Hilleta eredu politta

Izan leike hilleta bat politta? Ez, horrenbeste ez, baiña gizur-ospakizun bat be ez da izan. Zapatuan trink egin neban hilletak egitteko modu egoki batekin. Topau doten egokixena bai, behintzat. Begiz jota neukazen Eibarren egitten diran hilleta zibillak be… Ondiokan Jainkua eta Lege Zaharrak pisua daken honetan inbidixaz begiratu izan dot Eibarren oso zabaldu eta onartua dagon hilleta zibillen kulturia.

Atzian geratu dira sermoi luze eta mundu-salbatzailiak. Aurrekuan, lagun baten hil osteko ekitaldi bat euki giñuan Elgetan bertan. Lehenengo hautsak zabaldu zittuen ortuan. Gero antzokixan izan zan ekitaldixa. Aurkezpen edo gidari lanak egittia eskatu zosten eta baitta egin be. Abade papelian baiño erosuago, portzierto.

Berak idatzittako despedida karta bat, bere argazkixekin eginddako ordu laurdeneko bideua kantu aukeraketa on batekin, lagun bik botatako bertso paria, beste lagun batek karta bat, euskaltegiko lankide biren testu politta, gazte denborako anekdota bat… Gura zebanak mikrofonua hartu eta han genden 150 lagun ingurun aurrian gura zebana esaten zeban. 40 minutuan amaittuta. Lagunen artekua, hunkigarrixa, apala eta zintzua.

Luntxaren aurretik baso-ardaua jaso eta bere alde egin giñuan topa.

Gehixago ez da bihar.

Jabier Arantzeta

Jabier ezautu neban firingalua zanian. Orduan ni kakamutikua nintzan eta bera Udaleko zinegotzi. Farandulerua, piparmiña, zirikatzaillia, ironia zalia, torerua, oso euskaltzalia, konprometidua herrixarekin eta Euskal Herrixarekin…
Asko ez dala, uztaillian, jaso neban bere barri e-posta bidezko harremanian. Zera  esaten zeban: “kaixo danoi: Bergarakua neri zoragarrixa pentsatzen jata”. Bergarako EAE eta Aralarren arteko elkarbizitza dokumentuaren gaiñian ziharduan. Gai politikuak gustau, eta gertutik jarraitzen zittuan Jabierrek.
Seguru nago fan dala DV-n eskelarik ez jartzeko esanda. Beti akordatzen naiz amorruz esaten zeban esaldixarekin: “Gipuzkuan ez dok iñor hiltzen Diario Vascon ez badok agertzen”.
Azkena, Asteleheneko Goienkarixan irakurri notsan, uztaillaren 23an. Inddar gutxikin eta ahots barik zebillen, burrukan; hala eta be, kolaboratzen jarraittu zeban Jabierrek. Haxe zutabetxua ekartzia pentsau dot blogera. Jabier, eskerrik asko eginddako lanagaittik.

Txantxa gutxi langileekin

Ikusten, berri inportanteak nondik ateratzen diren Espainiako politikan! Fiskal Nagusiak Espainan zer gertatu den jakiteko, famosotxo eta antzeko langile finak nola dabiltzan begira telebistan. Bat-batean, ofentsa eta iraina: printze-printzesak larrutan lehenengo orrialdean. Espainiak ezin du hau jasan, Borboiei ez ezik Espainia guztiari ere iraina da hau (ez dago garbi larrugorritan daudelako ala lanean ari direlako). Iraindu egin dituzte. Horrelakorik ezin da aldizkarietan jarri.

Niri, egia esan, aspalditik gustatzen zait El Jueves-en umorea. Denak esateko, esan beharko nuke euskaraz horrelakorik ez izatearen inbidia ere sarri izan dudala, gauza guztieti punta ateratzeko izugarrizko gaitasuna duelako. Eta orain, printze-printzesen larrualdiari punta atera diotenean iraindu dira guztiak.

Bestalde, beti pentsatu izan dut irainak, edo ironiak, ondo funtzionatzeko, egiaren pusketatxoren bat beti izan behar duela. Hau irakurtzen duzuenok biñeta ikusi baduzue ez dut zalantzarik nirekin bat etorriko zaretela biñetak egiaren zati dezentea duela; izan ere, hain dira langileak gure errege-erregiñak!

Eta Borboiak iraintzea besterik ez balitz! Ez dezala inork horrelakorik ikusi! Espainia osoa iraintzea litzateke hori! Horretarako daude Azuitegi Nazionaleko Epaileak (Jainkoaren ostean, gehien agintzen dutenak), eta aldizkaria, bahituta. Bizpahiru urte barru, beste Epaile orojakile batek esango du oraingo hau gehiegikeria izan dela eta dena bake santuan geratuko da, baina bitartean, eskandalaua!
Eta Egunkaria-koak beldurrez aidean. Epaileari okurritzen zaionaren beldur. Errezeloa daukat Del Olmo jaunak ere lan gehiago egingo balu, epai dezenteagoak idatziko lituzkeela, baina, horrelakorik ez dagoenez, oraingoan ere, okurritzen zaionaren beldur jarraitu beharko dugu.

            Jabier Arantzeta, Asteleheneko Goienkariako ‘Zorroztailea’ zutabetik.