Mondragon taldearen zati bat geldi, baina aurrera!

Horixe da errealitatea. Fagor Etxetresnek ez dute lehen beste saltzen eta ez saltzeari beste hamaika arrazoi gehituta heldu da lan etena. Demasa da 2.000 lagun langabezian izatea gaur. Horrek eskatzen du mimoa, babesa eta elkartasuna pertsonekiko. Dena beharko da. Bestelako daturik ere badago, hala ere. Esaterako hauek:

  • Mondragon Taldea saiatuko da dagoeneko langabezian dauden Fagor Etxetresnetako lankideak birkokatzen.
  • 1956an sortu zen Fagor Etxetresnak (hasieran Ulgor): 57 urte.
  • Bost lantegi Euskal Herrian; zortzi Frantzian, Polonian, Marokon eta Txinan.
  • 2000 lagun langabeziara, momentuz. 80.321 laguni ematen dio lana Taldeak, %42 EAEn.
  • Krisia hasi zenetik %20 gutxiago kobratzen zuten Fagor Etxetresnetako langileek.
  • Fagorrez gain beste 70 enpresa daude Mondragon Taldean. Fagorrek, Taldeko salmenten %8,1-eko jarduera du
  • Mondragon Taldeak EAEko Barne Produktu Gordinaren 3,2 du.
  • Mondragon Taldea Industriako Barne Produktu Gordinaren %7,3 da.
  • Korporazioan 2.096 ikerlarik dihardute lanean. Berrikuntzan apustu sendoa.
  • Estatuan 21.000 kooperatiba zeuden ekainaren 30ean. EAEko enpleguaren %3,5.
  • EAEko Industria inbertsioen %10,7 Taldeak egindakoa da.
  • 2012a amaitzeaz, 210.000 lanpostu zuzen zuten kooperatibok.
  • Lanpostu kopurua jaitsi dute kooperatibek, baina enpresa merkantiletan baino %12 inguru gutxiago.
  • Lan kooperatibek 8.000 lanpostu berri sortu dute azken urtean. Arrazoietako bat da kiebra egoeran zeuden hainbat pasatu direla kooperatiba izatera.
  • Ez da egia bazkide langileak baino gehiago direla bazkide ez direnak. Bazkideak %83 dira, bazkide ez direnak %27. Beste datu batzuk zeuden orain urte batzuk, hori ere horrelaxe da.
  • Bazkideen %49 emakumezkoak dira.

Eta jarraituko dugu entzuten kooperatiba ereduak ez duela balio? Berraztertu bai, hobetu bai, autokritikak egin bai… baina ereduak etorkizuna du, zalantza barik. Baita kasu puntual honetako pertsonetan inbertsioa egitea ere.

Kontua ez da entzuten ari garen moduan “Arizmendiarrietak burua altxatuko balu…” edo bai. Altxatuko balu kontua ez litzateke kooperatibismo zaharraren esanahiak berpiztea baizik eta oinarrizko balioak interpretatzea gaur egungo baldintza sozioekonomikoetara egokituz. Erronka ekonomiko-enpresarialak merkatuak jartzen ditu eta aurre egin behar zaie; era berean, identitatearen aldeko apustua egin behar du kooperatibak. Batak bestea elikatzen du eta besteak bata.

Bazkideen iritziak ere entzuten ditugu egunotan. Goienan hainbat eman ditugu eta denak ezberdinak. Enpresaren parte direlarik eta komunitate sentimentudunak batzuk, baina ez guk jasotako iritzien gehiengoa (nahiz eta horrek ez duen esan gura lagin hori orokortu daitekeenik), esango nuke. Asko dira isilik egoteko hautua egin dutenak eta horiek asko esan gura dute, seguru.

Arrasateko Kooperatiba Esperientziaren partaide izatetik entzun ditut berbetan, baina, ez denak.  Ez ditut entzuten, bestalde, kooperatiben norabideaz ordu askoko lanak egin dituztenak, ez ditut entzuten goi karguak, ez ditut sumatzen kontseilu errektoreetakoak… eta esango nuke ona litzatekeela hauek ere bere partea jartzea enpresa-iritzia emanez eta baita enpresa-izaerako komunikazioez gaindi ere.

Gaur ere garrantzia du erretratu honek. Fagor Taldeak badaki, baita Mondragon Taldeak ere. Animo!

Kooperatiba eredua ez dago krisian!

