Oso gustura irakurri dut azken PUNTUA

Eskertzekoa den tuita.

Eskertzekoa den tuita.

 

Tuit hau bota du gaur Eneko Barberenak, edo berak sinatzen duen moduan Eneko B. Mondragonek. Eta nik gustura irakurri dut tuita eta komentatzea pentsatu.

Niri berdina gertatu zait asteburuan. Biharamun egun batean irakurri nuen PUNTUA, jaietan, zapatuan. Dutxatik irten eta ebatu nuen grapa moloidun aldizkaria. Ez dut jakiten zein eduki ekarriko duen astero eta oraingoan ere halatsu. Azalak eman zidan atentzioa ze gurean ez da ohikoa eraikin hutsak ateratzea… Baina asmatu da hor ere eta seguru diseinatzaileek izan dutela eragina. Tituluarekin lotura eta eraikin hutsa barrutik irudian. Ederto! Irakurtzeko gogoa sartzen duen horietakoa eta hori benetan da nekeza eraikinen argazkidekin… klaustroa, hala ere, ez da oso ezaguna eta hori erakustea ere polito.

Bi mutil guapokin izan zen lehena eta 23. azala eraikin batekin. Erronka horixe da, zero zenbakiarekin zein hurrengo guztiekin interesgarri izatea.

Puntuaren lehenengo zenbakia eta 23. zenbakia.

Puntuaren lehenengo zenbakia eta 23. zenbakia.

Barruan ohiko kolaboratzaileetan Eneko bera. Gertuko zaion lagunari buruz idatzi du oraingoan. Eta seguru horregatik ere esan duela asmatzen dihardugula kar, kar, kar. Irratian entzun diot Amurizari goizean bertan inungo konplexu barik kantu onenetako bat dela LURRA. Zaldiboborekin ezagutu nuen nik kantua eta Mixel Ducauren musika lanari jarri zizkion hitzak Xabier Amurizak, hau da, PUNTUAri letxe Eneko Barberenak.

Eta bai, niretzako ere oso irakurraldi goxoa izan da. Komunitateko Saratsua lagunari irakurri diot Ekuadorreko Kitxuen berri. Hori ere bada gertuko kazetaritza ze kooperazio linguistikoaren bitartez harremana dugu kitxua herriarekin. Oraingoan solstizioaz jakin dugu gehiago modu elegantean idatzita. Eta Frantziskotarrez ere kurioso. Josu Bilbao lankidea larrabetzuarra dugu, baina ari da debagoiendartzen. Gustatu zait Jose Luis Zurututzaren argazkia ere. Barruak erakutsi dizkigu erreportaiak eta erraz irakurri dugu. Zenbat erreportajeetarako eman lezakeen Arantzazuk! Izango dugu aukera aurrerago ere, seguru.

Iritzi artikuluak ere hainbeste eratakoak eta batzuk gusturago irakurri ditut beste batzuk baino, interesgarria. Hori bai, benetan gustura Itziar Lamarainen berri jaso dut. Bai, PPtik izan da Arabako diputatu eta azken lan-egunean hartu zuen Goiena bulegoan. Gogoratu dut orri osoko publizitatea nola enkargatu zigun Goienan orain dela urte batzuk Arrasteko zinegotzi izateko boto eske. Gertukoa Lamarain, pentsa, jatorria Elgetan bertan du nortasundun emakume honek.

Eta gai gehiago: azaleko minbizia, umeen zaintzaz legeak dioena, slow filosofia oinetan, motozaleak, Vanegas ilustratzailea ezagutu dut, Jul Bolinagaren berri argazki bidez, ikastaroak jasotzen egoten garen Otalora eraikinaren berri… Nik ere gustura irakurri dut ba 23. zenbaki hau. Bai bai, 23 dagoeneko! Egongo ahal dira horrelako beste 623!

Post honen bidez lankideei ere animoak horrela jarraitzeko. Astero-astero asmatzeko (hemen orain arteko azalak) lana egiten dutenak beraiek dira eta irakurleok gustura horrekin. Ia animatzen dugun beste norbait gehiago azalez gain edukiaz ere gozatzera, 48 orrialdetan badago zer irakurri-eta. Klubeko bazkide izateko deitu 943250505 telefonora edo bete formulario hau. Pasatu zuen lagunei ere, denon artean PUNTUA hobetzeko bidea da-eta.

