Sortzaileak dira ezeren aurretik. Hitzaren artisauek osatzen dute gremioa. Miresgarria askotan, eredua bestelako hainbat triburendako. Kooperatibismotik aztertu beharreko talde bat moduan ere ikusten dut, autoeratutako taldea, dinamikoa, eztabaida sakonetatik abiatu eta norbere burua antolatzen dakiena kanpotik zerek eragingo zain gelditu barik.Kultura proiektu sendo bat da gaur, hizkuntzari oso lotua, transmisioari, identitateari, lurraldetasunari… Proiektu pentsatua eta adostua.
Idazleek, kantariek… gura lukete
Gura lukete idazle euskaldunek horrelako elkarte sendo, egituratu eta eraginkor bat; gura lukete zinegileek beraien gora beherak babestu eta landuko lukeen ofizio-elkarte bat; gura lukete euskal kantariek beraien eskubideak babestu eta kantarien beharrak asetzen lagunduko lukeen talde autoeratua.
Egunero profesional
Bertsolariek badute, eta badira. Horregatik lortzen dute frontoiak betetzea (azkena Zarauzkoa) eta lortuko dute milaka eta milaka lagunek BEC betetzea.Lortzen dute ehunka saio egitea plazarik plaza, elizpetan, auzoetan, jatetxetan, antzokietan, balkoitik balkoira…. Urte guztikoa da jarduna, jardun profesionala.
Bertsolari finala da gaur gaurkoz euskaldun gehien batzen dituen ekitaldia eta horregatik ere bada mirestekoa, hala ere, egunerokoan da eredu bertsozale elkartea.
Giro ona:
> Elkar babestu ere egiten dute bertsolariek. Gutxi entzungo dituzu publikoki bata besteagatik gaizki esaka. Egoten dira motiboak, zelan ez, eta pribatuan entzun ere entzun ditugu demasak, baina indibidualismoen gainetik talde sendo bat da bertsozaleena. Orokorrean, gainera, lagun-giro handia dagoela ere esango nuke.
Kolektiboa:
> Bertsolari, gai-jartzaile, epaimahaiko, bertsozale… Komunitatean jokatzetik datorkie indarra. Patxikontrekin ez legoke bertsolaria oholtzako mikro irekian. Zorionez ez dira gehienak bere zilborra baino begiratzen ez dutenak. Indibidualismoak ez du lekurik bertsozaleen sisteman. Ez, behintzat, arrakasta kolektiboa bada helburu.