“Euskararen soka” Euskaltzaleen egunean

Elgetako Goibeko Euskaltzaleen Topaguneak antolatu du eguna. Irailak 24an izango da. Aurretik, hala ere, berotze ariketak egiten hasita dago elkartea eta kuriosoa da jendea ematen ari den erantzuna.

Ez dago herritarrik egun hau gaizki ikusi duenik. Gura dute harritxoa jartzea euskararen sokak luzeera izan dezan. Ez da erronka makala.

Ideia nondik abiatzen den

Eskola eta kalea gura ditugu irudikatu. Eskolan euskara zein garrantzitsua den ikasten dihardute irakasleen bidez, baina gero hori kalean, erabileran, apaldu egiten da. Ez da kalera heltzen, ez dago herriko plazan. Gazteek gaztelerara erraz asko jotzen dutela antzemanda geunden lehen ere eta urteetan datorren joera horri gura diogu galga jarri. Edo gutxienez, eztabaida hori kalera atera. Gurasoak dira giltzetako bat, izan ere, eredu dira eskola-umeendako eta gura diegu eskertzea eta eskatzea aldi berean.

Eskertu: euskaraz jakin ez eta umeak euskal ereduan matrikulatzea; eskertu jakin ez arren ulertzeko saiakera egitea: eskertu, beste herrialde batzuetatik etorri eta integratzeko hartu duten lana; ulertu ez arren patxadaz egotea entzuten eta kuadrila osoaren joera ez aldaraztea…

Eta eskatu: ba eskatu gauza askorik ez, ahal duena egitea eta behintzat kontrako jarreran ez gotortzea. Eskatu gura diegu elkarrekin euskararen soka osatzea.

Euskaltzaleen eguna 2016, irailak 24 ElgetaZelan?

Aurreko asteburuan banatu ditugu metro bat inguruko sokak. Herritar bakoitzari soka bat eta esan zaie: Gura genuke bakoitzaren soka zatiarekin eta katean egongo den ondokoarekin korapiloa egitea, bi muturrak lotzea. Soka zati horiek guztiak dira beharrezkoak “euskararen soka” osatzeko eta herritar guzti-guztiak daude gonbidatuta sokara.

Gura dugu eskolako atetik plazaraino heltzea korapilo pila bat eginda. Eta soka gogor bat osatu ostean, oinarria lortutakoan, gura dena da zumitzezko uztai bat pasatzea eskolatik plazaraino. Eramango du mezu bat uztai horrek. Eta uztai hori zumitzezkoa izateak ere adierazi gura du malgutasuna. Gogorra da materiala, baina malgua. Euskararen gaian ere horrela izan behar dela uste dugu-eta, bakoitzaren ahalak eta erritmoak errespetatu behar direla eta bidea egitera animatu, gurekin korapiloa egin eta soka luze bat egiten saiatu.

Sokak banatzen

Esperientzia polita izan da goiz-arratsalde soka zatiak banatzen egotea. Konturatu gara herritar guztiak daudela konturatuta Elgeta arnasgune sendoagoa zela euskararendako orain dena baino. Azken urteetan beheraka doala erabilera…

Bestetik, euskaraz ez dakitenek, herrian egunero agurka edo gabonka jarduten dugun horiek esaten ziguten beraiek ezetz, beraiek ez dakitela euskaraz eta soka ez dutela hartuko, ez direla deituak sentitzen. Justu horiekin egin dugu ahalegin handiena eta eskatu diegu sokan gura ditugula. Esan diegu eskertuta gaudela egin duten hainbat pausorengatik eta esango nuke soka eskuan hartu eta erretratua ataratzen gusturen beraiek egon direla. Aitortu diegu egiten dutena. Ez ditugu gonbidatu bakarrik egin, adierazi diegu beraiekin kontatu gura dugula eta behar ditugula euskararen sokan.

Gonbidapen zabala

Ehundaka soka zati banatu ditugu eta denak ez dira etorriko, baina gogoz ikusi ditugu gehienak. Zer aterako den? Ikusiko dugu. Lehenengo urtea da “Euskaren egunak” ospatzen egon ostean “Euskaltzaleen eguna” egingo duguna. Gonbidapen zabala eginda, herritar guztiei deituta eta jaigiroan ospatuko dugula nabarmenduta. Antolatu ditugu puzgarriak, gaiteroak, erromeria, brasan egindako atunarekin bazkaria…

Euskaltzaleen eguna 2016, irailak 24 Elgeta

Kazetaria eta artista garaikidea

Goienatik “Gipuzkoa kultura” deitzen zen telebista programa bat egiten genuen. Oso maitea genuen programa, egia esan. Batzen ziren Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura teknikariek zuten jakintza eta Goienatik telebista egiteko behar zena. Emaitza duina zen. Askotan, hala ere, izaten genituen komentarioak Artelekutik bueltan etortzen zirenean kazetariak… Komentario haiek gogoan eta irakurri berri dudan liburua aintzat hartuta zati bat gustatu eta ekarri dut blog honetara, Juan Luis Zabalaren “Txistu eta biok” liburutik. Berari baimena eskatu barik eta zatiok irakurtzean barre egin dudala egileari aitortu ostean 🙂

Ondo pentsatuta, azken batean inbidiagatik izango da seguru asko. Artista garaikideak nahi duena egiten du, bere barruko bulkadari askatasunik handiena eman diezaioke, eta horixe bera txalotuko diote gainera, bere buruari mugarik jartzen ez dion sortzaile ausarta dela esanez. Kazetariak, aldiz, eskatzen zaion piezaren neurriari, tonuari eta gainerako ezaugarri nagusiei ez ezik, men egin behar die: egiari, errealitateari edo dena delakoari; zuzentasun linguistiko eta gramatikalari, hizkera xenofobo, sexista edo misantropoa saihestuz; medioaren ideologiari, deontologiari eta, egokitzen bada, premia komertzialei; iritzi publikoa deitzen denari eta ustezko zentsuzkotasunaren mugei. Eta hori guztia, nahitaez, aintzat hartu behar du ordenagailuaren aurrean tekla bat zanpatzen duen bakoitzean.