 

Garitanori 297 aldiz egin diote aurreskua

Iñigo Murgiondo Goienako komunitateko kideari irakurri diot datua. Eta lehenengo-lehenengo etorri zaidana burura ez da izan ez zirenik egin behar, lehenengo etorri zaidana da ia honezkero ikasiko zuen aurreskua dantzatzen Garitanok. 🙂

Eta gogoratu naiz gai honekin lotuta egon direla hainbat artikulu. Bat Oier Araolazarena. 2005ean esaten zuen: “Honek ez dauka neurririk”. Eta adibidea jartzen zuen eskailera mekanikoena: “Asteburuan eskailera mekanikoen zati berri bat irekiko dute eta inaugurazio ekitaldian aurreskua egiteko eskaera egin digute. Beste bat. Dagoeneko dozena erdi eskailera mekaniko inauguratu ditugu beste horrenbeste aurreskurekin. Ezin duzue imajinatu zein tentel senti daitekeen bat eskailera batzuei begira dantzan ari dela.” Aurresku prostituituak, zelanbait. Ezin uka, dirutxo bat irabaz daitekeela horrelakoetatik eta limosnetatik harago balitz irabazitakoa bejondeiola dantzariari… Pentsa Garitanoren kasuan kasi plantillan beharko luke aurreskulariak kar, kar, kar.

Badu kontuak pozetik ere. Ni bereziki pozik nago iaz gure herrian hasi zen ohitura batekin. Soka-dantza egin zen. Egin zuten Udaleko hiru alderdietako zinegotziek elkarrekin! Eta gonbidatu zituzten sokara herriko elkarteetako jendea! Orduan esaten nuen tradizioa sortzera etor zitekeela eta aurten, behintzat, jarraipena izango du. Aukera polita egin dute nire ustez, gainera. Alkate “zaharrak”, Alkate berriari emango dio paso herriko plazan. Desiatzen nago ikusteko. Benetan eskertzekoa bai lehengo udalbatzari zein oraingoari eskailera mekanikoei ez eskaintzea dantza eta bai herritarrei. Gustura jasoko dugu. Ohorea eta esker ona bueltatuko dugu txalotan! Txalo zaparrada zuendako.

Medikuarenean euskaraz jarduteaz

Ez naiz eroso sentitzen tertulietan. Bai etxekoetan, lagunartekoetan edo sektorekoetan, lanekoetan… baina publikoak diren tertulietan… ez, ez naiz eroso sentitzen. Ez telebistan, ez irratian… Batetik, autozentsura aplikatzen dudalako izango da, baina ez hori bakarrik. Gauzak zelan esan eta zer (bereziki) esan ondo prestatu arren… kaka morralian! Hala ere, eraman nuen ba gai bat Azpimarrara eta han esan nituenak eta esangura nituenak blogera ekarri ditut. Gainera, edonork irakurriko balu komentarioak egitea libre, noski, gaiaz ikasteko balioko du-eta.

Azkenengo aldiz ere horixe gertatu zitzaidan. Neuk aukeratu nuen aurkeztuberri zen erakunde bat hartzea aipagai: Berdin (ez dut webguneko loturarik topatu).

Prentsaurrekoa egin zuten Berdinekoek eta zintzoa iruditu zitzaidan han zeudenen ahotik entzundakoa hauteskunde bezperetan izanagatik. Badakit jakin, gai horretan dabilen medikuren batek zenbat lan egin duen, Goienatik ezagutzen nuen guk geuk ere landuta genuelako gaia eta baita kolaborazio luze bat idatzita ere Puntua aldizkarian… Eta nik jasota neukan txanponaren aldea horixe zen, aldarrikapena egiten zutenen aldea. Dena den, txanponak, beti alde bi.

Elkartea berria, baina diskurtsoa askotan entzundakoa estiloz, behintzat: aldarrikapenaren barruan sar daitekeen egiteko modu hori. Eta horrek eman zidan zer pentsatua. Hasi hemen eta han begira, hasi ia zenbat kexatzen ziren hizkuntza gaietatik osasun arloan… en fin, hemerotekara egin nuela eta han konturatu nintzen 2013an 20 kexa baino ez zituztela jaso Elebiden EAEko osasungintza eta hizkuntzarekin lotuta. Gutxi iruditu zitzaizkidan, oso gutxi. Aurten milaka izango dira, baina ez dakit helburua kexak gehitzea ote den…. Kexena, ulertzen dut gaia plazaratzeko modua izango dela, elkartea sortzea letxe. Alde horretatik pegarik ez, baina gustatu zaidana elkartetik da nora jo ez dakitenei laguntzeko prest daudela, aholkatzeko balioko duela eta informatzeko.

