Category Archives: Sailkatugabeak
Zuntz optikoa eta sats usaina
Gaur irakurri dut lankide batek idatzitako albiste hau: Banda zabal ultra azkarra Gipuzkoako heri txikietara ere helduko da Eta neure artean pentsatu dut: ufff, berriz kopla honekin: gorotz usaina, herri txikiak, kortak, kablea… Marmotaren eguna?
Elgetan sare libre bat (2012)
Azkenengo aldiz, herrian wifia bazetorrela-eta ere jo genuen kanpaia. Bazetorrela eta bazetorrela… eta zain jarraitzen dugu. Orain dela bost bat urte esan ziguten “Proiektu honetan herritarrek erabakitzen dute, ez operadoreek”. Eta udalak, herriak, onartu ere egin zuen guifi.net-i bidea zabaltzea. Gaur arte. Batzuetan, herriko plazan dago erabilgai wifia, ez gehiago, tamalez. Etorriko dela, etorriko dela… ia, proiektu polita zen.
Banda zabal ultra azkarra Gipuzkoako herri txikietan (2017)
Gipuzkoako Diputatu Nagusiak prentsa aurrekoa egin du Larraulgo esnetarako behi ustiategi batean. Olanok adierazi duenez, “proiektu honek ustiategi eta enpresei eskainiko dizkien onurak” irudikatzeko egin dute han aurkezpena. Eta hori irakurri eta gogoratu naiz 2002. urtean, Goiena ere tartean zela, osatu zen e-debagoiena proiektuaz.
e-debagoiena (2002)
Gatzagako alkate Joxerra Agirreurretarengandik desio tonuan entzun genuen hau (hitzaldi osoa Sustatun): Hiru gauza eskatzen dizkiot e-debagoiena proiektuari:
- bat: Gatzaga hari elektrikoarekin lehengoz kableatu genuenean, kableari simaur usaina zerion. Oraingo kableatu honi ere horixe eskatzen diot simaur usaina izan dezala, hau da, gure ikuiluetaraino sar dadila, geure premietara egokitu dadila, eta gure beharretatik hurbil egon dadila.
- Bi: euskaraz hitz egin dezala, beste hizkuntzetan ere lan egin dezala jakina, baina, ziurta dakigula euskaldunoi liburuetan agertzeko oso berandu arte eduki ez genuen eskubidea.
- Hiru: irekia izan dadila, hau da, agenteak, egileak, proposatzaileak eta berri emaileak ez daitezela beti udalak, unibertsitateak edota instituzioak izan; herritar orok izan dezala jakintzaren euskarri horretara jotzeko eskubidea .
Amaitzeko, zioen Agirreurretak: “Urteek esango digute, gaur gaurkoz, asmo hutsa dena hezurmamitzeko zein neurritaraino gauza izan garen eta garai berrietara teknologia berriekin egokitzeko zenbateko trebezia erakutsi dugun”. Eta urteek esan dute.
Alkateak, irizpide onez, “egingo zela” esan baino “urteak pasa ostean neurtuko” genuela esan zuen.
Marmotaren eguna filmakoa berriz bizi izango dugun? Gaur gaurkoz itxarotea baino ez zaigu geratzen… eta esango nuke ez gaudela beste 15 urte zain egoteko moduan. Mundua bizkor doa, bizkorregi, berriz ere gorotzarekin bakarrik geratzeko.
Post-egia eta proiektu sozio-politikoki beregaina
Bizi izan dugu anonimo batek hasi eta beste hainbat anonimok jarraitutako protesta-mezu kate bat, edo “zein gaiztoak diren horiek” markatzeko saiakera bat. Guk egindako akats humano batean oinarritu eta edozer esateko atea zabaldu da horrela. Baita diru-laguntzen gaiarekin lotsa barik lotzekoa ere, pentsa!