… Nolanahi ere, aitortu behar dut atsegina zaidala arte garaikidea, erakarri egiten nauela…  … Seguru asko erabateko askatasuna eskaintzen duelako, gehienetan funtsezko ezertarako baliagarri izan gabe bere baitan alferrik galtzen den askatasuna bada ere.

Espaloia kafe antzokia: diferente, baina betoz beste horrenbesteko urte

Apunte batzuk eraman nituen aurrekoan Espaloira eta horietxek ekarri ditut blogera, gordeta geratzeko besterik ez bada ere. Egia esan, Astrako Johanak eta Platerueneko Enekok esandakoak ziren interesekoak, baina horrek jasotzerik ez dut izan. Nireak hemen, jakin arren ahoz botatzeko zeudela idatzita:

  • Txostena 2000ko apirilean aurkeztu genuen; Goibekoko batzar orokorrak onartu 2003ko martxoaren 6an; 2004ko ekainaren 10ean kooperatibaren estatutuak onartu; Espaloia zabaldu 2004ko ekainean.
  • Udalak 342.272euroko inbertsioa egin zuen; Goibekok 84.000 euro hasieran eta gerora beste 60.000 inguru (teloi, barru-soinu etab); Udalari utzi zizkion Goibekok 78.000 euro. Guk apustua egin genuen bai, eta baita Udalak ere. Zor barik desegin genuen Espaloia kooperatiba 10 urteko kudeaketaren ostean.
  • Espaloia zabaldu genuenean ez zen asmoa izan kontrakultura hartzea kulturaren oinarritzat.
  • Disidente eta trasgresorea? Ba ez zen momentua. Oraindik ere ez da momentua, seguruen. Erakunde publikoek zenbat diru inberti dezakete kulturan gurea moduko herri batean? Udalak zenbateko aurrekontua du kulturara zuzendua?
  • Gaztetxeak ez du kulturaren arrastoan funtzionatzen azken urteetan. Kultura ekintzendako leku handia dago gure herrian eta Debagoienean eta horri probetxu gehien elgetarrek atera diezaiokete. Eskualde proiektua izan behar zela argi zegoen, Eibar ere kontuan hartuta.
  • Gure hautua izan zen: askotarikoa, euskaraz lehenetsia, autofinantzatua (laguntzekin noski!), autokudeaketa irekia (edozeinen eskaerei zabalik beti, egin dira kontzertuak guk sekula antolatuko ez genituenak, dirua galduz. Sortzaileei beti ordaindu zaie ahal zen guztia. Takila gutxi ateratako kasuetan beti lagundu zaie gehitxoago. Hori akorduan dute sortzaile askok.
  • Lehen urtean bila joan ginen, gero etortzen zena kudeatzen nahiko lan. Astean dozena bat eskaintzatik gora jasotzen ziren. Eta horri gehitu, klaro, gurean estrenatu diren antzezlanak, musika kontzertuak… asko punta-puntakoak eta gehienak euskaraz. Amaieran konturatu ginen gure gustuetarako programatuta gazteak ez genituela nahi bestetan erakartzen.
  • Espaloiko erabakitze formula izan da lagun arteko afaria egitea. Eguaztenero lauzpabost lagun eta, noizean behin, puntualki, besteren bat. Eta inportanteena: AUZOLANA. Jendea beti egon da prest laguntzeko. Hori ezin da edozein herritan lortu. Elgetan bai.
  • Antzezlan asko, musika gehiago, magia, ipuinak, dantza, kantua… denetik izan dugu. Ni bi gauzarekin geratu behar banintz…: Errautsak antzezlana ederra izan zen, Artearekin batera; baita Juan Karlos Perezen kontzertu jazzeroa, Ruperrenekin batera. Eta gero Danbaka fenomenoa, udalak antolatutako guztiak, kanpotik antolatuta zetozenak ere bai…
  • Eskerrak taberna eta jatetxearekin pentsatu genuela hasieratik. Joko handia eman dute. Lana ere bai, bereziki Espaloia kooperatibako lan bazkideei. Ezin eskertuko lana. Horrek sortzen zuen jende mugimendua eta kultura eramaten genuen jendea zegoen lekura. Koadro bat Espaloian zintzilikatzea edo herriko beste edozein lekutan…
  • Euskara izan dugu ardatz. Beti. Eta klaro, mundura zabaldu gara eta askotariko hizkuntzak entzun ditugu Espaloian. Euskaraz %50 baino gehiago eta ondoren gaztelera, ingelesa…
  • Kudeaketa eredu moduan kogestioan sinistu dugu. Inbertsioa handia egin zuen udalak eraikinean; baita Elgetako Goibeko Euskaltzaleon Topaguneak ere. Inbertsio hori guztia geratu da herriarendako. Oso-osorik.
  • Minusetik hasi ginen, guraso elkartearen kontrakotasunarekin eta talde politiko guztien babes gabe. Hala ere, poliki-poliki herri proiektua ikusi da eta zalantzati geratu direnak eskuko atzaparrekin kontatu daitezke. Herritarrek, denek, harro erakutsi dute kultura gune bizi bat genuela Elgetan.

Eta orain?