Betikoa da katramila: zenbaterainoko bizkor goazen. Euskararen erabilerak osasungintzan 11,8 puntu egin du gora eta urte tarte berean euskararen erabilerak 4,5 inguru egin du gora. Egin da zati eder bat Osasungintzan ere egiteko dagoena ez dela gutxi aitortuta. Hemeroteka gaiztoa da eta Rafael Bengoa sailburuaren esanak ere etorri zaizkit pantailara: “con el euskera hemos ido demasiado rápido”. Denendako ez duela euria egiten gura beste, alegia.

Asmatu beharko da bizkorrago joaten nire ustez, eta baita bizkorregi goazela diotenak tren honetara erakartzen. Dena beharko dugu, denak. Horratx katramilaren oinarria: bizkortasunean asmatzea. Nik neuk medikuen eskubide indibidualei baino eskubide kolektiboei emango nieke lehentasuna, kolektibo hori milaka eta milaka lagunez osatua dagoela jakitun: bezeroak. Bestetik, lagundu bedi gaiaren zabalkundeak Osakidetzako bezerook medikuen pantailan euskaraz artatzeko nahia dugula jar dezaten eskatzeko. Nik eskaera zuzen-zuzenean egingo diot familia medikuari.

Astekari izateak baditu onurak

Umberto Ecok esaten du kazetaritzaren krisia hasi zela aspaldi, ez dela berria. 50eko hamarkadan edota 60etan hasi zela, hau da, telebista agertu zenean. Jarraitzen du: “ordura arte, egunkariek kontatzen zizuten aurreko eguneko arratsaldean gertatu zena, horregatik deitzen ziren egunkari asko arratsaldeko egunkari: Corriere della Sera, Le Soir, La Tarde, Evening Standard… Telebita martxan hasi zen garaiaz geroztik, egunkariek esaten dizute zuk dagoeneko badakizuna. Gaur egun gauza bera pasatzen da”.

Bere ustez, egunkariek egin beharko luketena da astekari bihurtu. Eta honekin gogoratu naiz hamar bat urte dela egin genuen inkesta batekin. Inkesta zabalxea izan zen eta aldaketa momentuan geunden gu ere… Egin genezakeen eguneroko bat 16 orrikoa edo astekari sendo bat. Gure bezeroek, gehien-gehienek argi izan zuten astekaria gurago zutela. Gu animatuta geunden ba eskualde  mailako egunerokora, baina gaurtik uste dut bezeroei entzutea ona izan zela beste behin ere. Astekaria egin genuen baina egunerokoari oso lotua.

Jarraitzen du Ecok: “Astekari bihurtu astekariek denbora dutelako, erreportajeetarako zazpi egun direlako. Irakurtzen baduzu Time edo Newsweek konturatzen zara eduki konkretu bat kontatzeko hainbat lagunek jardun dutela lanean, beharbada aste bat edo gehiago jardun dutela. Egunkarietan, berriz, gabetik goizera egiten da dena. 1944an egunkariek 4 orri bazituzten gaur egun 64 dituzte, beraz obsesiboki bete behar dira orriok albiste errepikatuekin. Kotilleoan erortzen dira… ezin da hori ekidin. Kazetaritzaren krisia 50 urte dela hasita zegoen eta arazo larri eta garrantzitsua da”.

Guk ez ditugu gura beste egun izaten astekaria egiteko, baina aldizkari berriarekin, PUNTUArekin, uste dut horrantz egin dugula gehiago, egunerokoarekin lotuta ez dauden artikulu luzexeagoei lekua eginda. Bezeroek iritzi asko jaso ditugu eta pozik daude. Harpidedun gehiago ere bagara orain. Egia esan, aldaketa egin orduko jaso genituen iritziak eta berriz ere beraiei entzutea modukorik ez dagoela konturatu gara. Eskerrak beti gertu dauden gurekin garden-garden berba egiteko. Goiena horiek denok osatzen dugu.

Lokatz-makina

Hankak lokatzetan sartzeaz jardun zuen Jon Sarasuak eta gustatu zitzaidan. “Asfaltoa zapaldu” erabiltzen nuen nik, baina badu ederretik lokatzetan zikintzeak, irudi polita da.

