Mundumira: Elgeta munduari begira

 

Ez zait zifra dantza interesatzen, baina
badakigu elgetarrok sekula ez dela horrelako jendetzarik batu gure herrian.
IMG_1435
Demasa izan da, baina pena litzateke ondoko herrian baino gehiago edo gutxiago
izateko zifra bat asmatzea. Ez dakigu zenbat lagun elkartu garen, baina herria
handiago ere ikusi dugu elgetarrok. Zerk egin duen herria handi?

Elgetarrek

200 elgetarretik gora ibili gara lanean. Egia
da oso, oso ondo antolatuta egon dela Mundumira eta horren ardura izan dute hiru
lagunek bereziki: Euskal Herria aldizkariko Jesus Mari Perez-ek, Ginmusicako
Sergio Cruzadok eta Elgetako alkate eta Mankomunitateko turismo arduradun Oxel
Erostarbek. Denekin egin dut lan asteburu honetan eta ordu asko izan dira. Hala
ere, zerrenda luze-luzea da, oso luzea zorionez. Trafikoa zuzentzen, herria
garbi egon dadin eusten, kanpotarrak begirunez atenditzen, tabernariak
zerbitzua ematen… eskerrak! Bestela ez litzateke posible izango. Kolore, edade
eta hainbat pentsakerako herritarrok batuta. Mundumirako alderik positiboena
seguruen!

IMG_1417

Kanpotarrek

Ez da egon istilurik. Etorri den guztia egin
da herritar derrepente. Kultura askotako jendea, debagoiendar asko, eta
oraingoan, Elorrio aldetik igotako dezente eta baita Eibar aldetik igotakoak
ere. Botiltzar bateko kakatza salbu giro ona egon da eta aipatzekoa da ez dela
arazo bakar bat ere egon.

Musika taldeek-eta

Oso ondo aukeratutako programazioa. Lan ona
egin da eta ondo kudeatu da dena. Hasieran kontratatutzat genuen The Wailers eta talde hori zen nire
apustua ere. Los Delincuentes izan da izarra
lehenengo apustuak kale egin ostean eta niri taldea larregi gustatzen ez bazait
ere onartu beharra dago jendea pozik geratu dela: arrakasta. Programazio
guztitik, Ain_1
taldea taula txikiagoan ikusteko gogoz geratu naiz eta taula handiko apustuan
geratzen naiz La Trova kung-fú  taldearekin. Trunboia ere geratu egin
zuten rumba heterodoxo horrekin. Lau tanta baino gehiago ez zituen egin domeka
arratsaldean eta luxuzko itxiera eman zion asteburuari La troba Koungfuk. Joan
Garrigaren ahotsa entzuteaz bat eraman ninduen urte pila bat atzera Elgetako gaztetxearen bosgarren urteurrena antolatu genuen egunetara (uff zenbat urte). Ordutik ezagutzen
dugu Joan Garrigaren ahotsa. Dusminget
izan zen Gaztetxean izan dugun talde borobil horietako bat. 2004ean utzi zion
Dusmingetek talde izateari, baina ahots hori eta soinu txikia ahaztezinak
dira, Gaztetxeko garaiak besteko ahaztezin
🙂

IMG_1439

Postuetakoek

Hainbat stand egon dira oraingo Mundumiran
ere. Eta “hippy” mugimenduko jende hori oso errespetuzkoa izan da
herrikoekin ere. Horixe espero genuen eta holaxe izan dela esatea ez dago
sobera. Bai alde gastronomikoaz (zelako gauza goxoak!) arduratu direnak,
artisauak, GKE-ko stand-etakoak, eta baita feriaz feria ikusten ditugun
sailtzaileak ere… bikain! Bereziki aipatu gura dut Goibeko kultura elkartearen
txosnan lan egin dutenak. Herrirako dirua atera da eta erabiliko da bi
gauzatarako, batez ere: Goiena telebistaren seinalea herrigune guztira ondo
heldu dadin; bestetik, Goibeko elkartearen barruan sortu den Txirikil aisialdi
taldeari (txikienekin lan egindo duena) bultzada emateko. A! eta zergatik ez
esan, zortxoren bat ordaintzeko ere bai. Bertatik pasatu dira Elorrioko
lagunak, Bergarakoak, Angiozarkoak… eta herritar pila bat. Denera 45 lagunetik
gora kañeroari kolpeka. Mila esker!!!!!! Kulturak jarraipena izango du Elgetan eta egindako lanak
horretarako ere balioko du.