Tertuliano askotxo ez ote dabilen kooperatibez berbetan… eta iritzia libre ematea ona da, baina edozer entzuten ere hasiak gaude! Eredua erori dela, kooperatibak ziruditen zeru puska eta orain infernua dela, azkenean benetako egia zein den ikusi dela Fagor kasuarekin, langileak kanpora doazela leku guztietan moduan, ez dela informatzen barruko jendea…

Hara! zelako estilo gutxirekin eta jakintza eskasarekin egiten diren zenbait baieztapen. Kooperatibetan ere denetik dagoela? jakina! eta kooperatibagintzan gora-beherak izaten direla? ezin ezkutatu.

Gaur gaurkoz kooperatiba eredua ona da eta baita etorkizun handikoa ere.

Fagor Etxetresnak: zer gertatuko den ezin jakin, ezta zer gertatzen den

Denok dakigu eta bereziki gertukook oso gai katramilatsua dela. Oso katramilatsua. Debagoieneko hainbat familien lapikoa dago jokoan eta honek eskatzen du tentuz ibiltzea. Informazioak hasi dira ateratzen nahiz eta isilik egoteko gonbitak egin dituzten… eta Noticias taldeak berri bat, Garak beste bat, ETB-k konexioa zuzenean pabilioiak atzean dituela… Guk hau atera dugu Goienan: Fagor Etxetresnak ez dira SA bilakatuko eta Garagartza ez da desmantelatuko Beste hedabide talde batzuk bestelakoak ateratzen dabiltza, baina guk jakin izan dugunaren arabera horraino konta genezake. Erredakziora zer ez da heltzen! denetik! eta batzuk badute egia izateko traza, baina beste batzuk gezur borobilak dira…

Interesatzen zaigu ondo informatzea eta kasu honetan azkartasunari baino fidagarritasunari eman gura diogu garrantzia. Lehenengo informatzeak baino garrantzi handiagoa du ondo informatzeak (erraza izango ez den arren). Ia lortzen dugun ze Fagor bertatik ahalegin handiagoa dago ez esateko esateko baino. Ulertzen dut jokoan dutena asko dela. Fagorretik, lehenengo bazkideei eta gero gertuko komunikabideoi ondo informatzea gako bat izan daitekeela dirudi Fagor kokatuta dagoen komunitatea ez dadin haserretu. Komunikazioan gardena izatea modukorik ez dago eta kasu honetan ere horixe demostratuko dela uste dut.

Blog honetako testu ederrena Irigarayri esker

Testu hau erabili dugu Topaguneak antolatutako Topaeguna jairako. Eta egitan, gehienok geunden han, eta anitzez gehiago oraindik… Enfin, erran dautzut, ia denak…

Egun ederra pasa genuen Soraluzen eta eguneko tarte batean hartu zuen mikrofonoa Irigarayk. Denontzako du testu honek, eta dena lehen entzunaldian erraz ez denez… ekarri dut hona idatziz:

Agorako ba(t)za(h)arrean erresumako ia hiritar guztiak zeuden, badakizu erakunde, elkarte, elkargo, baltsa eta antzekoen parteliant, partzuner eta urdezkariak oro, egon beharreko denak; dotore, tente potente, eder eta afrus, pilda suerte guztietarik, pildaire ere ez guti, papardak hornitu krabata, txulufreia eta pitxi, lepondoan pikardak, ez guti eskumutur eta matrail bete kalitxa eta txitxabegi…

Oro begi belarri, mihi aho eta zintzur, leher eta zapart elemeniaka sekula fingabeko otoruntza eta edasian, txitxipapetan batetik bestiala kurruk uzker eta zurrut, arraileria, potroiska eta horderia nasai, kirika eta koroka barrastan, hitzaspertu, solas molas, xarduki merke, gezur melur, zangopilo eta kulturetan…

Kanpoeder eta Barnehuts buruzagiak eta ondoko azkazi luzea, Farfuntzi eta Xardukimerke
jaun-andere kontseilariak, Ixtepe Tripontzi eta Pegartara Berritsu seme-alabak, eta Kopetaundi eta Xinpletzar deputatiak eta haurreria, eta ofizialdegia eta handureria guztia eta ondoko ganbelapekoak eta noharroin elia, eta, bistan da, Arxebixko adarküloa, Apezküpü adarbildua eta serorategia, Sabelxuri eta Sabelgorri got(hor)zainak eta Papoanbilo artximandrita eta kohorta, jan-edan eta lo, eta kalonjer eta erretor saldoa, Babaxkot Apatia, Apezestea, Apezkondo eta parropiantak, apezorde, apezgei, apoño, apoxka eta bereterrak, Fraireria ia guztia, Zintzurmehar abadesa eta Lekamehe hameka ahizpak, Benedita familia zabala eta Fraisoroko umeak…