Goibekoko bazkideek Espaloian antolatutako ekintza guztietan %20ko deskontua izango dute hurrengo 15 urtean. Hori izan da inbertsioa herrirako uztearen kontra hitzartutakoa.

“Eta orain?” galderari, berriz, berriek erantzutea onena. Irakurketa berritua beharko du 2016 ez baita 2004ko ekaina. Nire desioa, ahalik eta bizkorren zabaldu dadila. Ekintza bakarrarekin? Ba bakarrarekin; taberna bakarrik? Ba taberna. Txarrena itxita egotea. Horregatik amaitu nuen esaten “jar itzazue bentak, erosteko tabako eta koñakak”. Dena da on itxita egotearen aldean. Badakit badabiltzala gaiarekin eta Elgetako Udalak gonbidatu gintuen Plateruenako Eneko, Astrako Johana eta hirurok. Ondo egon zen. Ideiak baino atzera begirakoak hartu zuen denbora, baina aurrera egin gura duenarendako sekreturik ez dagoela argi geratu zen: sekretua ez da dirua, sekretua da lana. Hain sinplea eta hain konplikatua era berean: lana.

Azkenengoz eskola-umeen jaian egon nintzen. Benetan da ederra itxita daukagun areto hori. Merezi du biziberritzeak. Nire desiorik onenak.

Gerraren errekreazioa Elgetan: etorkizuna sortzeko leku

Herriaren frontoia lepo bete zen emakume erresistenteei omenaldia egiteko

Herriaren frontoia lepo bete zen emakume erresistenteei omenaldia egiteko.

Debagoieneko ekintza borobil bat: “Gerra eguna” Elgetan. Puntu on asko: memorixa ariketa eraginkorra, Debagoiendar asko parte hartzen, antolatzailliak ordu asko lanian (bereziki aittatu Julia Monge eta Juan Ramon Garai, demasak zarie!), gorputza hartu daben errekreaziño eta omenaldi eguna, ikusle ehundakak…

Eta klima berezi bat: Barne Sailburu izandakuak, ETAko militante bat urte asko preso eginddakua, Lehendakari bat, HBren sortzaileetako bat, EAJko mitikuak, PSEko lehendakari izandakua, alderdi txikixaguetako kargudun asko, alkate andre eta jaunak, zinegotzixak … Mimau biharreko egun bat dirudi, pasautakua irakurri eta etorkizuna sortzeko gune pribilegiaua. Inbersiño on bat.

Bi argazki eskuko telefonoarekin ateratakoak:

Hedabideetan agertu ez den argazki bat, kuriosoa. Laurak ezagunak eta bereziki Paco Etxeberria

Hedabideetan agertu ez den argazki bat, kuriosoa. Laurak ezagunak eta bereziki Paco Etxeberria

Elgetako bost herri-politikari errekreazio ostean manifestazioa zabaltzen. Alkatea erdian eta beste laurak, zinegotziak:

ElgetakoBostZinegotzi

 

Argazki gehiago, bideoak, kontakizuna… goiena.eus atariko kanal berezian. Hiru-lau bideo, argazki pila bat…

Testu landu bat omenduak han zeudela irakurri zutena Iraitz Agirrek eta Julia Mongek. Testua argia.com-etik dakart cc-by-sa lizentziari esker.

 

Emakumeen gerrak beste kolore batzuk ditu

Elgetan une eta gune ugaritan aritutako ahizpa eta arrebek hartu zuten protagonismoa, isilpeko ahots guzti horiek. Literaturako azken nobel saria den Svetlana Aleksievitxen Gerrak ez du emakume aurpegirik liburuan kontatzen den bezala, emakumeek kontatzen duten gerrak, eta beraz, errepresioak eta erresistentziak berak, beste kolore batzuk ditu, beste usain batzuk, beste argi-ilun eta espazio batzuk. Heroi eta batailetatik haratago, egoera lazgarrietan bizi den jendearen bizitzak kontatzen dira hauetan. Gerra eta errepresioak dakarren gogortasuna, tragedia, urruntze zein galera guztiek, ez dituzte emakume hauek biktima bilakatzen ordea. Erresistentzia, borroka, elkartasuna, laguntasuna eta sorkuntza pertsonalaren adibide dira. Menpekotasun patriarkal eta frankistaren inposizioei izkin egin eta euren ideia politiko eta sozialekin konprometitu ziren emakumeak, botere egiturek inoiz domatu ezin izan zituztenak, errebelde eta borrokalariak.

Fusilak bizkarrera bota eta guda-zelaira, gudari edo miliziana bezala joan zirenen ahotsak. Erretagoardian erizain lanetan ibilitakoak, lubakiak eraikitzen aritutakoenak, frontean gelditu eta itzuli zirenenak.

Igandeko ekitaldian 41 emakumeri egin zitzaien omenaldia, Iñigo Arregik egindako Egiaren Iturria eskultura jaso zutelarik. Antolatzaileek argi zuten ordea, omenaldia garai hori bizi izan zuten emakume guztiei zuzenduta zegoela. Isilarazitako ahotsek, kontakizun ezagun zein ezezagunak kontatzen dituztela. Horiei guztiei honako hitzak eskaini zizkieten.

Gerraren lekuko zuzenak izan ziren emakumeak omentzeko elkartu gara gaurkoan, baita diktaduraren aurkako erresistentzian borrokan aritu ziren andrazko guztiak oroitzeko. Hemen zaudetenak, hil zituztenak eta memoriaren mapa marrazten hasi garen bitarte honetan bidean gelditu direnak.

Historiako eta memoria kolektiboko orrietan isilaraziak izan diren ahotsak entzunarazi nahi ditugu gaurkoan.