IMG_1437

Kale espektakuloek

Kale antzerkiak, lehenengo aldiz umeendako
gune handia Irrien Klubaren eskutik, boulder txapelketa frontoian (bete-bete
eginda frontoia ere), DJ festa parea Espaloia Kafe Antzokian, batuka jotzaileak
herrian, dantza ikastaroak kalean, txahal-errea Kalitatearen eskutik… Zenbat
gauza! 

IMG_1427

Sinistunek

Sinisdunak eta egin egiten dutenak. Bazegoen zalantzaren bat hortik zehar Elgeta
ez zela gai izango horrelakorik antolatzeko… Antzerakoa entzun genuen orain
urte asko. Hiru adibide:

  1. “Elgetan herri-aldizkari bat sortzea
    ezinezkoa da” eta Goibekokale sortu genuen herritarrok.
  2. “Elgetan kafe antzoki bat izatea
    ezinezkoa da” eta sortu genuen antzoki dinamiko bat herritarrok.
  3. “Mundumira ezin da Elgetan egin” eta demostratu da biztande
    kopuruz hainbatkoizten diguten edozein herritan letxe antolatu daitekeela
    Mundumira Elgetan herritarrok bat hartzen badugu.

Laburtuta, Goienak bere asteleheneko alean
titulatu duen moduan: “Mundumira, borobil”

Imagen 1
Gaur mundumiratarragoa naiz orain astebete baino 🙂

Mundumira asteburua

IMG_1407
Taula handi-handia jartzen.
Ez da izango asteburu makala herrian. Eta eguraldi ona ei dator gainera. Egia esan behar badut Mundumirak ez ninduen larregi erakartzen. Egon izan naiz beste herri batzuetan, baina handi-edo geratzen zitzaidala uste dut. Aurten, berriz, herri txiki batera dator eta kamiseta erosi eta lan-txandatan izena eman dut. Gustura egingo dut lan, gustura ikusiko ditut beste hamaika herritako lagunak kalean gora kalean behera. Horixe da modua hurrengoan gu ere beste herri batera joan eta gozatzeko.

Elgetan inoiz ezagutu bariko jendetza espero da asteakaberan, bariku gauetik bertatik hasita. Hori bai, prest gaude herritarrok. 100 lagunetik gora gaude txandaren batean sartuta. Herri-giroa ere ekarri du Mundumirak eta modu askotako jendeak egingo du lan gainontzeko herritarrek zein inguruetakoek goza dezaten.

Bazatoz? Ba hemen programazioa (eta autobusez bazatoz hobeto….) Kultura bor-bor Elgetan. Ia pentsatutako guztia ondo ateratzen den eta lan-ordu guztiak balio duten jaia ondo ateratzeko.

Joseba Sarrionandia: “Euskaldunok jakin behar dugu komunitate moduan antolatzen.”

Benetan mamitsuak Sarrionandiak esandako hainbat. Argian irakurri ditut hainbat pasarte. Hango esan batzuk:

  • Gutako bakoitza soberanoa bihurtu behar da. Euskaldunek jakin behar dugu komunitate moduan antolatzen.
  • Niri gustatuko litzaidake euskaldunak ideia egokiak defendatzen ikustea,
    modu kreatibo batean soberaniaren eta gizarte igoalitarioago baten
    alde.
  • Ez dut azken urteotako [ezker abertzalearen] eztabaida horretan parte
    hartu, baina aldaketa onuragarria dela uste dut. Hogei urte lehenago
    egin izan balitz hobe.
  • Legalitatea baino askozaz inportanteagoa da legitimitatea.
  • Galtzaileen historia eta askatasun esperantza errekuperatu behar dira.
    Iragana, etorkizunerako nahi denaren arabera konprenitzen da.
  • Euskal Herria Espainia bezain asmatua da, eta ez da faltsuagoa. (…)
    Espainia benetakoa dela adierazteko Euskal Herria asmatua dela esatea,
    hori bai dela argudio aldrebesa. Brujula ere asmatu egin zen, eta zer,
    faltsua da ala?
  • Identitatea berez denek dute, pertsonek oina bezala, baina oin zapalduak nabarmenagoak dira, minagatik.

