‘Arriya’: ikusi eta gozatu

 

Durangon ikusi nuen filma, “Arriya”-n agertzen
den autobusa baino dezente zaharragoa den aretoan, pantaila handi-handian eta
butaka erosoetan. Azkenengoz “munduaren bira, doan!” ikusten egon nintzen areto
berean. Gehiagotan gozatu beharko genukeen aretoan… Amaieran gustura atera
nintzen, pozik, film polita ikusi izana komentatuz lagunekin. Laurok geunden
ados O’Connor’s-en. Merezi du eta gomendatzekoa da.

Gutxienekoa plaza-harria edo meza-harria; zein
mandoa edo zaldia. Pisua duten elementuak narrazioan eta pisuago zirenak gaur
direnak baino. Berdin errotarria, sentimenduak ere ehotzeko lain izan dena eta
meza-harria baino elementu magikoa filman. Ez dut ulertu “arriya” deitzeko
beharra filmari, hala ere. “Harria” ere ederra zatekeen olerkari bilbotarrak 1962rako
idatzi bezela. Film amaierako kredituak ez ditut topatu webguneko kredituen
atalean

eta bazegoen bat euskara jatorraz Iban Garate arduratu dela zioena… Ez dakit
euskararen izenean deitu zaion “Arriya” edo zergatik, auskalo!

Garate aipatu dudanez, esan dezadan kriston
aktorea ikusi dudala pantailan. Demasa. Malagako zinemaldian sariak eman
dizkiete Begoña Maestreri (emakumezko aktore onena), Saioa Larari (jantzirik
onenak), Gaizka Bourgeaudi (Fotofilm Deluxe irudi onena), Gorritiberea
zuzendariari berari Asecan saria eman diote, baina niri, bereziki, Garateren lana gustatu zait. Zaila izan behar da, benetan, erabakiak hartzen ez dituenaren
papera jokatzea. Sinesgarria egindako lana eta pertsonaiarekin identifikatzen
zaila den arren lortu ere egiten duena. Amigo, ez da ez erraza erabakiak
hartzea!

Bingen Mendizabal ere saritu dute Malagan, eta
sarituko dute aurrerago ere. Zelako soinu banda! Historian eta istorioan sartzen
zaituena, filma laguntzen duena eta irudiak begietatik sartzeko gozagarri dena.

Herrigiro eta familiagiro gordinari ihesa
pantailan. Seguruenik gehien espero nuen aterabidea momentu batera helduta,
baina ez horregatik errazena ehotze-lekua ere konponbiderako leku izan zitekeenean.

Atzera aurrerak despistatzeko aukera ere
ematen du, baina uste dut oso markatuak direla eta bigundu egiten duela
kontaketa, lagundu erraztu ez arren. Gustatu zait erloju xaharraren martxa, baita geldi dagoenekoa ere detaileak gozatzeko behar beste
denbora hartzeko abisatuko baligu bezala, akzio zaratatsuetatik ihesi eta
kolorean indarra eginez koadroa osatzeko.

Amodioa ardatz eta gorrotoa lagun, ume-jolasa,
adinduen jokoak, ezinikusiak, mugaldeko garai bateko herri “tipikoa”:
hiru hizkuntza, ehiztariak, erromeriak (oso ona Pottoka), jaiak, herri-kirolak, musa, Guardia
Zibila, eliza…). Herriko turista izateaz haratago filman
barru-barrura sartu eta integratzea merezi duena. 5 eurogatik gauza asko eta
onak.