Eta kate horretara apuntatu dira apuntatu direnak. Asko anonimoak, baita izen-abizendunen bat ere. Kazetaritza gremiokorik inor ere ez, espero nuen moduan. Batzuk zuzenketaren berri ere eman dutenak jakiteaz bat (eskerrik asko), beste batzuk geratu direnak lehenengo kolpearekin eta kolpatzearekin. Errorea konpondu eta ordu dezente gerora ere dale eta dale beste batzuk. Oraindik ere egongo da norbait plastatekoren bat emateko gogoz idatziko duena. Denetik dago eta egongo da eta nik errespetuz jasotzen ditut denak. Den-denak, erabili duten formularekin ados egon zein ez.
Zergatik gertatzen ote den… Ia jendea zain dagoen barreran arma kargatuta… Edo ze demontre gertatzen den… Eta hara! Gaiaz genbiltzala barneko mezu-trukean lagun batek gogorarazi dit post-truth izan dela hautatua 2016ko berba internazionaltzat.
Oxford hiztegiak onartutako neologismo honek esan nahi du, gutxi gora-behera, eta nire ulerkerara, horrelako zerbait:
Iritzi publikoan gertakariak berak gutxiago eragiten duenean norbere sinismen eta emozioek baino. Post-truh bat izan daiteke gezur bat egiatzat hartua edota baita, harantzago eramanez, gezur bat gezurtzat hartua izan eta sinismen moduan indartua denean.
Adibide konkretura ekarrita, anonimo batek esaten du Goiena errausketaren alde dagoela eta post-truth hori geratzen da iltzatuta batzuen buruan nahiz eta Goienak zuzendu, akatsa onartu publikoki, gure jardunbide “historikoa” hitzarekiko zein den bistakoa den…
Gutxi edo asko diren baieztapen hori egiten dutenak norbere sinismenen arabera ere izango da… Pertzeptzioak… Ez dakit gutxi edo asko diren, beraz. Baina bai badakidana da Aztikerreko inkesten arabera oso-oso gutxi direla Goiena lerrokatuta daudela diotenak. Debagoiendarrek diotenez, “Goiena ez dago ideologia edo indar ekonomiko jakin bati lerrokatuta, %72aren ustez.”
“Gaitz” hau, post-egiarena, gertatuko zen orain dela dozena bat urte ere, baina orain, tuit bat nahikoa da edozeini egozteko hau edo hori dela. Edo zehatzago, hemengo edo hango dela. Sua legetxe zabaltzen dira horrelakoak. Gaur gorri, etzi berde eta behar balitz baita biharamunean beltz ere izendatuko zaituzte. Edota bata zein bestea moduan etiketatu egoera eta egunaren arabera. Gehitu horri koadriletako whatsappeoa eta… Braust! Hortxe POST-EGIA.
Irakurleak ulertu dezan, errauste plantari deitu diogu albiste batean “Ingurumen Zentro”, hau da, GFAk idatzitako prentsa-oharrari jarraiki idatzi dugu albistean horixe. GFAk horrela deitzen dio. Eta klaro, irakurlea eta kazetariak ere inozoak ez direnez, konturatzeaz bat erraustegia berbarengatik aldatu dugu argitaratuta zegoena (eskerrak papererako “Lasaiago-edo” idatzi genezakeen Internetek eskatzen duen azkartasunaren aldean). Hori bai, webgunean egon da holaxe denbora bat, guk nahi baino gehiago, dena esatera.
Zer ikasi dugu hemendik?
- Hanka sartuko dugu aurrerago ere. Hori, zoritxarrez, humanook dugun defektua da: eskerrak! Ikasi dugu eta onartu dezagun berriz gertatuko dela.
- Eta zelan jokatu hurrengo baten? ba berdin. Orain jokatu dugun moduan. Pauso txki batzuk:
- Laprast egin dugula konturatu.
- Onartu eta segituan aldatu. Konpondu.
- Konpontzeaz gain oker egin dugula publikoki esan, oker egin dugun leku horretan bertan.
- Ahalik eta gutxien hanka sartzeko bideak jarri.
- Bergogoratu prentsa-oharrak, hemengoak eta hangoak, denak, alde batek idatziak izaten direla eta lantxo bat egin beharra egoten dela horiek komunikagarriago egiteko.
