Azoka telebistaren indarra

Esperientzia oso polita bizitzeko aukera izan dut zubi honetan. Azoka bizitzeko hirugarren modu bat. Stand-aren barruan izan naiz urte batzuetan, kanpoan ere bai bisitari, oraingoan komunikazioan lan egitea tokatu da. EITB3k, Hamaikak eta GOITBk elkarlanean jardun dugu Azoka telebista egiten. Ahotsenea, haur literatura txokoa, Elkartegia, aurkezpen aretoa eta azoka bera ekarri ditugu pantailara eta jendeari erakutsi diogu azoka ez dela bakarrik liburuak eta diskoak. Asko ikasi dugu eta konturatu gara balio duela egiten dugunak:

Astelehen arratsaldea zen, guk Esne Beltzaren bideoa sartu genuen Azoka telebistaren pantailan eta jendea pegatuta geratzen zen. Gure bulegotik ikusten genuen jendea geldi zegoela pantailari begira. Tira, hori ere ez da hain nekeza edukia ona denean, baina hara zer gertatu zitzaigun:

Andrazko bat bere alabarekin etorri zen eskaileretan gora. Bideoklip polit bat ikusi zuela pantailan-eta. “Zein stand-etan dago salgai DVD hori? orain bota duzuen hori non dago? nor erosi daiteke?”

Horratx! Googlek aukeratzen du gure nabigatzailean zein publizitate erakutsi eta guk pantailan ematen dugun edukiak eragina du azokako karriketan dauden lagunetan. Zuzen-zuzen, bertatik bertara eta zintzo-zintzo. Horixe da Azoka telebista, Durangoko Azokak behar zuen garapen natural bat.

Oh.:

  • Bai, jakin genuen diskoa erostera joan zela pantailan ikusi zuela esanez. Erosi ere egin zuen.
  • Hurrengo urtean seguru sartzen garela zure nabigatzailean ere, Googleren antzera, zuzen-zuzen 🙂

Espainia Euskal Herrira eta baita aldrebes ere

Uste nuen bestelakoa zela Legebiltzarraren egitekoa. Esaterako: aurrekontuak onartzen zituztela Gasteizen, Eusko Jaurlaritzak egiteko duena bultzatu eta zelanbait kontrolatu ere egiten zutela,  behar besteko informazio eta datuak eskatzen dituztela jarraipena egiteko… Baina ez dakit ba! Beste hainbat eztabaida antzuren artean zer eta txirrindularitza eta futbola mintzagai politikarekin nahasian; non eta Legebiltzarrean. Akabo!
 
Mintzagai diot, jakitun izan badira-eta Legebiltzarkide jaun-andreak erabakia ez dagokiola Legebiltzarrari: futbolaren kasuan klubek egin behar dutela eskaera; txirrindularitzaren kasuan, aldiz, udalerriek.

Hau da berbagai nagusia Legebiltzarrean? Egia esan, guk geuk ere, hedabideok, badugu horren kulpa. Ez dakit ondo egiten dugun gaia gure hedabideetan  aterata zein honen gainean idatzita zutabe honetan. Izan bedi eskaera bat egiteko: Legebiltzarkideok, egizue dagokizuena, legeak egin, kontrolatu eta utzi eztabaidok. Irudi-gai hauei barik jatekoarekin, osasunarekin, lanarekin, hezkuntzarekin, industriarekin, ingurumenarekin lotutako gaiei ebatzeko. Identitarioak alde batera utzita? bai zera! identitarioei ere eutsiz, baina futbola eta txirrindularitzarekin lotutakoetatik haratago, edo, behintzat, hauei adinako denbora eta bonboa emanez. Zer gutxiago!

>> Espainiako  Liga Profesionalean jokatzea ez dago zalantzan, selekziora doaz bertako futbolariak, Errege kopari zelako jarraipena… Niri ez zait inporta Espainiak hemen jokatzeak beste denak ere ez badu inporta, behinik behin. 

