itsuan bataren edo bestearen kontra. Zer irabazten dugu ba “beti-kontra” kultura horrekin?
Gaiaren barruan puntu bat aipatu zen sakontzerik izan ez zena: bataren zein bestearen, maisu-maistren, lan baldintzak. Gai hori aspalditik izan dut bueltaka buruan. Beti egin zait kuriosoa kuota baxuena kobratzen duten publikoetan soldata altuenak eta irakastegun zein ordu gutxien dituzten maisu-maistrak egotea.
Unibertsitatea
Ikastola-Eskola publikoaren gaiari ihes eginda, hasi naiz soldaten gainean zein iritzi egon diren begira. Horretarako unibertsitatea izan dut jopuntu google bilatzailean: Hainbat artikulu soldata urteko kilo bateko igoera eskatuz, hainbat huelga mehatxu unibertsitatean 2006ko kurtso amaiera aldera, aktak sinatzerik gura ez, sindikatuak ere funtzionarioen soldatak igotzeko eskatzen… Kontrara, artikulu bakarra. Esango nuke EHU eta dezentziaren langa artikuluak ez duela izan oihartzun handirik, baina interesgarria pentsatuta hemen lotura: Argia, 2045. zenbakia.
Handik zati hau: Nire lagun prekarizatu batzuek, euskalgintzako irakasleek, oraindik aurpegiari josia dute sei mila euroko eskaerak sorturiko harridura keinua. Harridurak haserre traza hartzen du zera entzutean: gehienek egin omen zuten greba eta ia guztiek kobratu greba eguna. Errektoretzak greba nortzuk egin zuten galdetu eta ia guztiek ezetz. Nobleziaren jarrera ez oso noblea. Kobratutako hori prekarizazio hazkorraren erruberapean bizi den gizarteak pilatutako dirua ere badela pentsatu nuen.
Gai zaharrari bueltaka gaur, edo ez hain zaharra ere.