Nola eskuratu aleak azaltzen da Lapiko kritikoaren webgunean. Badut hAUSnART osoa irakurtzeko gogoa.

Joseina Etxeberria oso ondo ezkontzan

Ez nuen pentsatuko hau inoiz esango nuenik. Lagun batek ere horixe gogoratu dit ezin zuela sinistu esaten nenbilena. Ba esango dut eta idatzi ere bai: Joseina Etxeberriak oso lan ona egin zuen asteburuko ezkontzako DJ lanetan.

Gu jatetxera joan orduko zeukan dena antolatuta: bafleak, nahasketa mahaia, mac gris eder bat… eta zelan ez, mikroa. Berak montatu eta desmontatu. Hasieran ez nuen ikusi baina bai entzun. Lehenengo burura etorri zitzaidana izan zen ia trafikoaren berri jakiteko noiz moztuko zuen musika.

Hasierako ordua koktelekoa da. Euskal musika dezente eta bestelakoren bat ere bai jendea erretratua ateratzera deitzen zegoen bitartean. Ondo. Eta bazkaltzen geundela egon ginen komentatzen ia Joseina Etxeberria zelatan DJ lanetan ezkontzaz ezkontza… ba mahaiko batek komentatu zidan urtebete baino gehiagoko asteburuak dituela hartuta dagoeneko. Flipatu egin nuen! Ni beti izan naiz ezkontzetan zuzeneko musika (txar-txarra ez bada, behinik behin) nahiago duten horietakoa-eta… eta ez naiz Euskadi Gaztea zalea ere…

Hasi zen dantzarako tartea eta oso ondo! Eta zein da sekretua? ba lana, batetik; musika jakintza, bestetik.

  • Lana diot ze jakin nuen ezkonkideei gustuen inkesta bat pasatzen diela eta bodara joango direnen gaineko zaletasunak ere eskatzen dituela horrelako galderak eginda: “Txoriak txori jartzen
    badut zenbatek ezagutuko dute?”.
  • Jakintza: Joseinak asko daki musikaz, pila bat. Badaki zer gura duen entzun jendeak, badaki zein kanturekin jarriko duen jendea biribilketan, edo noiz jarriko dituen gitarra jotzen eta ACDC edo Ramones imitatzen. Jakintza dago hor eta baita kantu bat bestearekin josteko abilezia ere. Ondo harilkatuta, ondo aukeratuta… Lasarteko seme Joseba Tapia eta Manhattanen jaiotako Lady Gaga zelan lotu daitezkeen belarriak tirrin edo krask egin barik… ba lortzen du.

Bai, nik nire gusturako beste kantu batzuk ere jarriko nituzkeela? ba klaro. Baina 200 lagunetik gora, 6-90 urte bitarteko jendea, ezkontza giroa, gin-tonicak gora eta behera… Ez nuke hobeto egingo inoiz! Ez, ez da bat ere erraza izan behar eta jakintza eta lanaren gainetik badago gako oso inportantea: gustatu egiten zaio egiten duena. Ondo pasatu zuelakoan nago eta horrek ondo pasarazten laguntzen du. Hor ba, esanda. 🙂

CIMG1532

Orain (ere) politikarako ordua da

Ez da berria politikarako ordua dela esatea. Orain benetako ordua da, hala ere. Hauteskunde eztabaidetan mahai berean ikusiko ditugu Aralar, Bildu, EAJ, EB, Hamaika bat, PP eta PSOE. Goienan gaur bertan emango dugu den-denekin ordu eta erdiko eztabaida saio bat. Ze ondo. Politika, POLITIKA.

Atzo Twitterren jarraitu nuen bai-ezetza. Polita izan zen eta Twitterren balioa jakinekoa bazen ere atzokoa demasa izan zen. Garrantzia du jendea kalean egoteak, dudarik ez, baina baita sarean bizi-bizi jarduteak ere.

