Azokako elkarrizketa on bat eta kontzertu eder bat

Elkarrizketa honek denok harritu gaitu. Lehenengo eta behin kazetaria, Julen Iriondo. Gero errealizatzailea, soinu teknikaria… eta ikusi ditugun denok geratu gara ahozabalik. Horregatik ekarri dut blogera. Eskerrik asko, Oihan.

Oihanek dio:

Eta bigarrenez, azoka honetan komentatzeko kontzertu on bat, ileak tente jartzen dituen horietako, emozionatu ninduena eta Leteren “ni naiz” bertsioneratzera ausartu zirena. EITB-k pasatako bideoko kantu bat, “atsegin ditut”:

Bide Ertzean: plazerra

IMG_3323

Domeka ederra izan zen aurrekoa. Realak zertan ziharduen arduratzeke egin ziren soinu probak eta bazekarten pistarik. Normalean soinu probetan egoten denak badaki zein kalbario diren, baina bateriaren oinarriekin aluzinatzen hasi eta ahotsekin amaitu zen arteko ordubetea entzunda argi eta garbi utzi zuten kontzertu bikaina izan zitekeela.

Ez zuten hutsik egin. Hirukote moduan etorri ziren eta hasieran banuen beldurra gainontzeko bien falta ez ote nuen igarriko. Fran Iturberen gitarrak oso gogoko ditut eta antzeko gutxi entzuteko aukera dago inguruan. Hala ere, ez. Hirukoteak xarma du, konektatzen daki eta beste taldekiderik behar dutenik ere ahazteraino heltzen da bat lehen notak entzuten hasi orduko. Asteon boskote moduan nahasten dihardute disko berria Garaten, baina zinez esperientzia polita izan da hirukotean entzuteko eman diguten aukera.

Hasiera haiek gogorarazi dizkidate ezinbestez. Ni neu ere musikaren bueltan nengoen zentratuago eta gogoratzen dut zelan gozatu nuen Dana lanbrotute ikustot lanarekin, Soraluzen. Oroitzapen horiek bizi izan ditut kontzertuan eta baita taldearen izen bereko diskoa entzutean ere. Balada iheslaria kantua entzuten ez nuela hamar urtetik gora izango dira. Lehenago apalagoak-edo ziren kantuek irabazi egin dute bateria irakurketa berriekin, baxuaren dinamika berriarekin eta kantaera zainduagoarekin. Orain, Bide Ertzean eskamentudun jendeak osatutako taldea da eta profesionalak dira musikagintzan.

Zure Minari diskoko Gure maitasuna kantuarekin antzokia musikaz borobildua geratu zen. Geundenok aurrean genuen alfonbra gorriko eszenatoki zaindu bat, elegantea; argi-joko politekin apaindu zuen Gorkak eta soinua neurrian helarazi zigun Elorrioko Aitorrek. Salom-pop batean geunden, zerbeza batekin jarrita eta dagokion musikarekin.

Kantuak banan-banan aipatzeko bestekoak dira ze errepertorioan asmatu dute. Ez zegoen betegarri den kantarik eta gogoan ditut egunotan liburua aurkezten diharduen Oier Gillanen hitzekin egina, edo Grisa abestia zelako aire ezberdinarekin kantatu zuten. Berriagoak diren 13 arrosa gorriak modukoekin zein eder zeuden domeka arratsaldean ere gogoratu dut…

Ezin zen bestela izan eta jendeak pare bat aldiz eskatu zituen bisak. Lehenengo kantuan bezain apal atera ziren eta aho-soinuarekin lagundutako kanta berriren bat ere bazuten Espaloiko publikoari eskaintzeko. Mikrofonotik galdetu zioten beren buruari ia kanturako balio duten edo ez, baina galderak ez du lekurik. “Zutaz kantatzeko jaio bide nintzen mundura” kantatu zuten eta sinistu ere egin genuen gutako bakoitzarentzat kantatuko lerroak zirela, domeka arratsalde euritsuan Espaloian elkartu ginen denondako eta bakoitzarendako girotuak. Otamendi poeta handiaren hitzekin amaitu zuten emanaldia, erritmo bizian eta gau bustiari lekua utzita. Plazerra.