Ahotsak.com izan da aurtengo Argia saria

Ahotsak.com Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea jasotzeko atariak jaso du Sareko 2011 Argia Saria. Euskal Herriko Ahotsak egitasmoa 2003an lantzen hasi eta 2008an aurkeztu zuten Ahotsak.com webgunea.
Ordutik hona 3.000 hizlari baino gehiagoren ia 25.000 pasarte jaso
dituzte Euskal Herriko 180 herritan eta 5.765 bideo-pasarte ere sareratu
dituzte, libre eta doan, euren webgunean. (Sustatu.com-etik hartua)
10 minutuko bideoa azalpenarekin

Zorionak Badiharduguko langileei, laguntza eman daben Udal guztiei (eta jarraitzen dabenei, zelan ez) Bereziki Gipuzkoako Aldundixari eta KUTXAri. Apustu garbixa egin dabe lan-modu honengatik eta ekipo honengaittik. Eskertzekua, benetan. Eta 3.000 hizlarittik gora… horrek dira benetako artistak! ahotsak.com-eko izarreik eskerrik asko eta ZORIONAK!

Zelako hasierak. Akordau naiz blog honetan idatzi nebala mezutxo bat proiektuana, Koldo Mitxelenan aurkeztu zanekua: kriston proiektua! Eta baitta gure herrixan aurkeztu zanekua be Elgetako ahotsak.

Elgetako ahotsei omenaldixa

Urtarrillaren 23a be heldu zan eta horixe zan eguna Elgetako ahotsak proiektuan parte hartu zeben danei eskerrak emoteko. Elkarrizketetan jakiturixia laga doskuen gehixenak egon ziran han, eta batzun faltan familixakuak. Berezixa izan zan ordubetioi.

Nik pare bat bideo erabili nittuan aurkezpenian, baiña mezua bakarra izan zan: zenbat ikasi dogun elkarrizketetatik! Bideuok jartzen dittut hemen, baiña ahotsak.com helbidian topauko dozuz Herrixak, 84; hizlarixak: 1.251;
zintak: 1.614; pasartiak: 11.011; transkribatutakuak: 2.333;
audiuak: 1.463; bideuak: 1.638.

Hau ikusteko Macromedia Flash Player behar duzu. Doan da. Jaitsi produktu hori.

Eskolia, unibertsidadia, euskerazko hedabidiak… bale. Baiña sekulako garrantzixa dauke edadetuen esanek. Bi arrazoigaittik:

  • Euskera ona darabillelako elkarrizketatuak, ederra. Egituratua, berbak ondo aukeratuta, zehaztasunakin, isiltasunak zaindduta…
  • Historixia trasmititzen doskuelako, erakutsi. Askotan, iñun idatzitta ez daren gaixak.

Gertukuenak dira euskalkixa bizirik eta kalidadiakin eusten laguntzen dabenak. Eusten eta zabaltzen. Ez gara aspertuko eskerrak emoten.

Eskerrik asko, baitta be: Oxel Erostarbe alkatiai, batetik; bestetik, Asier Sarasua eta Aintzane Agirrebeña badihardugu elkarteko kidiei. Baitta elkarrizketa egitten jardun daben Josu Mendikutei be. (kuriosua, laurak blogarixak 🙂

Zabale: ‘Gari ebaten berua galanta, ta danok lekeixoka ta juerga baten’

Gaur Soraluzen egon naiz. Ondio zubixa egitten dihardue, bide batez esanda. Baiña zertan Soraluzen? ba makiñatxo bat denboran jardun neban disko artian, baiña gaur hitzaldi bat entzutera fan naiz. Hitzaldixaren barri ez dozu irakurriko soraluze.net webgunian, baiña han egoteko bestekua baiño gehixago zan. Ondo egon da. Lagunak nittuan hizlari-eta…

Fin egon da Arizabala alkatia aurkezpena egitten. Onduan izan dittu Egoitz Unamuno laguna eta Aintzane Agirrebeña Badihardugu euskera elkarteko kidia. Aurkezpen txukuna kapillakua  eta seguru herrittarrek gustura hartu dabela danon eskura don lana. Zorionak ba.