Joxe lagunari irakurri diot “Aspaldiko partez, inork ez du beharko bizkartzainik eta inor ez da baztertua izango bere iritzietatik.” Ia horrela den. Uste dut pauso bat dela atzokoa, baina beste pauso bat (garrantzitsua) baino ez. Oraindik baieztapen hori…

Atzokoa seinale ona izan zen, zalantza barik. Epaileek eman dute baietza, baina orain kontuan izan behar berriz ere poliziak jarraituko duela Bildu gertu-gertutik. Poliziaren txostenetatik abiatu zen ilegalizazio zentzubako hau eta orain berriz ere poliziaren eskuetan dago… Eta poliziari Gobernuak kasurik egiten dioen edo ez ikusi behar. Maiatzaren 12ra arte egin lezake ilegalizazio eskaera Gobernuak. PP-k  eskatu du bide hori erabiltzeko.

Amaitzeko, ia alderdi guzti-guztiek egin dezaketen politika inork
errespeturik galdu barik, ilegalizazioaren beldur izan barik, ezelako
mehatxu barik… Bakoitzak defendatu dezala berea eta zintzo lehiatu.
Erabaki? erabakiko dugu herritarrok, hori da dagokiguna.

140 karakteretan haserretu? horixe baietz!

Goiena paperean argitaratu zuen, baina sarean jarri duten arte irakurri barik nuen Andoni Urtzelai lagunaren artikulua. Han dioen zati honek eman dit zer pentsatua:

Bruselako politikariek beraien bidaien inguruan onartutakoak
zalaparta ekarri du Interneteko sareetara. Hemen, horren harira, bestean
Cuatroko esatariak informatiboan zioena: Internet bezalako tresna
eskura edukita, protesta eta eragiteko zein baliagarria den ikusita,
kalean manifestatzeak ez du jada zentzurik, hori beste garai bateko
anakronismoa da… Ez, gainera putre hauek kaleetatik atera nahi gaituzte,
Twitterreko 120 karaktere nahikoa direlakoan gure haserrea erakusteko…

Eztabaida hauxe erabili dugu lagunartean geuk ere. Nire iritziz “kalea gurea da” pintada gaur gaurkoa izan badaiteke ere egia berdaderoa da 140 karakterek kalea bezainbesteko garrantzia izan dezaketela gaur, edo handiagoa.

Tabernetan 140 karaktereko komentario asko egiten ditugu guk (eta Andonik eta biok txanda noiz hartuko): harek esandakoa errepikatu, handik ekarritako bat mahai-gaineratu, ideia berri bat bota, ondokoari entzun, kuadrilako beste baten komentarioa ezagutarazi, uste batekin kontrastatu, aipu berri bat erantsi… Eta ederra da elkarrizketa hori kaña batekin eskuan. Ez dago dudarik, “taberna gurea da”. Hala ere, pintada egileak gaur sare-sozialetan ere badaude esaten, entzuten, elkarrizketan… Horixe da 140ko jarduna, tabernako jardun bat kaña barik 🙂

140an haserretu? ez zara haserretuko ba! Hori bai, Twitterreko 140 karakteredun mezu asko behar dira gure haserrea (ere) kolektiboa dela erakusteko eta jarritako adibidean balio izan dute baita eragiteko ere.

Irigoienazpikoa: ‘informazio eta komunikaziorako teknologia berriak eta hizkuntza ertainak. Arrakasta kasuen arrantzan.’

Apirilak 7 ere heldu zen eta hori zen eguna ordu askotxotan landutako ideiak aurkeztekoa. Euskara ardura zaien dezente entzule, 70etik gora, ezagun eta lagun asko. Egun osoko mintegia izan zen eta “zierrakarrerasa” izatea tokatu zitzaidan. Aurretik hitzaldi interesgarriak Kataluniatik eta baita Elixabete Larrinagarena ere. Denak publikatuko dira aurrerago.
Nik, euskara, komunikazioa eta IKT-ak izan nituen berbagai. Lisboan, opor egun haietan landutako zirriborroaren garapena aurkeztu nuen, txosten osatu izatera helduko dena eta Irigoienazpikoa zer izango den zehatz kontatuko duena. Oraingoan, teoriatik baino gehiago praktika egingarritik.