>>> Espainiako Vueltan ere parte hartzen dute hemengo txirrindulariek, Espainiako txapeldun maillota ere urte guztian… Niri ez zait inporta Euskal Herrira Vuelta etortzeak beste denak ere ez badu inporta, behinik behin. Hasi bedi etapa Iruñean (edo Altsasun).

***Goienkariarako idatzitako testua. Gaur idaztekotan Alakrana litzateke gaia… ez dago besterik!

Aktan jasoa atala gustuko dut

Sustatuko atal hau gustuko dut: Aktan jasoa. Bi lagunek dihardute kolaboratzaile lanetan eta biek ala biek egiten dute atal hau interesgarri: Mikel Iturria eta Imanol Murua. Bakoitzak bere bloga ere badu, bizi-bizia Mikelen kasuan eta Etxebarri blogaren martxakoa Imanolenean (astean behingoa-edo, papererakoa kopiatu-eta…).

Oraingoan ere perla hau atera du Imanolek titulu honekin: Konfrontazio desarmatua Tras la última negociación, la izquierda abertzale ha llegado a la
conclusión de que el terreno en el que el Estado español es más débil
es en el de la confrontación política desarmada
. Iñaki Iriondori Garan irakurria.

Nahiago nuke orain 10 urte geratu izan balitz aktan jasota, baina orain jasota ere gustura irakurri dut.

Atala osatzeko posibilitatea du edonork

Notario gisa, bi kolaboratzaile dira atal horretan, baina zeuk
ere parte har dezakezu. Aktan jaso eta gordetzea merezi duen aipu edo
adierazpenen bat topatzen baduzu, idatzi hona: aktanjasoa@sustatu.com.

Telebista interaktiboa Interneten

Gaur Oxel Erostarbe alkatia eta legebiltzarkidia egon da GOITB-ko platuan. Eta ezin izan dozu ikusi? ba ikusteko hainbat modu egon dira, aittatuko dittut hiru:

1) Debagoienian, GOITB ikusten dan etxietan, ba betiko moduan. Hau egitteko anplifikadoretxo bat euki bihar da jarritta, baiña gehixenok ikusten dozue modu analogikuan, betiko moduan.

2) Euskalteleko zuntza daukazuenok eta kuota bariko digitala kontratauta daukazuenok EAE guztittik Euskalteleko 933 kanalian. Debagoienian, kablez, 11. kanalian.

3) Edozein lekutan egonda be Interneteko konexiñua daukazuenok hemendik:

http://www.livestream.com/goienatv/

GOITBlivestream

Hirugarren bidia aztertu biharko giñuke gehixago

Hirugarren aukera hau izan da guretzako barrixa. Eta pentsatzen dot zuetako batzundako be barrixa izango dala. Hauxe da telebista interaktibotik gertuen ikusi doten adibide erreala. GOIENAk lehenengo aldiz egitten dau holako emanaldi bat. Herriko alkatia zuzeneko elkarrizketan ikusi eta galderak egitteko aukeria erreala izan da gaur, eta izan zan Ino Galparsororekin aurreko astian.

Oinguan Elgeta izan da berbarako gaixa, baiña hurrengo eguenian Bergarak hartuko dau protagonismua ze Agurne Barruso etorriko da. Badakizue: http://www.livestream.com/goienatv/  19:45ian.Goiena.net-en be jarri dogu,  facebook.com/goitb helbidian be bai… embed kodigua emoten dau eta edozein blog edo webgunetan be jarri leike, jarri zeinkie.

Hirugarren bide hau gehixago aztertu biharko dogu. Nik gaur gustura ikusiko neuke, esaterako, Anarirekin egin daben elkarrizketa musikatua: kantuaren kantoia. Plateruenan izan da gaur eta leku guztietan ezin egon… Hango girua be ederra izango zan zerbezatxo batekin, baiña horretara ezin helduka, konformauko nintzake irudi eta soiñuakin.