Fusilak bizkarrera bota eta guda-zelaira, miliziana bezala joan zirenen ahotsak gara. Erretagoardian erizain lanetan aritu ginenona, lubakiak eraiki genituenena, frontean gelditu eta frontetik itzuli ginenona.

Mugak zeharkatu eta gure kideen aldamenean, faxismoaren kontra, internazionalismotik, ahizpatasunetik aritu ginen brigadistak gara.

Fusilatu zituzten horiek denak gara; gure hilotzak guk geuk brodatu genituen bandera more, gorri, berde, zuri, beltzekin estali zituzten, odoldutako banderak.

Gure besoen artera jausitako gorputz zaurituak zaindu genituenak gara, haragiz estalitako hezurrak, azaletik sentitzen dutenak, errepresioa poro guztietan sufritzen dutenak.

Gure gorputzak gerra krimenen guda-zelai bihurtu zituzten. Gure konpromiso politiko eta sozialagatik torturatuak izan ginen, torturatuak izaten jarraitzen dugu, sistematikoki bortxatuak, zaurituak, behin eta berriz kartzelaratuak.

Irakasle izan ginen, idazle, kazetari, joskin..

Eta batez ere, sufragistak eta feministak izan ginen. Horregatik ere hil gintuzten, bortxatu gintuzten, ilea zerora moztu ziguten, betiereko lotsara kondenatu nahi izan gintuzten. Lesbianak gara, transak gara eta gudari izateari beste zentzu bat ematen hasita gaude dagoeneko.

Indar polizialengandik ihes egitea lortu genuenak, martxoaren 3 bakoitzean, maiatzaren 1 bakoitzean. Langileak eta sindikalistak. Antolatuak eta autonomoak.

Mira Marusiña, Mirá, Mirácómovienen… Munduko Maria Luisa potzu guztietatik datozen eta etorriko ez direnen zain, omenez, eguneroko borroka txiki eta handiak bultzatuz aurrera egitea beste erremediorik izan ez genuen guztiak gara.

Kuba, Mexiko, Alemania, Errusia.. herrialde horietara erbesteratu behar izan genuen, bonbardaketetatik eta ezarri nahi izan zituzten arauen beldurretik ihesi.

Ertzetatik arituz, erdiguneak konkistatzeko bideari ekin zenioten guztiak gara. Memoriadun emakumeak, emakume oroituak eta kolektiboki memoria antzeko prozesu honetan, ezinbesteko ahotsak. Zuen borroka eta mugimenduak, hainbat eremutan aitzindari izandakoak, gure egungo aldarrikapen izaten jarraitzen dute. Zuek izan zarete ertzetatik borrokatzen irakatsi diguzuenak. Badakigulako jakin, historiako liburuetan agertzen den gerrak antzekotasun gutxi duela zuenarekin. Orri horiek gizonezkoek idatziak izan dira, gizonetatik eta gizonei buruz. Gerraz zerbait badakigu, gizonen ahotsetik izan da. Emakumeok isilik egon behar izan dugu, isilaraziak izan gara, eta gure hizkuntza bera ere isilarazi nahi izan dute. Gaur, erdigunetik hitz egiten dugu beraz.

Euskal Herriko erresistente eta errepresaliatuak zaituztegu gaurkoan erdigunean, baina zuekin batera, munduko hamaika txokotako emakume erresistente eta errepresaliatuak gogoan ditugu. Kurdistanen, Sirian, Palestinan, Donbassen eta munduko hamaika bazterretan euren eskubideen borrokan ari diren milaka emakumeak, gurekin dira Elgetan. 

Erdigunetik dihardugu eta gelditzeko hasi gara plazak gure egiten. Diktadurak isilarazi nahi izan zituen emakumeei ahotsa emanez, emakumeon memoria indibidual eta kolektiboa berreskuratuz, gure isiltasunak lanbrotzen dituzten mamuei aurre eginez. Garena, izan ginena eta izan nahi duguna lotzeko, eta gu geu zeharkatzeko beharra duen bizitzari bide emateko aukera da honakoa. Kontatzen ez den historia izan gara, baina gu gabe ez dago memoriarik. Eta memoria, zerbait izatekotan, sorkuntza ariketa bat da. Memoria historikoa eta pertsonalaren arteko hari fina, gogoratzea merezi duen hori bermatzeko bidea.Lotura horiek indartuz, kontzientzia aldaketan eraginez, mundua eta errealitatea beste koordenada batzuen arabera ulertzeko gakoak emanez. Ez dugu horretan zalantzarik, horretan gabiltza, horregatik batu gara gaurkoan. Eta badakigu ondo gabiltzala. Eta neskak, sinetsi iezaguzue, hau hasi besterik ez dela egin.

 

Euskara, ezberdinen arteko kooperazio

Titular horixe atera du Goienak.

  • Euskara: horrek elkartu dituelako MU-ko berbaldian. Eta elkartzen gaituelako.
  • Ezberdinen: ideologia, lurralde, izaera… Pentsa, baita futbol ekipo ere…
  • Kooperazio: Behar duelako euskarak kooperaziotik. Ekarpena zen Debagoienetik 🙂

Hitzalditik aterako zenbait ohartxo, hurrengo egunean.

