Kulturak mugitzen du jendea

<![CDATA[
Xabier Mendigureni irakurri diot artikulu interesgarri bat. Bertan esaten da Goierri aldean oso gutxi mugitzen dela jendea herri batetik bestera. Egia izango denik ezin ukatu. Eta horretan lagunduko du Erandiotik Bilboko alde zaharrera erosoago heldu ahal izateak eta herri arteko 10 kilometro egiteko autoa hartu beharrak.

Baina artikuluak dioenarekin ados egonda ere, sortu dit ba zer pentsatua… Espaloia Kafe Antzokira jende asko etortzen da ondoko herrietatik. Eta egiten ditu 8-15 kilometro inguru. Normalean gauez eta portuan gora eta behera. Eta jende asko da bai. Ekitaldiaren tipoak agintzen du normalean.

Mendigurenek dioenaren kontrara, aste bitan, 1.000 lagunetik gora etorri da Elgetara I. monologo mostra ikustera. Jendetza da hori, eta jendetza gaztea izan da gehienbat. Klaro, etorri dira espektakulu mota hori ikustera eta ez beste batzuk. Zer pentsatua eman digu, euskaraz ez delako, euskarazko kalitatedun hainbat gauza programatzen ditugulako urtean zehar eta horrelako betekadarik izaten ez delako…

Ez dakit zer egiten gabiltzan, baina dena ondo ez, euskal artistak entzutera gutxiago gerturatzen direlako, esaterako.

Beste salbuespen bat hurrengo astean: Peter Pan musikala. Mila lagunetik gertuago egongo da ikusle kopurua 500etik baino. 120 aktore inguru, denak euskaraz eta espektakulu txukun baten.

Zalantzak.

Hori bai, Mendigurenen hitzak ekarrita: Gonbidapena, irakurle guztioi, Debagoiena osoko kultur eskaintza kontuan
hartu, eta beldurrik gabe joateko batera eta bestera, nahiz zeuen
herrian ez izan, nahiz zeuek bereziki menderatzen duzuen alorrekoa ez
izan. Muga horiek hautsiz, seguru deskubrimendu ederrak egingo
dituzuela, eta zuen bizitza zabaldu eta aberastu, gauza gutxi izango
baitira kultura bezain gutxi kostatzen direnak eta horren poz sakona
ematen dutenak.

]]>

PUBLIKOA vs PRIBATUA

<![CDATA[
Jose Inazio Basterretxea lagunak badaki zertaz diharduen. Elkarrizketa zintzoa da eta berarekin konpartitzeko aukera izan dudan foroetan argi berba egiten duen irakaslea da. Estimuan dut. EITBz ezin jardun nik, etxean ere nahikoa lan badugulako denona den etxeko hautsak harrotzen hasi barik. Hala ere, deigarria egiten zait PRIBATU us PUBLIKO zelan erabiltzen duen elkarrizketan. Basterretxearena adibide bat gehiago da, eta nago, ezkerrak (luze-zabalean) kontzeptu hauen gaineko hausnarketa egiteko daukala. Edo orain herri ekimena ez da hain guaia? Edo publikoa da edo bestela "beste gurdi bat"?

Hauxe dio Iñazio Basterretxeak Urtzi Urkizuk egindako galderari erantzunez:

Desoreka bat badago Eusko Jaurlaritzak ETBrentzat ematen duen dirua eta tokiko euskarazko kateentzat ematen duenaren artean. Aurten ETBrentzat 124 milioi eta euskarazko tokikoentzat milioi erdia (zazpi kate). Nola baloratzen duzu desoreka hori?
Desoreka diozu… lasai hitz egiteko gaia da. Telebista publiko bati buruz eta zazpi telebista pribaturi buruz ari zara… ez dut uste gai hori horrela planteatu daitekeenik… Bi gurdi dira horiek, eta gurdi bakoitzak bere atoia behar du. Laguntza behar dutela telebista pribatuek? Dudarik ez. Beste inork ematen ez duen edo eman ezin duen zerbitzu publikoa ematen duten heinean, gainbegira eta diru publikoa zor zaizkie, noski. Lan handia egiten dute euskararen alde, euskaldungoa kohesionatzearen alde. Beraz, arbitratu behar da moduren bat telebista pribatu horiek gehiago jaso dezaten, baina ez telebista publikoaren diru-sarrerak oztopatuta. Ez da hori bidea. Niri, behintzat, ez dit barrenak hala agintzen. Aipatzen dituzun zenbaki horiek ez dira inoren gustukoak, ez dira euskaldunen gustukoak, ez dira nire gustukoak. Ez ditut nik erabaki, ezta EiTBk berak ere… baina, ez dezagun ahaztu bat erakunde publikoa dela; eta besteak, pribatuak direla.

Beste gurdi bat… Seguruenik ados egongo gara gaian sakonduz gero ze ezer baino lehen erantzunean esaten da “luze hitz egiteko gaia” dela. Eta bada. Ez bakarrik telebista publikoarena, baita beste hainbat alorrena ere. Ekartzen dut elkarrizketa hau gaiari heltzeko, aitzakia moduan.

Edo publikoa da edo ez da?

Nik Goienan egiten dut beharra. Goiena irabazi asmorik bariko kooperatiba da, euskara elkarteak oinarrian eta jabetzan dituena, erakunde publikoekin eta lan-bazkideokin jabetza konpartituz. Pribatua? bai. Enpresaren nolakotasun juridikoaz gain besterik begiratu beharko genuke? esaterako: euskara oinarria den, irabazirik balego non inbertitzen den, nondik datorren, norantz doan, nondik ateratzen den dirua, herritarrek zein onarpen ematen dioten… Edo enpresa hau publikoa balitz onarpen hobea, euskara hobeto mimatua, irabaziak hobeto inbertituak, jendearengana heltzeko baliabide egokiagoak izango lituzke izaera juridikoa beste bat balitz?

Berdina gertatzen zait barrutik bizi dudan beste proiektu batekin, Espaloia Kafe Antzokiarekin. Herriko hainbatek eta ingurukoek ere batzuetan esaten digute: “zuek pribatuak zarete”. Eta bai, egia da. Baina publikoa balitz ekitaldi gehiago legoke? euskarak leku duinagoa luke? posible litzateke proiektu hori? helburuak beteko lituzke orain moduan? proiektu batzaileagoa litzateke? parte hartzaileagoa?

Uste dut eztabaida zintzoa egin beharrean gaudela eta ez dela eskuina vs ezkerra, ez ikastolak vs eskolak, ez AEK vs HABE, ez…: PRIBATUA vs PUBLIKOA. Ez pribatu guztia da on ezta publiko guztia ere. Eta nik neuk pribatua, berez, kontzeptuz, ez dut alde makurrean ikusten. Zuek bai?

Behar ditugu ekimen pribatuak eta publikoak. Eta txarra ez batak bestearen igurtzi handiagoa balu, seguruen.