- Prentsa oharreko berbak erabiltzea ok. Hori bai, sinatzailearen ahotan.
- Lehendik daramagun politikarekin jarraitu anonimoekin. Kasu egitea bueno, mezuaren eduki eta moduaren arabera. Baina, erantzunik ez.
- Post-egiak min eman lezake. Kontuan hartu, baina lana serio eginda erakutsi gure proiektua sozio-politikoki beregaina dela. Hiztun komunitatea dela gure bezeroa, izen-abizenduna eta gure kasuan gertu-gertukoa.
Jabekideak euskalgintzan
Horixe izan da gaur Topaldian egin dudan berbaldiaren titulua. Jakinekoa da kooperatiba zalea naizela eta siniste horretatik esan ditut esan beharrekoak. Besteak beste, jarduna kooperatibizatzea erreminta ona dela esan diet bai euskaltzaleen topaguneei, elkarteei, kontseiluei, taldeei edo gura moduan deitzen diren lagun osakerei forma egoki bat ematen zaiela iruditzen baitzait. Zertarako?
- Bisio konpartitua izateko osakera horretako pertsonek, hau da, nora goazen adostua izateko.
- Estrategia ere adostua izan dadin 3-4 urterako.
- Kudeaketa plan onartuak izan daitezen urteroko batzarrean.
Eta eman dut nire ustea esanez kudeaketaren egunerokoa egin beharko luketela lankide profesionalek. Hau da, zuzendaritza militanteak izateak badakartzala ondorio negatiboak ere. Ekintza, beraz, egitea, profesionala izan behar dela 2017an iraunkorra izan behar bada. Horretarako, formula instituzionala barnebiltzen duen egituraren onurak aipatu ditut: kogestioa, azken finean. Deskonfiantzak txikitzeko metodotzat azaldu dut. Kontra-adibide errealak izan ditut buruan: 1.000 eurora heltzen ez diren kudeaketa lanpostuak, kudeaketaz jantzita egon ez arren hautatu diren zuzendariak, ahal denean batzen diren zuzendaritza fartsa horiek, alderdiaren txontxongilo den elkarte hori, “ezer” jokoan izan barik erabakiak hartzera hausartzen diren hilebetean behingo (onenean) bilerak… Denak izen abizendun elkarteak, zer pentsatu handia eman didatenak gaur egin dudan hitzaldiaren aurretik. Zer pentsatua ematen didaten moduan zereko zera hori osatzen duten pertsonek. Baldintza negargarrietan lanean dabiltzan horiexek zuzendaritza ez profesionalek zalantzazko proiektuak haizatzen dituzen bitartean.
Hala ere, eta gaurko hitzaldian lotsaz-edo esan ez dudan arren, hitzaldiaren eraikuntza osoa oinarritu dut joan berri den soziologo batek esandakoetan, Zygmun Baumanengan. Puntua ematea zor diot.
Hark errealitate likidoaz egin zuen hausnarketa, eta zioen: “Errealitate likidoaren arazoa da, oso zaila dela pronostikatzea nola egin aurre arazo berriei. Datorren ezer ez dela ezaguna…” Eta hortxe, hortxe topatu dut hizkuntzaren bueltan osatuta dauden elkartzeen eta elkartutako horien zuzendaritzen azalpenerako gakoa. Gure elkarte-bizitzako zuzendaritza ez-profesionalena ez da ezezaguna euskaltzaleontzat pronostikatzen gatx diren arazoak izan daitezkeen moduan. Errealitate solidoa dela ere esango nuke, baina nire iritzirako beti ere, hautsi beharreko solidotasunaren adibide dira. Emankorra eta iraunkorra izango litzateke zuzendaritzak profesionalizatzea:
Inplikatuak (edo txitxirioak jokatzen dituzten lankideak) militante izatea egunerokoan, baina militanteak inplikatzea bisio eta estrategian, ez eguneroko kudeaketan.