Eta Buruzahato-Biligarro jaun andereak eta barrendariak, trenkalariak, zirtolariak, pitolariak eta zenbait pirdila, eta Kontratxintxur eta Uzkuzilotikoak eta Iren Zikiratoil senideak eta Omalki Zabalaga lehengusinak, Urdail Enpo, Txotxagerren eta Tilingo su-kalte-burua eta sehiak, eta Oilargandor Xingola perfeta, Oilokoloka emaztea eta oilokindegia ia osoa, orobat Urdanbuztan Kardaburu erregeordia eta Ahuntzkente emaztea eta memeria…

-Eta… zertaz?-

Fandabila! D’Arrotzer, beti ere, lonbre handian, herengila, mendre, singil eta arkilumendi anitz, orobat Ahuntz Tripustel samaldan beti alhan Gurutz Ezpatatzar kaserna buruarekilan eta Pettirisantz eta Oihes Eltxo hodeika eta Kakabarbalot lerroka, eta, araiz, baratari eta juje mordoa espartinero dinamitero jeneral-konfiterua axuanta zutela, ezker-eskuin Zakurrantonio jaun txit gorena, eta Zakurtzar, Zakur, Txakur eta Txakurño -eta txarrantxa- txit beherenak, Furrustako eta Marizartako kupla ezinago joria txispaz armatuak, ez urrun trabukariak ihanki-ihanka, eta Zirikarroltze, Uzkipitxer Arnega eta Doilor Tutuluti profesurrak eta eulixka ikasleria, eta Errient Errieta marimaisuen leinua, Zoroasto eta Eztabilondo psikiatren aldra eta Soraio Külüpüts psikanalistail abila, Herstu, Mehar, Pantzart eta Bargoxta omonierrak, musean ari biga bostetan, Juanpitolanda eta Joanapika ostalier eta ostaliersa beti beha -hemen karraka, han kirrika-, eta Osinbeltz Horosakola bankaxefa, Aranibar Ttallajuria eta Zapatkoxkorren azkazi luzea, orok Yodoko tratamendu-oditeria sudurziloan -bozio eta kretinismoa, endemikoa-, eta Antuste, Barrabilttipi, Hipogonadiaga, Arrandius jaunak eta Ditixut eta Histerila andereak, Akilimarro eta Nagi Geldo burokrat bipilak eta Hego Melo, Zuntzun Barea, Fardel Farras, Uzkorno Mardo eta Narrats Bordela artista famatiak, eta agintaritza goreneko Leloments, TTunttunoisko, Tentel, Txepel, Motel, Ustel, Zimaur, Elkor, Lerdo eta Azal Xingar lunbrera ezinago ipurtargiak, eta, nola ez, Negar Anpulo andere joria -beti oküpü!-, eta Negarrontzi-Zakurmihi tribu txit zabal eta katilipurdia, eta Martin Bonbin erregeren sorgin tipula eta gatz Martin ipurdi hatz…

Han ziren ere Gorotziaga eta Hagotzpikorreta Kontseilu Nagusiko kideak, eta Sabaihandi eta Artopil, Arbilore eta Arbilixta eta beste kalipu handiko idazleak, Hegoa Zinkurinbakotx buruzagipean, Minauhenka Nibakar, Nigoihen, Nibehere, Nibarren eta azkazien poeteria, Erlats eta Azantz kantariak, Betibegar eta Petelan bertzunariak, Piltzar Marrant kontakatilua eta antzerkilariak, Gorkestrako gidaria eta pilarmonikoak, kilolariak Herren Maingu buru, eta Pantzoil, Kaskamuno eta Zaragoil hizkuntz-hilarien baldarna osoarekin, besazpian de(h)iztegiak eta latin-gramera, eta Zapaburu, Hiruzirrika, Teleka Lekeda eta Araumeta bazkaltegiburuak, Memelo Kurkuilo, Saputinxka eta gainerako lehendakari ohiak -artxipanpanoak, baina adirutsuak-, Frakanasai Sabeldarraio Ogasun kontseilaria eta Artaburu Hezkuntza kodeatzailea, Pertolbide trafikoburua, Kultur Zuzendaritzako Trufa, Iseka, Ihakin eta Adarjo burokratail porrokatuak eta azaleriako apoxka, xibalet eta mandeuliak, eta Tipulburu auzapez-alkate-mera eta zinegosi jaunskila eta andrakiloak, eta, alaintso!, Trinitate Hirutasuna urzo, bele, harma, tiro, pum, perroketaz mozorroturik dena benedika, eta Ardi Baba eta Gumersiondo Boboa eta kofreriko kide ugariak -ez ordea Otsagiko Boboa, prefosta-, eta Komandantea, biraoka eta zikina aldegina urdanlinburtzera pailarda pare baten konpainian, denak aho bete pintxo lerdoa zeriela, eta Lukie Zirisarri eta pasajerue, prakatxu-sarrak-deukosus-ostera-be-eukikosus, alia jacta est, eta oro pixiteari emanez bilera Rubikon Perikon bilakatu zen, bet-betan abantxu inor ohartu ere egin gabe…