Bertsozale Elkartea: kanpotik zer esango duten zain egon barik

Sortzaileak dira ezeren aurretik. Hitzaren artisauek  osatzen dute gremioa. Miresgarria askotan, eredua bestelako hainbat triburendako. Kooperatibismotik aztertu beharreko talde bat moduan ere ikusten dut, autoeratutako taldea, dinamikoa, eztabaida sakonetatik abiatu eta norbere burua antolatzen dakiena kanpotik zerek eragingo zain gelditu barik.Kultura proiektu sendo bat da gaur, hizkuntzari oso lotua, transmisioari, identitateari, lurraldetasunari… Proiektu pentsatua eta adostua.

Idazleek, kantariek… gura lukete
Gura lukete idazle euskaldunek horrelako elkarte sendo, egituratu eta eraginkor bat; gura lukete zinegileek beraien gora beherak babestu eta landuko lukeen ofizio-elkarte bat; gura lukete euskal kantariek beraien eskubideak babestu eta kantarien beharrak asetzen lagunduko lukeen talde autoeratua.

Egunero profesional
Bertsolariek badute, eta badira. Horregatik lortzen dute frontoiak betetzea (azkena Zarauzkoa) eta lortuko dute milaka eta milaka lagunek BEC betetzea.Lortzen dute ehunka saio egitea plazarik plaza, elizpetan, auzoetan, jatetxetan, antzokietan, balkoitik balkoira…. Urte guztikoa da jarduna, jardun profesionala.
Bertsolari finala da gaur gaurkoz euskaldun gehien batzen dituen ekitaldia eta horregatik ere bada mirestekoa, hala ere, egunerokoan da eredu bertsozale elkartea.

Giro ona:
> Elkar babestu ere egiten dute bertsolariek. Gutxi entzungo dituzu publikoki bata besteagatik gaizki esaka. Egoten dira motiboak, zelan ez, eta pribatuan entzun ere entzun ditugu demasak, baina indibidualismoen gainetik talde sendo bat da bertsozaleena. Orokorrean, gainera, lagun-giro handia dagoela ere esango nuke.

Kolektiboa:
> Bertsolari, gai-jartzaile, epaimahaiko, bertsozale… Komunitatean jokatzetik datorkie indarra. Patxikontrekin ez legoke bertsolaria oholtzako mikro irekian. Zorionez ez dira gehienak bere zilborra baino begiratzen ez dutenak. Indibidualismoak ez du lekurik bertsozaleen sisteman. Ez, behintzat, arrakasta kolektiboa bada helburu.

***Goienkariarako idatzitako testua.

Merezitako omenaldia gudari eta milizianoei

Gudariak, zibilak, eta baita haien senide eta lagunak ere elkartu gara Intxortako atea-n, Asentzion (Elgeta). Deialdia  egin zuten Elgetako Udalak,
Intxorta 1937 elkarteak eta Lau Haizetara Gogoan taldeak. Ehunka lagunek erantzun diote deiari. Argazki galeria bat jarraian eta baita bi kanta ere bideoan.

Niña Republicana, A las Barricadas eta Eusko Gudariak kantatu dugu Andoaingo talde errepublikanoak lagunduta. Gudarien hitzak, herriko alkatearenak, bertsolaria, Internazionala Arrasateko soka taldearekin… Egun polita eta gogoan edukitzeko horietakoa.

Eta Eusko Gudariak ere bai…:

Urtzelai: blogosferak sare kulturaletik baino gehiago du Amsterdaneko auzo gorritik

Facebook-en gaineko artikulutxoa idatzi Goienkarian, orria pasa eta Andoni Urtzelai blogak hizpide hartuta. Titularreko esaldia bera edo beste hau: Interneten nabigatzeak gero eta antz gehiago du zakur-kakaz betetako kale batean ibiltzearekin… Gustura geratu da Urtzelai laguna. Paperean ateratzen diren artikuluek paperean ateratze hutsagatik zakur-kaka baino glamurosoagoak direnez… blogera ekarri ekarri dut 🙂

Hauxe artikulua oso osorik. :