Umberto Ecori irakurri diot elkarrizketa bat eta han lokatza ez, baina aipatzen du lokatz-makina. Klaro, kasu honetan esangura guztiz aldatzen da eta ederra gaiztotu. Beharbada industrian erabiltzen den “hondakin” berbarekin lotuago-edo dago. Esaten du zelan hedabideek erabiltzen duten erreminta hau pertsonak kakazteko.

Bere liburuko Rímini epailea jartzen du adibide: “Juez hori kendu gura zuten zegoen lekutik, deserosoa zen eta hasi ziren esaten galtzerdi xelebreak zeramatzala, gehiegi erretzen zuela… eta egin zuen bakarra Berlusconiri gustatzen ez zitzaion epai bat ematea izan zen. Zer egin zuten juezarekin? Ba prestigioa kentzen saiatu jazoera txikiagoak behin eta berriro aipatuz. Pentsa, behin lokatz-makina martxan jarrita galtzerdien kolorea nahikoa izan daiteke edozein lohitzeko!

Hedabideok badarabilgu lokatz-makinarik? Akaso jazoera hain txikiekin ez… Ariketa polita izango da topatzea, hala ere, hauteskunde-aurre honetan ia baden hedabiderik makina gori-gori jartzen duenik. Izan izango da saiatuko denik. Edo… akaso ez dago makina beharrik ere. Nahikoa izan daiteke alderdi bi egote hutsa. Baietz lokatza kudetzen saiatu gura izan eta lohitu.

Hori bai, hedabideak izango du kulparik beti ere alderdi honentzako edo harentzako. Edo honentzako eta harentzako. Eta guk, behinik behin, ez dugu interesik makina hori erosteko.

Korrika euskaltzaleekin batera

Gaur bi bider egin dut antxitxika eta biak aldapa latzetan. Lehenengoa Araban, Untzillan; Bigarrena herrian, Elgetan, Uberatik gora.

Bigarren hau dakart blogera. Goibeko Euskaltzaleon Topagunearena zen kilometroa (Hemen Elgetako Lekuko aldaketak). Goibekotik, hala ere, erabaki dugu Espaloia Kafe Antzokia kudeatzen dihardutenei ematea aukera gurekin batera egiteko metro horiek. Batirtzek eta Nazarak eginahalak egin dituzte. Serio demonio! Ikurrin eta guzti ez dira agertu ba!

BatirtzeNazaraKorrika

Batirtze lekukoarekin ikurrina lepoan duela. Nazara ezkerrean, aterkipean.

 

Batirtze Argentinakoa da bere azento ezkutaezinarekin; Nazara, berriz, Tenerifekoa Soraluzen bizi den arren. Badira hamabost bat egun Korrika zer zen azaltzen egon nintzela Tenerifeko Nazarari. Ezin zuen sinistu! ¿Correr? ¿Así sin más? Gogoratu naiz bai Argiako lagunek bultzatuta egindako kanpainaz ( Azalduko diogu munduari zer den Korrika ) Pentsatu dut neure artean Guantxeren bat pozik legokeela Nazara antxitxika ikusita… Pena XVIII. mende inguruan galdu izana guantxera. Berak ere ez du historia hori bizi izan. Esan diot euskararekin ez dugula horrelakorik gura-eta… Y todas a correr berak, barrez.

Hori bai, ni moduan haiek ere ez dira ba gimnasiozale amorratu-eta… 300 bat metro egin orduko: plof! Asmoa zen beraiek pasatzea lekukoa niri. Handik ordubetera jaso dut bien whatsappa:

Eskerrik asko ivan!!! Barkatu por haberte fallado. No he podido. Aurrera euskera. Gracias y lo siento.

Kale egin? Baina gurekin etorri dira-eta euripera, antxitxika egitera, beste egiteko batzuk lagata, nire txorreo guztia aguantatu dute aurreko egunetan… Bejondaiela! Horixe da behar duguna, euskaltzaleak eta euskahaldunak.

Bat dator “Elgetako Goibeko euskara elkartea” izatetik “Goibeko Euskaltzaleon Topagunea” izen aldaketarekin ere. Hor dugu lana egiteko, guregandik gertu dauden eta euskaldunak ez diren lagunekin egon behar gara gehiago. Zabaldu. Gure kartolak zabaldu. Beraiek prest daude, poliki eta letra onarekin, baina hor dugu lana.