Eta aurkeztutakoa laburtzekotan… Irigoienazpikoa izango da:

  • Hizkuntza ez-hegemonikoen jakintza trukerako gunea. Euskaratik lan egingo duena beste hizkuntzei ateak zabalik dituelarik. Europa, mundua…
  • Bereziki, hedabideek eta IKTek hizkuntza ertainetan duten eragina aztertuko du. Bestetik, teoriak praktikan jartzeko, behatzeko, datuak lortzeko… lekua izango da. Horretarako proposatu da EUKOA (Euskal Komunikabideen Audientziak) enpresa. Euskaraz jarduten dugunok behar ditugu audientzia datu zehatzagoak, kuantitatibo zein kualitatiboak. Sektorea eskatzen diharduen ekimena da eta erakundeak ere inplikatuko direla ez dago dudarik. Eukoa izango da neurketa enpresa independente eta plurala eta bere egitekoa euskaraz ere jarduten den leku guztietan merkatu ikerketak egitea. Enpresa hau sektorearekin kontatuta egingo da, zelan ez. Sektoreko enpresak eta erakundeak izango dira jabe eta ez du irabazi asmorik izango. OJD, CIES, KANTAR… 4-5 enpresa ezberdinekin egin dugu kontaktua eta Pazko aste ostean joango gara Bartzelonara “El Baròmetre de la comunicació i la cultura: fundacc” sakonago ezagutzera. Orain ere asko dugu ikasteko gainontzeko hizkuntza ertainetatik. Kataluniakoa izango da guk gura dugunera gehien gerturatzen den adibidea.
  •  Laborategi-platoa izango du gune zentraltzat egitasmoak. Bueltan-bueltan ispilu polarizatua izango du eta behaketa zuzena egin ahal izango da. Laborategirako sarrera librea izango da eta hango erabiltzaileek emango diete gura beste esperientzia behatzaileei. Berrikuntza da jendea dagoen leku batera (erabilera libreduna, irekia) joan ahal izango direla behatzaileak. Hizkuntza ertainendako ikerkuntza gunea izango dena bi zatitan banatua egongo da:
  1. Erabilpenerako espazio librea (alde ludikoa zainduko duena):  Gura beste IKT aparailulerkin. Prentsa digitala irakurtzeko gailuak, liburu irakurgailu ezberdinak: (e-bookak, iPada…), Bideo-jokoak, telebista interaktiboak…Telefonia da oraina dagoeneko eta modelo ezberdinak, (aplikazioak…). Eta egoteko leku eroso eta modernoa. Kafea hartzeko leku bat? baita!
  2. Platoa: Pre-zero programak: bai telebistetarako, Interneterako klip motzak, lantzeko… Probaleku bat izatea da asmoa eta gero telebistetan ikusi ahal izango diren saioen bozetoak egin eta grabatzea. Ez emititzeko, bai programa bera lantzeko eta aurkezteko. Errealizazio mahai txikia izango du, soinu mahaia, streaming-a, bideo-konferentzia…

Helburua da probaleku bat eskaintzea unibertsitateei, teknologia enpresei, hedabideei, ikasleei… Seguru gaude hizkuntza ertainetako ikuspuntutik probak egiteak gure inbertsioak finago zentratzea ekarriko duela.

  • Bertan batuko dira, bestetik: Larremendi Bazkunaren bulego zentralak, 111 akademiaren bulego-liburutegia, 100 lagun ingururendako mintegi-jardunaldiak egiteko leku eroso eta jantzia… Eta esku-eskura taberna, jatetxea eta ostatua.

Argazkia: Maddi Trutxuelo (Aiurri). Argazki gehiago eta eraikinaren planoak albun honetan.
Irigoienazpikoa: Informazio eta komunikaziorako teknologia berriak eta hizkuntza ertainak.

Andoainen?

Ez da ez kasualitatea Rikardo Arregi sariak ere bertan sortu izana hogeitaka urte direla. Edo mintegi bat abiatu izana EHU-rekin batera… Udala, Larramendi eta euskara lan-sailean beti izan dira hedabideen inguruko ekimenak eta orain ere halatsu. Eta eraikina? ederra da, palazio handi horietako bat, ondo kokatua dago Irigoienazpikoa, Martin Ugalderen inguruan, Bideo eta zine eskola ondoan… eta Europara eta mundura zabalik.
Eman nituen Interneteroen artean errepikatuegiak dauden hainbat azalpen ere: lizentziak irekiak, egindakoa zabaldu beharra, kopiatzea ez dela lapurtzea… eta abarrekoak. Izan ere, proiektu honen bihotza oso Interneteroa da.

