Sortu behar ditugu gune euskaldunak. Euskararen mesedetan dira guneok. Kirol guneak, arte guneak, gaztetxeak, literaturarako guneak… Nik gertukoen kultura gunea dut. Ereduak ez du balioko akaso edozein eskualderendako, baina esango nuke edozein lekutan ere ez legokeela gune euskaldun bat sobera. Gune euskaldunak izan behar du:
Prestigio leku
- Guneak kalitatezko programazioa badu hori euskararekin lotzen da. Ez da inporta beste hizkuntza batzuetako ekitaldiak antolatuta ere. Horietan detaile txikiak zaindu eta ahal delarik euskarazko sorkuntzari lekua egin.
- Euskarazko programazio duina antolatu. Ez euskaraz izate hutsagatik eta bai kalitatekoa delako. Euskaraz kultura eskaintza zabala da musikan, antzerkian, hitzaldietan…
- Euskaraz bizi naturaltasunez eta euskararen gune izatea ere lortu. Jendea erakarri eta erakutsi euskaraz bizi den mundu bat badagoela, merezi duen mundu bat.
Kalitatezko espazio
- Izan dadila erosoa, atsegina, errespetuzkoa kultura guztiekin, adin guztietara heltzen dakiena, plurala ideologiekin… eta Madrilen, Parisen edo New Yorken dagoen edozein areto duinek dituen ezaugarri guztiak gehi bat: euskalduna.
Ohitura sortzaile
- Kultura guneek (berdin izango da, esaterako kiroletakoek… ) ohitura landu behar dute. Kulturaz gozatzeko ohitura batetik eta nagusiki, baina bide batez, ikusleak ohitu behar du: euskara hutsezko oharrak entzutera, sarreren txartela euskara hutsez irakurtzera, sarreran dagoenari “gabon” entzutera…
- Ohitura gune horretako propaganda guztia euskaraz irakurtzera, gu gaztelera hutsez irakurtzera ohitu garan letxe.
Adibide pare bat asteburukoak: Lennar Green magoaren emanaldia eta bertsolaritza
- Green: 300 kartel egin dira euskara hutsean nahiz eta jakin Euskal Herritik zein kanpotik etorriko zela jendea. Webgunean euskara hutsez azaldu da zein den Green, nolatan datorren Elgetara… lotura batzuk eman dira, adibidez ingelesezko wikipediara. Prentsara euskara hutsez bidali da prentsa-oharra (Garan ere euskara hutsez agertu da…) Gehienek sarrera gorde dute telefonoz eta deitutakoan lehenengo berba euskaraz izan da “Espaloia bai esan?”. Berdin sarreretan, taberna zerbitzuan, sukaldean… euskaraz ondo artatzen duen jendea dago, euskalduna. Aretoko kartel guzti-guztiak euskaraz daude. Musika euskalduna entzutea oso erraza da (bestelakoekin tartekatua, zelan ez), magoak ingelesez jardun du eta gaztelerara itzultzen zuen mago bat izan du alboan (ez dago itzultzaile euskaldunik magian aditua denik). Emanaldia hasi baino lehen aurkezpen txiki bat egin da eta hau ere euskara hutsez. Emanaldia amaitu, txalo zaparrada artean magoen maisua agurtu eta trago bat bafleetatik kantautore euskaldun bat entzun bitartean. Laburtuta: mundu mailako emanaldi bat euskararen mesedetan.
- Gipuzkoako bertsolari txapelketako finala. Gunea finkoa ez izanagatik jarduna bai badela hizkuntza bakarrekoa. Horrelako adibide gutxi ditugu tamalez. Bertsolaritzak ematen dio prestigioa hizkuntzari, ohitura sortzen du entzulearengan, euskara ikasteko gogoa sortzen duela ere esango nuke… borobila da bertsolaritzaren adibidea hizkuntzaren ikuspuntutik. Mundu mailako emanaldi bat hau ere.