  • Euskarak batu egiten du.
  • Hurrengo eguneko azalak…: Berriak handi, Noticias de Gipuzkoak ertain. DV eta Garan aipamenik ez azalean. Barruan denek, noski. Goienak titular nagusia eta argazkia.
  • MUk batzeko ideia izan du eta asmatu du formatuan. Goienak argazki nagusian ere sartu ditu, alkateen ondoan, Bixente Atxa eta Begoña Pedrosa paperean; Nekane Goikoetxea goiena.eus-en.
  • 5 auzapez 5 gizonezko.
  • Gidari Nekane Goikoetxea bost ikasleren laguntzarekin. Ondo. “ekitaldiko argazkiak
  • Michel Etchebeste? Etxebeste Noticiasek, Etxebest Berriak, Etchebest DV-k, Goienak Mixel Etxebeste. aiii, hegoaldetarrok nolakoak garen.
  • @juanmariaburto @josebaasiron @gorka__urtaran @enekogoia Mixel Etxebeste fitxatu barik dut Twitterren. Ia Twitterrek baduen 🙂 #5alkate euskaraz.
  • Asironek historia apunte interesgarriak. Aitzorrotx Nafarroako erresumaren gotorleku, 1223an Zuberoako 23 leinuk aitortu zutela Nafarroako Erresuma zirela… Gorka Urtaranek lagundu: “Nafarroako erresumatik gatoz guztiok” esanez.
  • @mkarmelep -i hartua: Interesgarria entzutea #5alkate haien autobiografia linguistikoa guztiokin konpartitzen. Erronka, elkarrekin eta euskaraz ekarpenak egitea.
  • Erabileran dagoela gakoa zioten bostek.
  • Kantuan amaitu zuten eta genuen: “bagare bagara”
  • Baionakoa eta Donibane Garazikoa falta. Euskara falta, alegia.
  • Hiriburuek asko egin dezakete.
  • Entzuleen artean Patxi Baztarrika eta Mikel Arregi. Baita Mikel Irizar ere. Eta Debagoieneko alkate batzuk: Eskoriatzakoa, Aretxabaletakoa, Antzuolakoa eta Oñatikoa.
  • Goiena.eus-en gehiago. Hiriak euskararendako gakoa direla esan dute alkateek.
  • Esaten dugu Euskal Herriko zortzigarren hiria Debagoiena dela :-)… lagundu genezake gakoa izaten.
  • Goienak streamin bidez eman zuen MUrekin elkarlanean. 800 lagunetik gora dira APP-a jaitsita dutenak eta horiek APP bidez jarraitu ahal izan zuten.
  • Bixente Atxa, Juan Mari Aburto, Joseba Asiron, Mixel Etxebeste, Eneko Goia, Gorka Urtaran eta Begoña Pedrosa

    Bixente Atxa, Juan Mari Aburto, Joseba Asiron, Mixel Etxebeste, Eneko Goia, Gorka Urtaran eta Begoña Pedrosa

“Barruak astintzen” lana saritu du Agifes elkarteak

 

Lan polita Goienak egin duena. Talde osoaren meritua eta bereziki aipatzekoak Monika, Jagoba eta Goiatz. Baita, zelan ez, Arrasateko San Juan de Dios Ospitaleko lagunak eta Arizmendi-Almen Ikastolakoak. Polita izan da.

Bideo hau protagonistekin batera ikusteko aukera izan nuen. Emozionatu egin nintzen. Kontatzen dutena beraiek entzutean zelan bizi izan zuten… berezia izan zen. Txaloak jota irakurri genituen kreditoak.

Albistea: Agifes elkarteak GOIENAren “barruak astintzen” lana saritu du.

Gazteleraz atera dugu euskararen egunean

Gaur, eta gaur bakarrik, gazteleraz atera dugu Goiena papera. Hau horrela egin eta zorionak baino ez ditugu jaso goiz osoan. Egia esan, oso pozik gaude hamar bat aldizkarik egin dugun hautuaz. Hain zuzen ere, gure hautua euskaraz egitea dela esan dugu eta 365 egunetan horrelaxe egingo dugula azaltzeko erabili dugu zenbaki hau.

Ez bakarrik esateko zer egin dugun, baita gure egitekoetatik gertu egon daitekeen jende hori animatu dadin euskarara, animatu dadin gurekin konpartitzera. Aberastu baino ez gaitu egingo gerturatzen den horrek eta zintzo esan diegu oso gogoan ditugula 365 egunetan.

2014an AIARALDEA aldizkariak izandako ideiari jarraiki, Beterri-Buruntzaldeko AIURRI, Araban  banatzen den ARABAKO ALEA, Elgoibarko BARREN, Debagoienako GOIENA, Uribe- Kostako HIRUKA, Urumeako KRONIKA eta Lasarte-Oriako TXINTXARRI aldizkariek salbuespena egin dute gaur, eta erdarazko zenbaki berezia argitaratu dugu, euskara ulertzen ez dutenei euskal komunitatearen berri emateko.

Pentsatzen dut gehien-gehienak ulertu dutela zergatik egin dugun eta babes handia jaso dugunez, horrekin geratzen gara. Merezi izan du. Ezin ukatu baja bat ere izan dugula eta sentitzen dugu bazkide horri ez badiogu ondo helarazi gure intentzioa.

Ekintza hau Goienak egin du errektore kontseilu guztia ados egonik, bai bertan dauden alkateak, bai gure enpresaren gehiengoa duten euskara elkarteak eta baita Goienako lan bazkideak ere.

Hainbat arrazoi izan ditugu gogoan. Hemen ez ditut denak jarriko, baina bai erabili ditugun asko:

  • Toki hedabideek euskara hutsez zergatik egiten duten lan beraiei azaltzeko: euskaldunok euskarazko komunikabideen bidez informatuak eta entretenituak izateko ditugun aukera bakarretako bat delako toki hedabideena,  erdal kiosko zabal eta aberatsekin alderatuta, arnasa hartzeko irla txiki bat. Mundutik datozkigun hizkuntza anitzetako telebista kate, Internet bidezko proposamenekin alderatuta, helduleku ezinbesteko bat. Gaztelerak baditu kioskoan ehunka argitalpen, euskarak oso gutxi.