Blogak

Ez daukat ezer blogen kontra. Are gehiago, hainbat bloglari lagunak ditut, eta tarteka-marteka hauen txokoetara bistadizoa ematera joaten naizela aitortu beharra daukat. Hala ere, azkenaldi honetan, susmoa daukat blogak ez ote diren zertxobait Belen-estebanizatu. Hara, azalduko dut arestiko boutade hau: Belen-estebanizatu diot orokorrean blogariek norbere bizitzaren pasadizoak kontatzeko baino ez dituztelako blogak erabiltzen. Eta kontu, ez diot nik hori txarra denik edo gaizki dagoenik, alla kuidaus, egin dezala norberak nahi duena norbere buruarekin!  
Gauza da, ez dakit ba, bestelako bilakaera bat espero nuela nik txoko birtual hauengandik. Tira, ez dut esaten entziklopedia zientifikoak izan behar direnik, baina edozerk ere ez duela balio iruditzen zait. Izan ere, blogen baso honek horrela hazten segitzen badu, aurki zaila suertatuko da hontoak? sastraditik bereiztea. Apenas aurkitzen dut ezer interesgarririk blog hauetako askotan, kuxkuxeroak asetzeko lelokeriak baino ez kasu gehientsuenetan: bidaia argazkiak, edozeren inguruko gogoeta hutsalak… En fin.
Ozeano digitalean atentzio eske ari diren Robinson Crusoeak bezala ikusten ditut blogeroak, eta blogosferak, ostera, sare kulturaletik baino gehiago du Amsterdameko auzo gorritik: hortxe daude blogeroak, hango eskaparateetan emakumeak bezela, bezeroaren arreta nola edo hala piztu guran.
Eta iruditzen zait hau ez dela soilik blogen kasura mugatzen. Twitter, Facebook eta antzerako sare sozial-birtualek ere ez dute deus interesgarririk eskaintzen, hutsaren hurrengoa dira.  
Finean, zera da kontua: Interneten nabigatzeak gero eta antz gehiago duela zakur-kakaz betetako kale batean ibiltzearekin…

Facebook: aspaldiko lagunekin zein berriekin jarduteko

Asko ez dela egin ditut ehun lagun. Artikulu hau idazterakoan 120 dira eta denak ezagutzen ditut. Tartean daude musikariak, idazleak, politikariak, Jaurlaritzako kargudunak, filologiako ikaskideak, Bizkaiko Aldundikoak, herri aldizkarietakoak, bertsolariak, herriko alkatea, unibertsitateko irakasleak, dantzariak, irratiren bat, webguneren bateko lagun ere banaiz, eta azkenengo egin dudan laguna GOITB izan da. GOITB lagunak esango dit saio interesgarriak daudenean, gonbidatu bereziren batekin egindako elkarrizketa dagoenean…

Urtebete baino gehiago nabil saltsa honetan, eta indarra hartu du azkenengo sei hilabeteetan-edo. Gustatzen zait egunero bisita egin eta jakitea lagunek diotena. Informazio asko jasotzen dut eta nire lanerako ere balio du.

Jakinarazpenak ditudanean klik egiten dut segituan, langunekin jardun dut solasgunean (aspaldi ikusi bariko lagunekin ere bai), haien argazki edo bideoren bat ikusi dut, sekula baino zorion gehiago jaso dut nire urtebetetze egunean, nire hizkuntzan nabigatzen dut bolondresek euskaratu dutelako Facebook…

Gorroto ditut “bizarra kentzen” edo “arrautza frijitua jaten” erako komentarioak. Gorroto zortedun galleta kutreak, meme erako galderak. baina hauei muzin egitea errazagoa da “arrautza jaten” moduko komentario inozoei ezikusiarena egitea baino.

Hau dena da facebook.com/arantzabal. Ez baduzu Facebook ezagutzen zoratuta nagoela usteko duzu, baina probatu arte da, sinistu. Facebook barik bizi daitekeela? horixe baietz. Ez da ezer gertatzen bizpahiru egunetan ez baduzu zabaltzen. E-posta barik bizi daiteke? horixe baietz, baina…

Facebook besteengandik eta besteekin ikasteko balio didan erreminta da. Gertuko sentitzen dudan jendearekin elkarrizketak izateko, ikuspuntuak trukatzeko. Denbora galtzea? Makina bat dira hori diotenak, baina ez, denbora irabaztea da ingurukoei entzutea. Ia hurrengoan Twitterrez ere jarduten dudan hemen. Mikelek Splitweet bidez kudeatzera animatu nau eta horrekin dihardut orain. Hau ere euskaraz.

