Nik argi nuen inoiz blogik egingo banu izen abizenekin egingo nuela. Bai, blog onak ere badaude nork idazten dituen ez dakigunak eta izena jartzeak ere ez du bloga ona denik adierazten beste barik… Ez nuke gomendatuko blog anonimo bat egitea:
- Askoz ere zailagoak dira topatzeko eta baita jarraitzeko.
- Askoz ere hotzagoak dira aurpegi bakoak diren heinean.
- Sinesgarritasunean galtzen dute.
- Izen-abizen barik errazago ateratzen dira mezuak, hau da, izen-abizendun blogak mimatuago edo daude ze nor zaren jakinda kritikak ere badatoz…
- Anonimoari erantzun bat uztea hartzailearen daturik gabeko karta bat bidaltzea modukoa da: Helduko da, baina ez dakizu zeini.
- Esaten duena bere zurruntasunean bakarrik hartu daiteke, hau da, ezin punta atera bere berri ez baduzu. Ezin irakurritako mezuari beste adibide erreal batzuk gehitu.
- Ingurukoak irakurle izatea oso nekeza. Norbanako bakoitzak badugu irakurle kopuru bat gu geu garelako bakarrik, izen eta abizen bat badugulako. Bizitza errealean badugulako komunitate bat.
- Ezagunak diren irakurleak asko laguntzen diote blogariari: bai blogean egindako erantzunekin; bai pribatuan bidalitako e-postekin.
- Ezin entzun kalean: “Gustatu zait atzo idatzi zenuena” edo “zelan esan zenezake horrelako astakeria!” edo “atzoko erretratua oso eskasa zen” edo “asmatu duzu titularrean” edo “pasatu egin haiz!” edo… Eta kritika guzti-guztiek laguntzen dute.
- Batzuk uste dute morbosoago direla ezkutuan. Bada gezur handia da. Ezkutuan daude eta ez dute horregatik bakarrik berezko erakarpenik. Ezkutuan daude eta kito!
- Susmopean jartzeko balio dezake. Irakurlearen galdera beti da bat: Zergatik gordetzen du bere nortasuna, zer edo zer izango du ezkutatzeko?
- Komunitatekideenganako errespetua: komunitate txikietan, behintzat, beste denek izen-abizenak dituzte, zein arrazoigatik sare-identitatea ezkutatu zure kideei ere?
Blogak duen gauza politenetako bat da sareko kontu hauek guztiak nahasten direla gero bizitza errealarekin. Erantzun dizun horrekin, eta beti ere zein den badakizu (nik zorte hori badut, zorionez) , jarraitu zenezake eztabaida zerbeza baten bueltan. Eta zein sanoa den bertatik bertarako harremana… Irakurtzen dira testuak sareak hoztu egiten duela diotenak, harremanak ordenagailutik ordenagailura baino ez direla esaten dutenak, baina bai zera! Sarean idaztearen gauzarik onena lehen zenituen harremanetan sakontzearena da, blogean atera den eztabaidagaiari punta ateratzea kafe batekin lagunduz. Polita da zure blogean parte hartzen dutenekin elkartzen zarenean sortzen den konplizitatea.
Bloga izen-abizenekin abiatzea ia ezinbestekotzat jotzen dut. Gainera, zenbateraino zara ba anonimo? hori posible da?