Gaur han ikusi dogun bideo batekin geratu naiz. Zelako egixak jasotzen diran grabaziñuetan.. Eta gaiñera kontalari ona bada… hau da Antonio Oregi, “Zabale”ren kasua. Zatitxo bat etara dot ze ahotsak.com webgunian dana dago laburpen idatzixekin, bideuak, sailkatuta, bilaketak egitteko moduan, ordenauta… gozada bat! Copy right-a dauka, baiña atrebidu egin naiz hona ekartzen hori zati ederroi, txikitasuna haundi bihurtzen daben berbaldi zatixa:

Hau ikusteko Macromedia Flash Player behar duzu. Doan da. Jaitsi produktu hori.

Esaten dau (entzutia merezi dau, hartu 5 minutu):
Pentseizu, gari ebaten berua galanta, ta danok lekeixoka ta juerga
baten. Makiña bat nahikua diru [dauken] baztarren baten egongo zittuan
ernegauta! “Hau dok berua” ta “ezin leikek aguentau” ta. Gu han. Ta
gero merienda galanta ein [… soruan] ta… Eske, nik beti esan juat,
personia feliz ixateko gauza txikixetan dao felizidadia, e! Ojo, e!
Kontu, hori! Gauza haundi-haundixetan nik ondio ez juat felizidaderik
ikusi iñori be.
Laburpen guztia ahotsak.com-en.

www.ahotsak.com: kriston proiektua!

Gaur, asko maitte doten proiektu bat aurkeztu da Donostian, Koldo Mitxelenan: Euskal Herriko Ahotsak. Aintzane Agirrebeña eta Asier Sarasuak emon dittue azalpenak eta horren laburpena ekarri dot hona, barrenian dago. Penaz nago Patxi Baztarrikaren esanak hemen ez jasotziakin,  ze oso ondo
egon da: Jantzitta, zehatz eta sinistuta. Ez da aurkezpen guztietan pasatzen dan kontu bat, baiña Baztarrikaren hau bereziki ona pentsau jata. Badihardugu elkariaren prentsa-oharretik etarata:AsierAintzanePatxi

Helburua

Proiektu honen helburu nagusia da, Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak katalogatu eta hedatzea; hau da, gure herrietako adineko jendea elkarrizketatu eta euren euskara eta bizipenak jasotzea eta herritarren artean zabaltzea.

Egiten dugun lana:

  • Jende nagusiari elkarrizketa egin bideoz, euskal herri guztietako hizkerak eta ahozko ondarea biltzeko. Gainera, lehendik egindako grabazio zaharrak ere berreskuratzen ditugu.
  • Materiala katalogatu landu eta kodifikatu; datu-basean txertatu.
  • Grabazioak transkribatu eta editatu
  • Informazioa online jarri

2004tik gaurdaino jasotako informazioa

* Herriak: 62
* Hizlariak: 986
* Zintak: 1212
* Pasarteak: 7722
* Transkripzioak: 1572
* Audioak: 1176
* Bideoak: 1021

Webgunea: http://www.ahotsak.com/ Etengabe ari gara materiala biltzen, lantzen eta datu-basea eguneratzen. Helburua da, 2012. urterako euskal herri guztietako lekukotasunak jasotzea eta online jartzea.

Ezaugarriak

    * Euskal Herri osoko datuak biltzen ditu.
    * Publikoa eta doakoa da.
    * Proiektu irekia da, eta interesa duen orok har dezake parte.
    * Hainbat ikerlari eta proiektu biltzen ditu bere baitan.
    * Metodologia sistematikoa eta zehatza jarraitzen da.
    * Informazioa herrika eta gaika antolatuta dago.
    * Era guztietako hartzaileak izan ditzake: ikerlariak, ikasleak,
zaletuak, senideak… filologoak, historialariak, antropologoak…

Proiektuaren eta webgune honen ardura Badihardugu Euskara Elkartearena da. Hala ere, egitasmo honen asmoa da, Euskal Herriko edozein elkartek eta ikerlarik parte hartu ahal izatea Ahotsak.com-en, eta dagoeneko hainbat udal, elkarte eta ikerlarirekin ari gara elkarlanean, denon artean ahalik eta proiektu sendo eta biziena lortu ahal izateko.

Entzulien artian euskaralari fiñak:
BasauriElexpuru