  • Euskara hutsez funtzionatu eta komunikatzen badugu ere, komunikabideok herritar guztientzat direla azaltzeko. Euskaraz ez dakitenen albisteak, kolaborazioa, babesa… behar ditugula esan eta proiektuko partaide izan daitezen gonbidapena luzatzeko.

  • Euskal Herrian tokiko informazioa zabalen eta ondoen lantzen dituen medioak Tokikomen gaudela azaltzeko, alegia, Euskal Herrian tokiko informazioa jasotzeko euskarazko medioak direla erreferentzia.

  • Tokiko hedabideen bidez ere euskarara hurbildu daitezkeela azaltzeko, inguruko familiarteko-lagunak tokiko hedabideetara hurbiltzeko zubi izan daitezkeela (inkesta batzuetan argi agertzen dela euskara ondo ulertzen ez duten askorentzat ere erreferentzia direla tokiko hedabideak). Euskara ikasteko ere tresna onak dira tokikoak, gertukoak, motibagarriak.

  • Tokiko hedabideak beraien (euskaraz ulertzen ez duten lagunen edo euskaraz funtzionatzen ez duten entitate/elkarteen) kezkak, eskariak eta lanaren berri zabaltzeko leku ere badirelako. Informazio iturri izateaz gain, Tokiko hedabideak informazioa zabaltzeko tresna dira eta ateak zabal-zabalik dituzte beraiek ere. (Komunitatea modu zabalean ulertzen dugulako, euskaraz zabaltzea baldintza den arren, erdaldunak ere komunitateko parte sentitzen ditugulako)

  • Herriko enpresa eta komertzioentzako tokiko hedabideek plus bat eskaintzen dutela azaltzeko: zabalkundearena eta gertutasunarena. Multinazionalak baino egokiagoak dira euskal tokikoak inguruko komertzioarendako.

  • Ekimen puntual eta berezi baten bidez gure hedabideon lana ohikoa ez den espazioetan aurkezteko; erdal hedabideetan euskarazko tokiko hedabideen berri zabaltzeko. Ezagutzen ez gaituztenentzat ere erreferentzia bihurtzeko.

  • Erdaraz egingo dugu, eta erdaldunengana heldu. Hala ere, euskaldunengan ere sortu gura dugu inpaktoa. Balorean jartzeko balio lezake gaztelera hutsez egingo bagenu zer galduko genukeen irudikatzeak.

  • Euskaraz jakin ez arren dezente dira begi onez ikusten dituztenak gure hedabideak. Horiei ere gura diegu mezua zabaltzea eta eskertzea hor egon izana. Gainera, gure hautuaren zergatiak transmitituko dizkiegu.

Euskara – komunitatea

  • Euskaraz ez dakitenei euskararen egoerari buruzko informazioa helarazteko (ez baitakite euskararekin zer gertatzen den, askok).

  • Euskararen berreskurapenean gabiltzanok egiten dugun lanaren berri, euskaraz ez dakitenei jakinarazteko. Zer egiten dugun, zergatik eta zertarako.

  • Euskaraz ez dakiten herritar asko eta askoren ahalegina euskara berreskuratzeko oso garrantzitsuak izan direla, direla eta izango direla beraiei aitortzeko.

  • Egunerokoan euskaraz argitaratzen edo ekoizten dugun hori ulertzeko gai ez badira ere, honelako proiektu bati eskaintzen dioten espazio eta baikortasun begirada guztiei eskertzeko.

  • Euskararen berreskurapenaren bueltan beraiek egin dezaketenaz gogoeta eragiteko.

  • Euskaldundu diren herritarren testigantzak beraiei helarazteko. (Zuk ere ahal duzu.)

  • Euskara aurrera ateratzea guztion proiektu komuna dela beraiei helarazteko, beraiekin kontatzen dugula eta elkarrekin aritu behar dugula esateko.

  • Europan hizkuntza gutxitu gehiago badirela eta hauen erabilera eta sustapena bultzatzen dituela Europako Kartak, bizikidetzarako elementu funtsezko gisa aitortuz. ” Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak eta haien berezko kulturak errespetatzeak ez ditu banantzen herrialdeak, batzen baizik, eta hizkuntza- eta kultura-jatorri ezberdina duen jendea bateratzeko modu onena eta, askotan, bakarra da”

  • Euskal Herrian bertan 100 hizkuntzatik gora ditugula jakinarazteko eta gazteleraz haragoko hizkuntza eremu aberats bat bizikidetzan dagoela aitortu eta balioan jartzeko.

  • Euskarak aurrera egin dezan euskaraz ez dakitenek eman beharreko urrats horietan gurekin kontatu ahal dutela jakinarazteko.

  • Euskara ikasten ari direnak oraindik gure komunikabideak ulertzeko gai ez badira ere, laster lortuko dutela baikorki animatzeko.

  • Hizkuntza handien (gazteleraren) inertziak konturatu gabe hizkuntza txikiak jaten dituela eta oraindik lan handia egiteko dugula jakinarazteko. Nork kontatzn dizkizu zure herriko kontuak bertatik bertara?

  • Euskaraz bizitzeko gure nahia eta beharra gure bizitzan oso garrantzitsuak direla transmititzeko eta gaur egun ere auzolanean aritzeko beharra dagoela eta horretarako prest gaudela beraiei helarazteko.

