Mezu luze xamar batean horixe galdetu dit lagunak: Hi Iban, gura ez ditugun anonimoekin zer egin?
Ez da kontua gaurkoa. Urrian ere galdera antzerakoa egin zidan. Gaur, hala ere, orduan esandakoek ez dute emaitza onik ekarri. Orduan idatzi nituen ohar batzuk galdera honi erantzunez: zer egin anonimoekin? Gaur, pentsatzen nago lau hizkiko nire izenari beste hiru (tal) jarri beharko nizkiokeela aurretik, akaso. Badauzkat lagunak gogorrago jokatu behar dela diotenak, baina ni talibanegia izan ez… beti pentsatzen dut berba eginda konpontzen direla gauzak eta lehenengotik egurra eman beharrean adostasunetara heltzea zen asmoa. Ez du funtzionatu kasu honetan. Zer egingo diogu ba, aurrean dagoenak ez du beti izaten entzuteko borondaterik.
Eta orain zer?
- Jarraitu argi eta garbi lagatzen zeinek agintzen duen webgunean. Arauak gogorarazi webgunean bertan.
- Zabaldu dezala blog bat gura duena esateko. Ez utzi zuen lana kakazten. Baduzue e-posta, esan bakea emateko ze gogoa, dirua, ilusioa eta denbora asko eman diozuen proiektu bat dihardu kakazten.
- Zarata jasanezina bada argi dago, blokeatu e-posta hori. Beste bat sortuko duela? ba blokeatu hori ere. Berdin hurrengo e-postekin.
- Jarrera baten kontra zaudetela igarri dadila, ez utzi horrelako mezuak argitaratuta. Onarpenik merezi ez duten mezuak direla ikusten baduzue (irainak, ez-konstruktiboak, ez dutenak albistea osatzen… : ezabatu.
- Jarraitzen duela? izan zuek hobeak teknikoki bera baino. Antzeman, aurreratu.
Eta ezer ere ez? Gogortu jarrera.
- Login sistema bat jarri. Login egin, e-postaz konfirmatu beharko du erabiltzailea bera dela. Login egiteak jendea galtzea dakar, baina zarata gutxitzea ere bai. Nik gurago ditut zarata gutxiko lekuak.
- Luistxori kenduko diot zer egin anonimoekin mezuko erantzunaren zati bat: Suntsitzaileei aurre egin behar zaie, neurri teknikoekin bai, baina batez ere determinazioarekin. Bai, hori egiteko momentua da.
- Pasa beraren mezuak bakarrik moderatzera. Hau da, egin aurre-moderazioa baina IP jakin bateko mezuekin. Ez denekin, ze asko moteltzen du parte hartzea. Trol horrek idazten duena irakurriko duzue eta gura baduzue paso eman edo gura baduzue utzi argitaratu barik, moderazio kolan. Esango nuke badakizuela honezkero zein IP-tatik idazten duen, ez? Hori zuen alde dago.
- Txopiri hartutako ideia: IPak gordetzea. Indymedia Euskal Herrian erabiltzen duten softwareak (edo Apache bezalako web zerbitzariko logak ondo kudeatzen
badakizue) bidalketa bakoitza, iruzkin bakoitza eta irakurketa bakoitza
nondik egiten den jakin dezakezue. Egun batzutan zehar azterketa egin
ondoren, trolaren IPa jakingo duzue. Ez hori bakarrik, erabiltzen duen
nabigatzailearen izena eta bertsioa ere bai (agentea deitzen dena). Txopik esan zuen moduan erabiltzaile gogaikarri batez dihardugu, beraz, eliminatu behar da puntu honetara helduta. Gogorragoa izan behar bada izan. Egurra! - Beti da posible moderatutako erantzunak bakarrik sartzea. Metodo honek asko jaisten du erabiltzaile kopurua, baina publikatuko da zuek gura duzuena bakar-bakarrik. Ez badago modu errespetuosoan idatzita atzera eta kitto.
Zentzuratzaileak zaretela entzuteko prest egon zaitezte. Hori bai, nik gurago dut zentzuratzen den webgune bateko jarraitzaile izan eta ez kakaz josita dagoen webgune batekoa. Iritzi askatasuna bai, kaka kakaren gainean ez.
Geroagokoak lirateke, nire ustez, izen-abizendun erabiltzaileak bakarrik onartzea eta abarrekoak. Segi borrokan zuen proiektuak merezi duela uste baduzue. Seguru jende askoz gehiago dagoela egiten duzuena txalotzen duena. Ez utzi hiru-lau memelo edo memelinari ezer kakazten. Animo!