-Libertitu?

Eta nola! Han ziren oraindik ere Pizurrin, Hetrepel, Ahohandi eta Ziliporta, aldiz kitzika, aldiz ahakarka, eta To-Hiena beti pixile eta beti egarri, eta munduko urdezkari frango -Estu Bankuetakoa banderari eta gainerakoak artoski klonatuak; LBk ditu altxaturik izenak-, eta Putinga, Rasputinga eta Larraputinga izurrite osoa, ahakoka eta ziztaka, oro ixtaklots omalki eta potrozorriz beteak, eta Mikolas, Gibelhandi eta Baretuti, Kokoriko eta Armatondoa eta farrasta, eta Axeter eta petrikiloak, Petra Landa eta Bela Gilen emaginak, eta Her Geltzar Unibertsitateburu eta Her Geltxar xerribuztan eta Zuri eta Zuririn katedratikoak eta irakasleria -ez, baina, Hiriberriko katedratikoa-, eta Penie Babaxkila eta Salduzelaiko pailazoak eta Oilobusti eta txitoak, eta Tripota eta Espantuaire altxaferugile mukitzuak, Kalakari eta Kalapita barrendariak, Horoxakile largabistak eskatologian laprast eta xirrista, eta Kalamanka, Gangailu postaxefa, Alfertzar Buztanpekua ekonomi minister ohia, Martin Harro Arraihiztaria, filibuster, zarraintzale eta marinelak, eta Mandran-mentsa eta Xanpionet teleberri zuzendariak, Mokoluze Kalakari eta Kukulin Gantzola irratiburuak, Pixastore Usi, Ornotorringo eta Oligofrenila Enthoil fastikariak, Tupustan Arin eta Gezurter Azakirten kazetanagusiak eta leinukideak, eta Betoniako txuskeria eta Frangorteako purra-purra purtzilak, kusi, kusina eta arrakusi-kusina guztiekilan -…hemeretzi, hogoi…, eta milaka oraino!-, eta Korrok eta Autsiki, Beharrondoko, Matraileko, Tripaondoko, Barrabilondoko eta Marpoxaondoko, Izpirituondoko eta Ostia saindia guztiak mazela berean lotu eta zaflatuak, eta Iker-Oker, Tetele eta Melgera Zozologoak, eta Melinga eta Gelbera abokatak, eta Trebukari politikari andeatzaileak, Betoker zaharkeologoa eta Frikun Kokin eta Motots Punpoila biloapaintzaileak, Zilbor eta Pikor ttunttunero famatiak, Kakile Zekenena entrepresaria, Zerrepel Txinpart sindikat bulegariak, Basta eta Bastart buraso putatiboak, Maritxirtxil eta Marimalet oilandak, Buztre, Petesa eta Behoziloko abelgorotz funtzionario mertzenario gehienak, edasian, eta, nola ez!, ardi ilupa ezin konta ahala, otsoak ezpain-milizka merinaz mozorroturik eta lasai arraio lo -hau pagotxa!, murmurika, irri karkailan-, erreferak beti kintze-ta-esperantxa! -ahurka-, astapitotx, astagardu, askazilo eta azüzküliko azkarba ezdeusak begietarik pindarka, eta anitzez gehiago oraindik…

Enfin, erran dautzut, ia denak…

Joxe Anjel Irigaray

Entzuteko (merezi du), hemen: https://dl.dropboxusercontent.com/u/81797364/Master%20Topagune.wav

“Euskaltzale”

Ia zergatik ez dudan ekartzen blogera Goiena paperean argitaratutako artikulua… ba horratx! Goiena paperean eta goiena.net -en argitaratua zegoen:

“Euskaltzale”

Izan naiz ni ere tribuzale, jendea tribuetan sailkatuzale.