  • Herri honetan euskaraz bizitzea posible izateko, denon ahalegina behar dela azaltzeko

  • “Euskararen gaia” euskaldunon gaia bakarrik ez dela azaltzeko, gizarte guztiaren gaia dela kontatzeko; bakoitzak beretik lagundu dezakeela etorkizunean bizikidetzan urratsak eman eta nahi duenak euskaraz bizitzeko hautua egiten

Interneteko bideo-publi honekin kale

Milaka bisita izan duen bideo bat izan dugu egunotan Goienan. Sokamuturrek (bagenekien) badute erakarmena, nonbait, eta bereziki zezenak norbait harrapatu badu. Goiena telebista grabatzen zegoen Bergarako plazan eta mutil bat harrapatzen duen momentuak bisita asko izan ditu; bestetik, hor dabil whatsappez hara eta hona. 6.000 bisitatik gora webgunean, bideo bi egin genituen eta 3.000 aldiz-edo ikusi da… Eta milaka gehiago ikusiko da ze bere bizitza propioa izan du bideoak… Ez dakit ba sare sozialak kontuan ez hartuta ondo egin ote dugun…

Natorren ba zezenez barik komunikazioarekin, markarekin eta publizitatearekin zerikusia duen aipamen batekin. Horrela jaso genuen guk erredakzioan:

  • Bideoa lehen orduan grabatu eta editatzen geunden.
  • Bideoa argitaratu edo ez zalantzan egon ginen. Eztabaidatu genuen.
  • Enteratu ginen ospitalera deituta ez zeukala ezer larririk mutilak (haginen bat eta puntu batzuk, golpeak…).
  • Sareratzea erabaki genuen, mutilaren aurpegia pixelatuta.
  • 19 segunduko bideo motza egin genuen Interneterako, hainbat plano kenduta (irudi gogortxo batzuk…). Telebistako informatiborako luzeago atera genuen.
  • 26 segunduko publizitate bat sartu genion aurrean Internetekoari. Publizitate hori Bergarako gaiekin lotutakoa zen (Bergarachef iragartzen zuena), oso egokia herri berekoa zenez. 2.000 aldiz baino gehiagotan ikusi da.
  • Erredakzioz kanpoko inork ez du ikusi bideo hori pixelatu barik, ezta publiko egin  ez ditugun segunduak . Hala ere, oso denbora gutxi behar izan da golpea hartu duena zein den identifikatzeko eta whatsappez izen abizenekin ere ibili da. Asko mugitu da.
  • Hori dena jakinda, bigarren notizia baten eman genuen osasun agiria jaso zuela eta etxera bidean zela Soraluzeko Ibai Kortabarria zezenzalea. Notizia goiena.eus-en eta Goiena Telebistan ere eman genuen.

Kale egin dugu publiarekin?

  • Ez dugu kale egin publia jartzen, izan ere bizi egin behar dugu hedabideok eta publizitatea derrigorra da goizeko orduetan sokamuturra grabatu, gero editatu eta doan eman ahal izateko milaka bezero horiei.
  • Kale egin dugu ze berez da luzea publi hori sarerako. 26 segundu asko dira Interneterako (ez telebistarako). Komertzialek hori badakite ze esan ere egiten digute. Oraingoan prozesuaren zatiren baten ihes egin digu, hala ere, denborarenak. Publi hori denbora erdia baino gutxiagoan utz zitekeen. Ulertzen dut hainbatek salto egin dutela publizitatea (5 segundu ostean horretarako aukera ematen dugu).

Kale egin dugu markan

  • 26 segunduko publia 19 segundu ikusteko… gure azken bezeroari lartxo ordainaraztea da. Jakin badaki ikus-entzuleak doan informatzen dugula Goienatik, baina doakotasunak baditu beste ordain formula batzuk… Garesti ordainaraztea da 26 segunduko itxaronaldia.
  • Publia bera asko ikusi da eta alde horretatik efektiboa da; hala ere, denbora kendu diogu ikusleari eta denbora gutxiagoko iragarkia efektiboago izango litzateke. Gutxiago gehiago da kasu honetan.
  • Markari kalte: Bezeroaren buruan pertzeptzio hau geratzeko arriskua: “joe Goienakoak, publi luzeak janarazten dizkigute”. Eta gure markari kalte ez egiteko beharko luke “joe Goienakoak, publi motz bat ikusarazi digute, baina zelako irudiak grabatu eta zabaldu dituzten”. Hau dena esan ez da esaten, baina asko interesatu beharko litzaiguke jendearen buruetan geratzen denak.

Zer ikasia ematen digun ondorioa

Ondorioa? Erabiltzaileren batek bideoa editatu, publia kendu eta whatsappez heldu zaiguna bueltan da: publi gabeko bideoa.

Badu Goiena telebistaren eulia goian, ezkerrean, originalak moduan. Bideo horretan bai, hor guk zaindu ez dugun marka zaintzeko aukera eman digu komunitateak. Ikasteko balio izan digu, behintzat.

Billy Bragg, John Hiatt, Wilco, Pete Seeger, Damien Jurado… euskaraz

“Bertsio zalea zara?” galderari nire inguruko denek ezetz erantzungo lioketen arren nik baietz. Zalea naiz. Gustatzen zaizkit bertsioak, jakinik badirela hainbat bertsio ezin ditudanak jasan. “Lau Teilatu”ren batzuk ditut buruan, esaterako. Ez, ez dut bertsio txarren artean Erentxun eta Monterorena, badira txarragoak eta asko. Zer egingo diogu ba, niri ez dit granorik sortzen aipatutakoak (bai badakit kulturetendako ez dela zuzena hau onartzea…).

Maila jasoko bertsioak… uff, gustatzen zait eta zelan gustatu “mila esker!” bertsio diskoa, Lou Reeden kantuekin egindakoa. Ze kantu puskak! eta gustatu zait Txuma Murugarrenen lana testuak euskarara ekartzen. Eta ze pieza dauden! Ño! gogora datorkit “who am I?” ederra, esaterako.