Goiena komunikazio zerbitzuak kooperatibaz Nickdutnik saioan

Erredakziotik kanpora, etxean, grabatutako erreportajea. Goienaz egin genuen berba. Goiena ezagutzen ez dutenendako eta mundutxo hau jarraitzen dutenendako ordu laurden inguruko bideoa. Eskerrik asko Nickdutnikekoei gurekin gogoratzeagatik.

Hainbat komentario twitter eta Facebook-en

– Euskaljakintza: Iban Arantzabal ikusten. Aupa, Iban! 🙂 http://www.goiena.net #nickdutnik -en

– goioarana
Egungo Goiena ezagutzeko aukera ona: Nikdutnik saiokoek Iban Arantzabali egindako elkarrizketa. #nickdutnik
http://www.nickdutnik.com/?…

– goienanet
RT @nickdutnik: New blog post: Goiena.net http://www.nickdutnik.com/?…

garaolaza @nickdutnik Iban ondo, baina erredakzioa faltan bota nuen, telebista, Internet, @marregi, Jon, @uxo ala Goiena.net=Iban Espaloian? 😉

Joxe Zer ‘serenidade’ transmititzen duen Ibanek ezta? #nickdutnik

Macmikel Ea Goienakoak noiz inbaditzen dituzten Eibar eta inguruak. @iarantzabal zuen zain gaude! #nickdutnik

ETB-k euskarazko iragarkirik ez ematea ona litzateke?

Pentsatu dagigun RTVE-k publizitatetik ez onartzea ondo dagoela. Eta bueno, ondo egon liteke ikus-entzuleondako… 2010eko urtarriletik zero iragarki izango dira RTVE-n eta dagoeneko ez dute iragarki berrien salmentarik egiten, beraz, gutxitzen joango da kopurua lauhileko honetan. Hurrengo urtean ez da izango notizia mahatsa jan ondorengo iragarkia.

Baina bideo zati honetan zera ere esaten du: “Autonomikoek ere bide bera jarraitu beharko lukete”. Hau da, ez luketela iragarkirik onartu behar. Eta jarraitzen du esateko: ” UTECAk ez ditu gura bi telebista publiko eredu ezberdin. Autonomikoak neurri berberak hartzea beharrezkoa da. Autonomikoek aldatu beharko lukete iragarkien ziurgabetasuna aurrekontuen ziurtasunengatik pribatuendako merkatua utziz.”

Baina hizkuntza gutxituan egiten den telebista baterako eragina berbera izango da? Hau da, kalte egiten digu iragarkiak euskaraz entzuteak? Ni ezezkoan nago, kalterik ez dago, eta gainera, euskarazko bideogintzarako, telebistagintzarako eta ikus-entzunezko produktuetarako atzerapausoa litzatekeela Euskal Telebistak muzin egitea iragarkiei. Gure merkatu txikia ahuldu egingo litzateke.

Sartu barik diru gehiago beharko lukeela EITB-k (bai, gehiago…): Gehiago edo gutxiago ikusiko ditugu euskarazko iragarkiak gainontzeko hedabideetan? Nire erantzuna argia da: gutxiago. Eta argi dago hori ez dela laguntzarik onena eskualdeka dauden euskarazko tokiko telebistendako ezta euskararendako ere.

UTECA zeintzuk osatzen duten eta zer gura duten jakinda… zer gurako dute ba bertako partaide izateko zabalkunde “nazionala” behar dela dioten telebistek? Horiek esango digute zer den ona autonomietan? Zer den ona euskarendako? UTECAk eskatzea libre da, baina hemengo Gobernuak kasurik ez egitea ere balegoke. Ezta?

Edo hau tokiko telebista baten lanean diharduen baten kezka baino ez da, eta ikus-entzule guztiek ontzat emango lukete iragarkietatik EITB-k batzen duen dirua denon poltsikotik ateratzea?