Horixe esateko behar izan ditut 30 minutu, irakurriz 3 minutuan esana zegoena.
`Kakux´auziaz ikasitakoa kazetaritzatik
Zer ikasi dut nik #kakuxkasua deitu diogunaz, beti ere, kazetaritzaren ikuspuntutik:
- Galdera egin eta elkarrizketatuak erantzuten ez duenean berriro galdetzea dagokigula. Juan Kruz Mendizabali homosexualitateaz eta pederastiaz galdetuta, lehenengo erantzunean homosexualitatea landu zuen elkarrizketatuak. Kazetaria, hala ere, gustura geratu ez eta elkarrizketa amaieran animatu zen berriz galdetzera:
– “Kakux” (gaitzizenez, ze Goienan kolaboratzailea ere izan da, gertukoa), ez didazu ezer erantzun pederastiaz. Eta orduan erantzuten du erantzuten duena. Hau da, galdera egin da bigarrnez. Eta ikasi dugu behar beste bider galdera egitea ez dagoela sobera.
- Barikuan ateratzeko bagenuen elkarrizketa eta saldu eta dirutxo bat ere egin genezakeen, baina ez dugu bide hori hautatu deitu izan diguten arren. Gure harpidedunak eta bezeroak jarri ditugu erdigunean. Bagenekien, baina berrikasi dugu horiek direla mimatu beharrekoak.
- Horiaren marra oso marra lausoa da, baina ez zaigu interesgarri hori iragaitea: Ahal izan dugu gai honekin horitasunetan erori. Bagenuen elkarrizketa ilustratzeko argazki berri eta morbosoago bat… Ez dugu erabili. Bagenuen ahots-grabazioa hara eta hona zabaltzea, baina ez dugu egin… Beste hedabide batetik deitu diote kazetariari kontatu dezan zelan ikusi zuen elkarrizketatua etab… Bide hori moztu dugu. Gertuko komunikabide bat gara eta gaiokin kontuz ibiltzea dagokigu.
- Eztabaidatu dugu gaia jakinda ez genuela denendako asmatuko erabakietan. Ikasi dugu gaiok merezi dutela jarri eta eztabaidatzea. Edozein erabakiren aurretik jarri eta lantzea. Pentsatzea gaiak ukitzen duen guztiaz. Bizkortasuna kalitatea da kazetaritzan, baina gai batzuetan ordu batzuk zein egun batzuk ere atzeratu daiteke atera beharreko hori.
- Eduki guztia debalde… dena sarean… segituan… bai eta ez. Kazetaritza doakoa ez da beti posible. Ez badu hausnarketa bat eta lanketa bat atzetik ez da beti egoki ateratzen. Beraz, hausnartzeko eta garatzeko denbora behar da eta denbora dirua da. Kazetariek ere jan egiten dute. Behar da kazetaritza lana ordaindu. Horregatik erabaki genuen, besteak beste, elkarrizketa osoa lehenengo-lehenengotik sarean ez jartzea. Doan ere gustura ematen ditugu edukiak eta gainera defendatzen dugu helburu ezberdinekin egin daitekeela doan zein ordainduta. Ba noski! Baina, “dena doan” kulturak ez dio onik egiten kazetaritzari. Ez da posible. PUNTUAren harpidedunek jaso zuten notiziaren garapena paperean. Horri eman diogu lehentasun osoa. Bazkide horiek dira Goiena laguntzen dutenak urtero-urtero harpidetza ordainduz. Eta noski, notizia ere landu dugu sarean zein doako harpidetzaz banatzen den Goiena Aldizkarian.
- Ez gara epaileak. Ez dugu irakurleak pentsatu behar duena idazten. Ez gara tertulianoak. Irakurlea ez da tontoa, begibistakoa denez. Gure lana informazioa lantzea da, testuingurua ematea, ahalik eta ahots gehien jasotzea… kazetaritza.