“Hacer una versión es ‘okupar’ con sentido una canción que ya existe” elkarrizketa irakurri  Noticiasen eta segituan lotu dut Jonan Ordorikaren bitartez heldu zitzaigun “Mila esker!” diskoarekin. “Abesti bat gutxiago” deitu eta  Arkaitz Cano eta Oier Arantzabal tartean dabiltzan proiektu bat bazela banekien eta kickstarterretik ere pasatua nengoen, baina elkarrizketa honek gogoa berpiztu dit diskoa entzuteko. Pasarte batzuk:

– Decía David Foster Wallace que un artista en el siglo XXI es un cleptómano con buen gusto. La mitificación de la originalidad perjudica mucho a la creación. Cuando uno escribe o compone, pretende ser original, distinguirse de los demás, pero es mejor hacer algo que no necesariamente sea tuyo pero que te defina y luego difundirlo.

– Eso puede ser una buena definición de versión: algo ocupado con sentido. Por otro lado, es inútil hacer una versión plana o muy similar, o una muy diferente que no se identifique. La buena versión es una mutación pertinente: añade una capa a la canción y se queda como suspendida sobre la original sin ser una réplica…

– Una canción es tres cosas: síntesis, compresión y ambigüedad. Un relato necesita 1.000 palabras y una canción puede tener 80. Por otra parte, en una novela una palabra ambigua la puedes explicar por el contexto, pero en una canción es diez veces ambigua, abre los significados mucho más. Ahí está el secreto de las canciones: en esos espacios de ambigüedad, quien escucha la canción se coloca a sí mismo y su propia vida.

– Hay casos en que lo más importante no es el significado, sino la fonética. No puedes perder las vocales abiertas porque sobre ellas se sostiene la mitad de la canción. Si eliminar esas a y esas o, se convierte en otra canción.

– Las formas verbales en hika son muy buenas aliadas porque permiten brevedad. Usar “haiz” es mejor que usar “zara”… Y es mejor “lez” que “legez” o “bezala”. No está admitido en euskera batua pero viene muy bien. Creo que hemos sido muy estrictos y rígidos en la aplicación del batua en la televisión, el cine y la música. Ahora se está reconduciendo todo esto, las últimas películas en euskera van hacia unas connotaciones más locales y realistas, pero en la música, salvo excepciones como Gatibu, ha habido pocos grupos que han cantado en su dialecto. Casi nadie canta en guipuzcoano porque es muy parecido al batua, pero Neighbor lo hace y suena muy dulce.

– Sinceridad también, pero Pessoa decía que el poeta es un fingidor… Para cantarla bien, tienes que fingir que la canción es tuya…

“Apple, egin ezazu euskaraz ere” sinatu

Badabil ba eskaera bat sarean: “Apple, egin ezazu euskaraz ere” dioena. Laburtuta hau dio:

Kultura eta hizkuntzaren biziraupenerako, ezinbestekoa da egunero hizkuntza erabiltzea eta, jakina, teknologia arloan maneiatu. Beraz, gutako askok, ados gaude gure hizkuntza mundu globalizatu honetan teknologia gisa erabili behar dugula.

Beraz, Euskara Appleko sistemetan erabil ahal izan beharko lirateke, bere hizkuntza nagusi gisa, beste hizkuntzetara jo gabe eta sistema behar bezala erabiltzeko gai izateko.

Eta ematen du zer pentsatua. Zergatik hau eskatu beharrean ez pasatu beste sistema batera eta han euskaraz jardun? Ba egongo da hori egingo duenik eta ederto. Hala ere, eskaera sinatu dut ze badakit jakin hainbat arlotan oso zabaldua dagoela Apple eta ederra litzatekeela euskaraz ere egotea.

Windows ere halatsu zen orain dela hainbat urte. Ez zegoen euskaraz eta gaur gaurkoz euskaraz ere egotea ona dela inork gutxik jarriko du zalantzan. Halatsu ikusten dut Appleren kasuan ere eta horregatik egin dut eskaera. Koherenteenak diren sistema libreez haratago ere euskara sustatzea badagokigula iritzita sinatu dut.

Change.org-k jarraipena egiten du norbere bitartez sinatu duten pertsonena.

Horrela, zure jarraitzaileren (twitter) edo lagunen batek sinatzen duen aldiro bidaltzen dizu eposta bat esanez urliak eta sandiak sinatu dutela. Aluzinatu dut honekin. Horrela sinatu dute: Aranburuzabalak, Larrañakak, Tintxurretak, Condek, Martinek, Kaperotxipik, Aranak, Inuntziagak, Aranburuk, Txintxurretak, Irazabalek, Zeberiok, Herizek, Aldazabalek, Olazabalek, Permachek, Sarrionandiak, Lakak, Muñozek, Gisasolak, Gillegik, Urdanpilletak, Artetxek, Barruetabeñak, Respaldizak, Lekuek, Ezkibelek, Cascanek… Oso erraza da eta bizkorra. Egin klik:

“Apple, egin ezazu euskaraz ere” Sinatu eskaera

Mezua sinadurekin helduko omen zaio Appleko CEOari, Tim Cooki eta baita Apple enpresako presidenteari ere, Trudy Mullerri.

Euskara ez da negozio Applerendako, antza. Negozioa balitz ez legoke eskaerak sinatzeko kanpaina beharrik. Zer lortuko dugun enpresa jende honengatik? Auskalo! Baina eskatzea ere libre da-eta… Nik nahiago eskatzea. Baita hemen gaudela adierazteko bakarrik bada ere.

Laster gara 15.000 sinadurako multzoa. Animo!