Gero eta bizkorrago doa Internet eta susmoa daukat denok ez goazela abiada berean. Bizkor, nabigatzaile eta euskal enpresei esker, eta ez webguneen orriak bizkor zabaltzen zaizkigulako (operadoreek engainatzen gaituztela uste duzu zuk ere, ezta?). Euskarazko hainbat erreminta izan dira notizia Argian: VLC Media Player, Euskaltube, Elebila… Pentsa, inbentario bat ere osatu da euskarazko informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriena! Tresnak baditugula zabaldu behar dugu orain, jendeari komunikatzea tokatzen da eta horretan ez gabiltza ondoegi.
Euskarazko tresnak badaude sarean, baina erabiltzen ditugu? Argian irakur zitekeen otsaileko datuek ziotena (Eustat): EAEko Internet erabiltzaileen %99,7k gaztelania erabiltzen dute nabigatzeko. Euskaraz nabigatzen dutenen kopuruak %1,5eko gorakada izan du eta gaztelaniaz egiten dutenen kopurua %2,4 igo da. Zer egin dugu datuak hobetze aldera? Zakurraren putza!
Datu horiekin konparazioan Sustaturen batzuk (lehen sei hilabetekoak): Sustatura sartzen diren lagun gehienen nabigatzailea Explorer da, baina beherantz doa (iaz %65, aurten %55) eta Firefox-Mozilla gorantz (%31 vs. %40). Bestalde, nabigatzailea euskaraz konfiguratuta daukaten erabiltzaileen kopurua asko hazi da (%44), baina oraindik hiru bisitaritik bik erdaraz daukate konfiguratuta nabigatzailea (harrigarria, portadan dagoen oharra kontuan hartuta). Sustatun ez da egin euskara plangintzarik emaitzok lortzeko, baina lortu da datuak hobetzea. Euskara hutsez dihardugunok ez genuke antzerakorik egin behar gure webgune eta gure blogetan? Jarriko dugu Tu navegador está configurado en español mezua?
Erremintak batetik eta bestetik edukia. Jarraitzen dugu edukia sortzen, baina ez gura beste. Wikipedian (badugu erreminta) 25.000 artikulura ez gara heldu. Blogariak (badira erremintak) 6.000 inguru izango gara eta bizirik 3.000. Bi datuok ez dira txarrak, hobetzekoak bai, baina ez txarrak. Kontrara, oraindik euskara apaingarri baino ez duten webguneak daude, URLa gaztelera hutsez dutenak ere makina bat, edo gaztelera hutsez webgunea aurkeztu eta laster euskaraz ere egingo dutela esan bakarrik egiten dutenak. Sociedadesgastronomicas.com modukoak, esaterako.
Iaz kexaz ginen Internet ez delako irratian, paperetan eta telebistan agertzen. Ba aurten gehiago agertzen da. Telebistetako albistegietan ere agertzen da, Euskadi Irratian badira blogariak tarte finkoarekin, paparean ere gero eta tarte handiagoa… Internet bada iaz baino gehiago. Hurrengo urtean beste saltotxo bat.
oh.: Euskal kulturaren urtekarirako Argiako lagunek eskatu zidaten artikulua.