Gaur almuadarekin kontsulta egiteko gaia, lankideok egin dugun Goienaren kilometroa gogoan: zer egin behar dugu euskara hutsezko hedabideok euskaltzale hauek euskahalduntzeko? Zer dago gure esku?

Alkate izango direnei eskaerak

Alkategai batzuk zeintzuk izango diren entzuten hasi gara-eta… alkategai horiek buruan, zer eskatuko niekeen idaztea pentsatu dut. Klaro, zerrenda luzatu daiteke, baina hauexek burura etorri zaizkidanak. Zuek ere gehitzea gura baduzue… erantzunetan:

  • Euskaraz egitea. Ez euskararen gaineko diskurtsoak idaztea, egitea. Ahalik eta gehien. Blindatu euskararen gaia eta atera zuen liskarretatik.
  • Norbere proiektua garbi azaltzea. Indarra norberarenean jarriz gainontzekoen “akatsetan” barik.
  • Erakustea zein herri-programa duten, ez bakarrik zein alderdi-programa. Gutxien dutenenganako lerroak idatzi itzazue programetan.
  • Euskal hedabideok preferentziaz tratatu. Euskaltzaleokin begirunea izateaz gain zuen politiken bidez lagundu.
  • Erantzun galderei. Ez erantzun gura duzuena eta listo, zehatz erantzuten dutenak maite ditugu.
  • Larrosarik ez banatzea merkatuetan.
  • Erabili itzazue sare sozialak eta tuiteatu euskaraz kanpainan bizi duzuenaz. Interesatzen zaigu zuek esateko duzuena lelo politikoez gaindi.
  • Bai, pegatu zuen afixak. Pegatu behar diren lekuetan kartelak eta gero kendu. Kendu zuen propaganda behin botoa eskatzeko denbora pasa denean. Antolatu kuadrila bat zikindutakoa garbitzeko.
  • Eskaerak egitea zail dutenen ahots-mutuak interpreta itzazue. Umeei kasu egin, 80 urtetik gorakoei, herritarrak izan arren herrian ez daudenei, gaiso daudenei…
  • Entzun gainontzeko alderdiek diotena. Eta bereziki entzun herritarrak. Ondo legoke asfaltoa zapaltzea, sarean dabiltzen herritarren jarraitzaile egitea, herriko elkarteekin egotea… Herrian mugitzen denari beherapenik ez.
  • Ez izan gestore huts, ez izan kolega, ez izan… izan politikari. Duindu politika.
  • Alderdiari kasu egin bai, men ez. Alkateek herritarrak dituzte bezero. Denak.
  • Pulpitoko diskurtsoak neurtu. Askotan dira erridikulu samarrak eta norbere elizanteendako bakarrik… inbertitu denbora elizante ez direnekin.
  • Irakurle izan. Irakurri itzazue gure idazleak, irakurri gure hedabideak.
  • Entzule izan. Entzun gure taldeak, entzun gure kantariak.
  • Ikusle izan. Joan antzezlanetara, zinera, kafe antzokietara, kultura elkarlekuetara.
  • Herrian pentsatu, eta begiratu ondoko herrira ere. Bilatu sinergiak, kolaborazio posibleak beste alkate batzuekin alderdikoak izan edo ez. Egitasmo batzuetarako herriak elkartzeko beharrik ez dugu?
  • Amets egin ezazue eta animatu herritarrei amets egiten.

 

Kultura-saltsan jardutearen plazerra

Ezin izan nintzen egon Eneko Barberenak eman zuen hitzaldian. Ikusteko gogoa banuen, hala ere. Eta zelan Topagunekoek bideoan grabatu zuten… Handik ekarri gura dut esaldi bat, Argian agertu zena 2014ko maiatzaren 18an:

Ene sentsibilitatea pizten duena, libertitzea da. Enetzat, konparazione, Libertimenduan (antzerki molde bat) goizetan, musikariak jiten direlarik, gure arteko solasak eta adiskidantza, plazer hori ere da Libertimendua. Esplikatzen ez diren une horiek parte handia dute gure kulturarekiko maitasunean. Kultura eta euskara memento horretan bizi dira.