- Hanka sartu dugu forma juridikoetan, batzuetan. Esaterako: esan dugu “sexu erasoengatik zigortu duela elizak”. Eta momentuz, sexu abusuak erabiltzea legoke zehatzago… “Sexu erasoak” ez du erabili ez elizak ez fiskalak… Ze erasoak larderia edo indarkeria erabili izana lekarke berarekin… Eta hori dena argitzeko zegoen guk argitaratu genuenean. Adibide horrekin ikasi dugu, baina baita ikastaro bat antolatu ere otsailean bertan egiteko lege kontuez, epai kontuez, hizkuntza juridikoaz… Ikasten jarraituko dugu, beraz.
- Hizkuntzari dagokion kontuaz: Eta Sarasolari ikasitako moduan sexu gehiegikeriak ez, sexu abusuak, abusatu, etab.
- Ikasi dugu sare sozialek duten indarraz. Berriz ikusi eta ikasi. Sua moduan zabaltzen dira notiziak eta balio dute jende askorengana heltzeko. Oraindik ere asko dugula hobetzeko ikasi dugu.
- Eta ikasten jarraitzen dugu. Sugetzarra ari da izaten #kakuxauzia , tamalez.
- Erabaki guztiak ez dira denen gustukoak izango, baina kazetaritza egitea ere bada ez bakarrik teorizatzea, eta egiten duenak sartzen du hanka.
Maitasuna eta osasuna Goienatik
Kantuak, ñabardurak
Gaur bitan gertatu zait. Ñabarduren garrantziaz irakurri ditut bi testu, betetzeaz baino husteaz, kentzeaz, soiltzeaz: Bata, Bide Ertzearen “Zutaz kantatzeko” liburuan; bestea, PUNTUA aldizkarian aterako den 8 orriko elkarrizketan, Ruper Ordorikaren hitzak dira:
1) Bide Ertzean taldearen liburu-diskorako Gorka Urbizuk 2016ko udan idatzitakoa:
Bide Ertzean-i kariñoa diot, ziurrenik disko txiki horretatik aurrera horixe egin dutelako Imanolek, Jonik eta Karlosek beti: kariñoa jarri, kariñoa eskaini, kariñoa banatu emandako urratsa bakoitzean. Edo bestela esanda, detaileak –eta entzulea– zaindu. Oinarrizkoa dirudien arren, ez dira hainbeste hasierako akordetik leitmotiv horri eutsi dioten taldeak. Hori gutxienik zor zaie, susmoa baitut sorkuntzan ñabardura beti dela erabakigarria, nahiz eta gehienok denboratxoa behar izan dugun hori ulertzeko.
2) PUNTUA aldizkarian bariku honetan aterako den zortzi orriko elkarrizketa. Fermin Etxegoienek Ruper Ordorikari egina, Ordorikak erantzun baten dio:
Behin, Skullyk esan zidan [Skully Sverrisson, Reykjavic, 1966, baxu-jotzailea. Lou Reed, David Sylvian, Arto Lindsey, Ryuichi Sakamoto, Laurie Anderson. Ez du parterik hartu Ruperren disko berrian] egunen batean Ben Monderren piezak ikasiko direla musika eskola gorenetan. [Ben Monder, New York, 1962, gitarrajotzailea. Lee Konitz, Toots Thielmans, Paul Motian, David Bowie. Ez du Guria Ostatuan jo] Dagoeneko, begira, Bowieren azken diskoko gitarrista izan da. Niretzako benetako lezioa izan zen, nire harridurarako holako gitarrista ikaragarri handi batekin kontrakoa gertatu zelako. Esaten zidan: “Ze polita egin duzun aldaketa hau”. Agian niretzat oso gauza sinplea, eta inoiz ez zidan proposatu aldatzerik nik egiten nuena.
