Hainbat ondorio atera ditut CodeSyntaxek antolatutako iritzi trukaketatik. Neure ondorioak, eta ez han geunden guztion artean adostuak.
– http://eu.umap.eu/n/ bada hedabide bat. Robot batek kudeatutakoa da eta bere alde on eta txarrak ditu. Niri gustatzen zait produktua eta gustatzen zait batez ere ez delako mugatzen 140 karakteretara. Tuitak oinarria dira, baina ez azken produktua. Flipboard gogorarazten dit eta asko gustatzen zait iPad-eko aplikazio hori.
– Tuit gehiago balego hobeto funtzionatuko luke umap moduko robot batek. Seguru baietz. Baina horretarako idazleen denbora inbertsio handiagoa behar da robotak bere lana hobeto egin dezan.
– Jarraitzen dut pentsatzen Twitter badela izan sorkuntza garaturako kapagailu.
– Twitterrek jende gehiago jarriko badu euskaraz idazten: ondo etorri. Hori ona da euskararendako. Hala ere, seguruenik gero eta lotura gutxiago egingo dira euskarazko testuetara testu gutxiago egongo direlako. “Egunak 24 ordu, halaxe ikasi nuen nik”.
– Sustatu dut maiteago ze hor bai, hor kazetari lana dago, editore lana… robotek egin ezin duten horrek balioa ematen dio Sustaturi. Sustaturi, adibidez. Eta eguneko lauzpabost albiste horiek iragazi dizkidan pertsonen hedabide hori nahiago dut erabiltzaile modura. Besterik da profesional modura, ze tuitak jarraitzen ditut eta oso baliagarri zaizkit. Beraz umap + sustatu +… darabilzkit.
– Twitter ez da hedabide bat. Eta arrakasta, hain zuzen, horretxek ere badakar. Hedabide mailan kokatuko ez nituzkeen tuit asko daude Twitterren, gehienak. Twitter “what´s happening?” galdetzen hasi zaigun arren asko dira “what are you doing?” galderari erantzuten geratu direnak.
– Niri, interesatzen zaizkit nire lagunen mezuak nahiz eta ez izan landuak, serioak, informazio funtsezkoak daramatenak, lotura barik… Gustatzen zait jakitea laguna etorri dela X kontzertutik, edo gaur jaiki denean bururatu zaion hau edo beste, edo halako herrixketan egon ostean bueltatu dela etxera, edo kontrolean geratu dutela autobusean zihoala… Hain zuzen ere, horrek balio bat du eta da GERTUTASUNA. Eta bada, kontrara, motibo bat tuiterlari gehiago ez jarraitzeko ze horrelako asko zarata izatera ere heltzen da. Jarraitzen ditudanak oso gustura jarraitzen ditut eta hala ez balitz ez jarraitzea oso erraz jartzen du Twitterrek.
– Pertsona batek ikusi dezake eta bakarrik ikusi besteek egiten-esaten dutena. Libre da, noski. Hori jasotzaile hutsa da eta ez da ezinezkoa hori egitea. Hori bai, denek hori egingo balute… umap makalago bat, adibidez.
– 190.000.000 erabiltzaile dira. Horri ez dago bizkarra ematerik eta horiek ere badira jokatzeko moduak markatuko dituztenak. Profesioan gabiltzanondako oso kontuan hartu beharreko errealitatea da Twitterrek ekarri duena.
– Twitterreko erabiltzaileek botatako mezuen edukietan %4 dira albisteak. Hala ere, informazioaren ikuspuntutik oso interesgarriak dira elkarrizketak (%38). Lotura interesgarriak lortzeko modu oso ona ere bada (%9). Eskerrik asko Joxe Aranzabali datuok ekartzearren.
– Twitterrek ez du papera hilko. Borobila da esaldia, baina ez dago hori pentsatzeko arrazoirik.
– Amaitzeko, “Tuit hauek” libreago idatzi ditut, batzuk luzeago edo motzago. Ui, ez dira tuitak, puntuetako batzuk 140 karaktere baino gehiago dute, gehienek. Ez da zailagoa muga barik idaztea, 140 karakteretan sartu beharrak ez du errazten (quark-eko kaxa gogorarazten dit batzuetan)
Mezu hau argitaratu dut blogean. Eta batzuk irakurriko duzue goiena.net-eko portadan dagoelako, beste batzuk RSS jarioei esker, beste batzuk blog hau bisitatzen duzuelako noizbait, beste batzuk tuit batetik etorriko zineten honaino ze tuitok izan badira zabalkuntzarako erreminta ona, gero eta jende gehiagorengana heltzen dena, portzierto.
Eta ahaztu barik: zorionak Codesyntaxi. 10 urte Getariako baxu hartatik Kantoi gasolindegi parera (han ezagutu nuen nik hiru laguneko enpresa) eta orain Azitainera. Uste askotarako!