Eta guztiz ados nago! Gaztetxean, kultura elkartean, Espaloian… zerbait bizi izan badugu plazerra da eta momentu horietan gauzatu da bereziki. Nik lehen esaten nuen Espaloia Kafe Antzokia alde egoistenetik zela mesedegarrien, hau da, ikuspuntu egoistenetik ere behar nuela horrelakorik. Eta mesede gehien kulturaren bueltan lan egiten zuenari egiten ziola, saltsan dabilenari. Hori esan ostean zetorren gero beste diskurtso oso bat etab., baina hara! nik egoista moduan definitzen duena zein ederto ekarri duen Barberenak Antton Lukuren aipu batekin.

Hitzaldian beste hainbat pasarte interesgarri daude, plazer baduzue:

Kazetaritza hiperlokalagorantz poliki-poliki

Bn Colmery-k (Knighit International Journalism Fellowships de ICFJ) dioen moduan, kazetaritza ez dugu produktu baten ikuspuntutik begiratu behar eta bai ekosistema oso baten ikuspuntutik. Hori horrela, guk ITURRI deitzen ditugun horiek eta KAZETARIAK, ekosistema beraren parte dira. Gero eta gehiago, denok egiten dugu eduki sorkuntza eta helburu beraren parte gara sarri.

Bi motatako iturriak identifika genitzake:

  • Ohar bidaltzaileak: politikarien prentsa oharrak, enpresen notak, kirolarien prentsaurrekoak… Beti egongo direnak eta kazetariek jaso eta albiste bihurtuko dituztenak albiste izateko lain emango balute.
  • Iturri izendunak: Gurekin batera informazioa lantzen duten herritarrak, elkarteak… batzuetan kazetariaren laguntzarekin. Gero eta leku handiagoa hartu beharko luketenak gure hedabideetan.

Eredu hiperlokolean, derrigorra da bigarrenekin kontatzea. Goienan hasiera-hasieratik dugu langai gertuko informazioa, baina hiperlokala esaten diogunean esaten ari gara herritarrekin batera lantzen den informazio mota, ekosistemak (kazetari+iturriak) sortzen duen gertuko informazioa.

Iturrien ondoan kokatzen dira kazetariak, eta gero eta gehiago izan beharko dira dinamizatzaileak. Hain zuzen ere, ekosistema horren eragileak dira, ekosistemak funtzionatzeko behar duen oreka bermatzaileak. Saregileak dira.

Egiteko berriak izango ditu kazetari dinamizatzaileak eta izango dira:

  • Testuen egokitasunean lagundu iturri izendunei.
  • Iturri izendunei formazioa eskaini: argazkiak nola atera, titular egokiak, nola erabili sare sozialak eta bloga, kazetari irizpideak, oreka… Jakinik ezin dugula kazetaritzan inor formatu, horretarako daude unibertsitateak.
  • Gero eta iturri izendun gehiago izatea lortu. Sarea osatu. Komunitatea egin.

Zorionez dagoeneko hainbat artikulu dira komunitatetik datozenak eta albiste garrantzitsu bihurtzen direnak jarraian. Gero eta artikulu gehiago daude Goienan kazetaria ez den jendeak sinatuta. Gero eta leku handiagoa dute sarean bereziki, baina baita telebistan eta bereziki paperean. Bide bat urratzen ari gara eta sinistuta gaude gertuko komunikabide izaeran sakontzeko balio izango duela.

`Puntua´, gertuko komunikazioaren olatua, laguntzak… `Azpimarra´-n

Azpimarra gustuko dudan saio horietakoa da. Profesionala eta txukuna. Gustura joan nintzen eta egia esan inoiz sentitu dut beste mundu batera sartzen nintzela eskailera mekanikoetan gora eginda, baina oraingoan ez. Lagun asko ikusi nituen barikuan EITBko egoitzan eta haiekin egon ostean konturatu nintzen asko egon zitezkeela etxe famatu horretako beheko solairuan lanean, asfaltoa zapaltzen. Ez dut uste hain urrun gaudenik goiko solairukoak eta behekoak. Paperean-eta sekula baino gertukoago zorionez, eta telebistan ere horrek beharko luke ohikoena.

Elkarrizketa egin zidan Jon Artanok. Adostu genuen bakarra izan zen hika egingo genuen edo euskara batuan. Bigarren horretan joan zen eta berak gura zituen galderak eginda saiatu nintzen erantzuten. Blogean jartzen dut, Azpimarraren ordutegia dena delako eta 2015ean baditugulako bestelako aukerak telebista ikusteko. Nahieran da horietako bat, tresna bikaina: