Komunikazioan sakondu beharko lukete kooperatibetan ere

Otaegi, Aldekoa eta Dacosta prentsaurrekoan: ondo ei doa MCC zena eta orain Mondragon Taldea deitzera ohituko garena. Ampo kooperatibaz ere diplomatiko: “Barne araudiari jarraituta utzi du taldea Ampok…”. Jon Agirreren esanak irakurri ditugu Gara-n: “MCCrekin elkarlanean talkak sortzen dira, arrazoi nagusia antolaketa eredua da, beste leku batean lau katuren artean erabakiak hartu beharrean guk 50 lagunen artean hartzen ditugu…”.

Ez dugu ulertzen. Kaleko esamesak zein bazkideenak askotarikoak dira: egiak eta ez hain egiak. Prentsa aurrera atera diren zuzendarien esanetatik ateratzen den ondorioa da beste zerbait ere badagoela, kontatzerik gura ez dutena. Gehiago dela esaten ez dena esaten dena baino. Uste dut kale egiten dutela komunikatzerakoan. Klaro, beraien webguneetara alperrik joango zara.

Elkarrizketa sakonak ematea eskatzen diet Jose Mari Aldekoa eta Jon Agirreri, esaterako. Nirekin ez dute zorrik, zelan ez, baina komenigarria norbaitendako bada bi taldeendako izango da agiri eta prentsaurrekoak utzi eta komunikatzea. Ez dakit komeni den komunikatzeko aukerak baliatzea eta hori beraiek neurtzekoa da eta errespetagarria ezer esan gura ez izatea ere. Hori bai, ezin dena da azaleko adierazpenak egiten jardun eta jendeak gaizki pentsatzea saihestea. Jendeak berba egingo du daukan informazioaren arabera eta gutxi bada dagoena horrekin eraikiko du bere iritzia.

Nik penaz hartu dut Ampok Mondragon taldea utzi izana

Eta ez penaz bakarrik. Informazioaren faltan lehenengo burura etorri zaidana makina bat laguni entzun diot: “makal zeudenean arrimura egon eta gainditu ostean ateratzen dira taldetik?” Baina bai, iritzi sinpleegia izan daiteke.. 
MondragonTaldea
Formazioa falta zaigu 50 urte dituen euskal esperientzia kooperatiboa askoz gehiago dela konturatzeko. Memoria historiko ahula dugu. Mondragon taldea egun ezagutzen dugun letxe ez da urte batean, hirutan edo zazpitan egiten, 50 behar izan dira. Nik neuk ere errazago egiten dut, sarri,  Mondragon esperientziaren balioa goraipatzera baino kritikara, baina izan duen eragina eta izango duena lartxotan ahazten zait.

Nago, bizkortxo hartutako erabakia izan dela Amporena eta baita Irizarrena ere, baina egia handia da denok dugula eskubidea hobetzat ikusten dugun  bidea probatzeko. Goierri aldean ez dago zertan Arrasate aldean baino txarrago egin. Kale egin edo ez gerora ikusiko da.

Taldetik ateratzea, dena den, izan dadila gaurko ekonomia globalizatuan gizartea eraldetzeko moduetan sinistuta emandako pausoa, izate instrumentalari bizi-zentzua gailentzeko ahalegina…Ekar dezala kooperatiba izaten jarraitzeak baloreen gailentzea. Ampok, Irizarrek zein Mondragon Taldeko enpresek eraberritu beharko dute  estadio globalizaturako proposamenak egiten, ze hasierako karga ideologiko-utopikoa apaldua dago gaur egun, irauli eta gaurkotu beharrean.