Gaua

Blogeratutakoa egunak eman zuen laburpena, baina eguraldi horrekin eta konpainia onarekin luzatu ere egin ginen. Euskarazko Internet komunitateko parte diren jendearen iritzia bereziki interesatzen zitzaidan eta iritziaz gain baita beraiekin kaña batzuk hartzea ere. Ilargia ere guri begira zegoen… Ze ondo! momentutxo horiek hain dira inportanteak… Eskerrik asko.

Aurkezpena era jartzen dut hemen. Gida bat izan zen… ez dakit zerbait ulertuko den, baina “zabaldu, zabaldu, zabaldu” egin behar dela esan bakarrik ez, egin ere egin behar denez… (edo batez ere egin…)

Mundumira Elgetan, hauteskunde osteko asteburuan

Maiatzeko azkenengo asteburuan izango da (27, 28 eta 29) eta programa aurkeztu dute gaur. Mundumirako programa bete-betea dator eta Elgetako kaleak sekula izan ez duten jendetza jasotzeko prest daude.
MundumiraKartela
Plazan kokatuko da
eszenatoki nagusia eta plazatik Salbador kalean,  goraino, munduko janariak dastatzeko aukera egongo da. Debagoieneko herrietan urter-urtero izan den artisautza eta Gobernuz Kanpoko Erakundeak, ere izango dute lekua Maalako plazatxoan eta
San Roke kalean. Espaloia Kafe Antzokian reggae musikako talderen bat eta baita hainbat dj ere izango dira.

Lau ardatz:

  1. Kalea da protagonista. Herriko kaleetan etengabe
    izango dira jarduerak, kolorez eta musikaz beteko dira. Besteak beste,
    izango dira gastronomia azokak, senderismo azoka eta munduko janarien
    jaima.
  2. Bost kontinenteetako musika. Munduko musikez gozatzeko aukera izango da; gaueko kontzertuak, kalejirak, egunez formatu txikiko ekitaldiak. Talde nagusia Los Delinquentes izango da, baina Kuba, Mozanbike eta Kataluniako taldeak ere izango dira, besteak beste.
  3. Mendia, natura, ondarea eta bidaiak. Aldi berean,
    eskualdeko ondare kulturala eta naturala ezagutzeko aukera ere izango
    da: senderismoko azoka, ikus-entzunezkoen proiekzioak, argazki
    erakusketak, ikastaroak, mahai inguruak, mendi irteerak, irteera
    kulturalak, Euskal Herriko Boulder txapelketa, BTT ibilaldia…
  4. Gizarte ekimena. Foro solidarioan eskualdeko eta
    Euskal Herri osoko Gobernuz Kanpoko Erakundeek garatzen dituzten
    proiektuak ezagutzeko aukera egongo da. Jaialdiko kamiseta solidarioaz
    ateratako dirua Debagoieneko GKEen proiektua bultzatzeko erabiliko da. Kamiseta ere polit askoa!

Sormena babestu behar da?

Gaur komunikaldietan izan naiz, erretaula zatar hori dagoen aretoan. Baneukan susmoa ez zitzaizkidala ideiak larregi argituko gaurko hitzaldiekin… Eta lehengo zalantzarekin bueltatu naiz.

Nik gura dut maite dudan idazle eta kantariak idazle eta kantari izaten jarraitzea. Produzitzea herritarrok gozatzeko eta ahalik gehien eta ondoen, gainera. Ez dut gura musikariak okindegian lan egin behar izaten jarraitzea ez bada behintzat erabaki pertsonala. Ezta gustuko ditudan idazleak eskolak ematen pasatzea eguneko ordurik gehienak idazten egon beharrean.

Eta hori zelan egiten da? sortzailea babestuz. Nik uste dut sormena babestu behar dela. Eta zer da sormena babestea? horratx! horixe zalantza!

Bueno, goizak balio izan du aspaldiko lagunak ikusteko, eztabaidatzeko kafean eta baita hitzaldi interesgarriren bat entzuteko ere. Bestelakorik ere egon da, baina interesgarriekin geratzen naiz. Ikasita bueltan, baina zalantzatsu oraindik.