Taberna hauetan dabilelako, kamisetak halakoak, motxila estiloa, zapatak, orrazkera, musika tipoa… Eta sailkatu. Gurea da, ez da, zer da gurea, zer da gu…

Lehen errazago egiten nuen sailkatzeak ez dit orain balio. Egon naiteke tribu honetan gaur eta bestera salto egin gero. Edo izan daiteke tribu handiago batean birziklatu ditudala motxilero hippyak eta ondo lisatutako alkandoradunak.

Jarraitzen dut tribukerietan; orain, euskaltzaleen tribuko den edo ez sailkatzen dut, inkontzienteki egiten dut. Niri bost zein tabernatara sartzen den eta ilea makinarekin edo artaziekin mozten duen. Badugu garaia tribua handitzeko.

Obrak dira garrantzitsuak zati solteen aldean hedabideondako

  • Kantuez: Jendea, kantuez jarduten da, obra zatiez. Gero eta gehiago zatiak dira arrakasta izaten dutenak. iTunes-ek badu horren kulparik eta gure gailuetan zatiak ditugu, kanta solteak. Ezagutzen ditugu kantuak taldeak ezagutu gabe, esaterako.
  • Albisteez: Kantuekin pasatzen den moduan pasatzen da albisteekin ere. Aldizkarietako azalak irakurtzeak baino garrantzia handiagoa hartu du albiste konkretua gure pantailetan irakurtzeak. Asko erraztu zuten RSS-ek hasieran,  gerora Twitterrek eta orain aplikazio liluragarriek. Flipboard bidezko irakurle honek zatiak irakurtzen ditu nork argitaratuak diren jakin barik askotan.
  • Obraz: Biak dira joerak, seguruen. Eta joerok geratzeko etorri direnik ezin uka. Hala ere, enpresa ikuspuntutik obrari eman behar diogu garrantzia.

Kantua aipatu dudanez, aipa dezadan adibide bat: Bide Ertzean taldearen obra. “77” deitzen den CDa. Gutixia bat. diseinu zaindua, testu onak eta sakonak, argazkiak, historia… eta kanta solteak ere bai. Batzuk beste batzuk baino hobeak, baina kantu solteen garrantziak (garrantzitsuak izanagatik) ez du horrenbeste inporta obrarekin konparatuz. Hau, erosteko CD bat da obra bat delako.

Berdin albisteekin-eta. Gurago nuke obra bat aipatu diskoa aipatu dudan moduko erraz irudikatzeko. Ez ditugu asko eta hain argiak. Gure komunikazio industriak ez ditu obra digitalak argitaratzen copypastetik harantzago. Ez ditugu argitaratzen. Zati onak han eta hemen, baina zatiak. Garrantzitsuak duda barik eta aberasgarriak zein erakargarriak irakurlearendako, baina industriarendako? Obrak dira interesgarriak industriarendako (gehiago tableten garaian) eta etorkizunean horixe izango da mimatu beharrekoa: obra. Orduan izango da erosteko hedabide bat, obra bat delako.

Atxagak hautsi zuen anphora eta gero Ordorikak obra bihurtu. Zatiak jaso eta obraren bila joatea dagokigulakoan nago ni ere.

Erdiko denda barik geratu gara

Erdiko dendan ateratako argazkia

Erdiko dendan ateratako argazkia

Akabo fandangoa! Kitto “EkoD”, Erdiko denda. EkoD-tik ez da pasatu Errol Flynn Salvador Allende Pablo Neruda edo Ernest Hemingway Kubako “La Bodeguita del Medio“-tik moduan, baina pasatu izan balira zerbitzuaz eta konpainiaz gozatuko lukete.

Dendatxo honek bazuen herritarrondako xarma berezia. Bezero izan gara hango-hemengo, txiki-handi, gazte eta edadeko…

Zerbitzu atsegina eta gertukoa asteko zazpi egunetan. Ze pena. Asko galtzen dugu herritarrok. Hala ere, eskerrik asko, Dayami, eta zorte on!