Egin genuen bi urtez jarraian astebete bat, berak eta biok, Madrilgo Cafe Centralean. Pentsio berean ginen, ondoko geletan. Berandu bukatzen genuen, goizeko ordu bietan-edo etxeratzen ginen gauero, eta goizeko zortzietan-edo, ni jada iratzarrita, joaten nintzen bere gelara eta han topatzen nuen, jada jaikita eta musika idazten, bere gitarrarekin. Esaten nion: “Ben, too many points”. Nota gehiegi, nota sobera, larregi dauzkak hemen, eta barrezka begiratzen zidan. Neuk: “Kendu, kendu”. Eta esaten zidan: “Neuk ezin dut, zuk bezala, gauza hain gardenak egin, ez naiz kapaz.”
Niretzako hura izan zen lezio handi bat.
… “Nik ez dezaket ezer egin arriskurik sentitu gabe, musikalki, nahiz badakidan ari naizela neure ñabardurengatik borrokan, gauza txikitxoengatik, eta batzuetan horiek oharkabe pasatzen dira, baina denborarekin ikusten dituzu aldaketak eta disko honetan sentitu dut halako zorabio bat behin baino gehiagotan, zorionez. Ari naiz orbela kentzen, ari naiz nolabait bidea garbitzen. Berriro grabatu dut zintan eta denok batera, horrek dakarren muga handiarekin. Kontrabaxuarekin gainera, pianoa bertan ere bai. Orduan dena dago lotua, baina horretarako behar da momentu oso ona harrapatu eta musikari handiak. Hori dena joango litzateke esaten duzun norabide horretan. Niretzako ‘giroa’ deituko nukeena oso inportantea da. Bluesean mood deitzen da. Ze aldartea daukan kantuak… Eta horretan saiatzen naiz, baita zuzenekoetan ere. Esparru horretan sartzean aldatu behar duzu zure aldartea, hori da kontua.
#Tokikom16 jardunaldiak laburtzen dituen bideoa
Julen Iriondok eta Jagoba Domingok egindako bideoa Tokikom jardunaldien gainean. Oso momentu interesanteak bizi izan genituen jardunaldiotan, eta hau aperitif bat baino ez da… Hala ere, ideia bat ematen duela-eta jartzen dut blogean.
Niretzako gozagarri izan zen jardunaldia. Lagun asko batu ginen eta kontrariorik ez. Esaterako, tokiko hedabidegintzan ari garen enpresen %80 zegoen jardunaldiotan eta ez pertsona bakarra enpresa bakoitzetik. 150 lagunetik gora izan ginen eta horrek interesa eta jarrera erakusten dituela ez dut zalantzarik. Hemendik zoriondu Alaitz Artolazabalek eta Joxe Rojasek egindako lana Tokikometik. Bikain.
Orain tokatzen da pilula horietatik batzuk erreskatatu eta formazioan inbertitzea. Hori ere egingo dugu 2018an. Aurrera!
Whatsappetik salto Telegramera
Ez da erraza. Mundua dago whatsapp erabiltzen. Bai gure gertuko mundua. Eta esan horiei pauso bat egin behar dugula Telegramera. Esan badagoela beste Whatsapp antzerako bat… Whatsappek duen guztia duena eta gehiago eskaitzen. Euskaraz ere badagoela, esaterako. Edo ordenagailutik zein ordenagailuetatik erabil daitekeela… Seguruagoa dela etab. etab.
Whatsappek zituen terminoak onartu zein ez, berak gura duena egin du! Gure telefono zenbakia eman dio Facebooki, esaterako. 🙁 Eta klaro, hortik aurrera zer letorkeen… Bai bai, ez engainatu zure burua. Berdin da baimena ematen diozun edo ez. Erabiltzen jarraitzeko sartuko zara Whatsappen jokoan eta egingo duzu dantza Facebookek txirula jo ahala.
Eta bai, arima lehen ere saldua dugu… googleri, esaterako. Baina aukera bat ematearen aldeko Telegrami. Badarabilt hainbat lagunekin eta benetan da erosoa. Animatu eta probatu.
Gaiaz infomazio asko dago sarean. Baina bego apuntetxo hau hemen ere. Portzierto, nire kontaktu asko ari dira Telegram instalatzen. Ez dakit zein erabilera duen, baina tantanaka-tantanaka gero eta gehiago dira eta gara.